|
Konpromisoa
LAUGARREN KONPROMISOA
(“Arratsaldeko Tallinn”. 1974ko urria)
“ESTONIERAZKO ALFABETOA
Basoko bidezidorrean, egun euritsua zenean oso, Pizti bat topatu genuen. Guk esan genion: Kaixo! Piztiak erantzun zigun: Tere! Eta argi-izpi bat kolpera Jausi zen hodeien aurrera”
Arratsaldeko Tallinn errusieraz argitaratzen da. Eta horregatik, Estonierazko alfabetoa izeneko atal berri bat asmatu genuen, errusiar irakurle gaztetxoentzat. Lehenengo alea nik prestatu nuen. Nahiko olerkitxo eztiak idatzi nituen. Zortzi bat edo. Ezkutuan bazen ere, olerkitxo haietaz harro nengoen. Badakizue, kazetari unibertsala. Halako batean, Komite Zentraleko ikuskatzaile Ivan Truulek deitu zuen erredakziora: — Nork idatzi du ipuin chauvinista hori? — Zer dela eta chauvinista? — Beraz, hi izan haiz idatzi duena? — Bai, ni neu. Zein da arazoa? — Hor animalia bat agertzen da. — Eta? — Zer esan nahi duk horrekin? Estoniarra animalia bat dela? Ni animalia bat nauk? Ni, partiduaren Komite Zentraleko ikuskatzailea, animalia bat nauk? — Baina hori ipuin bat da, fikzioa. Hor dagoena ilustrazio bat besterik ez da. Umetxoek hartz batekin egiten dute topo. Hartzak aurpegi zintzoa, atsegina dauka. Pertsonaia positiboa da. — Zergatik hitz egiten dik estonieraz? Hitz egin dezala herrialde kapitalistaren bateko hizkuntzan. — Ez dut ulertzen. — Zera ulertuko duk hik! Ez daukak partiduaren egunkari batean lan egiteko behar den heldutasun politikorik, ez daukak. Handik ordubetera, zuzendaria agertu zen: — Epaimahaiak bi puntutako zigorra ezarri dizu. — Zein epaimahaik, gero? — Ahaztu zaizu lehiaketak aurrera jarraitzen duela. Material onenen egileak sarituko dira. Onenetan onenak, mendebalderako bidaia bat irabaziko du, Alemaniako Errepublika Demokratikora. — Zentzuzkoa dirudi. Eta txarrenetan txarrenak, Ekialderakoa? — Zer esan nahi duzu horrekin? — Ezer ere ez. Txantxetan ari nintzen. Alemaniako Errepublika Demokratikoa mendebaldea al da? — Eta zure ustez zer da, bada? — Adibidez Japonia; hori bai dela mendebaldea! — Zer? —egin zuen oihu Turonokek, ikaraturik. — Ideologiaren ikuspuntutik —gaineratu nuen. Neke amaigabe baten itzalak erredaktorearen aurpegia ilundu zuen. — Dovlatov —hasi zen— zurekin ez dago hitz egiterik! Izan ezazu gogoan nire pazientziak ere badauzkala bere mugak.
Konpromisoa |