Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008

 

 

HAMARGARREN KONPROMISOA

 

(“Arratsaldeko Tallinn”. 1976ko uztaila)

 

      “HORRELAKOEK EZ DIGUTE UZTEN BIZI IZATEN. E. L. Bush hiritarra alkoholak eragindako gaitzen aurkako laugarren klinikara eraman dute gaur goizean, errepublika mailako prentsako langile zela esaten zuen bitartean. Bertan, E. L. Bushek klinikako langileei aurka egin die, bere erresistentzia haginkaden bidez adieraziz. Agintariek gertaera hauei guztiei buruzko informazioa hiritar honen lantokira helaraztea erabaki dute, oraindik lantoki hau zein den arrastorik ere ez duten arren.”

 

      Ohi bezala, alkohola amaitu egin zitzaigun eta beti bezala, nik lehendik aurreikusia nuen hori. Hori bai, jatekoarekin, behintzat, ez zegoen arazorik. Eta ez zitezkeen egon, gainera. Zein arazo izan genezakeen, Sebastianov sagar arrunt bat hirurogeita lau puskatan zatitzea lortzeko gai bazen?!

      Gogoratzen dut bi bider jaitsi ginela Streletskaja likorea erostera. Ondoren, izotz-gaineko baleteko neska batzuk agertu ziren. Shablinski neska gazte haiei begira egon zen denbora guztian, behin eta berriz zera esanez:

      — Guk urtuko diagu izotz hori. Guk urtuko diagu izotz hori.

      Azkenean, vodka bila joateko nire txanda iritsi zen. Shablinski nirekin joan zen. Itzuli ginenean, neskak ez zeuden han.

      Shablinskik esan zuen:

      — Nik uste baino bizkorragoak hituen atso horiek. Bapo jan, edan eta erretiratu.

      — Tira, hala hobeto —esan zuen Sebastianovek— patata batzuk egosiko ditiat.

      — Hara bestea, salda beroa ere eskaini iezaguk nahi baduk! —esan zuen Shablinskik.

      Trago bat edan eta zigarreta bat piztu genuen. Egun hartan, alkoholaren eraginkortasuna ez zen behar bezalakoa. Behar den moduan mozkortzen jakitea ere arte bat baita.

      Horrelakoetan, neskaren bati deika hastea alferrik izan ohi da. Mozkorraldiak ez badu arrakastarik izan, ez dago jada zereginik. Horrek zera esan nahi du: umilazio ikaragarriak dauzkazula zain eta beraz, testuingurua aldatu behar dela. Testuingurua, hara hor funtsezkoena.

      Gogoan dut Tofik Alievek zera kontatu zigunekoa:

      — Etxean pianoa, logela bat eta zilarrezko koilarak zeuzkaat. Koadroak, ia-ia berpizkundekoak. Eta sexurik batere ez. Garajean, berriz, era guztietako tramankuluak, gurpil-azal zahar batzuk, forru iragazkaitz horietako bat. Tira, bada, forru horretatik pasarazi diat koreografia eskola erdia. Haietako askok, benetan zioat, behin eta berriz, esaten zidatean: goazen garajera! Haien ustez, hango testuingurua omen zuan egokiena.

      Shablinskik, altxatu eta esan zuen:

      — Goazemak Tallinnera.

      — Goazemak —esan nuen nik.

      Niri berdin zitzaidan. Are gehiago, behin neska haiek desagertuta.

      Shablinskik Sobietar Estonia egunkarian egiten zuen lan. Astebete zeraman Leningraden lagunen batzuen etxean, baina Tallinnera itzultzeko modu bat aurkitu zuen eta bazihoan.

      Sebastianovek ez sakabanatzeko proposamena egin zuen, konbentzimendu handirik gabe. Jendea agurtu eta kalera irten ginen. Geldialditxo tekniko bat egin genuen dendan. Botilek poltsikoak laxatzen zizkiguten. Nik udako alkandora bat eta kirol-zapatilak neramatzan. Nortasun-agiririk ere ez neukan gainean.

      Hamar minutu beranduago, Volga markako auto bat gerturatu zitzaigun. Bolantean, Shablinskik Grishania izendatu zuen gizon kopetilun bat zegoen.

      Grishaniak bide guztian ez zuen hitzik egin. Vodkarik ere ez zuen edan nahi izan. Shablinskik gizon hura lehendabizikoz ikusten zuela ere iruditu zitzaidan. Aitaren batean igaro genuen Leningraden ipar-mendebaldeko kanpoalde itsusia. Ondoren, bata bestearengandik ezertan desberdintzen ez ziren herrixkak, belardi hitsak eta mantso-mantso isurtzen ziren errekatxoak igaro genituen. Trenbide baten ondoan, Grishaniak autoa gelditu zuen. Atea ireki eta sasiarterantz abiatu zen, bidean kremailerako botoiak trebeki askatuz, gizalegearen arauei muzin egiten dien pertsona batek egingo zukeen bezala.

      — Zer dela eta zagok horren triste? —galdetu nion Shablinskiri.

      Shablinskik erantzun zidan:

      — Ez zagok triste. Poliziaren ikerketa batean murgilduta zagok. Oker ez banago, eskupekoren batengatik edo.

      — Zer, norbaiti eskupeko bat eman al zioan?

      — Ez ezak Grisha idealizatu. Grishak ez zian eman, hartu baizik. Gainera, kopuruetan inongo mugarik jarri gabe. Eta horregatik, orain ikerketa bat egiten ari zaizkiok. Bizilekutik inora irtengo ez denaren papera sinatua dik jada.

      — Eta nola irten duk, bada?

      — Nondik?

      — Leningradetik.

      — Sinadura Tallinnen eman zian.

      — Eta Tallinnetik nola irten duk, orduan?

      — Oso erraz. Autoan eseri eta irten. Grishak ez zeukak jada zer galdurik. Laster atxilotuko ditek.

      — Noiz? —egin nuen nik soberan zegoen beste galdera bat.

      — Tallinnera iritsi aurretik ez behintzat.

      Une hartan Grisha sasiartetik irten zen. Autorako bidean galtzetako botoiak lotzen ari zen, kontzentrazio handiz. Bere eskumutur marduletan zerbaitek distira egiten zuen..

      “Eskuburdinak?” —pentsatu nuen nik.

      Gero, metalezko uhalak zituzten bi ordulari bereizi ahal izan nituen.

      Aurrera jarraitu genuen.

      Narva hiritik haratago, paisaia aldatu egin zen. Hemen naturak ez zeukan hain itxura traketsik. Etxeek, berriz, itxurosoagoak eta txukunagoak ziruditen.

      Shablinskik trago bat egin zuen eta lo geratu zen. Nik behin eta berriz pentsatzen nuen: Zertarako? Nora noa eta zertarako? Zer daukat zain? Eta zein bide ergelak hartzen dituen bizitzak!

      Halako batean, Tallinn ingurura iritsi ginen. Hiriaren adreiluzko kanpoalde inpertsonala atzean utzi ondoren, gotiko itxurako zerbait ikusi genuen pasadan. Eta azkenik, Udaletxeko plazan agertu ginen.

      Botila baten hotsa entzun zen eserlekuaren azpian autoak galgatu zuenean. Shablinski esnatu egin zen.

      — Iritsi gara etxera halako batean—, esan zuen.

      Ni autotik irten nintzen. Kaleko zoladurak neoizko hizki lausoak islatzen zituen. Etxe-aurre lauek seriotasun itxura zuten, lainopetik irtetean. Andersenen ipuin batentzat egindako ilustrazioak gogorarazten zituen paisaia hark.

      Shablinskik eskua luzatu zidan:

      — Deitu.

      Ez nuen ulertu.

      Orduan esan zidan:

      — Nelka arduratuta egongo duk honezkero.

      Oraingoan bai ez nuela benetan ezertxo ere ulertzen. Neure desesperazioan, galdera hau egin nion:

      — Nor da Nelka?

      — Nire emaztea, motel —esan zuen Shablinskik— ahaztu al zaik? Ez al hitzan hi heu izan gure ezkontzan konortea galtzen lehena?

      Shablinskik denbora asko zeraman jada partiduaren egunkari batean lanean. Funtzionario izateak ez zion enbarazu handiegirik egiten. Nolabaiteko xarma bat ere gordetzen zuela esan zitekeen.

      Egia esan, nabaritu izan dut pertsona baten xarma deuseztatzea nahiko zaila dela. Adimena, printzipioak edo sinismen sendoak deuseztatzea baino askoz ere zailagoa. Batzuetan, partidu komunistan lanean emandako hamarkadak ere ez dira nahikoa izaten. Horrelakoetan, ohorea guztiz galtzen duenik ere bada, baina aldi berean xarma gordez. Behin, pentsa, Mordoviako kartzelako xarmadun zuzendari bat ezagutu nuen.

      Laburbilduz, Shablinski nahiko pertsona jatorra zen. Azpijokoak eginda ere, behar baino grina gehiagorik gabe egiten zituen. Ia-ia laguntzat neukan. Kontua da han geundela:

      — Deitu —errepikatu zuen.

      Tallinnen izana nintzen lehenago ere. Baina haiek laneko bidaiak ziren. Hau da, zegozkion dokumentu, diru eta hotelarekin. Eta garrantzitsuena zena: helburu lotsagarri, baina zentzudun bat izatearen irudipenarekin.

      Oraingoan, berriz, zertara etorri nintzen? Erredakziotik bota egin ninduten. Dirutan, hamasei bat errublo izango nituen poltsikoan. Ezagutzen nuen pertsona bakarra emaztearengana joateko presaka zebilen. Grishania bera ere atxiloketaren bezperan zegoen.

      Shablinski pentsakor geratu zen eta, ondoren, esan zidan:

      — Ideia bat zeukaat! Joan hadi Bushen etxera. Esaiok nire partetik hoala. Bushek gustura emango dik aterpea.

      — Nor duk Bush hori?

      — Bush sinestekoa ez den zerbait duk. Ikusiko duk heure begiekin. Pentsatzen diat gustatuko zaiala. Bere telefonoa hau duk: lau, zero, zero, hamaika.

      Elkar agurtu genuen. Grishania autoan zegoen eserita. Shablinskik besoaz agurtzeko keinu bat egin zion eta, kale kantoian jiratuz, bizkor ezkutatu zen. Horrelaxe utzi ninduen, hiri ezezagun batean botata. Harrigarria da pentsatzea handik astebetera egunkari berdinean lan egingo genuela eta ia-ia lagunak izango ginela.

      Orduan autoaren leihatila jaitsi zen poliki-poliki, eta Grishaniak burua atera zuen:

      — Agian dirua beharko duk —esan zidan.

      Behar nuen dirua, bai horixe. Are gehiago, behar-beharrezkoa zitzaidan. Eta hala ere, erantzun nion:

      — Eskertzen diat, baina bazeukaat.

      Lehendabizikoz bereizi ahal izan nuen Grishaniaren aurpegia. Urpekari baten itxura zeukan. Bakardadean eta iragazkaitz, haiek bezalaxe.

      Zerbait atsegina esan nahi izan nion. Harriturik utzi ninduen bere eskuzabaltasunak. Atxiloketaren aurretik dirua uztea. Norberaren patua ez onartze hori baino gauza dotoreagorik ba ote da?

      — Zortea opa diat —esan nion.

      — Ciao —erantzun zidan Grishaniak, labur.

 

      Urriaren hasieran bota ninduten lanetik. Arrazoi konkreturik ez zen izan. Esan ohi den bezala, “akumulazioagatik” bidali ninduten. Dirudienez, neure buruari gehiegikeria askotxo baimendu nizkion.

      Kazetaritzan bakoitzari gauza bakar bat egitea baimentzen zaio, moral sozialista gauza bakar batean urratzea. Esan nahi da, bati edatea baimentzen zaiola. Besteari ganberroarena egitea. Hirugarren bati, txiste politikoak kontatzea. Laugarren bati judua izatea. Bosgarren bati, partiduko kide ez izatea. Seigarren bati, moralaren aurkako bizimodu bat eramatea eta abar. Baina bakoitzari, berriro diot, gauza bakar bat. Ezin da aldi berean judua eta mozkortia izan, edota ganberroa izan, partiduko kide izan gabe.

      Baina ni neure unibertsaltasunak galtzen ninduen. Hau da, denetik pixka bat baimentzen nion neure buruari.

      Edan egin ohi nuen, eskandaluak sortu, beraiek miopia politikoa deitzen zutena erakutsi. Gainera, ez nengoen partiduan eta horrez gain, neurri batean behintzat, judua nintzen. Azkenik, nire familia-bizitza gero eta gehiago nahaspilatzen ari zen.

      Eta bota egin ninduten. Partiduaren batzordeko bilkurara joateko deia jaso nuen eta bertan zera esan zidaten:

      — Aski da! Ez ahaztu, kazetaritza fronte ideologikoaren aurreko lerroa dela. Eta frontean garrantzitsuena diziplina da. Zuri falta zaizuna, hain zuzen ere. Garbi geratu al da?

      — Gutxi gorabehera.

      — Zure bidea zuzentzeko aukera eskaintzen dizugu. Joan zaitez lantegi batera. Erakutsi, lan fisiko gogorraren bidez, zertarako gai zaren. Egin zaitez lantegietako berriemaile. Isla ezazu zure artikuluetan benetako bizimodua.

      Puntu hartan, ezin izan nion eutsi.

      — Baita zera ere. Benetako bizimodua islatuz gero, epaiketarik gabe fusilatuko nauzue!

      Batzordeko kideek haserre begiratu zioten elkarri. “Neure borondatez” kaleratu ninduten.

      Horren ondoren ez nuen kazetari moduan lan egiteko aukerarik izan. Jeneral baten memoriak erredaktatzen ibili nintzen, irratian lardaskeria batzuk egin nituen. Komunistek tundra menpean hartu dute izeneko liburuxka bat idatzi nuen, baina hemen ere akats politiko potolo bat eginez. Liburuxka hartan, Montxegorsk hiria eraiki zutenekoaz hitz egiten zen. Gertaera hauek hogeita hamarreko hamarkadan izan ziren. Erantzukizuneko langileen artean judu asko zegoen. Burura datozkit Simkus, Feldman, Rapoport. Udal-zuzendaritzan, liburuxkaren edukia aztertu ondoren, esan zidaten:

      — Zein propaganda sionista klase da hau? Nondik atera dira tundrako judu mitiko horiek? Desegin dezatela berehala tirada guztia!

      Baina ordainsaria jasotzeko denbora izan nuen behintzat. Ondoren, aldizkariek barruan dakartzaten liburuei buruzko iruzkinak idazten aritu nintzen. Telebistarentzat lan egin nuen, izenpetu gabe. Laburbilduz, artista libre bihurtu nintzen. Eta azkenean, zerbaitek Tallinnera bultzatu ninduen.

      Oroigarrien denda baten alboan, telefono kabina bat atzeman nuen. Zenbakiak gogora ekarri nituen. Lau, zero, zero, hamaika.

      Deitu eta emakume ahots batek erantzun zidan:

      — Nor da!? —Berari “noj da?” atera zitzaion—. Noj da? Zu zaja, maitea??!

      Erik Bush jar zedin eskatu nion. Erantzunak honela zioen:

      — Ez dago etxean. Ajduratujik nauka. Ez zela bejjandu ijitsiko hitzeman dit. Bejaz, etoj zaitezke. Edejki jajdungo dugu bejjiketan.

      Emakume hark nahiko ongi diktatu zidan zuzenbidea eta baita hara nola iritsi ere.

      Miniaturazko estoniar tranbia hura bihurguneetan balantzaka hasten zen. Hogei minutu beranduago, Kadriorgen nengoen. Erraz aurkitu nuen ia-ia erortzear zen enborrez eginiko etxe hura.

      Berrogeita hamar urte inguru izango zituen emakume batek ireki zidan atea. Argala zen eta urdin zurbil kolorekoa zuen ilea. Lila koloreko txabusinaren parpailak arabiar estiloko urre koloreko zapatetaraino iristen zitzaizkion. Kolorete-geruza lodi batek estaltzen zion aurpegia, masailei gorritasun kimiko gori-gori bat emanez. Probintzietako opereta bateko pertsonaia nagusia zirudien emakume hark.

      — Ejik ijitsi da —esan zuen—. Pasa zaitez.

      Lanak izan genituen etxe-sarrera estu hartan gorputzak luzatzeko. Gela batera sartu eta hitzik gabe geratu nintzen. Halako kuxidade ikaragarririk ikusi gabe neukan ordura arte.

      Jangelako mahaia ontzi zikinez gainezka zegoen. Hormako paper-pusketa berdexka zintzilikatuak zoruraino iristen ziren. Alfonbra zartatuaren gainean, egunkari-geruza lodi bat zegoen. Katu siamdar bat batetik bestera zebilen hegaka. Ate ondoan botila hutsek ilara bat osatzen zuten.

      Hondoa jotako sofa batetik hogeita hamar bat urteko gizon bat altxatu zen. Amerikar filmetako aktore baten antza ematen zion aurpegi beltzaran bat zeukan. Atzerritik ekarritako kalitate oneko jakaren papar-hegala krabelin batek apaintzen zion, eta zapatak distiratsu zeuzkan. Zaborrez beteriko etxe haren ondoan, Erik Bushek beste planeta batetik etorritako norbait zirudien.

      Elkar agurtu genuen. Nik lotsati eta azalpen handiegirik eman gabe aurkeztu nion egoera.

      Bushek irribarre egin zuen, eta, ustekabean, olerki leun eta harmoniatsuak erabiliz hasi zen hizketan:

      — Sar hadi, gauerdiko bisitari! Borda hau hire zerbitzura zagok! Kafeontzia su gainean daukak. Armairuan Holandako gazta. Niretzat anaia bat izango haiz eta Galinarentzat laguna. Maita ezak, ama bat bezala. Maita ezak, seme batek bezala. Nahiz eta inguruan anabasa izan nagusi.

      — Opiltxo edejjak dauzkagu! —sartu zen Galina elkarrizketan.

      Bushek eten egin zion, keinu samur baina handitasunezko batez:

      — Nahiz eta inguruan anabasa izan nagusi, ezbehar larriagoak ere badira mundu honetan. Nahiz eta leihotik airea sartu. Nahiz eta komuna zikin egon. Hori dena hala izanik ere, garbi dagoena zera da: sobietar botereak ez daukala hemen aginpiderik. Askatasuna da nire ikurra, nire kutuna, nire idoloa!

      Hori dena ohikoa bailitzan jokatu nuen nik. Zer egin nezakeen, bestela? Etxe hartatik alde egin gaueko ordu batean? Larrialdi zerbitzuetara jo?

      Gainera, badira eromena baino gauza okerragoak. Nik, urteak aurrera joan ahala, eromena normarengandik gero eta gertuago ikusten dut. Eta norma berriz, naturaren kontrako zerbait bihurtzen ari zait.

      Pertsona normal batek erabateko bakardadean utzi ninduen botata. Eta normala ez zen batek kafea, adiskidetasuna eta borda eskaintzen zizkidan.

      Nik, esfortzu bat eginez, bota nuen:

      — Zuen gonbidatua izateak, neurrigabe lausengatzen nau. Bihotz-bihotzetik nire eskerrik beroenak, eskaintzeagatik aterpe hau. Are gehiago, aspaldidanik jakina den moduan, beste guztiek botata utzi nautenean.

      Ondoren, kafe bat edan eta opiltxo bana jan genuen, mermeladetan bustita. Katu siamdarrak burura jauzi egin zidan. Galinak Offenbachen disko bat ipini zuen.

      Gaueko ordu biak aldera sakabanatu ginen.

 

      Hiru bat astez-edo bizi izan nintzen Bush eta Galinarenean. Egunetik egunera, gero eta gehiago gustatzen zitzaizkidan. Biak ala biak eskizofreniko hutsak izanik ere.

      Erik Bush, jatorriz, nahiko familia errespetagarri batekoa zen. Aita zientzietan doktore eta matematikako katedratiko zuen Rigan. Amak errepublikako Oihalgintza Institutuko sail bat zuzentzen zuen. Zazpi bat urte zituenean, Bushek biei gorrotoa hartu zien. Mirakuluren bat zela medio, ia jaiotzetik zen sobietar erregimenaren aurkakoa eta inkonformista. Bere gurasoak goranahi batzuk zirela esaten zuen.

      Eskola amaitutakoan, Bushek Rigatik alde egin zuen. Urtebetetik gora eman zuen arrantza-ontzi batean nabigatzen. Gero, denboraldi batez, hondartzako argazkilari moduan jardun zuen lanean. Ikasketak distantziara burutu zituen Leningradeko Kultura Goi-Eskolan. Hau amaitu ondoren, kazetaritzara jo zuen.

      Pentsa zitekeen bizitzarekiko ikuspegi haiek zituen pertsona batek honelako zeregin bat kontraindikatua izango zuela. Zeren Bushek ez baitzuen soilik ezarririko ordenua ukatzen; Bushek errealitate historikoa bera ukatzen zuen. Besteak beste, Alemania faxistaren aurkako garaipena.

      Berak ziurtatzen zuenez, doako medikuntzak ez zuen existitzen Sobietar Batasunean. Espazioak guretzat lehentasun izan behar lukeenaren inguruan zalantzak agertu ohi zituen. Hirugarren kopatxoaren ondoren, honela hasten zen oihuka:

      — Gagarin ez zen espaziora iritsi! Titov ere ez! Eta sobietar misil guztiak buztinez beteriko kontserba-pote erraldoi batzuk besterik ez dira.

      Pentsa zitekeen honelako pertsona batentzat ez zela lekurik izango sobietar kazetaritzan. Eta hala ere, lan hori aukeratu zuen, hain justu. Bushengan inkonformismo peto-petoa erabateko printzipio ezarekin uztartzen zen. Gertatu ohi dira horrelakoak.

      Bere estilo artistikoan, espresionismo alemaniarraren ikasketak nabari ziren. Bere artikuluetako bat honela hasten zen:

      “Iritsi da ordu erabakigarria adardun ganadu astunarentzat. Albaitarien bilkurako partehartzaileek lanari ekin diote. Esne eta simaur usaina darien hizlariek, elkarri txanda emanez, euren hitzaldiak.”

      Bushek, hasieran, probintzietako egunkari batean egin zuen lan, baina berehala aspertu zen zokondo hartan. Izaera nabarmenegiko pertsona zen iparraldeko hiri txiki baterako.

      Bi urte zeramatzan Tallinnen bizitzen. Adinean aurrera zihoan emakumeren baten etxean jarri zen bizitzen.

      Bushek bazeukan adinean aurrera doazen emakumeengan eragin fatidiko bat izan ohi duen zerbait. Hain zuzen, txirotasuna, edertasuna, umore sarkastikoa; baina batez ere, erabateko izaera eza.

      Bi urtetan Bushek adinean aurrera zihoazen lau emakume gorteiatu zituen. Galina Arkadievna zen bosgarrena eta baita denetan kutunena ere. Besteek Bushenganako errekonozimendu eta miresmenezko sentimendu bat gorde zuten.

      Mihi gaiztoek Bush gigolo bat zela zioten. Hori ez zen bidezkoa. Adinean aurrera zihoazen emakumeenganako maitasunean, altruismoarekin zerikusia zuten arrazoiek zuzentzen zuten bere jarduna. Bushek onginahiaz uzten zien emakume haiei euren emozio mingots berantiarren ur-jauziak bere gainera jaurtitzen.

      Apurka-apurka, Bushi buruzko kondairak sortuz joan ziren. Etengabe egokitzen zen era guztietako pasarteetan.

      Behinola, Kadriorgen zehar zihoan gauean berandu. Hiru gizon gerturatu zitzaizkion. Haietako batek, serio, esan zion:

      — Emadak zigarreta bat.

      Nola jokatzen du pertsona normal batek honelako egoera batean? Badaude aukeran erlatiboki zentzuzkoak diren hiru jokabide:

      Zirkinik egin ez, eta beldurrik erakutsi gabe ganberroari zigarretak luzatzea.

      Ondotik bizkor igarotzea edo, are hobeto, ziztu bizian alde egitea.

      Eta azkenik, gertuen daukazuna jokoz kanpo utzi eta segituan erretiratu.

      Bushek kaltegarriena, estandarretatik urrunen dagoena aukeratu zuen. Gizalegezkoa ez zen eskaerari erantzunez, Bushek zera bota zuen, dotoreziaz:

      — Zer esan nahi du “emadak” horrek? Zu eta biok anaitasunezko zurrutean aritu gara inoiz, ala?

      Hobe zukeen olerkiak erabiliz erantzun balu. Hartara, behintzat, ero arriskutsutzat har zezaketen. Ondorioz, ia erdi hilda uzteraino jipoitu zuten. Ziurrenik, ganberro haiek sutu zituena “anaitasun” hitz misteriotsu hura izango zen.

      Konortea galtzear zegoela, Bushek zera xuxurlatzen zuen:

      — Goza ezazue, zerri halakoak! Zuen aurpegietan dakusat haragiaren ospakizun zabarraren gorpuztea!

      Astebete eman zuen ospitalean. Saihetsak apurtuak zeuzkan, eta behatz bat bere lekutik irtenda. Kopetan orban erromantiko bat agertu zitzaion.

      Bushek Sobietar Estonian egiten zuen lan. Urte eta erdiz behin-behineko langile moduan eduki zuten. Zurrumurruak zebiltzan, postu egonkor bat eman nahi ote zioten edo. Erredaktore nagusiak irribarrez begiratu ohi zuen Bush esertzen zen aldera. Lankideek ongi hartzen zuten. Bereziki adinean aurrera zihoazen emakumeek. Bush ikusi bezain laster, euren artean marmarka hasten ziren, gorri-gorri eginda.

      Lanpostu egonkorrak gauza on asko zekartzan berarekin. Bereziki errepublika mailako egunkari batean. Lehenik eta behin, diru-sarrera egonkor bat. Horrez gain abantaila sozial ugari. Azkenik, jakina denez, nolabaiteko zigorgabetasun pertsonal hori. Hau da, erregimenak bere nomenklaturari egiten dion opari nagusia.

      Bushek ezinegonez itxaroten zuen lanpostu egonkorra lortze hori. Berriro diot izaera anbiguokoa zela. Erreboltarako joera erraz uztartzen zuen printzipio ezarekin. Esan ohi zuen:

      — Erregimena hankaz gora jartzeko bere oinarrietako bat bihurtu behar dut. Eta orduan eraikuntza guztia kolpean amilduko da.

      Urriko Iraultzaren urteurrenaren eguna gerturatzen ari zen. Erredaktoreak Bushi dei egin eta esan zion:

      — Ernst Leopoldovitx, zuri erantzukizun handiko eginkizun bat ematea erabaki dugu. Har ezazu pase bat idazkaritzan. Joan zaitez merkataluntzien portura. Hitz egin ezazu mendebaldeko herrialdeetako kapitain batzuekin. Aukeratu bat, sozialismoaren ideiekin leialena. Egizkiozu galdera batzuk. Atera iezazkiozu, ahal den neurrian, egokiak izango diren erantzunak. Hitz batean, har iezaiozu elkarrizketa bat. Ongi legoke marinel horrek, Urriko Iraultzaren hirurogeita hirugarren urteurrenagatik zorionduko bagintu. Horrek ez du esan nahi gure lelo politikoak oihuka aldarrikatu behar dituenik, ezta gutxiago ere. Nahikoa izango da hitz gutxiko errespetuzko zoriontze bat. Hori da behar dugun guztia. Ulertu duzu?

      — Ulertu dut —erantzun zuen Bushek.

      — Izan ezazu gogoan, hain zuzen, mendebaldeko herrialde bateko marinela izan behar duela: suediarra, ingelesa, norvegiarra; sistema kapitalistaren ordezkari tipiko bat. Eta hala ere, sobietar sistemari leiala izango zaiona.

      — Aurkituko dut —ziurtatu zuen Bushek— suertatu ohi da horrelako jendea topatzea. Gogoratzen dut Khabarovsken nola aritu nintzen berriketan Suitzako Errege Flotako marinel batekin. Gureetakoa zen, etengabe Lenin zitatzen aritu zitzaidan.

      Erredaktoreak bekainak altxatu, pentsakor gelditu eta, gaitzespen keinu batez, esan zuen:

      — Suitzan, Bush kamarada, ez dago itsasorik, ezta erregerik ere; eta ondorioz, ezta Suitzako Errege Flotarik ere. Beste zerbaitekin nahasten ari zarela uste dut.

      — Nola ez dagoela itsasorik? —esan zuen Bushek harriturik— eta zer dago han, orduan, zure iritziz?

      — Lurra —erantzun zuen erredaktoreak.

      — A bai? —Bushek ez zuen amore eman nahi— hori interesgarria da, oso interesgarria. Akaso, aintzirarik ere ez da izango han? Suitzako aintzira famatuak?!

      — Aintzirak bai, badaude —onartu zuen erredaktoreak tristuraz— baina Suitzako Errege Flotarik ez. Has zaitezke lanean —esan zuen hura amaitutzat emanez— baina joka ezazu, arren, seriotasun gehixeagoz. Dakizunez, zuri lanpostu egonkorra emateari buruz pentsatzen ari gara. Eginkizun hau, neurri handi batean, erabakigarria izan daiteke. Zortea opa dizut.

 

      Tallinneko portua hiriaren erdigunetik hogei minutura dago autoz.

      Bush taxian abiatu zen bere eginkizuna burutzera. Portuko Tirada handiko kazetaren erredakziora joan zen. Hain justu, Leva Baranov argazkilariaren berrogeigarren urtebetetzea ospatzen ari ziren bertan. Bushi edalontzi bat likore luzatu zioten. Bushek, gustura edan ondoren, esan zuen:

      — Ezin dut edan. Lanean nago.

      Beste pixka bat edan eta portuko kontrolatzaileari deitu zion. Kontrolatzaileak mendebaldeko Alemaniako Edelweiss merkataluntzia gomendatu zion.

      Beste edalontzi bat edan eta laugarren moilarantz abiatu zen Bush. Kapitainak eskaileratan eman zion ongietorria. Itsasgizon zailduaren itxura tipikoa zuen: argala, musugorria eta aldamenetik begiratuz gero, sudur konkorra zeukan. Paul Rudi zuen izena. Kontrolatzaileak sobietar kazetari baten etorrerari buruzko abisua emana zion kapitainari, eta honek bere gelara gonbidatu zuen Bush.

      Berriketan hasi ziren. Kapitainak nahiko modu onargarrian hitz egiten zuen errusieraz. Cognaca nahiago zuen Frantziakoa.

      — Hau Cordon Bleu da —esan zuen— gomendatzen dizut. Berrehun marko botilako.

      Mozkortzen ari zela sumatuz, Bushek galdera hau egiteko denbora izan zuen:

      — Noiz irten behar duk?

      — Bihar, hamaika eta erdietan.

      Beraz, artikuluaren gaiari buruz ez zegoen hizketan hasi beharrik ere. Irteteko bezperan, kapitainak edozer esan zezakeen. Nork egiaztatu behar zuen esandakoaren egiazkotasuna?

      Elkarrizketa zintzoa eta konfiantzazkoa izan zen.

      — Emakumeak gustatzen zaizkik? —galdetu zuen kapitainak.

      — Gustatzen zaizkidak —esan zuen Bushek— eta hiri?

      — Gustatuko ez zaizkidak, bada! Baina nire Luisak ez dik horrek usainik ere. Emakumeak, edaria eta dirua maite ditiat. Hik dirua maite duk?

      — Zein itxura duen ere ahaztu zaidak. Kolore desberdinetako papertxo batzuetaz ari haiz?

      — Edo metalezko biribiltxoak.

      — Futbola baino gehiago maite ditiat! Baita emakumeak baino gehiago ere! Baina maite, modu guztiz platoniko batean.

      Bush edaten ari zen eta kapitaina ere ez zen atzean geratzen. Gelan zigarreta amerikarren kea zebilen igerian. Irrati-gune ikusezin batetik, Hawaiiar musika bat iristen zen. Elkarrizketa gero eta zintzoagoa bihurtzen ari zen.

      — Jakingo bazenu —zioen kazetariak— nola naukan nazkaturik hemengo guzti honek! Herrialde madarikatu honetatik alde egin beharra zagok!

      — Ulertzen diat —onartu zuen kapitainak, ados zegoela aditzera emanez.

      — Hik ezin duk hori ulertu! Hiretzat, Paul, askatasuna airea bezalakoa duk! Ez duk nabaritu ere egiten. Hik arnastu egiten duk, besterik gabe. Urertzera botatako arraina duk ni ulertzeko gai den bakarra.

      — Ulertzen diat —esan zuen kapitainak— bazagok irtenbide bat, zeren hi naziotasunez alemaniarra baihaiz. Alemania librera emigra dezakek.

      — Teorian posible duk hori. Praktikan ez zagok zereginik. Bai, nire aita errusiartutako Kurlandeko alemaniarra duk. Ama poloniarra. Biak hogeita hamaseigarren urtetik zeudek partiduan. Biak ere goranahi batzuk dituk, erregimenaren morroiak. Horretarako behar diren paperak ez ditiztek sinatuko.

      — Ulertzen diat —zioen kapitainak irmo— baina bazagok beste irtenbide bat. Sar hadi merkatal flotan, egin hadi marinel. Bisatua lor ezak. Eta mendebaldeko portu batean egokitzen haizenean, ospa. Eskatu babes politikoa.

      — Hori ere fikzioa duk, gaizki ikusia nagok eta. Ez zidatek bisaturik emango. Saiatu izan nauk, probatu izan diat. Tira, bazirudik poliki-poliki hiltzera kondenaturik nagoela.

      — Ulertzen diat. Hi Edelweissen ezkutatzea posible izango huke, baina arriskutsua duk. Edozer gertatuz gero, traidore moduan epaituko haute.

      Kapitainak zentzu handiz hitz egiten zuen. Zentzu handiegiz. Egia esan, atzerritarra izateko konpetenteegia zen. Edan gabeko pertsona bati susmagarria iruditu ziezaiokeen. Baina, ordurako, Bush erabat mozkorturik eta bere hitz-jarioan murgildurik zegoen:

      — Ez duk aske erregimenaren aurka borrokatzen dena edo izua menpean hartzen duena, baizik eta izu hori ezagutzen ez duena. Askatasuna, Paul, organismoaren funtzio bat duk! Hik ezin duk hori ulertu! Hi aske jaio hintzelako, txori bat bezala!

      — Ulertzen diat —erantzun zuen kapitainak.

      Gaueko hamabiak aldera, Bush itsasontziko eskaileratan behera jaitsi zen. Batzuetan pausoa txikitzen zuen, ukabila altxatuz eta Rot front! esanez. Ondoren, eskuko hatzak banandu eta Victory! Garaipena!

      Kapitainak ulermenez beteriko keinu batez ikusi zuen joaten.

      Hurrengo egunean, Bush erredakzioan agertu zen. Aztoratuta zetorren, baina ajerik gabe. Bere zigarretek usain ederra hedatzen zuten. Aldameneko poltsiko batetik, Parker markako boligrafo bat irteten zitzaion.

      Bushek idazmakinetako langileei eman zien artikulua. Izenburu luze eta polit bat zeukan: Itzuliko naiz, ogi beltza berriro dastatzera!

      Artikulua honela hasten zen:

      “Paul Rudi kapitaina makina-gelan topatu dut. Edelweiss merkataluntzia irteteko prestatzen ari da. Hondaturiko makinek azterketa gehigarri bat behar dute.

      Nagusiari etekina besterik ez zaio interesatzen —dio kapitainak kexuka—. Hogei bat aldiz gomendatu diot zilindroak ordezkatzeko, kontuz ibili ezean, itsaso barrenean gaudenean lehertuko direlako. Nagusiak berak, noski, yatean bidaiatzen du. Eta gu hemen, erre beharrean, deabrua infernuan bezalaxe.”

      Amaierak honela zioen:

      “Kapitainak iztupaz igurtzi ditu babaz beteriko eskuak. Koipeak distira bat ematen dio bere bizarrari. Buztinezko pipatik erretzean, bere matrailezur karratuari tira egiten dio. Begiaz kinada bat egin eta esan dit:

      Har ezak hau gogoan, gazte! Askatasuna airea bezalakoa duk. Hik askatasuna arnastu egiten duk, nabaritu ere egin gabe. Sobietar jendeak hori ezin dik ulertu. Beraiek aske jaio direlako, txoriak bezala. Urertzera botatako arraina bakarrik duk ni ulertzeko gai. Horregatik, itzuliko nauk! Itzuliko nauk berriro ogi beltza dastatzera. Askatasunaren, berdintasunaren eta anaitasunaren usain gozodun ogia dastatzera!”

      — Ez dago gaizki —esan zuen erredaktoreak— bizitasuna dauka, argudio sinesgarriak. Arduratzen nauen bakarra zera da. Benetan horrelako zerbait esan al zuen?

      Bushek, harriturik:

      — Eta zer esan zezakeen, bada, horrelako zerbait ez bazen?

      — Tira, egia da, noski —egin zuen atzera erredaktoreak.

      Artikulua argitaratu egin zuten. Hurrengo egunean, Bushek erredaktorearengana joateko deia jaso zuen. Bulegoan berrogeita hamar bat urteko gizon ezezagun bat zegoen eserita. Bere aurpegiak erabateko axolagabetasuna islatzen zuen, eta, aldi berean, sekulako kontzentrazio bat.

      Erredaktoreak itzaleranzko mugimendu bat egin zuela zirudien. Ezezaguna, berriz, aurpegiaz ezer adierazten ez bazuen ere, zabal-zabal eta ziurtasun osoz ezarri zen bulegoan. Nomenklaturako bulego hura guztiz bete zuen bere presentziaz. Leninen igeltsuzko estatua beraren tamaina ere, bere oihal gorridun oinarri eta guzti, txikiagotuta zegoen.

      Gizonak Bushi begiratu zion eta ozta-ozta entzuteko moduan, esan zuen:

      — Hasi kontatzen.

      Bushek, haserre, galderen bidez erantzun zion:

      — Kontatu zer? Nori? Gainera, barkatu, baina norekin hitz egiteko ohorea daukat?

      Erantzuna laburra izan zen, puntadaka josita bezalaxe.

      — Elkarrizketaren nondik norakoak. Niri. Sorokin. Sorokin koronela.

      Bere gradua aipatzearekin batera, koronela isildu egin zen, azkenerako indarrik gabe geratu balitz bezala.

      Bushi zerbaitek esan zion obeditzea zuela onena. Rudi Kapitainari buruzko artikulua kontatzeari ekin zion.

      Koronela arretarik jarri gabe ari zen entzuten. Zehazkiago esanda, ia lotan zegoela esan zitekeen. Ikasle alfer bati galdera bat egin berri dion irakasle bat zirudien. Galdera bat, zeinaren erantzuna aurretik ezaguna zaion.

      Bush hizketan ari zen, artikuluan aurkezturiko gertakariei leial. Modu patetikoan amaitu zuen bere hitzaldia:

      — Non zaude, Paul? Nora zaramatza urrunerako bidaien haizeak? Non zaude orain, atzerriko nire lagun hori?!

      — Kartzelan —erantzun zuen koronelak, ustekabean.

      Egunkariaz kolpe bat eman zuen mahaian, euli bat hiltzen ariko balitz bezala eta zera esan zuen, hitzak ongi azpimarratuz:

      — Paul Rudi kartzelan dago. Aberriaren traidore izateagatik atxilotu dugu. Bere benetako abizena Rütti da. Hemendik ihes egindako estoniarra da. Hirurogeita hamargarren urtean egin zuen hanka, Suedian barna, txalupa batean. Hamburgen jarri zen bizi izaten. Luisa Reischwitzekin ezkonduta dago. Laugarren urtea zuen hau mendebaldeko Alemaniako merkatal flotako itsasontzietan nabigatzen. Azkenean burutu du Estoniarako bere lehen bidaia. Aspaldian geunden haren zain.

      Koronela erredaktorearengana itzuli zen:

      — Utz gaitzazu bakarrik.

      Erredaktoreari ezerosoa zitzaion norbaitek bere bulegotik botatzea. Ahopean eta lasterka, esan zuen:

      — Bai, hain zuzen ere, ilustrazioak begiratzera joateko asmoa neukan.

      Eta irten egin zen.

      Koronela Bushi zuzendu zitzaion:

      — Zer daukazu esateko honi buruz?

      — Zeharo harriturik nauka. Ez daukat hitzik!

      — Esan ohi den bezala, badago hemen zure bertsioarekin bat ez datorren zerbait.

      Baina Bushek lehengo bertsioari eusten zion:

      — Nik dena gertatu bezala deskribatu dut. Rudi kapitainaren iraganari buruz arrastorik ere ez neukan. Mentalitate progresistadun atzerritartzat hartu nuen.

      — Ongi da —esan zuen koronelak— demagun hala izan dela. Eta hala ere, zure egoera ezatsegina da. Erabat ezatsegina. Zure kazetari erreputazioan orban bat da hau. Are gehiago, zure aldetik kalkulu ideologiko oker bat izan dela ere esango nuke nik. Zure zaintza ideologikoan pitzadura bat. Zer edo zer egin beharrean gaude.

      — Zehazki zer?

      — Ideia bat daukat. Lagundu nahi diguzu? Eta guk, gure aldetik, trukean, lanpostu egonkor baterako gomendatuko zaitugu.

      — KGBn? —galdetu zuen Bushek.

      — Zer dela eta KGBn? Sobietar Estonia egunkarian. Zuk aspaldidanik amesten baituzu lanpostu egonkor bat izatea. Gure esku dago erabaki hori bizkortzea. Epeak, berriz, zure esku daude.

      Bushek tentuz jokatzen hasi beharra sumatu zuen. Sorokin koronelak honela jarraitu zuen.

      — Guri interesatzen zaizkigun adierazpenak egin zenitzake.

      — Zehazkiago esanda.?

      — Rudi kapitainari buruzkoak. Adieraz ezazu epailearen aurrean berak zu zera nahi zintuela. erabili. zera, sexu-aberrazioen ikuspuntutik.

      — Zer?! —esan zuen Bushek aulkian jauzi txiki bat eginez.

      — Egon lasai!

      — Baina ni nor naizela uste duzu?! Ez nuen uste, ez horixe, KGBk horrelako metodoak erabiltzen zituenik!

      Koronelaren begiek bizar-xafla baten moduko distira bat egin zuten. More kolorekoa ipini zitzaion aurpegia eta, gorputza zuzenduz, zera esan zuen:

      — Mesedez, hitz potolorik gabe. Honetaz pentsa dezazun gomendatzen dizut. Zure etorkizuna da jokoan dagoena.

      Baina orduan Bushek ere sorbaldak zuzendu zituen. Zigarreta amerikarren kaxatxoa atera zuen, poliki-poliki eta Ronson markako pizgailuaz su eman zion. Ondoren, lasaitasunez, esan zuen:

      — Zure proposamena amorala da. Nire printzipio etikoen aurka doa guztiz. Falta zitzaidan bakarra, homosexual bati gustatzea! Labur esanda: uko egiten diot. Sexu-aberrazioak ez dira niretzat! Nahi baduzu mozkortu egin ninduela idatziko dut. Egia esan, hori ere ez litzateke guztiz jator jokatzea, baina tira.

      — Bueno, zer egingo diogu, bada —esan zuen koronelak— argi geratu da dena. Beldur naiz galtzen aterako zarela.

      — Baina posible ote da KGBrekin irabazten ateratzea?! —esan zuen Bushek barre-algaraka.

      Hor amaitu zen elkarrizketa. Koronelak alde egin zuen. Jada ate parean zegoenean, guztiz ustekabeko esaldi bat bota zuen:

      — Nik uste nuena baino hobea zara.

      — Koronela, ez galdu, arren, estiloa! —erantzun zion Bushek.

 

      Behin-behineko lanpostua kendu zioten. Agian Sorokinen lana izango zen hura. Baina, ziurrenik, erredaktorea ere gogoz saiatuko zen, hala izan zedin. Bush berriro igaro zen adinean aurrera zihoazen emakumeen mantenura. Lehendik ere dena gutxi gorabehera antzera bazihoan ere.

      Hain zuzen, egun haietan ezagutu zuen Bushek Galina. Honen aurretik, Marianna Vikentievnak maite izan zuen, merkataritza alorreko goi-kargu batek. Alkandorak eta gorbatak erosten zizkion Bushi. Honek utzitako zorrak kitatzen zituen jatetxeetan. Janari goxo eta osasuntsuaz elikatzen zuen. Baina poltsikorako dirurik ez zion ematen. Bestela, Bushek segituan ekiten zion beste emakume batzuk gorteiatzeari.

      Erredakziotik diru-sari bat jaso orduko, Bush desagertu egiten zen. Gauean berandu iristen zen etxera, tipula eta kosmetika usain gozoa zeriola. Behinola, Mariannak ezin izan zuen gehiago jasan eta garrasika hasi zen:

      — Non ibiltzen zara parrandan, alproja hori?! Zergatik itzultzen zara gauaren erdian?!

      Bushek, errudun begirada batekin, erantzun zuen:

      — Goizean itzuliko nintzatekeen, baina ez nuen diru nahikorik, besterik gabe.

      Azkenean, Marianna matxinatu egin zen. Oporretara joan zen eraikuntza alorreko adineko goi-kargu batekin. Honen alboan, Mariannak neska gazte buruarin bat zirudien. Eta noski, Bush ez zuen etxean bakarrik utzi nahi izan.

      Gauzak honela, hara non agertu zen Galina Arkadievna. Ia-ia ezerezetik. Agian materiaren kontserbazioaren teoriaren eraginpean.

      Kontua da Galinak ez zeukala estatus zibil jakinik. Estoniar iraultzaile ospetsu baten alarguna zen, ia-ia Kingissepp beraren mailako bat. Eta hori zela eta, pentsio moduko zerbait eman zioten.

      Bushek testuinguru erromantiko batean ezagutu zuen. Hain zuzen, urmael baten ertzean.

      Badago Kadriorgeko erdi-erdian itzalpean dagoen urmael bat. Ezki-etorbide zabalek inguratzen dute. Jendearekin harremana izatera ohituta dauden katagorriak belarretan saltoka ibili ohi dira.

      Urertzean zisne beltz batzuk ibiltzen dira igerian. Hara nola iritsi diren inork ez daki. Baina denek dakite, bestalde, estoniarrek animaliak maite dituztela. Norbaitek, egurrezko txapez, zisneentzako etxola txiki bat eraiki zuen. Kadriorgeko bisitariek ogia botatzen diete.

      Maiatzeko arratsalde batean, Bush urmaelaren aldameneko belardian zegoen eserita. Zigarretak amaitu zitzaizkion. Bi egun zeramatzan dirurik gabe. Aurreko gaua, Sobietar Batasuneko Prentsaren kiosko abandonatu batean emana zuen. Zorionez zoruan egunkari zaharrak geratu ziren.

      Bush belar pusketatxo lehor eta mingots bat mastekatzen ari zen. Bere burutik igarotzen ziren pentsamenduak intermitenteak eta urduriak ziren, telegramen modukoak:

      “. Janaria. Zigarretak. Etxebizitza. Marianna oporretan. Lanik ez. Gurasoengana zuzentzea lotsagarria eta, gainera, alferrik.”

      Noiz eta non jan zuen zerbait azkeneko aldiz? Kaleko jantoki txiki horietako batean jandako bi ogi-pusketa etorri zitzaizkion gogora. Ondoren, berea ez zen baratz bateko hesiaren bestaldeko sagar garratzak. Bidertzean aurkituriko bainilazko erroskila bat. Tomate berde heldugabe bat, Sobietar Batasuneko Prentsako kioskoan topatutakoa.

      Zisneak ur-azalean irristaka zebiltzan, bi lore-sorta beltz erraldoiren moduan. Zirudienez, janaria ahalegin handiegirik gabe lortzen zuten; lepo kakotuen gainean zeramatzaten buru txiki zorrotz haiek etengabe makurtzen baitziren.

      Bush janariari buruz pentsatzen ari zen. Bere pentsamenduak gero eta laburragoak ziren:

      “. Zisnea. Hegaztia. Ehizakia.”

      Eta orduan, arbasoen deiak bere lekua hartu zuen Bushen baitan, dardara urduri baten bidez. Antzinako gizakien suen txinpartek dir-dir egin zuten bere begietan. Geldi-geldi geratu zen, hiriaren presondegitik askatutako setter bat zingira batean bezala.

      Hamarrak alderako guztiz ilunduko zuen. Bere buruarekiko zigorgabetasun sentsaziodun hegazti hura ehizatzea minutu bateko kontua izango zen. Lumatutako zisnea erraz har daiteke antzarra bailitzan. Eta antzar oso batekin Bush ez zen galduko. Edozein lagunartetan izango zen ongietorria.

      Bush itxuraldatu egin zen. Bere arimaren barne-barnetik ehiza-adarraren soinua entzun zitekeen. Bizarra moztu gabeko kokotsaren gogortasuna sentitzen zuen. Historiaurreko indar bat iratzarri zen Bushen baitan.

      Eta orduan mirakulu bat gertatu zen. Urertzean adinean aurrera zihoan emakume bat agertu zen. Bestela esanda, Bushek urrunetik usna zezakeen ehizakia.

      Inoiz ez dute jakingo zisne haiek bizia nork salbatu zien!

      Emakumea liraina eta ederra zen. Buruaren inguruan tximeletak zebilzkion jira eta bira. Airezko gona urdinak belarra marruskatzen zuen. Eskuetan liburu bat zeraman, bularrean itsatsita, meza-liburu bat bezala.

      Bista zorrotzeko Bushek erraz irakurri zuen izenburua: Akhmatova. Olerkiak.

      Ahoan zeukan belar-pusketa hura bota, eta, baritono indartsu eta burrunbatsu batez, hasi zen:

 

Badatoz hegaka, bidean dira,

Askatasun eta maitasun hitzak,

Jainkoaren urduritasunean ni,

Izotza baino hotzago ene ezpainak.

 

      Emakumeak pausoa geldiarazi eta esku-ahurrak buruan estutu zituen. Liburua, orrialdeak xuxurlaka zituela, belar gainera erori zen.

      Bushek honela jarraitu zuen:

 

Eta haratago, argiaren eskuzabaltasun jasanezina,

Ardo gozo eta beroa lez.

Haize sargoriaren goritasunak

Erre dit kontzientzia.

 

      Emakumea isilik geratu zen. Bere aurpegiak txundidura eta izua adierazten zituen (izua sentimendu gartsu eta pozgarria izan badaiteke behintzat).

      Ondoren, begiak jaitsiz, emakumeak esan zuen, emeki:

 

Baina laster, urki koipetsuek

leihoetan lehorki xuxurlatzen duten tokian,

Koroa gorri bat osatuko dute arrosek,

Eta berba ikusezinak entzungo dira.

 

      (Galinari “bejba” atera zitzaion)

      Bush lurretik altxatu zen.

      — Akhmatova gustatzen zaizu?

      — Bere olejki guztiak bujuz dakizkit —erantzun zuen emakumeak.

      — A zer nolako kasualitatea! Nik ere bai. Eta loreak? Loreak gustatzen zaizkizu?

      — Hojixe da nije puntujik ahulena! Eta hegaztiak? Zej diozu hegaztiei bujuz?

      Bushek zisne beltzengana zuzendu zuen begirada eta segundo batzuk pasatzen utzi ondoren, esan zuen:

 

Ai, kaioa ote hodei atzekoa,

Txantxangorriak ote, ingurukoak.

O, andere ezezagun hori! Hegazti izan nahi nuke,

Har dezan ogia zure eskuetatik nire mokoak.

 

      — Poeta al zara?

      — Idazten dut, tarteka, zertxobait —erantzun zuen Bushek, lotsati.

      Hozten ari zuen. Ezkien itzalak luzatzen ari ziren eta ura, berriz, distira galtzen. Sasiartean ilunabarra hedatzen zihoan.

      — Kafe bat nahi al duzu? —eskaini zion emakumeak—. Nire etxea oso gertu dago.

      — Barkatu —jakin nahi izan zuen Bushek— baina urdaiazpikorik ez al daukazu?

      Erantzunak zera zioen:

      — Bihotz bakarti batek behar duen guztia daukat nik.

      Hiru astez bizi izan nintzen Bush eta Galinaren etxean. Egun arraroak, zentzugabekeriaz beterikoak izan ziren.

      Goiza kantu arin, asaldatu batez hasten zen. Galinak ume baten moduko tenore ahotsarekin abiarazten zuen kontzertua:

 

Ai, akitua nago, nekatu naiz,

Egun eta gau. beti ene maitea buruan.

 

      Bere kutunak erantzuten zion, hotzeriak jotako baritono baxu batez:

 

Ai, iparreko Dvinan al naiz itoko,

Edo beste nolabait galduko ote naiz?

Herriak ez ditu malkoak isuriko,

Baina lagunek bai didate negar egingo.

 

      Tarteka, goizetan sukaldean dantzan aritzen ziren, bakoitzak bere uztako zerbait abesten zuelarik.

      Gero, Galinak iragarri ohi zuen:

      — Gauj dei nazazue Vejotxka. Eta bihajtik aujjeja, hegazti gajtsu.

      Galinak, egunean zehar, maiz deitzen zuen telefonoz. Zenbakiak arbitrarioki markatzen zituen. Erantzunaren zain egon eta esaten zuen, maitekiro:

      — Gaur ezusteko atsegin bat duzu zain.

      Edota:

      — Adi ibili txapel gainean gerezia daraman damarekin.

      Horrez gain, Galinak orduak ematen zituen ezpatarrain urduri eta garden bat mozorrotzen. Zera esaten zion belarrira, akuariorantz makurtuta:

      — Ez izan apetatsua, Jim. Egin agur amatxori eskutxoaz.

      Eta azkenik, Galinak etorkizuna iragartzen zuen. Niri, adibidez, zera iragarri zidan koloredun pikor batzuei begiratuz:

      — Zuje egunak Bjasil aldean nonbait amaituko dituzu.

      (Orduan, hirurogeita hamabosgarren urtean, barre egin nuen. Baina orain ziur nago halaxe izango dela).

      Bushek egun osoak ematen zituen Galinak leihoko gortina batetik jositako txabusina berde batekin batetik bestera paseatzen. Nobel saria jasotzerakoan emango zuen hitzaldia prestatzen aritzen zen. Hitzaldia hitz hauekin hasten zuen:

      “Jaun-andreok! Milesker ohore honengatik. Esan ohi den bezala, hobe berandu inoiz ez baino.”

      Horrelaxe bizi ginen. Nire hamasei errubloak segituan amaitu ziren. Galinaren pentsioak zortzi bat egun iraun zizkigun. Lanen bat aurkitu beharra genuen.

      Eta orduan iragarki bat agertu zitzaidan begien aurrean: Galdategi baterako langileak behar dira. Berehala lanean hasteko.

      Bushi kontatu nion. Ezezkoa esango zidanaren dudarik ez neukan. Baina orduan, ezustean, ados zegoela esan zidan, eta ez hori bakarrik; aurpegia ere argitu zitzaion pozaren pozez.

      — Ederki —esan zuen— horixe da behar duguna! Bagenuen garaia herriaren bizitzaren muinetan murgiltzeko. Esan ohi den bezala, bizitzaren iturrietara jausteko. Naturarengandik gertuago, gazte! Jendartearen poztasun xumeengandik gertuago! Izaki natural osoengandik gertuago! Behera metafisika eta transzendentaltasun guzti horiek! Gora mailua eta ingudea!

      Galinak ihardetsi zuen, emeki:

      — Ejik, baina zu ahula zaja, ojdea!

      Bushek haserre begiratu zion eta Galina isilik geratu zen.

      Galdategi hura, tximini handi baten oinetan kokaturiko eraikin txiki eta goibel samar bat zen. Atarian ikatz pilo batek muinotxo bat osatzen zuen. Bertan, lurrean botata, pala batzuk eta iraulitako bi eskorga zeuden.

      Eraikinaren barnealdean, hiru galdara zebiltzan etengabe burrunbaka. Haietako baten alboan zutik, mutil gazte txiki, sendo bat zegoen. Soldatzeko bertzun bat zeukan eskuetan. Saretoen gainean arrosa koloreko su bat zebilen txinpartaka eta ondorioz, gazteak bekokia zimurtu eta aurpegia beste aldera jiratzen zuen.

      — Kaixo —esan zion Bushek.

      — Aupa —erantzun zion langileak— berriak al zarete?

      — Iragarkiagatik etorri gaituk.

      — Pozten nauk ezagutzeaz. Oleg diat izena.

      Gure izenak aipatu genituen.

      — Joan zaitezte enkargatuaren bulegora —esan zuen Olegek— Tsurikoven aurrean aurkeztu behar duzue.

      Burdinazko atedun kabina haren barnealdeak galdaren zarata itoarazten zuen. Azala altxatuta zeukan mahai baten gainean, hainbat grafiko eta dokumentu zeuden. Mahaiaren gainean irrati merke bat zegoen zintzilik. Etzaleku estu batean, aurpegia egunkariaz estalirik, uniforme militarrez jantziriko gizon bat zegoen lo-kuluxka bat egiten. Egunkaria apenas mugitzen zen. Mahaian eserita, berriz, bisera bat zeraman gizon bat ari zen lanean. Ikusi gintuenean, burua altxatu zuen:

      — Berriak al zarete?

      Ondoren, altxatu eta eskua luzatu zigun:

      — Tsurikov, enkargatu nagusia. Eser zaitezte.

      Soldadu ohia esnatu egin zela nabaritu nuen. Egunkariak xuxurla bat egin zuen, gainetik kendu zuenean.

      — Hud —aurkeztu zuen laburki bere burua.

      — Jendea behar dugu —esan zuen enkargatuak— lana ez da konplikatua. Eta orain, etorri nirekin.

      Eskailera balantzatsu batetik jaitsi ginen. Hud gure atzetik zetorren. Olegek eskuaz agurtu gintuen, aspaldiko ezagunak agurtzen diren moduan.

      Ezkerreko galdararen ondoan gelditu ginen; hain gertu gainera, ezen berotasun handia nabaritu bainuen.

      Mekanismo ezin primitiboagoa da hau —esan zuen Tsurikovek—, sutegia, saretoak, eta hautsontzia. Irteerako tenperaturak hirurogeita hamar gradukoa izan behar du. Itzulerakoak berrogeita bostekoa. Erreleboaren hasieran ikatza prestatu behar duzue. Ez dizuet gomendatzen eskorga goraino kargatzea, irauli egingo zaizuelako. Alde egiterakoan, saretoak garbitu behar dituzue, ikatz-hondarrak kendu. Bueno, hori da dena. Ordutegia sinplea da: hogeita lau ordu lan egin eta hiru eguneko atsedena. Soldata ekoizpenaren araberakoa da. Erraz atera daitezke ehun eta berrogeita hamar bat errublo.

      Tsurikovek lankideengana eraman gintuen, eta esan zuen:

      — Espero dut elkarrekin ongi konponduko zaretela, hemen nahiko publiko berezia daukagun arren. Oleg, adibidez, budista da. Zen eskolaren jarraitzailea. Lasaitasun bila dabil bere izpirituaren monasterioan. Hud margolaria da, munduko abangoardiaren ezker hegala. Sintetismo metafisikoaren tradizioak jorratzen ditu. Gehienbat produktu bilgarriak marrazten ditu: tiraderak, poteak, zorroak.

      — Zikloak Hildako egiak du izena —argitu zigun Hudek ahopean, lotsak aurpegia gorritzen ziolarik.

      Tsurikovek hizketan jarraitu zuen:

      — Eta ni, berriz, pertsona sinplea naiz. Denbora librean musikaren teorian dihardut. Bide batez, zein da Brittenen gainjartze politonalei buruz daukazuen iritzia?

      Ordura arte, Bush isilik egon zen. Baina oraingoan, aurpegia itxuraldatu egin zitzaion bat-batean. Labur eta irmoki, esan zuen:

      — Goazemak hemendik!

      Tsurikov eta bere lankideak zer esan ez zekitela geratu ziren, nola aldentzen ginen begira.

      Kalera irten ginen. Bush bakarrizketa haserre batean lehertu zen:

      — Hori ez duk galdategi bat! Barkatu, baina hori Sorbonaren bat duk! Nik herriaren bizitzaren muinetan murgiltzeko ametsa nian. Moralki eta fisikoki sendotu nahi nian. Bizitzaren iturrietara jausi. Eta zer aurkituko, eta Zen budista eta metafisikoak besterik ez! Gainjartze politonal puta batzuk! Tira, goazemak etxera!

      Zer egin nezakeen nik?

      Galinak oihu alaiekin agurtu gintuen.

      — Hainbeste negaj egin dut —esan zuen— hainbeste negaj. Hainbesteko pena ematen zenidaten.

      Beste hiru egun ere joan ziren. Galinak liburu batzuk saldu zituen liburu zaharren denda batean. Nik Tallinneko erredakzio guztiak igaro nituen. Haietako batean, behin-behineko lan bat lortu nuen. Muntatzaileren bati elkarrizketa bat hartu nion. Erakusketa industrial bati buruzko erreportajea idatzi nuen. Shablinskiri hogei errublo eskatu nizkion, etorkizuneko soldaten kontura. Heriotza gosetia geroratu egin genuen.

      Are gehiago, gauzak ongi joan zitzaizkidan. Leningraden kazetari arruntzat baninduten, hemen ia-ia korifeo bat nintzen. Gero eta erantzukizun handiagoko lanak ematen zizkidaten. Liburu eta antzezlan berriei buruz idazten nuen, Beste iritzi bat izeneko asteroko atal bat egiten nuen, satirak idazten nituen. Eta satirena, jakina denez, egunkari batean dagoen generorik defizitarioena da. Laburtuz, nahiko azkar egin nuen gorantz.

      Erredakzioko topaketetara joateko gonbidapenak jasotzen hasi nintzen. Handik hilabete eskasera, bilkura ofizialetarakoak. Estoniako Komite Zentralean ere hasi ziren nik argitaraturikoari buruz hizketan.

      Ordurako, aspaldian utziak nituen Bush eta Galina. Erredakzioak gela bat eman zidan Tompa kalean; behin-behineko langile batentzat, aurrekaririk gabeko pribilegioa. Honek zera esan nahi zuen: laster lanpostu egonkor bat eskaintzeko asmoa zutela. Eta halaxe izan zen; hau dena gertatu eta hilabetera langile egonkor egin ninduten.

      Erredaktoreak esan zidan:

      — Umore-sen zoragarria daukazu. Zure aforismoetako asko buruz dakizkit. Adibidez, hauxe bera: “Ausarta isilik ibiltzen da, eta koldarra, berriz, isilka.”. Zure satiretako batzuk gure etxean lan egiten duen neskari kontatzen dizkiot. Bide batez, institutu alemanean ikasitakoa da.

      — A —esan nuen nik— orain ulertzen dut dena. Orain badakit nondik dauzkazun hain jokamolde finak.

      Erredaktorea ez zen horrelakoetan iraindua sentitzen. Mentalitate liberaleko intelektuala zen. Orokorrean, orduko giroa erlatiboki liberala zen. Bereziki, Baltikoko errepubliketan.

      Horrez gain, lotsagabekeriak ongi planifikatuta eta trebeki burutzen nituen. Nire ezagun batek, estilo honi “familiartasun adeitsua” deitzen zion.

      Orain berrehun eta berrogeita hamar errublotatik ez nintzen jaisten. Gainera, emazteari dirua pasatzeko modua ere aurkitzen nuen.

      Eta ondorioz, lagunak ere egoerari zegozkionak egin nituen: idazle gazteak, artistak, zientzialariak, medikuak. Gizartean onartuak, ongi irabazten zutenak. Antzerki eta jatetxeetan ibiltzen ginen, irletara joaten ginen atseden hartzera. Labur esanda, intelektual sortzaileentzat ohikoa den bizimodua generaman.

      Hilabete guzti haietan Bush ez neukan ahaztuta, Tallinn hiri txikia baita, lagunartekoa. Derrigor topatzen duzu ezagunen bat, gutxienez astean behin.

      Bushek ez zion inbidiarik nire arrakastari. Alderantziz, pozik esaten zidan behin eta berriz: “Ekin lanari, gazte! Gureek bete behar dituzte-eta Estatuan giltzarri diren postuak!”

      Nik dirua uzten nion. Hogei bat aldiz ordaindu nuen beragatik Mündi tabernan. Hau da, behar zen bezala jokatzen nuen. Zer gehiago egin nezakeen? Ezin emango nion nire lanpostua!

      Zin dagit, ez nuela Bush topatzea ekiditen. Orain gizartearen alderdi desberdinetan geunden, besterik gabe.

      Are gehiago, Bush berriro behin-behineko langile moduan erabili zezaten saiatu nintzen. Egia esan behar badut, horretarako erresistentzia esanguratsuak gainditu behar izan nituen. Rudi kapitainaren istorioa ahaztu gabe zegoen oraindik.

      Esan gabe doa Bushi oraingoan ez ziotela ñabardura politikodun erantzukizuneko materialik ematen. Egunerokotasunarekin edota kirolekin eta kulturarekin loturiko berriak idazten zituen. Erredakzioko topaketa guztietan, haren lan bakoitza laudatzen saiatzen nintzen. Bush erredakzioko pasilloetan maizago agertzen hasi zen.

      Ordurako apur bat itzalita zebilen. Galtzen belaun aldeetan zikinuneak ageri ziren. Jaka ozenki zebilen garbiketa baten eske. Eta hala eta guztiz ere, adinean aurrera zihoazen emakumeek, eta edozein erredakziotan ez da horrelakorik falta, Bush ikustean, sufritzen eta gorritzen jarraitzen zuten. Horrek esan nahi zuen bere bertuteen sekretua barnealdean zegoela eta ez kanpoaldean.

      Erredakzioan zegoenean, Bushek zuzen eta umil jokatzen zuen. Nagusiak erreberentzia bat eginez agurtzen zituen, hitzik esan gabe.

      Kazetari arruntekin albisteak elkartrukatzen zituen. Emakumeei konplimenduak esaten zizkien.

      Gogoratzen dut behin mekanografia bulegoko zuzendari zen Loreida Filipovna Kojitxen hirurogeigarren urtebetetzea ospatzen zela. Bushek olerki labur maitagarri bat eskaini zion:

 

Hasperen dagit Loreida ikustean,

Zer esanahi ote luke honek, Freuden ustean?!

 

      Ondorioz, Loreida Filipovna astebetez, aldi berean distiratsu eta zurbil ibili zen.

      Badute nomenklaturako langileek ezaugarri erakargarri bat. Ez dira gorrotoa gordetzekoak, alferkeriagatik besterik ez bada ere. Ez daukate mendekuzko sugar batek eskatzen duen adina indar. Benetako gaiztakeriarako, bestalde, entusiasmo garbi bat falta zaie. Bizitza erosoko horrenbeste urteren buruan, sentimenduak kamustu egiten zaizkie, ia-ia besteen nahiak kontutan hartzeraino. Euren pentsamenduak hain dira bizitasunik gabekoak, non horrek, tarteka, jatortasunaren antza har dezakeen.

      Sobietar Estoniako erredaktorea bihotz oneko gizona zen. Hori bai, krudel eta gaizto bihurtzen zen unea arte! Egoerari zegozkien aginduek horretara behartzen zuten arte. Jakina da pertsona jatorra, alukeriak gozatu gabe egiten dituen hura dela.

      Kontua da Bushi argitaratzeko baimena eman ziotela. Lehenengo bolada batean, bere oharrak kontu bereziz erredaktatuak zeuden. Handik aurrera, garbi geratu zen Bush aldatuta zegoela, heldutasun batera iritsia zela. Bere iruzkinak gero eta mamitsuagoak eta gai esanguratsuagoei buruzkoak ziren. Bushen hiruzpalau kronikek zirraratxo txiki bat sortarazi zuten. Bertako kazetaritza-koadroen testuinguruan, nabarmen bereizten zen.

      Abenduan berriro hasi zen erredaktorea Bushi lanpostu egonkor bat emateari buruz hizketan. Gainera, Bushek bere alde zituen partiduko batzordeko adinean aurrera zihoazen emakume guztiak, eta Shablinskik eta biok ere aktiboki laguntzen genion. Behin, erredakzioko topaketa batean, esan nuen: “Behar-beharrezkoa zaigu Bush modu osoago batean baliatzea. Bestela, disidentziaren bide labainkorrera bultzatuko dugu.”

      Bushek lanpostu egonkor bat lortzeak, erabaki ideologiko baten izaera hartu zuen. Erredaktoreak irribarrez begiratu ohi zuen Bush esertzen zen aldera. Honen patua etorkizun hurbilean erabaki zitekeen.

      Urte zahar eguna iritsi zen. Nabari zen erredakzioko urteroko festa hastear zela. Horrelakoetan gertatu ohi den moduan, alferrontzienak nabarmen biziberritu ziren. Linotipisten saileko bi alkoholiko vodka bila abiatu ziren. Gutunen saileko neska gazte lodi batzuek ogitartekoak prestatzen zituzten bitartean, Ruskis eta Bogdanov kaleko berriemaileak mahaia atontzen ari ziren.

      Egun hartan lehentxeago amaitu genuen lana. Behin-behineko langileei etxera ez joateko eskatu zieten. Erredaktoreak Bushi dei egin eta esan zion:

      — Espero dut gaur gauean elkar ikusiko dugula. Berri atsegin bat jakinarazi nahi dizut.

      Langileak pasilloetan barna zebiltzan noraezean. Pazientzia gutxienekoek eguneroko gaien sailean sartu eta atea giltzaz itxi zuten. Han barrutik edalontzien tintina iristen zen. Batzuk etxera joan ziren arropak aldatzera. Seietarako atzera itzuliak ziren. Bush oso pinpirin zebilen, tabako koloreko atzerriko traje bat jantzirik. Lakaturiko zapatek dir-dir egiten zioten. Alkandorari bulego-xuxurla bat zerion.

      — Itxura ederra daukak —esan nion.

      Bushek, lotsati, irribarre egin zuen:

      — Atzo Galinak hortzak saldu zizkian. Platinozko bi koroa eraman zizkioan bitxi-saltzaileari. Eta uhaleria guzti hau erosi zidaan. Ai ene! Horrelako zerbaiten ondoren, nola utziko diat emakume hori?!

      Normalean idazkaritza-funtzioa zeukan areto zabalean kokatu ginen. Azken orduko prestaketak doitzen ari ginen, denok ere ozenki hizketan, erretzen, barrezka.

      Orokorrean, erredakzioko edanaldiak demokraziaren garaipen bat direla esan behar da. Bertan, erredaktore nagusiari buruzko txantxak egin daitezke. Garaiko kazetari jenialena zein den eztabaida daiteke, norbaiti kexaren bat helarazi, moderatuak izateko beharrik ez duten konplimenduak bota. Horrelakoetan, adibidez, hauen moduko diskurtsoak entzun ahal dira:

      — Aizak, gazte, hi sekulakoa haiz! Hi erreportaje fotografikoen Paganinia haiz!

      — Hi, berriz —entzuten zen erantzun gisara— abangoardia ekonomikoaren Shakespeare bat!

      Hemen erabakitzen dira, halaber, unean uneko amodiozko konfliktoak, intrigak harilkatzen dira, edota Ohorezko Iragarki-taularako kandidaturak aurkezten dira ezkutuan.

      Bestela esanda, erredakzioko eguneroko nahasmendua arau bihurtzen da horrelakoetan. Definitiboki gailentzen da erredakzio batek hain berezkoa duen giroa, bere antzutasun urduri eta presazkoarekin.

      Bushek harritzeko moduko seriotasun eta zuhurtasun bat erakusten zuen. Leiho ondoko eserleku batean eseri zen. Apal batetik liburu bat hartu eta haren irakurketan murgildu zen. Liburuaren izenburua: Ortografia eta puntuaketaren kasu zailenak.

      Halako batean, denoi mahaira hurbiltzeko gonbitea egin ziguten. Erredaktorea erabateko isiltasuna noiz egingo zain egon zen eta, ondoren, esan zuen:

      — Lagunok! Joan zaigu beste urte bat ere, lanez beteriko urte bat. Badugu zer gogoratu. Tristurak eta poztasunak izan ditugu. Arrakastak eta porrotak. Baina bere osotasunean hartuta, egunkariak lorpen esanguratsuak erdietsi ditu. Gero eta gai serio, distiratsu eta sakon gehiago argitaratzen dugu. Kalkulu ideologiko okerrak eta akatsak gero eta urriagoak dira. Ziur nago hastera doan urte honetan laguntasun eta batasun are handiagoz lan egingo dugula. Gaur Komite Zentraletik deitu didate. Ivan Gustavovitx Kebinek zuei bere partetik zorionak emateko eskatu dit. Utzidazue bihotz-bihotzez haren hitzak neure egiten. Urte berri on, ene lagun maiteok!

      Ondoren, brindis ugari izan ziren. Erredaktore nagusiarengatik eta idazkari nagusiarengatik edan genuen. Langile xume, testu-zuzentzaile eta mekanografia saileko emakumeengatik. Behin-behineko berriemaile eta lantegietako berriemaile aktiboengatik. Norbaitek politikoki beti erne egon beharra aipatu zuen. Beste batek futbol talde bat sortzea proposatu zuen. Igor Gaspl, erredakzioko salataria, anaitasunerako deia egiten aritu zen. Mishka Shablinskik emakume xarmantengatik brindis bat egitea proposatu zuen.

      Gela kez bete zen. Bazterretatik sakabanatu ginen, bakoitza bere koparekin. Jatekoa bizkor ezkutatzen ari zen.

      Eguneroko gaien saileko Torshinak, denok batera kantatzeko konbentzitu nahi gintuen. Fima Bykoverrek zorrak kitatzen ziharduen. Meleshko administrazio-burua atsekabetuta zegoen:

      — Badirudi azkenean ez dudala jakingo nork lapurtu duen Estatuaren jabego zen erreflektorea!

      Handik lasterrera, Hilda garbitzailea agertu zen, lokala hustu beharra geneukala esanez.

      — Beste hamar minutu —esan zuen erredaktoreak, eta berak luzatu zion Hildari, pertsonalki, txanpan kopa bat.

      Ondoren, ate ertzean Zoia Semionovna agertu zen, erredaktorearen emaztea. Eskuetan kupronikelezko erretilu erraldoi bat zeraman. Bertan, kafe-kikara fin eta dardarati batzuk zihoazen.

      Ordura arte Bush eserita egon zen, zirkinik egin gabe. Kopa handia irratiaren estalkiaren gainean zeukan utzia. Belaunen gainean ortografiari buruzko esku-liburu irekia.

      Orduan, altxatu eta irribarre zabal bat eginez, Zoia Semionovnarengana hurbildu zen Bush. Bat-batean futbolarien moduko mugimendu azkar bat egin eta lakaturiko botaren kolpe bortitz batez, erretilua zur eta lur geraturiko emakumearen eskuetatik hegaka irtenarazi zuen.

      Gela burrunba batek bete zuen. Ordurako bero-bero zeuden langileak imintzio beldurgarriak egiten hasi ziren. Linda Torshinak oihu bat egin eta konortea galdu zuen.

      Behin-behineko lau langileren artean harrapatu zuten Bush. Berak ez zien aurka egin. Aurpegian irribarre zoriontsu bat geratu zitzaion.

      Norbait jada poliziari deika ari zen. Beste bat anbulantzia bati deika.

      Handik hiru egunetara, batzorde psikiatriko batek aztertu zuen Bush. Bere buruaren guztiz jabe zela ondorioztatu zuten eta, ondorioz, bandalismoagatik epaitu. Bi urte bota zizkioten, baldintzapeko askatasunean.

      Eskerrak, hala ere, erredaktorea ez zenik zigor zuhurrago bat lortzen saiatu. Bestela esanda, Bush erraz libratu zen. Baina hori bai, kazetaritzaz pentsatze hutsa ere barrea eragiteko modukoa zen.

      Ondoren, hilabetez galdu nion arrastoa. Leningraden izan nintzen familia kontuak konpontzen. Itzultzean, deitu egin nion; telefonoa etenda zegoen.

      Bush ez neukan ahaztuta. Hiriaren erdigunean ikustea espero nuen eta halaxe gertatu zen, izan ere.

      Argazki-tailer bateko bitrinen inguruan zegoen zutik, munstro irribarretsuren batzuk aztertzen. Eskuan frantses-ogi baten barra-erdi bat zeukan. Bere itxura guztiak erabateko zeregin eza erakusten zuen.

      Handik hurbil zegoen Kungla tabernara joatea proposatu nion.

      Bushek esan zidan:

      — Dirua zor diat han.

      — Asko?

      — Sei bat errublo.

      — Ongi zagok —esan nion— zorrak kitatzeko probestuko diagu.

      Berokiak kendu, goiko solairura igo eta leiho ondoan eseri ginen.

      Zer gertatu zen jakin nahi nuen nik. Zer zela eta burutu ote zuen ekintza basati hura? Zer izan zen hura, nerbio-krisi bat? Behin-behineko ero-kolpe bat?

      Bush bera hasi zen gai hartaz hizketan:

      — Ulertu egin behar duk, gazte! Erredakzioan txakal hutsak dituk denak.

      Gero zuzenketa bat sartu zuen:

      — Hi, Shablinski eta lau atso zahar koitadu izan ezik. Kontua duk, orokorrean zerriak direla han nagusi. Eta gero, festa alu hori zagok eta elkarrizketa hutsal guzti horiek hasten dituk. Eta ni hantxe, eserita, erredaktore ipurtandi horren bedeinkazioa jasotzeko zain. Eta hara non agertzen den Zoia hankoker hori bere erretiluarekin. Eta denek nahi zitean bakarra zera zuan: hankarekin erretilu puta hori popatik hartzera bidali. Une hartan ulertu nian, une erabakigarria iritsia zitzaidaala: orduantxe erabakiko zuan zer nintzen; zaldun bat, Galinak uste duen bezala, edo kaka-pilo bat, beste guztiek ziurtatzen duten bezala. Beraz, altxatu eta hor abiatu ninduan.

      Ordubete inguru egon ginen tabernan. Nik erredakziora joan beharra neukan, frantses progresistaren bati elkarrizketa bat hartzera.

      Galdetu nion:

      — Galina zer moduz zebilek?

      — Hainbestean —esan zuen Bushek— operazio bat izan dik. Emakumeen konturen bat zeukak.

      Sarrerara jaitsi ginen. Egurrezko hesi baten atzean, arropazain ezindu zahar bat zegoen, termotik tea edaten. Bushek aluminiozko fitxa luzatu zion.

      Bat-batean, arropazaina oso haserre jarri zen:

      — Horixe da lotsagabekeriarik tipikoena: fitxa zifrak beherantz dituela ematea!

      Bushek arropazainak esan beharra zeukana entzun, eta ihardetsi zuen:

      — Bakoitzak bere arazoak dauzka.

      Horren ondoren, gutxitan ikusi genuen elkar: ni oso lanpetua ibili nintzen erredakzioan. Gainera, inprimategirako ipuin-bilduma bat prestatzen ari nintzen.

      Behinola, hipodromoan topatu nuen Bush. Erabat galdutako pertsonaren tankera zeukan. Diru apur bat utzi behar izan nion. Eskerrak eman eta edari bila abiatu zen segituan. Zain geratu gabe alde egin nuen.

      Harrezkero, pare bat aldiz topo egin genuen kalean eta tranbian. Muturreko utzikerian eroria zen. Ez geneukan zertaz hitz egin.

      Udan Bulgariako zinemaldi batera bidali ninduten. Atzerrirako nire lehen lan-bidaia izan zen hura. Bestela esanda, nireganako konfiantza politikoaren adierazle eta nire leialtasunaren egiaztapen garbia.

      Handik itzulitakoan, istorio harrigarri bat entzun nuen.

      Tallinnen azaroaren 7a ospatzen zen, Urriko iraultzaren urteurrena. Manifestari-ilarak hiriaren erdigunerantz zihoazen. Gobernuko kideentzako harmailak Komite Zentralaren eraikinaren aldamenean muntatu zituzten. Musika entzuten zen. Enparantza gainean airezko globoak zebiltzan hegaka. Esatariek zorion-garrasi kontaezinak botatzen zituzten.

      Jendeak pankartak eta iraultzaren gidarien erretratuak zeramatzan. Poliziak ordenua zaintzen zuen. Denak umore onez zeuden. Egun hori nahi duzuena izango da, baina, azken finean, festa bat, beste edozeren gainetik, festa bat da.

      Manifestarien artean Bush zegoen. Hori gutxi balitz, txapa-pusketa bat zeraman, egurrezko kirten bati lotua. Elurra biltzeko pala horietako bat gogorarazten zuen. Txapa hartan zera zegoen idatzia urkolore berdeaz eta maiuskulaz:

 

“INPERIALISMO MUNDIALAREN ETSAIEN AURKA, ERRESISTENTZIA!”

      Pankarta horrekin Kadriorgetik piano-fabrikarainoko bidea egin zuen Bushek. Orduan, halako batean, poliziek zerbait arraroa sumatu zuten: Nola “inperialismo mundialaren etsaiak”? Noren aurka “erresistentzia”?

      Bushek ez zien aurre egin atxiloketaren unean. Auto beltz hertsi batean sartu eta Pagari kalera eraman zuten. Iritsi eta hiru minututara, Pork jenerala bera ari zitzaion galdeketa egiten.

      Bushek lasai eta labur erantzun zien galderei. Errudun zenik ez zuen inondik inora aitortzen. Zioenez, gertaturiko guztia gaizki-ulertze bat zen; arreta aski ez jartzearen ondorioz eginiko akats bat.

      Jeneralak ordu eta erdiz hitz egin zuen Bushekin. Tarteka zuzen jokatzen zuen; gero, ustekabean, ahotsa altxatzen zion. Batzuetan, errespetuzko Ernst Leopoldovitx esanez zuzentzen zitzaion Bushi, eta beste batzuetan, aldiz, oihuka: “Fusilatu egingo haut, zerrikume hori!”

      Azkenean, bere burua zuritzeaz aspertuta, Bushek arkatza eta papera eskatu zituen. Jeneralak lasaitasunezko hasperen bat egin zuen, eta esan zion:

      — Aitorpen zintzo batek zure etorkizuna arin dezake.

      Bush leihora begira egon zen minutu batez. Ondoren, irribarre bat egin eta hizki eder eta handiz idatzi zuen:

      “Ondorengoa adierazi nahi nuke:”

      Eta gero:

      “1. Baltikoko errepubliketako eta Transkaukasiako kristau baptisten etorkizunaren inguruko nire kezkarik sakonena adierazi nahi dut!

      2. Estatu Batuetako intelektualei dei egiten diet, Kremlinak eskubide zibilen alorrean burutzen dituen gehiegikerien aurrean irmoki erantzun dezaten!

      3. Nire aberri historikora inongo oztoporik gabe emigratzeko eskubidea aldarrikatzen dut: Alemaniako Errepublika Federalera!

      Sinatzen du: Ernst Bush, kontzientzia-presoak”

 

      Jeneralak adierazpena irakurri eta zakarrontzira bota zuen. Gauzak honela, emaitza onak erakutsi izan zizkion sistema bat aplikatzea erabaki zuen. Hartu eta hitz bakar bat esan gabe alde egin zuen.

      Neurri honek, normalean, akatsik gabe funtzionatu ohi zuen. Bulego huts batean bakarrik geratzean, galdekatuei ikaragarrizko urduritasuna sartzen zitzaien. Zer gertatuko zen ez jakiteak edozein mehatxuk baino gehiago ikaratzen zituen. Euren portaera aztertzen hasten ziren. Salbatzeko eman beharreko urratsak presaka asmatu nahian, euren burua zentzugabeko amarruen amaraunean nahaspilatzen zuten. Itxarote mingarri hark izaki dardarati bihurtzen zituen. Hori zen, hain zuzen, jeneralak lortu nahi zuena.

      Berrogei bat minutu beranduago itzuli zen. Ikusi zuenak zur eta lur utzi zuen. Bush lo zegoen lasai-lasai, burua protokolo-pilo baten gainean ipinita.

      Jeneralak, harrezkero, zera esan ohi zuen:

      — Zer ez ote da gertatu nire bulego horretan?! Batzuek zainak ebaki dituzte. Hautsontzian euren egunerokoak erre. Leihotik jauzi egiten saiatu izan dira. Baina lo geratzea?. Hori gertatzen den lehendabiziko aldia da!

      Ospitale psikiatriko batera eraman zuten Bush, jeneralari gertatutakoa buruko gaixotasunen baten sintoma garbia iruditu baitzitzaion. Litekeena da jenerala egiatik hain urrun ez ibili izana.

      Sei hilabeteren buruan soilik askatu zuten Bush. Ordurako, nire bizitzan ere zenbait aldaketa gertatu ziren.

      Zaila da hura dena nondik hasi zen gogora ekartzea. Esan behar ez zen zerbait esan nuen pare bat aldiz. Segurtasun organoentzat lan egiten zuen Gasplekin eztabaida bat izan nuen. Behin edanda agertu nintzen Komite Zentralean. Estoniar idazleen hitzaldi batzuetan Lippo kamaradaren beraren iritziari aurre egin nion.

      Egunkari batean karrera egin ahal izateko, beharrezkoa da etengabe hazten joango diren ahaleginak egitea. Geldi geratzeak kapitulatzea esan nahi du. Badirudi ni ez nintzela horretarako jaioa. Ibilbide horretako uneren batean galgatu egin nuen, antza; galgatzerakoan irrist egin eta hortxe amaitu zen dena.

      Orduan gogoratu zuten Tallinnen erroldatu gabe ari nintzela lanean. Nire biografia zulatzen hasi eta, neurri batean, judutar jatorrikoa nintzela jakin zuten. Horrez gain, Bushekin nituen kontaktuek ere ez zuten nire erreputazioa sendotzen.

      Gainera, une hartan bertan, Estonian istilu politikoak hasi ziren. Disidente talde bat Waldheimi zuzendu zitzaion eskari batekin; demokratizazioa eta autodeterminazioa aldarrikatzen zituzten. Hiru egun beranduago, jada mendebaldeko irratiak euren memoranduma zabaltzen ari ziren. Beraz, astebeteren buruan Moskutik agindu bat iritsi zen: heziketa-lanak indartu behar ziren. Honek zera esan nahi zuen: bakarren bat postuz jaitsi, lanetik bota, umiliatu. Hori dena, noski, memorandumaren egileei auzibidea irekitzeaz gain. Meleshko administratzaile-buruak esan zuen erredakzioan:

      — Intelektual horiek euren nagusiengana zuzendu besterik ez zuten, baina zer egingo, eta zera, Waldheim edo ez dakit zer demontre asmatzen hasi.

      Ni errepresiorako pertsona aproposa nintzen eta, ondorioz, lanetik bidali ninduten. Aldi berean, tipografian ia-ia ateratzear zen nire ipuinen bilduma deuseztatu zuten. Eta hori dena Kremlineko handi-mandiei zera jakinarazi ahal izateko soilik: Neurriak hartu ditugu!

      Noski, ez nintzen ni izan biktima bakarra. Egun haietantxe itxi zuten hipodromoa ere, ideia burgesen zabaltzaile zelakoan. Kazetarien Batasuneko tabernan alkoholdun edariak saltzeari utzi zioten. Urdaiazpikoa dendetatik desagertu zen. Baina tira, hori jada beste gai bat da.

      Laburbilduz, Estoniako liberalismoa amaitua zen. Herriaren zatirik onena, bi zientzialari gazte, klandestinitatera igaro ziren.

      Niri lanpostu egonkorra kendu zidaten. “Neure borondatez” alde egitea gomendatu zidaten. Lantegietako berriemaile bihurtu nendin aholkatu zidaten beste behin. Uko egin nion.

      Banuen Leningradera joateko garaia. Are gehiago, neure familia bizitzak konpontzeko itxura zuela kontutan hartuta. Pertsonak, urrutitik, zentzuzkoago bihurtzen dira.

      Tompa kaleko etxetik trasteak jasotzen ari nintzen, bat-batean telefonoak jo zuenean. Bushen ahotsa ezagutu nuen:

      — Gazte, itxoin iezadak! Banoak hegaka! Zehazkiago, oinez. Dirutan xentimorik ere ez zeukaat, baina opari baliotsu bat zeramaat hiretzat.

      Ni ardo bila jaitsi nintzen. Handik berrogei bat minututara iritsi zen Bush. Sei hilabete lehenago baino itxura hobea zeukan. Galdetu nion:

      — Zer moduz?

      — Hainbestean.

      Kontatu zidanez, ospitale psikiatrikoan erregistratua zeukaten. Eta gainera, erregularki eramaten omen zuten KGBra.

      Gero, apur bat bizitu zen eta ahotsa baxatuz, esan zuen:

      — Hemen daukak oroigarri bat, lagunak ez ahazteko.

      Trajea askatu eta lau zatitan tolestutako orri bat atera zuen sabel-ondotik. Pozik luzatu zidan:

      — Zer duk hau? —galdetu nion.

      — Iragarki-orri bat.

      — Zein iragarki-orri?

      — KGBren hemengo ordezkaritzakoa. Hortxe daukak izenburua: “Ezkutua eta ezpata”. Gauza interesgarri pilo bat zagok hor. Buruzagiren bat mozkorkeriagatik kritikatzen ditek. Espekulatzaileei buruzko artikulu bat ere bazagok. Eta hara hemen ganberro batzuei buruzko olerkitxo bat:

 

Burges apainak botilarekin eman dio

kondekoraziodun agureari!

Ilezuridun kaskezurretik,

Odola bor-bor dator iturburutik bezala.

 

      — Tira —esan zuen Bushek— ez zagok hain gaizki.

      Gero, iragarki-orriaz jabetzea lortu zuenekoa kontatzen hasi zitzaidan:

      — Sorokin kaiku horrek dei egiten zidak, eta bere elkarrizketa alu horiekin hasten duk. Nik bere argudio guztiak ukatzen ditiat Marxen zitak erabiliz eta, halako batean, alde egiten dik. Bere marikoi-bulego horretan uzten naik. Eta pentsatzen hasten nauk: zer hartu zezakeat Sergeientzat oroigarri gisara? Eta hara non ikusten dudan iragarki-orri hau. Hartu eta alkandora azpian sartu nian. Oroigarri gisara oparitzen diat.

      — Tira —esan nion nik— erre dezagun segituan. Bekatutik zenbat eta urrunago, orduan eta hobe.

      — Bueno, ongi zagok —onartu zuen Bushek.

      Iragarki-orria txiki-txiki egin eta komuneko zuloan erre genuen. Niri berandutzen ari zitzaidan. Taxi bati deitu nion. Bush nirekin joan zen tren-geltokira.

      Nasan geundela, eskutik heldu ninduen:

      — Zer egin zezakeat hiregatik? Ez al duk zerbaitetarako laguntzarik behar?

      — Lasai, ez diat ezer ere behar —esan nion nik.

      Bush une batez pentsakor geratu zen, erabaki mingarri bat hartzen arituko balitz bezala.

      — Nahi baduk —esan zuen— ezkon hadi Galinarekin. Laguna haizelako uzten diat bidea libre. Loreak marraztu eta sal zitzakek. Eta astebete barru dituk jaiotzekoak katakume siamdarrak. Ezkon hadi. Ez haiz damutuko!

      — Bide batez esanda —esan nion— ni ezkonduta nagok.

      — Heuk ikusiko duk —esan zuen Bushek.

      Besarkada bat eman nion eta trenean sartu nintzen.

      Bush han zegoen nasan, bakarrik. Uste dut ez dudala aipatu nahiko txikia zela.

      Eskuaz agur egin nion. Erantzun moduan, Bushek ukabila altxatu eta esan zuen: Rot front! Ondoren, hatzak bananduz: Victory!

      Trena abiatu egin zen.

 

      Seigarren urtea dut hau Ameriketan bizitzen. Nirekin daude emaztea eta Katia alaba. Katiak, behin eta berriz, bakero berriak erosi eta berrogei bat minutu ematen ditu haien gainean saltoka. Eta ondoren, zulotxoak egiten dizkie belaunetan.

      Duela gutxi, Brooklynen, norbaitek nire izenez dei egin zidan. Adi-adi geratu nintzaion begira, eta Grishania ezagutu nuen, Leningradetik Tallinnera eraman ninduen hura bera.

      Ikusi genuen lehenengo jatetxean sartu ginen. Grishaniak kontatu zidanez, sei hilabete soilik eman zituen kartzelan. Ondoren, norbaiti eskupeko bat ematea lortu eta askatu egin zuten.

      — Hartzen jakin bahuen, jakin ezak ematen ere —adierazi zuen Grishaniak, filosofikoki.

      Bush zer moduz zebilen galdetu nion. Esan zidan:

      — Ideiarik ere ez zeukaat. Shablinski egunkariko idazkari nagusi izendatu ditek.

      Elkarri deitzeko plana adostu genuen. Azkenean, nik ez nion deitu. Berak ere ez niri.

      Duela hilabete irakurri nuen Rudi kapitainari buruzko zerbait. Lau urte igaro zituen Mordoviako kartzelan. Gero, zenbait erakundek bere alde egin eta zigorra osorik bete aurretik askatu zuten. Orain Hamburgen bizi da.

      Ahal nuen guztiei galdetu izan diet Bushi buruz. Informazio batzuen arabera, kartzelan dago. Beste batzuen arabera, arrantza-arazoetarako ministroaren alargunarekin ezkondu da. Bi bertsioak dira sinesgarriak. Eta biek sortarazten didate sentimendu mingots bat.

      Non dago orain disidente eta gizon eder hura? Eskizofreniko, poeta eta heroi hura? Lasaitasunaren asaldatzaile hura? Non dago orain, Ernst Leopoldovitx Bush?!

 

Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008