Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008

 

 

ZAZPIGARREN KONPROMISOA

 

(“Sobietar Estonia”. 1976ko apirila)

 

      MARTETAR BATENTZAKO JANTZIA (Pertsona eta lanbidea). Zer da jostun on batengandik espero duguna? Josten duen trajeak modari erantzun behar dio. Eta zer esango zenukete jostun bati buruz, bere lana modak eskatzen duena baino berrehun urte atzerago baldin badoa? Aldi berean, pertsona horri errespetu handia diote denek eta hitzik beroenak jaso ohi ditu. Voldemar Sild, Estoniar Sobietar Errepublika Sozialistako Errusiar Antzoki Dramatikoko jostun-diseinugileari buruz ari gara. Bere ohiko bezeroen artean Espainiako nobleak eta ezpatariak, Errusiako Tsarrak eta Japoniako samuraiak daude. Are gehiago, baita azeriak, oilarrak eta martetarrak ere.

      Antzerkirako jantzi bat artistaren eta jostunaren elkarlanaren ondorioz sortzen da. Garai baten izaerarekin bat etorri behar du, aldi berean ikuskizunaren izpiritua eta pertsonaien ezaugarriak aditzera emanez. Imajina itzazue Pushkinen Onegin zaku formako galtzekin edo Gogolen Sobakievitx zabarra frak dotore batekin. Esopo esklaboaren jantzia sortzeko, antzinako margolarien lanak eta Greziako drama ikasi behar izan zituen Voldemar Sildek.

      Lebita, kaftana, soldaduen neguko berokia, husarren ahuntz-ilezko zamarra, arkhaluka; hauek denak euren ezaugarri eta akzesorio espezifikoak dituzten eta ongi zehazturik dauden arropa motak dira.

      — Aktore gazte batek —azaldu digu Sildek— galdetu zidan behin: “Baina fraka eta smokinga ez al dira, bada, berdinak?”. Niretzat telebista eta irrati-kasete bat bezain desberdinak dira.

      Beste antzokietako antzezlanak ikustera joaten denean, Voldemar Sildek zuhurtzia profesionalez egiten dio kasu pertsonaien janzkerari.

      — Eta nire antzoki kutunena den Vakhtangovskiko antzezlanetan soilik gertatzen zait —esaten du V. Sildek— diseinatzaile naizela ahaztea eta besterik gabe, antzezlanen haria jarraitzea. Antzoki horretan diseinatzaileek tatxarik gabeko lana egiten dutenaren benetako adierazle da hori.

      Tatxarik gabeko lana burutzen du Voldemar Sild berak ere; jostun, artista eta antzerki-gizon honek”.

 

      Erredakzioko bilkuran laudatu egin zuten artikulu hau.

      — Dovlatovek badaki edozein txorakeriari buruz bizitasunez idazten.

      — Izenburua bera ere efektu handikoa da.

      — Nonbaitetik ateratzen ditu horrek hitzak: akzesorioak.

      Hurrengo egunean, Turonok erredaktorearen deia jaso nuen.

      — Eser zaitez.

      Eseri egin nintzen.

      — Ez da elkarrizketa atsegina izango.

      “Zurekin izan daitezkeen elkarrizketa guztiak bezalaxe, ergel hori” —pentsatu nuen.

      — Zein da zuk daukazun atala?

      — Pertsona eta lanbidea. Ezohiko lanbideak dituzten pertsonak interesatzen zaizkigu. Eta baita ustekabeko alderdiak ere.

      — Ba al dakizu zein den zure Sild horren lanbidea?

      — Badakit. Jostuna. Antzerki-jostuna. Ustekabeko alderdi.

      — Hori orain. Eta lehenago?

      — Lehenago, ez dakit.

      — Tira bada, jakin dezazula: gerra garaian borreroa izan zen. Alemaniarrentzat lan egin zuen. Sobietar abertzaleak zintzilikatzen zituen. Hori dela eta, hamabi urte eman zituen kartzelan.

      — Ene bada! —esan nuen nik.

      — Ulertzen duzu zer egin duzun?! Aberriaren traidore bat laudatu duzu! Egunkariko atal interesgarri bat konpromiso batean jarri duzu betirako!

      — Baina antzokiko zuzendariak gomendatu zidan.

      — Antzokiko zuzendaria SS-etako teniente ohia da. Gainera, atzelaria da.

      — Zer esan nahi du “atzelaria” horrek?

      — Hala esaten zitzaien lehen homosexualei. Ez al zintuen gogaitu?

      Baita gogaitu ere. Nola gogaitu, gainera. Eskua ere eman zidan; niri, kazetari bati. Banengoen ba ni.

      Orduan, frantses batekin izandako elkarrizketa bat etorri zitzaidan burura. Homosexualismoaren gaia atera zen:

      — Gure herrialdean, horregatik, jendea epaitu egiten dute —esan nuen nik harro.

      — Eta zuen herrialdean hemorroideengatik ez al dute jendea epaitzen? —esan zuen frantsesak marmar batean.

      — Ez zaitut errudun egiten —esan zuen Turonokek— zuk behar bezala jokatu baituzu, hau da, kandidatuari buruzko adostasuna bilatu duzu. Eta hala ere, kontu gehixeago izan behar da. Pertsonaiaren aukeraketa kontu serioa da, benetan serioa.

      Erredakzioan, aste pare batez hitz egin zen gertaera honi buruz. Ondoren, nire lankide Bush izan zen nabarmendu zena: Alemaniako Errepublika Federaleko merkataluntzi bateko kapitaina elkarrizketatu zuen, Urriko Iraultzaren urteurrenaren bezperan. Kapitaina Bushen aurrean sobietar erregimena goraipatzen aritu zen. Azkenean estoniar iheslari bat zela jakin zen. Hirurogeita bederatziko udan, kanoa batean, Finlandiara ihes egina. Handik Suediara. Eta abar. Bushek hasieratik bukaeraraino asmatu zuen elkarrizketa hura. Oihartzun handia izan zuen kasu hark eta nitaz ahaztu ziren.

 

Konpromisoa
Sergei Dovlatov

euskaratzailea: Iker Sancho Insausti
Hiria, 2008