ETORRIKO DA HERIOTZA ETA ZURE BEGIAK IZANGO DITU
Cesare Pavese

Verrà la morte i avrà i tuoi occhi
1950eko martxoak 28
euskaratzailea: M.A. Unanua
Hegats-21, 2008

 

Baduzu odola, arnasa.

Haragizkoa zara egina

iledun eta begirada

zu ere. Lur eta landare,

martxoko zeru, argitasun,

zure antzekoak dira dardarez—

zure irrifarra eta zure ibilia

ikaratzen diren urak bezalaxe—

betarteko zure zimurra

hala nota hodeien ahokadura—

zure gorpuzkera kuttuna

eguteran zokorra.

 

Baduzu odola, arnasa.

Lur honetan bizi zara.

Bertakoak dastatu dituzu

urtaroak esnaldiak,

jolas egin duzu eguzkitan,

gurekin mintzatu zara.

Ur zilarra, udaberriko

ernamuina, lurra,

isilune emankorra,

neska-koskorretan jolastu duzu

zeru ezberdin baten pean,

isiltasuna duzu begietan,

hodei bat, sakoneratik

isurtzen duen iturria gisan.

Orain irrifar, inarrospen zara

isiltasun honen gainera.

 

Fruitu geza bizi zarena

zeru zilarraren pean,

helduaro zaigun han

arnasten eta bizitzen,

zure isiltasun hertsian

indarra duzu. Nola

belar biziak airean

pulunpa eta irri egiten duzu,

baina zu, zu lur zara.

Sustrai laborria.

Lurra zara, aiduru.

 

ETORRIKO DA HERIOTZA ETA ZURE BEGIAK IZANGO DITU
Cesare Pavese

Verrà la morte i avrà i tuoi occhi
1950eko martxoak 28
euskaratzailea: M.A. Unanua
Hegats-21, 2008