FAREWELL
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015

 

1

 

Zure barne-barnetik, belauniko,

ume triste bat, ni lakoa, begira ari zaigu.

 

Haren zainetan gartuko den bizitza horrengatik

gure bizitzek elkarrekin behar lukete kateatu.

 

Haren eskuengatik, zure eskuen alabak baitira,

nire eskuek ere hil egin behar lukete.

 

Haren begi lurrean irekietatik

malkoak ikusiko ditut egun batez zureetan.

 

2

 

Nik ez dut hura nahi, Maitea.

Ezerk lotu ez gaitzan, ez gaitzala ezerk batu.

 

Ez zure ahoa lurrindu zuen hitzak

ez zure hitzek esan ez zutenak.

 

Ez izan ez genuen maitasun festak

ez zure leiho ondoko negarrek

 

3

 

(Maite dut musu eman eta gero

alde egiten duten marinelen amodioa

 

Agindua uzten dute baina

ez dira egundo itzultzen.

 

Kai bakoitzean emakume bat zain:

marinelek musu eman eta badoaz

 

Gau batean herioarekin etzaten dira

itsasoaren zolan.

 

4

 

Maite dut musuetan, ohean eta ogian

partitzen den amodioa.

 

Betikoa izan daitekeen

edo uxoa izan daitekeen amodioa)

 

Berriz ere maitatzeko

lokabe iraun nahi duen amodioa

 

Amodio jainkoetsi etorri datorrena

amodio jainkoetsi joan doana

 

5

 

Jada ez dira nire begiak zure begietan xarmatuko,

jada ez da nire mina zure ondoan goxatuko.

 

Baina noan lekurantz eramango dut zure soa

eta zoazen lekurantz eramango duzu nire mina.

 

Zeurea izan nintzen, nirea izan zinen. Zer gehiago? Elkarrekin

egin genuen xoko bat amodioa iragandako bidean.

 

Zeurea izan nintzen, nirea izan zinen. Zu maite zaituenarena izango zara,

zure baratzean nik ereindakoa batzen duenarena.

 

Ni banoa. Triste nago: baina beti nago triste.

Zure besoetatik nator. Ez dakit norantz noan.

 

... Zure bihotzetik agur egiten dit ume batek.

Eta neuk ere agur egiten diot.

 

(Crepusculario, 1923)

 

FAREWELL
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015