OIHAN TXILETARRA
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015

 

      ... Sumendien pean, bisuts-lekuen aurka, aintzira handien artean, oihan txiletar lurrintsu, isil, nahasia datza... Oinak orbeltza hilean hondoratzen dira, adaxka hauskor batek klask dagi, rauli tantaiek garaitasun harroa erakusten dute, oihaneko txori bat gurutzatzen da, hegalei daragie, adakera abarotsuetan pausatzen da. Eta gero haren gordelekutik oboe baten antzeko soinua aditzen da... Sudurretik arimaraino sartzen zait ereinotzaren lurrin basatia, boldoaren lurrin iluna...

      Guaiteketako altzifreak bidea daragozkit. Mundu bertikala da: txorien nazioa, hostoen elemenia... Harri batean oztopo egin dut, agiri den barrunbea aztarrikatzen dut, ilaje gorriko gaitzeko armiarma bat begira dagokit , adi-adi, geldirik, karramarro bat bezain handia... Karabo urrekara batek bere jario atsitua jaurtitzen dit, eta bat-batera haren ortzadar distiratsua oinaztu baten eran ostentzen da. Igaroan ni baino askoz garaiagoa den ira sail bat zeharkatzen dut, aurpegian hirurogei negar-anpulo erortzen zaizkit haren begi musker hotzetatik, eta atzean haren abanikoak ikara-dardaretan geratzen zaizkit luzaro...

      Enbor usteldu bat: altxor bikaina!... Onddo beltz eta urdinek belarriak eman dizkiote, landare bizkarroi gorriek errubiz bete dute, beste landare nagi batzuek bizarra utzi diote, eta haren errai usteletatik suge bat jalgitzen da, jario bat bezala, enbor hilari arima ihesi joango balitzaio bezala. Haratago zuhaitz bakoitza haren kidekoetatik urrunduta dago... Zutik daude oihan sekretuaren alfonbra gainean, eta hostotza bakoitzak estilo desberdina dauka -lineala, kizkurra, zarbatsua, lantzakara-, mugimendu infinituzko artazi batek ebakia bailitzan...

      Troka bat: behean ur gardena granitoaren eta harrinabarraren artean lerratzen da. Tximeleta bat, garbia limoi bat legez, hegaz, uraren eta argiaren artean dantzan. Nire ondoan oleska ditut ehunka calceolaria beren burutxo horiak mugituz... Goialdean, oihan miragarriaren zainetako tantak bailiran, copihue gorriak (lapageria rosea) kulunkatzen dira... Copihue gorria odolaren lorea da, copihue zuria elurraren lorea da...

      Hostoen dardaraldi batean azeri baten ziztuak isiltasuna zulatu du, baina isiltasuna hostaila hauetako legea da... Ozta-ozta animalia nahasi baten oihu urruna... Txori ezkutatu baten intersekzio sarkorra... Unibertso begetala xuxurlaka ozta, ekaitz batek lurreko musika guztia piztu arte.

      Oihan txiletarra ezagutzen ez duenak ez du planeta hau ezagutzen. Lur haietatik, lokatz hartatik, isiltasun hartatik irten naiz ni ibiltzera, munduan zehar kantatzera.

 

(Confieso que he vivido, 1974)

 

OIHAN TXILETARRA
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015