Pablo Neruda. Sarrera
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015

 

      Neftali Ricardo Reyes Basoalto Parralen (Txile) jaio zen 1904an. Zorionez, Pablo Neruda gaitzizena hartuta, eta aitari jaramonik egin barik, ez zion idazteari utzi. Horrela, Txile eta Hegoamerikako poeta handienetako bat izatera heldu zen. Bizimodu-aldaketek, lagunek, egoera politiko eta sozialek, eta lekuek haren poesiaren ugaritasuna eragin zuten. Baina beti izan zuen lagun naturaren presentzia, lurrarekiko atxikimendua.

      Txikitan Temucora joan zen. Lur austral hotz hartan natura maitatzen ikasi zuen. Miraz zegoen izadiaren barru-barruan: oihanak, aintzirak, ibaiak, mendiak nongura... eta itsaso zabala aurrean. Hango eskolan hasi zen, hamar urte zituela, poesiarekin jolasten eta esperimentatzen. Eta nesken ikastetxeko zuzendariak, Gabriela Mistralek, adorea eta bultzada eman zion idazten jarrai zezan. Biak ala biak lagun onak izan ziren gerora.

      Gaztaroan poesia modernistaren eragina izan zuen. Santiagora joan zen unibertsitate frantsesean  ikasketak egitera, eta Crepusculario (Ilunabarrekoa) argitaratu zuen 1923an. Amaiera tristeko maite-afera batek bigarren poema liburua inspiratu zion: Veinte poemas de amor y una canción desesperada (1924, Amodiozko hogei poema eta kantu etsi bat). Hogei urte baino ez zituen, eta hogei poema eta bat gehiago sortu zituen barne-barneko sentimenduz, maitasun esperientzia mingarri bat metaforaz betetako era original, iradokitzaile eta indartsuan eskainiz. Obra horrek berehalako sona eta arrakasta izan zuen, eta irakurlea harrapatu eta liluratu egin zuen. Liburu soil bi argitaratuak zituela, Txileko poeta handienetakotzat hartu zuten.

      Hala ere, ez zen poesian gordeta geratu, kanporako joera zuen, eta 1927an Txileko enbaxadore lana onartu zuen. Asiako hainbat herritan ibili zen (Txina, Myanmar, Zeilan, Singapur), eta, ondoren, Buenos Aires, Bartzelona eta Madrilen. Bakardadea eta bizitza bohemioa izan zuen urte haietan, eta poesian surrealismoarekin esperimentatu zuen, herstura existentziala islatuz. Horrela sortu zen Residencia en la tierra (1931-1935, Egoitza lurrean) liburu saila.

      Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Madrilen zegoen enbaxadore. Hasieratik jarri zen errepublikaren alde, eta gogor salatu zuen Francoren matxinada militarra. Esperientzia larri horretan Nerudaren poesia erabat aldatu zen, herriaren aldeko eta faxismoaren aurkako konpromisoaren aldarri bihurtu zen. Poetak minez ikusi duena geuk ere ikus dezagun deitzen digu: "zatozte odola kaleetan ikustera!". Poesia sozialaren bide horrek gailurra erdietsi zuen Canto general (1950, Kantu orokorra) poema liburuarekin. Liburu hori Amerikako kontinente osoaren poema luzea da, une eta gertaera nagusien kronika epikoa.

Parisen eta Mexikon kontsul-lanetan ibili ondoren, Txilera itzuli zen, eta 1945ean alderdi komunistako kide egin zen. Senatari izendatu zuten, eta Gonzalez Videlaren gobernuaren aurkako kritika gogorrak egin zituen. Gobernuak 1948an ilegalizatu egin zuen alderdi komunista, eta urtebete geroago Neruda bera atxilotzeko agindua eman zuen.

Poeta txiletarrak erbestera ihes egin behar izan zuen. Parisen babesa eman zioten lagunek, eta gero Italian bizi izan zen, Caprin eta Napolin. Hiru urteko erbestaldiaren ostean, Txilera itzuli zen, eta herritarren harrera beroa jaso zuen. Garai hartako liburu nagusia Odas elementales (1954-1959, Oda elementalak) dugu. Obra horretan Nerudaren laugarren etapa ikus dezakegu. Konpromiso soziala presente dago, baina era berri batean, itxaropenez eta baikor agertzen da poeta txiletarra, herriaren borrokan eta garaipenean uste osoa jarrita: "Komunistak gara, Rikardo. Zurekin/ irribarrez jarraitzen dugu eguneko lanean./ Luzea da borroka, baina irabazi egingo dugu/ Zin degizugu, kamarada". Etapa horretan eguneroko gauza txikiak, gauza material eta unibertsalak, bihurtzen ditu poesia gai. Azken lanetan elementu autobiografikoak garrantzi handiagoa hartzen du.

      1971n Literatura Nobel Saria eman zioten. 1973an Frantziako enbaxadore izateari uko egin behar izan zion, osasun arazoengatik. Urte berean, irailaren 11n, Augusto Pinocheten kolpe militarra izan zen. Nerudaren gaixotasuna larriagotu egin zen, eta astebete geroago hil egin zen. Haren etxea arpilatu egin zuten, eta liburuak erre. Baina poesiaren indarra ezin izan zuten ezabatu.

 

Pablo Neruda. Sarrera
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015