WALKING AROUND
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015

 

Kontua da gogaitzen naizela gizon izateaz.

Kontua da sartzen naizela dendetan eta zinemetan

ximelik, barruan itxirik, feltrozko beltxarga

jatorri eta errautsezko uretan igerian bezala.

 

Ile-apaindegi usainak negar eragiten dit garrasi batean.

Harri edo artile atsedena besterik ez dut nahi,

ez saltegirik, ez lore-baratzerik, ez salgairik,

ez betaurrekorik, ez igogailurik ikustea besterik ez dut nahi.

 

Kontua da gogaitzen naizela nire oin eta nire azazkalez

eta nire ileaz eta nire itzalaz.

Kontua da gogaitzen naizela gizon izateaz.

 

Hala ere atsegingarria litzateke

notario bat ikaratzea lili moztu batez

edo moja bati heriotza ematea belarri ukaldi batez.

Ederra litzateke

kaleetan aizto berde bat eskuan ibiltzea

oihuka hotzaren hotzez hil arte.

 

Ez dut jarraitu nahi lanbroetako sustrai izaten,

zalantzakor, zabal eginik, loguraz dardarka,

ahuspez, lurraren errai bustien gainean,

xurgatuz eta hausnartuz, egunero janez.

 

Ez dut niretzat hainbeste ezbehar nahi.

Ez dut jarraitu nahi sustrai eta hilobi,

lurpeko huts, hilen upategi,

hozmindurik, saminez itota.

 

Horregatik astelehen egunak su hartzen du petrolioak legez

ikusten nauenean natorrela nire kartzela aurpegiarekin

eta igarotzean uhuri egiten du gurpil zauritu bat iduri,

eta odol beroko urratsez inguratzen da gauerantz.

 

Eta bultzatzen nau halako bazter, halako etxe hezeetara,

hezurrak leihotik ateratzen diren ospitaleetara,

halako ozpin usaineko zapata-dendetara,

pitzadurak lako kale beldurgarrietara.

 

Bada sufre koloreko txoririk eta heste nazkagarririk

gorroto ditudan etxeetako ateetan zintzilik,

bada kafeontzian ahaztutako hortzorderik,

bada ispilurik

lotsaz eta izuz negar egin beharko zukeenik,

bada non-nahi aterkirik, eta edenik, eta zilborrik.

 

Ni pasieran nabil egonarriz, begiz, zapataz,

amorruz, ahanzturaz,

igaroan, zeharkatzen ditut bulegoak eta ortopedia-dendak,

eta patioak non arropak dauden alanbre batetik eskegita:

galtzazpiak, xukaderak eta alkandorak

negar-malko geldi zikinak isurtzen dituztenak.

 

(Residencia en la tierra 2, 1935)

 

WALKING AROUND
Pablo Neruda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 57
Labayru, 2015