POESIARI ODA Berrogeita hamar urte inguru bidean zurekin, Poesia.
Hasieran oinak trabatzen zenizkidan eta ahuspez jausten nintzen lur ilunaren gainera edo begiak lurperatzen nituen lokatzean izarrak ikusteko.
Geroago estu inguratu ninduzun maitalearen beso biekin eta nire odolean igo zinen aihen-belar baten erara. Ostean kopa bihurtu zinen.
Ederra izan zen zu isurtzea ahitu gabe, zure ur agortezina libratzea, tanta bat bihotz erre batean jausi eta errautsetatik berpizten zela ikustea. Baina hura ere ez zen aski izan. Hainbeste denboran zurekin begirunea galdu nizun. Ez zintudan jada ikusten naiade lurruntsu gisa, lixibagile lanetan jarri zintudan okindegietan ogia saltzen, andre-ehule xumeekin iruten metalgintzan burdina jotzen.
Eta nirekin jarraitu zenuen munduan zehar bidelagun, baina zu ez zinen orduan nire haurtzaroko estatua loretsua. Orain ahots sendoaz mintzo zinen.
Zure eskuak harriak bezalako gogorrak izan ziren. Zure bihotza kanpaien iturburu oparoa izan zen, ogia egin zenuen esku beteka, konpainia bilatu zenidan, ez emakume bat, ez gizon bat, ezpada milaka, milioika.
Elkarrekin, Poesia, joan ginen borrokara, grebara, desfilera, portuetara, meatzera, eta barre egin nuen irten zinelarik bekokia ikatzez zikinduta, edo zerrategietako zerrauts usaintsuaz koroatuta. Eta ez genuen bideetan lo egiten. Langile aldrak genituen zain, euren alkandora garbitu berri eta bandera gorriekin.
Eta zu, Poesia, lehen tamalez hain lotsatia zinena, aurrean joan zinen, eta guztiak zure eguneroko izar jantziarekin ohitu ziren, zeren oinazturen batek zure familia salatu bazuen ere zeure zeregina bete zenuen, zeure ibilera jendeen ibileren artean.
Nik erabilgarria eta baliagarria izateko eskatu nizun, irina edo metala bezala, goldea, lanabesa, ogia eta ardoa izateko prest, Poesia, buruz buru borrokatzeko eta odoletan jausteko prest.
Eta orain, Poesia, eskerrik asko, emaztea, arreba edo ama edo andregaia, eskerrik asko, itsas olatua, laranja-lorea eta bandera, musika-motorra, urrezko petalo luzea, urpeko kanpaia, aletegi iraungiezina, eskerrik asko, nire egun bakoitzeko lurra, nire urteetako zeru-lurruna eta odola, zeren lagun izan zintudan goratasun tirabiratsuenetik behartsuen mahai soileraino, zeren nire ariman burdin zaporea jarri zenuen eta gero hotza, zeren jende arrunten maila ospetsura jaso ninduzun, Poesia, zeren zurekin higatzen nintzen neurrian zuk jarraitu zenuen zure freskotasun irmoa garatzen, zure oldar gardena, apurka-apurka lur bihurtzen nauen denborak nire kantuaren urak betiko isurtzen utziko balitu bezala.
(Odas elementales, 1954)
POESIARI ODA |