XXIV BALADA EDO MATXINADAREN BANDERAZ Ate lodien artetik argi piztuak nabari —eta ikerketa xeheak aurreko etxeetan: beiretan atxiki begiak gizon-emakumeak erne logalduak mazpildu aurpegiak inoren ibilien zelatan. Leihoetako zirrituetatik esteren zuloetatik gezi zorrotzak bekaitza eta gaizkiesana jaurtika. Hitz hipotetikoak dilindan ezustekoen airean armiarma iletsuak iduri oihal sarrien likinean, arinik eta pozoiturik, maltzur, isilpeko.
Ate itxien ostean kandela irazekien argitan tunikak eta kasakak distiraka bata beltzen artean. Eta gogoeta, galoi, zeta, errenta arteko esku meheak eta esku lodi indartsuak azkazal zakar, zain gogor eta ebanjelio, gurutze, bedeinkapen, pulpitu eta aldaretako eskuak. Batzuk erresumakoak besteak mazomboak mila modutan pentsatzen Virgilio eta Horazio ahotan irizten, argudiatzen meak eta zergak hizpide uztak eta baserriak ministroak eta erreginak eta Ingalaterraren koloniak.
Ate itxien ostean kandela irazekien argitan batzuek uste, besteek uko, batzuek entzun, besteek aholku. Aldarria jaurtiz gero matxinada, ziur. Karriketan lasterka? Zenbait buru moztu? Mitinen bat ematen eskailera buruan? Zein bandera zabaldu? Zer irudi edo lelo? Harginbeltzen, Elizaren edo Paganoen kontuak? Hirutasun Santua? Jenio bat eskuburdinak hausten?
Ate itxien ostean kandela irazekien argitan, isilpe eta espioitza artean, badator Matxinada. Eta bikarioak poetari: Idatz iezadazu Virgilioren bertso hartako letra... Eta luma-paperak eman. Eta poetak bikarioari zuhurtasun dramatikoz: Nahiago hatzak mozturik halakorik idatzi baino... ASKATASUNA, GUK BEHAR DUGUNA entzuten da mahai inguruan. Eta bandera bizirik, mugabako gauean goraka. Eta haren asmatzaile tristeak preso —ausartu zirelako Askatasunez hitz egiten (inork ez dakiela zer den).
Ate lodien artetik argi piztuak nabari —eta ikerketa xeheak aurreko etxeetan: Zer ari ote horren berandu? Zer idazten, esaten, pentsatzen? Debekatutako liburuak ematen? Albisteak irakurtzen Kazetetan? Gutunak hartu ote atzerriko potentzietatik? (Nimeseko zaharkinak Vila Rican zintzilik! La Fayetteren zaldia muga zabaletan gaindi! O Independentziako garaitzak, festak, loreak! Askatasuna —gizametsak elikatu hitz hori: inork esplikatuko duenik, inork ulertuko ez duenik!) Eta auzokoak ez daude lo: xuxurlatu, asmatu, sortu. Ez dago bandera idatzirik, baina sententzia idatzirik dago.
XXIV BALADA EDO MATXINADAREN BANDERAZ |