Errusiako paradisu galduaren poeta. Aurkezpena 1925eko Eguberri bezperako arratsaldean, bidaiari goibel batek ostatua eskatu du Leningradeko Angleterre hotelean. Hiru egunez bere gelan dago, mozkortuta. Azkenean, urkatu egiten da, bere odolarekin poema bat idatzita utzi ostean. Poema horren amaieran honela dio: "Laster arte, laguna, eskua estutu barik eta hitzik esan barik,/ez zaitez triste jarri eta ez zimurtu bekokia./Bizitza honetan hiltzea ez da gauza berria/eta bizitzea, jakina, ez da berriagoa". Hogeita hamar urterekin lerro hauek testamentu gisa utzita bere buruaz beste egin zuena Sergei Jesenin da, Maiakovski eta Boris Pasternakekin batera errusiar poeta sobietarrik garrantzitsuena. Jesenin Errusiako erdialdean jaio zen, Konstantinovo herrixkan, Riazanetik gertu, 1895eko urriaren 3an. Nekazarien familia pobre batean jaio zen, eta aitita-amamekin hazi zen bere haurtzaroan. Txikitatik miraz entzuten zituen herri-koblakarien kantuak eta amamaren kontu zaharrak, eta horietan aurki dezakegu bere poesiaren oinarrietako bat. 1910etik aurrera, 15 urterekin, poesia sistematikoki idazten hasi zen. Guztira, Eseninek hogeita hamar bat poema idatzi zituen eskola-urteetan. Gaztetan erromesekin bat egiten zuen katedralak bisitatzeko, ikonoak miresteko, arlote eta nomada bizimodua eginez. Erromesaldi horietako batean Jeseninek bere poemak abestu omen zizkien trenaren zain, geltoki txiki batean bilduta, zeuden erromesei. Halako moldez hunkitu zituen arima xalo haiek, non negar eragin baitzien; agure bat taldetik irten omen zen, eta, pozez dardarka poetarengana hurbildurik, diru-zorro gisa erabiltzen zuen musuzapia askatu eta berrogeita hamar kopek atera zituen bertatik. Jeseninen poesiak sorterria, errusiar landa-paisaia eta harekiko maitasun sakona eta batzuetan kontraesankorra islatzen du. Modernitatea nahi du bere herriarentzat, baina maite du iraganeko herri-kultura zaharra, berak txikitatik bizi izan duena nekazari munduan, eta desagertuz doala ikusten duena. 1912an Jesenin Moskura joan zen bizitzera, eta han Sytinen inprentan probak zuzentzeko laguntzaile gisa aritu zen lanean. Hurrengo urtean Chanyavsky Unibertsitatean matrikulatu zen Giza Historia eta Filologia ikasteko, baina hemezortzi hilabeteren ostean utzi egin behar izan zuen, dirurik ez zuelako. 1914an bere lehenengo poema (Urkia) argitaratu zioten haurrentzako aldizkari batean. Moskun Jesenin alkoholarekin arazoak izaten hasi zen, eta liskartzaile eta iskanbilatsu ospea hartu zuen, izan ere, garai hartako talde iraultzaileetan ere ibili zen, eta polizia sekretuak zaintzapean izan zuen. 1915ean, Moskun bere poesiak interes handirik piztu ez zuela eta, Jesenin Petrogradera joan zen. Han Alexander Bloken ongietorri beroa jaso zuen, eta beste poeta batzuk ezagutu zituen, euren artean Nikolai Kliuyev, zeina haren lagun mina izango baitzen. Nikolairekin batera Krasa nekazari-poeten literatura-taldearen sortzaileetakoa izan zen, eta poema ugari argitaratu zituen aldizkarietan. Argitaratu zuen lehen poema bildumak, Radunitsak, kritikaren harrera bikaina izan zuen. Nekazari poetaren ospea bere herrixkatik harantzago hedatu zen, eta bere babespean hartu zuen koronel batek, enperatrizaren aurrean bere bertsoak irakurtzera eraman zuen. “Ilargiak nabigatu egingo du zeruan/eta arraunak galduko ditu lakuetan./ Eta Errusiak betiko lez jarraituko du/dantzan eta negarrez bazter guztietan”. Enperatrizak haren bertsoei "tristeegiak" iritzi zien. "Errusia horrelakoa da", erantzun ei zion poetak. Jeseninek otsaileko iraultzaren alde egin zuen, eta beso zabalik hartu zuen. Nekazarien etorkizun argiagoa ikusten zuen bertan. Hainbat poema sortu zituen errealitate berria goratuz: Abendua, Inonia, Zeruko danbor-jolea, Kantata… Geroago, ostera, gobernu boltxebikea zorrotz kritikatu zuen Urri gogorrak iruzur egin dit bezalako poemetan. “Oso triste sentitzen naiz orain, izan ere, giza banakotasuna suntsitzen ari da, eta hurrean dugun sozialismoa ez da ametsetan genuenaren berdina”. 1918ko irailean, Jesenin Anatoli Marienhofen laguna egin zen, eta berarekin batera Imaginismoaren mugimendu literario errusiarra sortu zuen. 1919an Jeseninek Imaginisten Manifestua sinatu zuen. 1921ean Isadora Duncan dantzari estatubatuar ospetsua ezagutu zuen, eta hurrengo urtean ezkondu egin ziren. Duncan Jesenin baino hamazortzi urte zaharragoa zen. Bidaian ibili ziren Europan eta Estatu Batuetan zehar, baina Jeseninek, Estatu Batuetako bizimoduaz gogaiturik, Errusiara itzultzeko beharra sentitu zuen, eta komunikazio ezinezko ezkontzaldi laburrari amaiera eman zioten. 1923ko maiatzean Jesenin Moskura itzuli zen. Moskura heldu zenean Politika Ekonomiko Berriaren oinarriak ezartzen hasiak ziren. Jeseninek ezin zuen eraman komunismoak hartutako bidea, eta gogor kritikatzen zuen botere sobietarra bere poemetan. Horren ondorioz, haren kontrako kanpainari ekin zioten egunkarietan: hordikeriaz, eskandaluaz… salatzen zuten. Hainbat aldiz atxilotu eta interrogatu zuten. Epaitegietatik ihesi ibili zen Kaukason, Leningraden, Konstantinovon, eta 1925ean atxiloketaren mehatxupean Moskuko Unibertsitateko klinika psikiatrikoan sartu zen. Bertaraino ere joan zen polizia sekretua, baina berak alde egitea lortu zuen, eta abenduaren 23an San Petersburgera joan zen. 1925eko abenduaren 27an Jesenin hilda aurkitu zuten Leningradeko Angleterre ostatuko gelan. Suizidatu egin zela esan zuten. Geroago zerbitzu sekretuek erail zutelakoa zabaldu zen.
Errusiako paradisu galduaren poeta. Aurkezpena |