[bihozmin hau ez da uxatzen]
Sergei Jesenin

Idatz&Mintz,75
Labayru
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2024

 

Bihozmin hau ez da uxatzen

iraganeko barre alaiekin.

Ihartu egin da nire ezki zuria,

mutu geratu da urretxindorren egunsentia.

 

Garai hartan dena nuen berria,

bihotza leraz gainezka nuen,

orain, ostera, hitzik samurrena ere

frutu mingotsa dut ezpainetan.

 

Eta hain ezagun ditudan lurrak

ez dira orain hain ederrak ilargiaren argitan.

Arroek…, motzondoek…, muinoek

histu egin dute Errusiako zabaldia.

 

Ordoki busti goibela,

galgarri, ziztrin eta erkindua.

Hori guztiori bihotzez maite dut

eta hala ikusita negarra irteten zait turrustaka.

 

Etxezulo kalamastra,

ardi baten marraka, eta han urrunean haizetara

zaldi bat isatsari eraginez

urmael itzalaren ondoan.

 

Horri guztiorri aberri esaten diogu,

horregatik bertan, ekaitzarekin batera,

edan eta negar egiten dute

barealdiaren zain dauden bitartean.

 

Eta inork ez du bihozmin hau uxatuko

iraganeko barre alaiekin.

Ihartu egin da nire ezki zuria,

mutu geratu da urretxindorren egunsentia.

 

[bihozmin hau ez da uxatzen]
Sergei Jesenin

Idatz&Mintz,75
Labayru
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2024