GUTUNA AMARI Oraindik ere bizi al zara, ene amatxo zahar hori? Agur zuri! Ni ere bizi naiz ba! Zabaldu dadila zure etxean argi xarmangarri hura iluntasun guztia ezabatuko duena!
Esan didate nigatik oso kezkatuta zaudela, lorra ezin ezkutatuz zabiltzala, eta sarriro bide-erdira irteten zarela zure beroki zahar maiztua jantzita.
Eta arratseko iluntasunean askotan eszena trajiko bera amesten duzula: Tabernako liskar batean gizatxar batek finlandiar labana bihotzean sartzen didala.
Ez izan beldurrik, amatxo, eta ez zaitez triste egon. Begitazio hutsak baino ez dira eta. Ez naiz zu ikusi gabe hiltzeko bezain mozkor lotsagaldua.
Ni zure betiko seme maitekorra nauzu eta nire amets bakarra da noragabeko bide hau utzita gure etxezulo apalera itzultzea.
Itzuliko naiz udaberriko loreek soroa elurra bezala zuritzen dutenean. Baina, mesedez, ez nazazu hain goiz iratzar duela zortzi urte egiten zenuen lez.
Ez bizitu betiko joan diren ametsak. Ez oroitarazi joan diren esperantzak. Bizitzaren nekea nire gainera jausi zen artean hasi berria zenean.
Ez erakutsi niri otoitzik. Ez egin holakorik! Ez dago iraganera itzultzerik. Zeu zara orain nire laguntza bakarra, nire zutabea, distira egiten didan argia.
Ahaztu, arren, zure samin eta beldurra, eta ez kezkatu nigatik. Ez zaitez irten bide-erdira zure beroki zahar maiztua jantzita.
GUTUNA AMARI |