TXAKURREMEA
Sergei Jesenin

Idatz&Mintz,75
Labayru
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2024

 

Goiz batez bihitegian

espartzu piloaren gainean

txakurremeak zazpi ume egin zituen

zazpi txakurkume gorrikara.

 

Arratsaldera arte ibili zen

haiek mihiaz laztantzen.

Sabel beroaren azpian

urtzen zitzaion elurra.

 

Iluntzean, oiloak kotan

jartzen direnean,

ugazaba zakarra heldu zen

eta zaku batean sartu zituen zazpiak.

 

Arinka ibili zen txakurremea atzetik

elurretan, lur sakonetan…

Eta uraren azal izoztua

luzaroan geratu zen ikaran.

 

Azkenean etxera nekez itzulita,

alboetako izerdia miazkatuz,

egin zuen teilatu gaineko ilargia

bere umeetako bat zela.

 

Goiko ilunpera begiratu zuen garbiro

alarau handiak eginez,

ilargi mehea muinoen gainetik

beste aldera lerratu zen bitartean.

 

Eta makalik, norbaitek, isekaz,

harrika egiten dionean bezala,

malkoak jausi zitzaizkion elurtzara

izar urrezkoak bailiran.

 

TXAKURREMEA
Sergei Jesenin

Idatz&Mintz,75
Labayru
euskaratzailea: Xabier Boveda
armiarma.eus, 2024