POLIKRONIAK
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru

 

Harrigarria da pentsatzea duela hamabi urte

zer eta berrogeita hamar bete nituela.

Nola nintekeen hain zaharra duela hamabi urte?

Laster hamahiru izango dira

berrogeita hamar bete nituen egunetik. Ezinezkoa ematen du.

Zerua gero eta urdin eta urdinagoa da,

eta zu politagoa eta politagoa.

Ez al dira horiek erlojuak txarto dabiltzala

erakusten duten frogak?

Tabakoa eta whiskia nire gelan

paseatzen dira, atsegin dute

nirekin egotea. Hala ere,

harrigarria da pentsatzea duela hamabi urte

bi bider hogeita bost bete nituela.

Zure eskua nire ilean barrena dabilenean

badakit zer duen bilatzen; ile urdinak, lausokiro

harrituta. Hamar-hamabi daude,

saria izango duzu aurkituz gero.

Hasiko naiz zahartzaroan huts egindako

klasiko guztiak irakurtzen. Bizkor ibili behar da,

hori ez dizute goitik ekarriko,

gutxi falta da hamahiru urte betetzeko

berrogeita hamar bete nituenez geroztik.

Hamalaurekin uste dut

beldur izango naizela,

hamalaua batere gustatzen

ez zaidan zifra da,

egia esan behar badizut.

 

POLIKRONIAK
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru