EAKO MARINELAREN ILOBA
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru

 

      Pedro Valentin Cortazar Mendiola, 1840an Ean jaiotako marinela, Argentinara joan zen XIX. mendearen azken laurdenean. Salta probintzian bizi izan zen.

      Haren iloba Julio Cortazar 1914an jaio zen Bruselan, aitaita hil eta urte bira, baina, lau urte zituela, Argentinara joan zen gurasoekin. Maisu lanean jardun zuen hainbat eskolatan, eta frantziar literatura irakaslea izan zen Mendozako unibertsitatean. Peronen gobernuaren aurkako borrokan ibili zenez, uko egin behar izan zion bere irakasle-karguari. Ondorioz, Europara bueltatu zen, eta Unescorako itzultzaile lanean ibili zen. Bizitza osoan zehar konpromiso politikoa izan zuen giza eskubideen alde. Parisen hil zen 1984an.

      Hegoamerikako boom-eko eta errealismo magikoko idazle handienetako bat dugu Cortazar. Haren lanean fantasia eta mundu magiko eta ezustekoak agertzen dira. Era surrealistan egiten du kanpoko munduaren erretratua: mamu-labirinto bat, zeinetik gizakiak ihes egin beharra duen (Los reyes, Los premios).

      Cortazar ipuinengatik da ezaguna, batez ere. Ipuinetan hizkera kolokialaren baliabideak eta giro harrigarri artegagarriak erabiltzen ditu. Hizkeraren erritmoak ahozkotasunera eramaten gaitu etengabe, ipuinaren oinarrietara, beraz; eta irakurlea, sintaxi hautsia eta errealitate desegina gorabehera, harrapatuta geratzen da, kontatua benetakoa balitz bezala. Ipuin bilduma ezagunenak honako hauek dira: Bestiario (1951), Armas secretas (1959), Todos los fuegos el fuego (1966), Octaedro (1974), Queremos tanto a Glenda (1981). Bestalde, saiakera eta narrazioaren arteko lanak ere idatzi zituen: Historia de cronopios y de famas (1962), edo La vuelta al día en ochenta mundos (1967). Hala ere, haren lanik handiena Rayuela (1963) eleberria da. Liburuak irakurtzeko era bi eskaintzen ditu: ohiko ordena duena, eta atal batetik bestera jauzika doana, hasierako planoak azaltzen duenaren arabera. Paris eta Buenos Aires, jazza eta matea nahasten dira bidaia kaleidoskopiko batean, rayuelako zerua iristeko asmotan. El libro de Manuel (1973) eleberria ere idatzi zuen, eta bertan, pastitxe erara idatzita, Hegoamerikako egoera politikoa da gai nagusia. Hain ezaguna ez bada ere, poesia ere idatzi zuen: Presencia (1938), Pameos y meopas (1971), eta hilondoan argitaratu zen Salvo el crepúsculo (1985). Poesian nabarmena da surrealismoaren eragina.

      Orri hauetan euskal jatorria duen idazle argentinar handia gogoratu nahi dugu haren jaiotzaren mendeurrenean (1914-2014). Horretarako haren testu batzuk ekarri ditugu euskarara.

 

EAKO MARINELAREN ILOBA
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru