AZKEN BOST POEMAK CRISENTZAT
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru

 

I

 

Orain txoriak idazten ditut

ez ditut etortzen ikusten, ez ditut aukeratzen

bat-batean hor dira, hauxe dira:

berba saldo bat

banan-banan orrialde baten harietan

pausatzen direnak

kirrinka, mokoka, hegal-euria legez,

eta ni emateko ogi-papur barik, soilik

etortzen utziz. Izan liteke hori

zuhaitz bat edo izan liteke

maitasuna.

 

II

 

Bart Sekhmet jainkosa lehoiburuaren

apaizeme amestu zintudan.

Hura, porfido biluzia,

zu, larru urdin biluzia.

 

Zer eskaintza opa zenion

zure begiradaren bidez

zerumuga azkengabe eta gordina

zekusan jainkozko basatiari?

Zure eskuen ontziak zure ezkutuko

libazioa zeukan, negar-anpuluak

edo zure hilekoaren odola, edo zure listua.

 

Edonola ere ez zen hazia

eta nire ametsak bazekien

eskaintza ukatua izango zela

erdeinuzko orno batez

betidanik igurikia zenuen bezalaxe.

 

Gero, agian, jadanik ez dakit,

atzaparrak zure sabelean, gainezka.

 

III

 

Sekula ez dut jakingo zergatik

sartu zen zure mihia nire ahoan

zure hotelean agur esan genionean elkarri

hirian zehar amultsuki ibili eta

distantziak doi neurtu ondoren.

 

Une batez pentsatu nuen

geroko hitzordu bat

ematen ari zinela,

bi mugen arteko lurra irekitzen zenbiltzala,

zure goroldio xehea erdiesteko

interregno bat.

 

Neskalagunez inguraturik musu eman zenidan,

ni, ezohikoa, munstroa,

eta zu, urratzaile marmartia.

 

Batek daki nori eman zenion musu,

nori esan zenion agur.

Lipar huts bateko ordezkari zoriontsua izan nintzen,

batzuetan bere listuan atxapar gustu poxi bat

antzematen duena hego-zeru pean.

 

IV

 

Gau honetan Tiresias izan gura nuke

eta ahuspez itxaronaldi astitsuan

zuri harrera egin eta zure zartailu

eta zure medusa epelen pean intziri egin.

 

Jakinik metamorfosi errepikariaren ordua dela,

eta bitsen zirimolara beheratzean

irekiko zinatekeela negarrez

paldoan gozoro sarturik.

 

Eta ondoren itzuli

zure falangeen erresuma premiatsura,

azalaren hesira, zure hatzak heze,

elkarrekin narrasean eta besarkaturik

ametsaren hondarretara biok iritsi arte.

 

Baina ez naiz Tiresias,

adarbakoitz soila baino, zeinak

zure eskuetako ura bilatu

eta ezpainen artean ahurtara bat gatz

kausitzen duen.

 

V

 

Ez zaitut poema gehiagorekin gogaituko.

Demagun esan dizudala

hodeiak, artaziak, upeltxoak, lapitzak,

eta agian noiz edo noiz

irribarre egin duzula.

 

AZKEN BOST POEMAK CRISENTZAT
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru