NEGAR EGITEKO JARRAIBIDEAK
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru

 

      Negarbideak alde batera utzita, kasu egin diezaiogun negar egiteko era xuxenari, esan nahi baita zalapartarik eragiten ez duena, eta irribarrea —bere antz paralelo eta baldarrarekin—, iraintzen ez duena. Batez besteko negar arrunta honetan datza: begitartearen uzkurdura orokorra eta espasmozko hots malko eta mukiz lagundua, azken horiek amaieran, zeren negarra norberak errime zintz egitean finitzen baita. Negar egiteko, zuzen ezazu irudipena zeure baitara, eta hori, kanpoko munduan sinesteko ohitura hartzeagatik, ezinezkoa baduzu, pentsa ezazu xinaurriz betetako plater batean edo Magallaneseko itsasarteko lurmutur honetan, zeinetan ez baita inor inoiz sartzen. Negarra helduta, estal ezazu begitartea itxura onez esku biak ahurra barrurantz erabiliz. Umeek negar egin dezatela jakaren mahuka aurpegiaren kontra, eta, hobeto, gelako bazter batean. Negarraren batez besteko iraupena: hiru minutu.

 

NEGAR EGITEKO JARRAIBIDEAK
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru