ETORKIZUNA
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru

 

Eta ondotxo dakit ez zarela izango.

Ez zara izango kalean, gauean argi-zutoinetan

sortzen den murmurrean, ez menua hautatzeko

keinuan, ez mukuru betetako metroak arintzen dituen

irribarrean, ez mailegatutako liburuetan, ez bihar arte-an.

Ez zara nire ametsetan izango,

nire hitzen jatorrizko helburuan,

ez telefono zenbaki batean,

edo eskularruen edo atorra baten kolorean.

Haserretuko naiz, ene maitea, zuregatik izan barik,

eta bonboiak erosiko ditut, baina ez zuretzat.

Geratuko naiz kantoian, zeinera ez zaren etorriko,

eta esaten diren hitzak esango ditut,

eta amesten diren ametsak amestuko ditut,

eta ondotxo dakit ez zarela izango,

ez hemen barruan, artean atxikita zaitudan espetxean,

ez han kanpoan, kale eta zubien erreka honetan.

Ez zara ezertarako izango, ez zara oroitzapena ere izango,

eta zugan pentsatzen dudanean gogoeta bat pentsatuko dut,

zeina zutaz oroitzen saiatuko den ilunkiro.

 

ETORKIZUNA
Julio Cortazar

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 55. zkia
Labayru