TANTAK ZANPA ETA ZANPA Ez dakit nik ba, hara: itzela da nola jausten den euria. Euria atertu barik jausten da, kanpoan zarra-zarra eta urdin; hemen balkoiaren kontra tantakada mardo potoloak, plaf egin eta zanpatzen direnak bata bestearen atzeko zaplastadak bezala, ze gogaikarria. Orain leihoaren marko gain-gainean ttantta bat agiri da; dar-dar batean geratzen da milaka dirdir lausotan zafratzen duen zeruaren kontra, hazi egiten da eta kulunkan hasi gero, jausteko dago ia-ia eta ez da jausi, oraindino ez da jausi. Apatx guztiekin dago oratuta, ez du jausi gura eta ikusten da haginekin ere helduta dagoela, eta bitartean puztu egiten zaio tripotxa; orain tantatzar bat da dotore dingilizka, eta halako batean, zup, badoa, plaf, birrinduta, hutsaren hurrengo, haitzurdinaren gaineko likin hutsa. Baina beste batzuk berehala errenditu eta suizidatu egiten dira, markoan sortu eta bertan behera amiltzen dira; irudikatzen dut jauziaren dardara, haien hankatxoak nola askatzen diren, eta irudikatzen dut jaustearen eta birrintzearen hustasunean mozkortzen dituen txilioa. Tanta gaixoak, tanta inuzente biribilak. Adio, tantak. Adio.
TANTAK ZANPA ETA ZANPA |