Pere Casaldàliga i Pla. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz & Mintz-71, 2022
armiarma.eus, 2022

 

Pere Casaldàliga 1928ko otsailean jaio zen Balsarenyn, Bartzelonan, nekazarien familia xume batean. La Glevan eta Vicen egin zituen ikasketak; eta, hamazazpi urte zituela, klaretiar kongregazioan sartu zen.

Montjuicen apaiz egin zen 1952an, eta, Sabadell, Bartzelona, Barbastro eta Madrilen lan egin ostean, 1968an, Brasilen klaretiar misio bat sortzea onartu zuen, São Félix do Araguaian, Mato Grosso estatuan, analfabetismo, bazterketa sozial, indarkeria eta lur-kontzentrazio maila handiko eskualdean.

1971n gotzain izendatu zuten, eta hasiera-hasieratik lurjabeek zapaldutako herritarren ondoan bizi eta lan egin zuen, osasun edo hezkuntza zerbitzu bat bermatuko zuen estaturik gabe, komunikabiderik gabe, eta pobrezia-indize handiarekin. Gotzain egin zuten egun berean Brasil osoan argitaratu zuen, ezkutuan, bere lehen pastoral dokumentua, "Amazoniako Eliza latifundio eta bazterketa sozialarekin gatazkan" izenburupean. Laurogei orrialde baino gehiagotan, Casaldàligak herrialdearen errealitatea aztertu, ordura arte argitaratu gabeko datu estatistikoak eman, eta izen eta frogekin salatu zituen lurjabeek eta enpresa handiek Amazoniako eskualde horretan zituzten zapalkuntza, esklabo lana eta indarkeria egoerak.

Askapenaren teologiaren jarraitzailea zelarik, Misiolari Kontseilu Indigenaren eta Lurraren Pastoral Batzordearen sortzaileetako bat izan zen.

Casaldàligak ahulenen defentsan oinarritutako lan itzela hasi zuen, desberdintasuna, ingurumenaren txikizioa eta heriotza sortzen dituen sistema bati aurre eginez.

2012an bere etxea utzi behar izan zuen, heriotza-mehatxuengatik, Marãiwatséde-ko Xavante herri indigenaren alde zuen jarreragatik.

2020ko abuztuaren 8an hil zen, eta Araguaia ibaiaren ertzean lurperatu zuten, berak ehunka langile eta indigena lurperatu zituen hilerrian, batzuetan izenik gabe eta ia beti hilkutxarik gabe.

Gaztetatik idazteko zaletasuna izan zuen, eta katalanez, portugesez eta gaztelaniaz idatzi zuen. Hauek dira haren liburu nagusiak: Clamor elemental (Funtsezko aldarria, 1971) Yo creo en la justicia y en la esperanza (Nik justizian eta esperantzan sinisten dut, 1975), Pere libertat (1978), Airada esperança (Esperantza sumindua, 1978), Cantares de la entera libertad (Askatasun osoaren eresiak, 1984) El tiempo y la espera (Denbora eta itxaroa, 1986), Todavía estas palabras (Oraindik hitz hauek,1989), Evangelio y revolución i Amerindia, Morte e Vida (2000)

Casaldàligaren poesia soilean haren konpromisoa eta pobreen aldeko aldarrikapena azaltzen da, eta Jose Marti poeta kubatarraren harako bertso hura, “lurreko behartsuekin jokatu nahi dut neure zoria”, praktikan eta zentzu literalean jarri zuen bizitza eredugarria islatzen dute.

 

Pere Casaldàliga i Pla. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz & Mintz-71, 2022
armiarma.eus, 2022