TRAPEROEN ARDOA Sarritan, farol-argi gorriztaren leinurutan, jendea sesio biziz dabilela purrustan, auzo zaharreko labirinto erdi-erdian, ekaitz artean, lokatzetan, iluntze-begian,
hor dator traperoa, burua balantx, oleska, hormarik horma talka, nola ohi den poeta: hor konpon esamesak, bere morroien zalantzak, jalgi ditu bihotzez biharraren alabantzak!
Juramentuka lege berriak aldarrikatzen, gaiztoak eraisten, zanpatuak glorifikatzen eta, ortzi zabalaren palio-babesean, hordi da bere bertute propioen asean.
Beti premiaren atekan bizi den jendea, tormentu dute lana, ta adinaren nekea, zaborratan lehertuta, abaildura makurra, horra Paris handia den okadaren adurra,
hor datoz, upelen perfume-keruz busti-busti, atzetik lagun-zaharren konpainia ta guzti, biboteak zintzilik, hala bandera zaharrak. Kaleetan lore, arku ta garaile-piltzarrak
zabaldu zaizkie bertan: ospearen magia! Eromenezko orgia dutela aitzakia, turutaz eta danborrez eguzkitan kantari, gloria dakarkiote bueltan herriari.
Hala, Gizadi kaskarinaren mila mendetan ardotan doa urrea, nola Pactol errekan; zintzur bustian hark kantatzen ditu balentriak; hark ditu benetako errege-atrebentziak.
Agureen herio-trantze isil luzerako, herra ito ta jite sorra galtze alderako, alhaduraz jota sortu zuen Jainkoak loa; Gizonak, berriz, Eguzki-seme done Ardoa!
(Ardoa atala)
TRAPEROEN ARDOA |