ILUNABARRA Hemen da arrats xarmanta, kriminalaren laguna; konplize bat bezala dator, oin-puntatan; iluna ixten doa geldiro gela handi baten antzera, eta, hartan, gizona basapiztia bihurtzen da.
Gozo da arratsa, nekea bildurik besoetan, gezur gabe esan dezakeenarentzat: “Benetan, lan egin dugu gaur!” –Arratsak ematen dio kemen oinazea hozka ari zaionari, ta atseden burua ilunkatzen hasi zaion jakitunari, ohantzea etsita hartzen duen ahituari. Binbitartean esnatzen doaz deabru zitalak airean, nagi, nola negozio-gizonen itzalak, eta leiho ta teilatuak jotzen dituzte hegan. Haizeak astindutako leinuruen babesean Prostituzioa suspertzen ari da kaleetan, inurritegiek zabaldu dituzten ateetan; bide-zidor klandestinoa egiten du nahinon, nola etsaiak bidalita ilunpetako gizon; lohia inarrosten du hiriaren erraietan, nola harrak Gizonari mami jan-berrietan. Nondik handik datoz sukaldeko eltzeen durundak antzokiko deiadarrak, orkestraren burrunbak; apustu-festa dira joko-mahaien hegi-langak, bertan pilatzen dira sopikunak eta urdangak, eta lapurrek, ez baitute atsegin atsedenik, ekin diote lanari, ez amenik ez etenik, ateak eta kutxak emeki, artez bortxatzeko, zenbait egunez bizi ta amoranteak janzteko.
Une latz honetan bil zaitez, arima, zeuregana, eta izan sorgor kanpoko marruma orotara. Oraintxe da minago gaisoen oinaze-lantua! Lepotik harrapatzen ditu Gau ilunak; patua amaitzen ari zaie ta hurbiltzen doaz lezera; ospitalea haien hondar-hasperenez bete da. Bada salda bero bila joango ez denik jada, arratsean supazterrera, lagun minarengana.
Askok ez dute ezagutu ere lagun hitza, supazterren gozoa, ez dastatu ere bizitza!
(Koadro paristarrak atala)
ILUNABARRA |