GERLAN HILDAKOEN ERESIA
Yehuda Amichai

1955
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus

 

VI

 

Oinazea ote da hau dena? Ez dakit.

Hilerrian jarraitu nuen

bizirik dagoenaren kamuflajeko arropa soinean,

galtza marroiak eta eguzkiaren horiko alkandora.

 

Hilerriak merke ateratzen dira, aski zaie pixka bat.

Zaborrontziak berak ere txikitxo

erositako loreak estaltzen zituen paper mehea hartzeko.

Begiramenezko eta diziplinazko zer edo zer ditugu hilerriak.

«Ez zaitut inoiz ahaztuko», dio

buztinezko lauza txiki baten gainean, frantsesez.

Ez dakit nor den ahaztuko ez duena

hila baino ezezaguna baita.

 

Oinazea ote da hau dena? Hala

uste dut. Lurra eraikitzen kontsolatuko zarete.

Zenbateko aldian

eraiki liteke lurra

kontsolamenduaren, eraikuntzaren eta heriotzaren

hirukiko eta beldurgarrizko lehiaketa irabaztekotan?

Bai, hau dena oinazea da. Baina

beti utzi behar da maitasun apur bat pizturik,

bonbila txiki bat uzten den gisan lo hartutako haurraren gelan,

argia zer den eta nondik datorren

ez badaki ere ematen diolako

segurtasun eta maitasun isil poxi bat.

 

GERLAN HILDAKOEN ERESIA
Yehuda Amichai

1955
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus