Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

BIGARREN ATALA

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Amets liluragarrian nengoen lehen trukatutako gutunak orain zuretzat kopiatzean. Orain idazten dizut berriro, ene Bellarmino, eta eramango zaitut behera, nire sufrikarioen sakoneraino, eta gero, zu, ene maitatuen artetik azkena, nirekin etorriko zara egun berri bat argitzen den lekura.

        Diotimari esaten nion guda hasi zen. Turkiarren ontziak kanalean zeuden ezkutaturik, Kios eta Asiako kostaldearen artean. Ene almirante, bere ontziarekin, bertan neroni nengoelarik, formaziotik atera eta eraso egin zion turkiarren lehen ontziari. Denak berotu ziren eldarnioraino; zalaparta izugarria zen, errabiaz mozkorturik. Mastak nahasirik, bi ontzien arteko borroka gero eta hertsiagoa zen.

        Oraindik zeharkatzen ninduen bizi sentimendu salton batek. Gorputz adarretan sumatzen nuen beroa eta atsegina. Nire izpiritua zegoen zentzu guztietan, despedida batean bezala. Orduan, barbaro horiek eraila izatea baino zer litzatekeen hoberik jakin gabe, ezintasun sutsuak jota, neure burua bota nuen, malkoak begietan, heriotza seguru batera.

        Etsaien kontra jo eta, berehala, nirekin zeuden errusiarrak hilak ziren. Bakarrik nengoen, harrotasunez beterik, eta neure bizitza bota nien, txanpon bat eskale bati bezala, baina ez ninduten nahi. Begiratzen zidaten errespetatu behar den norbaiti bezala, eta bazirudien patuak ere errespetatzen zuela nire etsipena.

        Bere burua defendatzeko, haietariko batek eraso egin zidan eta erori nintzen. Geroztik konortea galdu nuen eta ez dakit ezer berriro Parosen, ontziz eraman baininduten, esnatu arte.

        Gudatik atera ninduen morroiak esan zidan bi ontziak lehertu egin zirela, zirujauak ni txalupa batean handik atera eta berehala.

        Badakizu nola amaitu zen guda hori. Pozoi batek zuzentzen du bestea, esan nuen ikusi nuenean errusiarrek turkiarren flota osoa erre zutela...; tiranoek horrela suntsitzen dute elkar.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Sei egunen buruan, segitzen nuen heriotzaren antzeko loaldi batean. Nire bizitza zen bat-bateko tximistak bezalako minak etendako gaua. Berriro ezagutu nuen lehena Alabanda zen. Gero ikasi nuen ez zela istantik ere nigandik bereizi. Zaindu ninduen mila axola minberekin eta ohe ondoan belauniko jarrita oihukatzen omen zuen: o, bizi zaitez, maitea, ni ere bizi nadin!

        Itzartze ederra izan zen, Bellarmino; begiak argitara zabaldu eta, malko artean, bikaina zegoen nire aurrean.

        Eskua luzatu nion eta musukatu zidan amodioaren entusiasmoarekin. Bizi da, oihu egin zuen, o salbatzailea, o natura! Ona! Guztien sendatzailea! Ez duzu aberririk gabe dabilen bikote hau abandonatu! Ez dut ahaztuko nola hasi zen sutan zure ontzia eta trumoi batek bezala tripulazio osoa eraman zuen, eta salbatuen artean ez zen Hyperionik batere. Burutik joana nengoen eta gudako zalapartak ez ninduen lasaitzen. Baina aurki jakin nuen zutaz eta etsaia akabatu bezain agudo zuregana lasterkatu nintzen...

        Eta nola zaindu ninduen, preso edukita bere axolaren zirkulu magikoan! Hitzik gabe irakatsi zidan, lasai eta gizonki, munduaren ibilera librea ikusten!

        O eguzkiaren semeak! Arima libreak! Zenbat galdu da Alabanda honekin batean. Gero alferrik erregutu diot biziari; halako izaera erromatarra ez dut inoiz aurkitu. Kezkarik gabea, adimen sakonekoa, ausarta, noblea! Non da gizon bat, hura ez bazen? Laguna eta zintzoa; hura zen ilunabarreko argia bezalakoa, haritz maiestatikoaren ilunpean jostetan ari denean, hostoei oraindik ttanttaka dariela egunaren ekaitza.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Udazkeneko egun ederretan zen. Nire zauriak erdi sendaturik, leihora hurbildu nintzen. Zentzuak lasaiago nituen eta nire arimak arreta handiagoa zeukan. Nire gainean, zeruak bere hatsik magikoena hedatzen zuen eta eguzkiaren izpiak euriaren antzera erortzen ziren. Urtaro hartan bazen halako izpiritu handi, lasai, amultsu bat eta osotasunaren bakea. Sasoiaren deliziak inguratu ninduen gaztaro berriztatuak bezala, zaharrek beren Eliseon uste zuten bezala.

        Aspaldi ez nuen gozatzen, arima osoaz, munduaren haurrezko bizitza. Topaketaren aurrean, begiak zabalik neuzkan, ikusiz nola naturak iraun zuen aldaketarik gabe bere edertasunean. Nire malkoak isurika zihoazen ordainezko sakrifizio baten moduan eta etsipen zaharretik agertu zitzaidan bihotz berri bat. O landareen mundua!, oihu egin nuen; bila eta bila ari gara eta, hala ere, bertan edukitzen zaitugu; ederra eraikitzeko indar hilkorrez borrokatzen dugu eta, hala ere, ahaleginik gabe, gure ondoan dago! Ez al da egia, Alabanda? Gizakiak beharrezkoaz kezkatzeko eginak dira, gainerakoa berez dator. Eta hala ere... ezin dut ahaztu askoz ere gehiago nahi izan dudala.

        Aski duzu izatearekin, maitea!, erantzun zuen Alabandak; ez nahasi tristeziarekin zeure izate garbia.

        Atsedenean egon, bai, esan nuen. Desegin nahi ditut egitasmo zaharrak, zor agiriak balira bezala. Artista baten antzera egon eta zu maitatu, bizi errugabea, baso eta iturriaren bizia! Zu ohoratu, eguzkiaren argia! Zugan lasaitu, eter ederra, izarrak, zuhaitzak eta bular hau biziarazten dituzuna! O gizakion temakeria; naturako jainkoak niri begira zeuden, beren emaitza guztiekin! Zure irribarrea, Alabanda, halaxe egiten zenuen gure lehen denboretan, zure lagunaren ausarkeriaren aurrean... Begira, begietarik benda antzeko bat erortzen zait eta berriro bizi dira aspaldiko urrezko egunak.

        Ai!, oihu egin zuen; bizi ginen seriotasuna eta bizi atsegin hau!

        Basoan ehizan aritzean, esan nuen, itsas olatuetan bainatzean, kantari eta zurrupan, erramu itzalpean, eguzki eta ardoarekin, begiak eta ezpainak ñirñir... bizi bakar bat zen eta gure izpirituak argitzen zuen gure zorion gaztea, distirazko zeru batek bezala.

        Horregatik ez gara bereizten, zioen Alabandak.

        O, aitorpen zail bat egin behar dizut, nioen. Sinetsiko duzu joan nahi nuela, zugandik! Heriotza nahita bilatu dudala! Ez al zen hori bihozgabea izatea? Eroturik? Ai eta ene Diotima! Idatzi nion utzi behar ninduela, baita beste gutun bat ere guda bezperan...

        Eta hor idatzi zenion gudan zure amaiera bilatu nahi zenuela? O Hyperion! Baina beharbada oraindik ez du azken gutuna hartu. Lehia zaitez hari idazten bizi zarela.

        Alabanda maitea!, oihukatu nuen; hauxe kontsolamendua! Oraintxe idatziko diot eta nire morroiarekin bidali. Daukadan guztia emango diot, agudo joateko eta tenorez irits dadin Kalaureara...

        Eta etsitzeko esaten zenion beste gutun hura, begira, barkatuko dizu arima on horrek, seguru...

        Barkatu!, oihu egin nuen; o esperantza guztiak! Bai! Oraindik zoriontsua banintz aingeruarekin!

        Oraindik izango zara zoriontsua, zioen Alabandak; oraindik duzu bizi arorik ederrena. Gaztea heroia da eta gizona jainko bat, hori bizitzera iristen bada.

        Miresgarriki argitzen zitzaidan arima bere solas haiekin.

        Zuhaitz puntak goxoki ikaratzen ziren; gauaren altzotik sortzen ziren izarrak, lur ilunetik loreak bezala, eta zeruko udaberriak poztasun sainduaz distiratzen zuen nire baitan.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Une zenbaiten buruan, Diotimari idatzi behar niolarik, gelan sartu zen pozik Alabanda. Gutun bat, Hyperion!, oihu egin zuen. Ikaratu nintzen eta lasterka joan nintzaion.

        Luzez bizi behar izan dut, idazten zuen Diotimak, zutaz berririk izan gabe! Misistratako egun txarraz idatzi zenidan eta agudo erantzun nizun, baina ez zenuen nire gutuna hartu. Segituan idatzi zenidan berriro, labur eta ilun, esanez errusiarren flotan sartzen zinela; erantzun nizun, baina gutun hori ez zenuen hartu; gero, alferrik itxaron dut maiatzetik udako amaiera arte, harik eta, maitea, utzi behar zintudala zioen gutuna hartu arte!

        Seguru zinen nitaz fidatzen ahal zinela eta gutun horrek ezin ninduela iraindu. Horrek poztu ninduen neure tristeziaren erdian.

        Izpiritu altu, zoritxarreko hori! Sobera ongi ulertu zaitut. Hain naturala baita ez maitatu nahi izatea, zure desirarik handienek huts egin eta gero! Nola ez duzu janaria errefusatu egarriz hiltzeko zorian?

        Agudo jakin nuen: ezin nintzen zuretzat dena izan. Laxatzen ahal nuen hilkortasunaren esteka? Bularreko garra baretzen ahal nizun, horrentzat iturririk ezta mahatsik ere, ez baita? Munduko pozak eskaintzen ahal nizkizun edalontzi batean?

        Hori da nahi duzuna. Hori behar duzu; ezin duzu besterik. Zure garaikideen mugarik gabeko ezintasunak kendu dizu bizia.

        Zu bezala, arima osoa eritua daukana, ezin da poztasun berezietan pausatu; zu bezala, ezerezaren zaporerik eza dastatu duena, soilik izpiriturik altuenean kontsolatzen da; zu bezala, heriotza frogatu duena, bakarrik suspertzen da jainkoen artean.

        Zoriontsuak dira zu konprenitzen ez zaituztenak! Konprenitzen zaituenak zure handitasuna eta etsipena partekatu behar du.

        Aurkitu zintudan zaren bezalakoa. Biziaren lehen jakin-nahiak eraman ninduen izaki miresgarri harengana. Arima minberak erakarri ninduen erremediorik gabe eta haur baten beldurrik ezarekin jostetan ari nintzen zure gar arriskutsuaren inguruan... Gure maitasunaren poz ederrek baretu zintuzten, gaiztoa!, soilik bortitzago egiteko. Ni ere kontsolatu eta lasaitu ninduten, ahantzaraziz, funtsean, kontsolaezina zinela eta ni ere hori berori izateko zorian nintzela, zure bihotz maitean begiztatu nuenez geroztik.

        Atenasen, Olinpionen hondakinetan, oroitu nintzen berriro. Une arin batez, pentsatu nuen gaztearen tristezia ez litzatekeela hain larri eta samina. Hain bitxia baita, norbaitek, bizian emandako lehen pausotan, bere garaiko patua horren sakonki sentitzea, eta hori atxikirik gelditzea; zeren ez baita aski basa errefusatzeko, ezta aski ahula ere malkoekin ezabatzeko. Hori, maitea, hain arraroa da non kasik ez naturala iruditzen baitzaigu.

        Han, Atenas sakratuaren hondakinetan, ikusi nuen orrialdea pasatua zela, orain hildakoak lur gainetik dabiltzala eta biziak, giza jainkozkoak, azpian daudela. Han ikusi nuen, zinez, aurpegian idatzirik daukazuna; orduan eman nizun, betiko, arrazoia. Baina, aldi berean, handiago iruditu zintzaizkidan. Indar sekretuez, garatu gabeko esanahiez beteriko izaki bat. Esperantza bakarrez beteriko gazte bat. Patua hain altuki mintzatzen zaiona altuago ere mintza dakioke patuari, esan nion neure buruari; zenbat eta sakonkiago pairatu hainbat eta sakonago baita bere boterea. Ikusi zintudan abiatzen. Ikusi zintudan ekiten. O, antzalda!

        Gure gazteen jeinuak aurki irabazi zuen zure eskolan zaharren larderia. Eta joko iragankorrak hilezin bihurtu ziren. Zaldi bat gidatzea aski zuena gaur armadako burua da. Kantu txiki bat kantatzen askietsi zuena gaur artista da. Haien aurrean zabaldu zenituen heroien eta munduaren indarrak; horrela ikasten zuten naturaren jokoa, eta hutsalkeria ahaztu egiten zuten... Hyperion! Hyperion! Ez al ninduzun, ni, hitzik gabekoa, musa bilakatu? Halaxe izan zen besteekin ere.

        Ai! Gero ez ziren hain errazki bereizten gizon horiek. Ez ziren nahasten eta galtzen desertuko legarraren antzera; gaztaroa eta zahartzaroa ez ziren jada elkarren bizkar burlatzen. Zeren zuk, Hyperion!, zeure grekoei ikusmena sendatu baitzenien biziduna ikus zezaten eta izeki zenien entusiasmoa, lotan baitzegoen haien baitan, egurrean sua bezala. Ai! Gizakiek ez zuten jada munduaren edertasuna hartzen, ez adituek artistaren poema egin ohi duten bezala, hitzak laudatuz eta bertan soilik erabilgarri dena ikusiz. Grekoen eredu bizirik zinen eta, jainko beti gazteen zorionak izekirik, gizateria festa bat zen, eta Heliosen argiak ekintzara eramaten zituen gazteak.

        Isilik! Isilik! Nire ametsik ederrena zen, lehena eta azkena. Harroegia zara arraza gaizto honetaz arduratzeko. Ongi egiten duzu. Libertatera eramaten zenituen eta gogoan lapurreta zuten. Beren Lazedemoniara eraman eta haiek sakeatu egin zuten eta, seme ona izanik, zure aitak madarikatu zintuen! Orain ez dago zu hartzen ahal ez zaituen leizerik lur greko honetan, zuk gauza sakratua bezala ohoratu eta ni baino gehiago maite zenuena.

        O ene Hyperion! Hau jakinda, ez naiz dagoeneko neska goxo hura. Furiak narama hain urrun non ezin bainaiz lurrari begira egon eta bihotza etengabe ikaratzen zait.

        Banandu egingo gara. Arrazoi duzu. Ez dut umerik nahi; ez ditut esklabotzarako haziko; landare gaixoak bezala zimelduko lirateke nire begien aurrean idortasun honetan.

        Agur! Gazte maitea! Zoaz zeure arima entregatzeak merezi duela iruditzen zaizun tokira. Munduak badu, hain segur, opalekuren bat, zu zeure zamaz libratzeko. Lastima litzateke indar onak desagertzea, ametseko irudi baten antzera. Amaitu nahi baduzu, jainkoengana itzuliko zara, naturaren bizi gaztearengana, etorri zinen lekura; hori da zure nahia eta nirea ere bai.

        Hala idatzi zidan. Barneraino hunkitua nintzen, espantuz eta atseginez beterik, baina saiatu nintzen plantan egoten, erantzunerako hitzak bilatzeko.

        Onartzen duzu, Diotima?, idatzi nuen; onartzen duzu nire etsipena? Ulertzen ahal zenuen? Arima fidela! Jartzen ahal zara horretara? Nire eldarniorik ilunenetara, zeruko pazientzia! Zimeltzen zara maitasunaren bortxaz, naturaren ume zoriontsua! Heroisa ederra! Zer koroa mereziko zenukeen!

        Baina aski da tristeziarekin, maitea! Nire gauean segitu didazu; etorri eta utzi zeure argiraino segi diezazudan; itzul gaitezen zeure kemenera, bihotz ederra! Ikus dezadan zure lasaitasuna, eta bare dadin nire temeritatea zure bakezko irudiaren aurrean!

        Ez al da egia, o fidela!, oraindik ez dela beranduegi nire itzulerarako, hartuko eta maitatuko nauzula lehen bezala? Ez al da egia ez dela guretzat galdu iragan egunetako zoriona?

        Dena eramaten dut bere azken muturreraino. Modu esker txarrekoan jokatu dut ama lurrarekin; odola eta hark emandako guztia xahutu dut, morroi bati botatako txanpon bat bezala eta, ai!, askoz ere gaizkiago jokatu dut zurekin, neska saindua! Zeure bakean hartu ninduzun, izaki desegin hau. Ez al ninduzun bizitzara deitu? Ez al nintzen zurea? Nola nezakeen... Espero dut zuk ez jakitea, ez izatea oraindik eskuetan, azken gudaren aurretik idatziko gutuna. Hil nahi bainuen, Diotima; uste nuen zeregin sakratu bat neukala. Baina nola daiteke sakratua izan maitaleak banantzen dituena? Nola daiteke sakratua izan gure bizitzaren zorion errukiorra suntsitzen zuena? Diotima! Azkenean ikasi dut errespetatzen, ikasi dut gordetzen, lur gainean on eta zintzoa den guztia. O, zeruko irletara iritsiko banintz ere, Diotima, aurkitzen dudana baino areagokorik aurkituko ote nuke?

        Entzun, maitea!

        Ezin naiz Grezian geratu. Badakizu. Nitaz despeditzean, aitak bere soberatik eman zidan dirurik aski Alpe edo Pirinioetako haran batean errefuxia gaitezen, eta etxe atsegin bat eta lur eremu txiki bat erosi eta bizimodu xaloa eramateko.

        Nahi baduzu, oraintxe joango naiz eta neure beso fideletan eramango zaitut zure amarekin batean Kalaureako kostaldera eta handik Adriatikora, itsasontzi seguru batez aurrera segitzeko.

        Etorri; gure bihotzeko sekretua egongo da mendietako sakonean, harribitxia meategian bezala. Zeruari buruz igotako basoetan babestuko gara tenplurik segurueneko habe artean bezala, eta iturri ondoan eseriko gara, geure mundua, zerua, etxaldea, baratzea eta geure burua kontenplatuz. Eta orduan, ez al duzu esango zoriontsuak garela, berriro antzinateko naturaren sazerdoteak bezalakoak garela, sainduak eta alaiak, errukiorrak baitziren ezein tenplu eraiki aurretik?

        Aski esan al dut? Erabaki orduan nire patua, neska maitea, eta agudo! Zorte ona da ni oraindik eri egotea, azken gudatik hona ez bainaiz lizentziatu; zeren, bestela, ezingo bainintzateke hemen egon. Neroni joango nintzatekeen zuri galdetzera, eta hori ez dago ondo, bortxatzea litzatekeelako...

        Ai Diotima! Gogoeta zoro eta kezkagarriak datozkit bihotzera eta hala ere... ezin dut pentsatu esperantza honek ere huts egin behar duela.

        Handiegi bihurtu al zara lurreko zorionera itzultzeko? Zure minean izekitako garrak ez al du hilkortasun osoa ahitu zure baitan?

        Badakit munduarekin errazki haserretzen dena berdin adiskidetzen dela ere. Baina zu, hain lasaia izanez, Diotima, nola baretuko zara patuak haserretzen bazaitu?

        Bizi maitea! Ez al dut zu sendatzeko botererik batere? Ez al duzu gure iragan urrezko egunetan pentsatzen? Ez al duzu aditzen nola xuxurlatzen duten Kalaureako baso guztietarik?

        Begira, gauza ugari hondatu zaizkit eta ez dut esperantza askorik. Baina sutetik salbatu dut zure irudia, etxeko jainkosa bat bezala. Gure bizitza, gurea, oraindik osorik daukat neure baitan. Ehortzi beharko nuke hori ere? Pausalekurik eta helbururik gabe ibiliko ote naiz, atzerririk atzerri? Horretarako ikasi dut maitatzen?

        O ez! Zu, lehena eta azkena! Nirea zinen eta nirea segituko duzu izaten.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Alabandarekin eserita nengoen, eguzki epeletan, eta haizeak jostetan ziharduen gure inguruan orbelarekin. Isilik zegoen lurra; inoiz hots egiten zuen aizkolariak botariko zuhaitzen batek eta ondoan marmar ari zen itsas bare aldera zihoan erreka.

        Erabat lasai nengoen; espero nuen aurki nire Diotima ikustea, eta harekin zorion baketsuan bizi. Alabandak kendu zizkidan kezka guztiak; hain segurua baitzen. Hura ere lasaitu zen; etorkizunak ez zuen haren gaineko botererik batere. O, nik ez nekien; bere pozaren azkenean zegoen; mundua kontenplatzen zuen denbora-pasa batean jokaldi bat galdu izan balu bezala.

        Orduan etorri zitzaigun mezulari bat. Eskatutako lizentzia ekartzen zigun. Parostik joan nintzen nahi bezain agudo. Aski sendorik sentitzen nintzen bidaiatzeko eta ez nuen Diotimaren erantzunaren zain egon nahi. Harengana nahi nuen. Hori adituta, Alabandak tristezia handiz begiratu zidan. Hain erraza al zaio nire Hyperioni, galdetu zuen, bere Alabanda abandonatzea?

        Abandonatzea?, esan nuen; nola ote?

        O ameslariak!, erantzun zuen; ez duzu ikusten elkarrengandik banandu egin behar dugula?

        Zergatik ikusi behar dut? Ez zara inoiz horri buruz mintzatu eta despedida aipatzen zenuenean umorezko zerbait iruditu zait...

        Ez nuke, ene Hyperion, zure etorkizuneko zoriona trabatu nahi, zeren Diotimaren hurbiltasunaren beldur egon behar baitut. Sinetsi, arriskutsua da maitaleen ondoan egotea; nirea bezalako bihotz batek nekez pairatzen du hori. Haurkeria litzateke Diotimaren ondoan bizi nahi izatea maitatu gabe.

        Eta zergatik ezin dizut erregalatu?, esan nuen.

        Utzi hori!, zioen. Ez nazazu kontsola, hemen ez baita kontsolatzeko ezer. Bakarrik nago, bakarrik, eta nire bizitza husten da, hondarrezko erloju bat bezala.

        Arima handia!, nioen; horraino zertaratu behar zenuen?

        Egon kontent!, zioen. Maldan behera honetan nengoen Esmirnan elkarrekin topo egitean. Baina orduan hasi nintzen berriro esperantza izaten. Itxaron eta nahi nuen guztia zure baitan zegoen; atxiki nintzaizun; bortxaz estekatu nahi zintudan neure patuari; galdu zintudan; berriro aurkitu; orduan gure adiskidantza zen nire mundua, nire altxorra eta nire loria; orain amaitu da, betiko, eta nire izatea alferrikakoa da.

        Egiazki ote?, galdetu nuen hasperen batean.

        Eguzkia bezain egiazkoa, erantzun zuen, baina utz dezagun, dena prest baita.

        Nola ote da hori, Alabanda?, esan nuen.

        Kontatuko dizut, zioen. Oraindik ez dizut gauza bat aipatu. Eta gainera... lasaitu egingo gaitu gu biok iraganaz apur bat mintzatzeak.

        Behin banenbilen, eskas gorrian, Triesteko portuan barrena. Zerbitzatzen egondako itsasontzia hondoratu zen urte batzuk lehenago eta doi salbatu ahal izan nintzen beste batzuekin Sevillako portura iritsita. Nire kapitaina ito egin zen; nire bizitza eta jantzi busti bat ziren nire ondasun guztiak. Eguzkitan pausatu nintzen eta jantzia hedatu nuen zuhaixka batzuetan. Gero hiri aldera abiatu nintzen. Atari aurrean, lorategietan, bazen giza talde alai bat; hurbildu nintzaien eta kantatu nien kantu greko alai bat. Tristerik bat ere ez bainuen ezagutzen. Lotsaz gorriturik nengoen, neure zoritxarra horrela erakustean. Hemezortzi urteko mutila nintzen, jendeen esamesetan agertzea sutsuki gorrotatzen zuena. Barkatu, esan nuen kantua amaitutakoan, naufragiotik atera berria naiz eta munduarentzat kantatzea baino hoberik ez dakit egiten. Hori esan nuen, ahal bezala, espainolez. Aurpegi atsegineko gizon bat hurbildu zitzaidan eta dirua eman, gure hizkuntzaz hauxe esaten zidalarik: To! Erosi geztera harri bat, ikasi ganibetak zorrozten eta moldatu horrela lurrean zehar. Aholkua atsegin zitzaidan. Jauna!, halaxe egingo dut, erantzun nion. Besteek ere ordaindu zidaten esku zabalean eta egin nuen gizonak esandakoa, eta halaxe ibili nintzen bolada batez Espainian eta Frantzian.

        Askotan, pozik esan dizut denbora hartan ikasi nuena. Nola esklabotzaren mila itxuratan zorroztu zen nire libertaterako maitasuna, eta nola behar gorrian nire ausardia eta zentzu zuhurra handitu egin ziren.

        Gustuz ari nintzen nire zeregin errugabe eta ibiltarian, baina azkenean ozpindu egin zitzaidan.

        Nola ez bainuen behar den bezain itxura arrunta, mozorrotzat hartu zuten nire zeregina eta pentsatu afera arriskutsuren bat egiten nuela sekretuan. Horrela espetxeratu ninduten pare bat aldiz. Horrek bultzatu ninduen ofizioa uztera eta, irabazitako diru gutxiarekin, aberrira itzuli nintzen. Tristera iritsita, Dalmaziara joan nahi nuen. Baina bertan ikusi nuen Sevillan laguntza eman zidan gizona. Poztu zen eta esan zidan nitaz oroitu zela maiz. Nola nengoen galdeturik, dena kontatu nion. Badakusat, zioen, ez dela alferrik izan patuaren eskolara bidali izana. Pairatzen ikasi duzu; orain ekiten ahal diozu, nahi duzunean.

        Solasak, doinuak, eskuaren tinkatzeak, itxurak, begiradak, denak hunkitu ninduen jainkozko indar batek bezala eta, nola sufrikarioak sekula baino izekikorragoa egin baininduen, entregatu nion neure burua.

        Esaten dudan gizona, Hyperion, Esmirnan nirekin ikusi zenituenetariko bat zen. Ondoko gauean eraman ninduen bilera batera. Ikaratu nintzen lehen gizonak seinalaturik zera esan zidanean: hau da Nemesisen elkartea. Aurrean neukan ekiteko alorrak entusiasmaturik, odola, arima eta neure izate osoa ezarri nuen haien zerbitzutan. Gero amaitu zen bilera, ondoko urteetan munduko beste tokietan berregingo zena. Elkarturik gelditu nintzen, urteren buruan, Esmirnan, nire etxean ikusi zenituenekin.

        Bizitako bortxak torturatzen ninduen. Baina ez nintzen ausartzen desertatzera, harik eta zureganako grinak horretara eraman ninduen arte.

        Baina giza ekintza orok badu, azkenean, bere zigorra, eta soilik jainkoak eta haurrak eskapatzen zaizkio Nemesisi.

        Lehentasuna eman nion bihotzaren jainkozko zuzenbideari. Eginbeharrak hautsi nituen lagunarengatik eta laguntasuna hautsiko nuke maitasunagatik. Diotimagatik engainatuko zintuzket eta, azkenean, neure burua eta Diotima hil egingo nituzke, bat izango ez ginatekeelako. Baina ez da horrela gauzatuko; ordaindu egin behar dut egindakoa; hala nahi dut libreki. Neure epaiak hautatuko ditut; huts egin nien eta orain edukiko naute.

        Zeure elkartekideez ari zara?, oihu egin nuen. O, Alabanda, ez egin hori!

        Zer kentzen ahal didate odolaz aparte?, erantzun zuen. Gero eskutik helduta, esan zidan: Hyperion! Denbora ahitzen zait eta gelditzen zaidana amaiera noble bat da. Utz nazazu! Ez nazazu gutxietsi eta sinetsi nire hitzean! Badakit, zuk bezala, biziaren bazkaria amaitu ez denez, oraindik joka nezakeela hondarrekin, baina hori ez da nire gauza, ezta zurea ere. Gehiago esan behar al dut! Airearen egarriz nago, freskuraren egarriz, Hyperion! Arima gainditzen zait eta ezin du lehengo mugetan iraun! Aurki datoz neguko egun ederrak; aro ona izango da, argiaren irlek sekula baino distira erakargarriagoa baitute! Harritzen zara nire hitzez! Maitea! Bereizi egiten direnak mozkorrak bezala mintzatzen dira eta atsegin zaie zeremoniatsuak izatea. Zuhaitza zimeltzen hasita, ez al dute haren hostoek egunsentiaren kolorea?

        Arima handia, oihukatu nuen, erruki behar zaitut?

        Bere handitasunean, sentitzen nuen zeinen sakonki pairatzen zuen. Ez nuen halako penarik inoiz sentitu. Eta hala ere, Bellarmino, pozik handiena sentitzen nuen neure aurrean halako jainkozko irudia izatean. Bai, hil hadi, oihukatu nuen; hil hadi! Zure bihotza aski bikaina da eta zure bizitza aski ondua, mahatsak udazkenean bezala. Zoaz, perfektua! Zurekin joango nintzateke batere Diotimarik ez balitz.

        Edukitzen zaitut?, erantzun zuen Alabandak; horrela mintzatzen zara? Zeinen sakon egiten den dena, nire Hyperion arduratzen denean!

        Laudatzen nau, oihu egin nuen, hitz sutsua berriro nitaz lortzeko! Jainkoak! Odolezko epaiketara joateko nitaz baimena lortzeko!

        Ez zaitut laudatzen, zioen serioski; zuzenbidea daukat egiteko zuk trabatu nahi duzuna; errespeta ezazu hori!

        Halako sua zeukan begietan non, jainkoen manamendua balitz bezala, amore eman nuen eta lotsatu nintzen kontra egiteaz.

        Ez dute egingo, pentsatu nuen; ezin dute. Zentzugabea da halako bizitza miresgarria sakrifikatzea. Eta sinesmen horrek lasaitu ninduen.

        Emaitza berezia izan zen ondoko gauean entzutea, gutako bakoitza bere bidaiarako prestatu eta gero, egunsentia baino lehen abiatu ginenean.

        Badakizu, esan zidan besteak beste, zergatik ez didan heriotzak inoiz kezkarik eragin? Neure baitan sentitzen dut bizi bat, ezein jainkok sortu ez duena eta ezein hilkorrek hazi ez duena. Sinesten dut gu geurez garela eta soilik geure gogo libreak estekatzen gaituela hain sakonki unibertsoari.

        Halakorik ez nizun inoiz aditu, erantzun nion.

        Zer litzateke, segitu zuen, zer litzateke mundu hau, izaki libreen akordio bat ez balitz? Hasiera batetik bizidunak aritu ez balira barneko kemen alaiak bultzaturik, ondorio komuneko bizi bakar batean? Zeinen egurrezko, zeinen hotz litzatekeen! Zeinen bihotz gabeko tramankulua litzatekeen!

        Horrela, zentzurik altuenean egia litzateke, erantzun nion, libertaterik gabe dena hila dela.

        Jakina, oihu egin zuen; ezein belar-izpi ez da hazten barneko bizi kemenik ez badu! Orduan, zenbat aldiz gehiago nire baitan! Eta horregatik, maitea, libre sentitzen naiz zentzurik altuenean, hasierarik gabea sentitzen naizelako; horregatik uste dut amaierarik gabea, suntsiezina, naizela. Ontzi egile baten eskuak egin banau, hausten ahal du bere lana, nahi badu. Baina bizi denak haziezina behar du; jainkozko izaera izan behar du bere kimuan, botere eta arte guztien gainetik goratua, eta horregatik zauriezina, betierekoa.

        Bakoitzak bere misterioak ditu, Hyperion maitea!, bere gogoeta sekretuak; horiexek izan ziren nireak pentsatzen ahal dudanez geroztik.

        Bizi dena suntsiezina da; bere muinik sakonenean libre dirau, bat dirau, eta, erroraino zatitzen baduzu ere, zauriezin dirau, eta, azkeneraino xehatzen baduzu ere, haren izatea eskapatzen zaizu, garailea, eskuen artetik... Baina hasi da egunsentiko haizea; gure ontziak prest dira. O ene Hyperion!, gainditu egin dut; nahi izan dut nire bihotzaren kontrako heriotza zigorra epaitu eta gu biok elkarrengandik banandu; nire biziko maiteena!, errespeta nazazu orain! Desenkusa iezadazu despedida! Izan gaitezen azkar! Etorri!

        Hotzak zeharkatu ninduen gorputz atal guztietan barrena, hala hasi zenean.

        O, zure fideltasunagatik, Alabanda, oihu egin nion bere oinetara etzanda, hala behar ote du? Hala behar ote du? Zorabiatu egin nauzu modu ezin esanezko batean; zorakeria batean sartzen nauzu, anaia! Ez al didazu arrazoirik aski utzi galdetzeko nora ote zoazen?

        Ezin dizut lekuaren izena aipatu, bihotz maitea!, erantzun zuen. Baina beharbada berriro elkar ikusiko dugu.

        Berriro ikustea?, esan nuen. Horrek aberastu egiten nau sinesmen batek adina! Horrela gero eta aberatsagoa izango naiz sinesmenetan eta, azkenean, dena izango zait sinesmen bat.

        Maitea!, zioen; isil gaitezen hitzek ezertarako laguntzen ez dutenean! Buka dezagun gizonki! Hondatzen ari zara azken uneak!

        Portutik hurbil geunden.

        Beste gauza bat!, zioen jada bere ontziaren parean egonda. Agurtu zure Diotima! Maita dezazuela elkar! Izan zoriontsuak, arima ederrak!

        O ene Alabanda!, oihukatu nuen. Zergatik ezin naiz zure ordez joan?

        Zure zeregina ederragoa da, erantzun zuen; bete ezazu! Hemendik goiti, izaki eder hori zure mundua da... ai! Ez dago sakrifiziorik gabeko zorionik; har nazazu biktimatzat, o patua, eta utzi maitaleak beren poztasunean!

        Bihotza hasi zitzaion gainditzen eta, nigandik bereizita, jauzi egin zuen ontziraino, despedida laburtzeko. Istant horretan sentitu nuen tximista baten antzera, eta gero gaua eta heriotza, baina suntsipenaren erdian nire arima suspertu egin zen eta besoak luzatu nizkion. Ai ene! Alabanda!, oihukatu nuen, eta agur motel bat aditu nuen ontzitik beheiti.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Kasualitatez, Kalaurearako ontzia ez zen abiatzen arratsaldea arte eta Alabandarena goizean goiz bidean zihoan.

        Ertzean gelditu nintzen, itsasoari begira, despedidaren minak jota, orduz ordu egonean. Nire izpirituak laburbiltzen zituen hiltzear zegoen gaztaroko egun mingarriak, eta noraezean, etorkizunari begira, hegaldaka ziharduen uso baten moduan. Neure burua sendatu nahian, lautea hartu nuen eta Adamasen egunetan ikasitako patuari dedikaturiko kantu bati ekin nion:

 

 

                Argitan zabiltzate hor goian,

                zola bigunean, jeinu sakratuok!

                Jainkoen haize distiratsuek

                doi ukitzen zaituztete,

                musika jolearen hatzek

                korda sakratuak bezala.

 

                Paturik gabe, lokarturiko

                haurra bezala, bizi dira zerutiarrak;

                garbiki gordeta

                azal umil batean

                loratzen da

                beti haien izpiritua

                eta begi dohatsuek

                argitasun amaigabe

                isilean so egiten dute.

 

                Baina guri ez zaigu eman

                inon atseden hartzea,

                gizaki minduak

                zalantzan jaisten dira,

                itsuak, ordu batetik

                bestera,

                ontzirik ontzi

                botatako ura bezala,

                urteetan jakin ezean.

 

        Halaxe kantatu nuen, kordak jotzen nituelarik. Doi amaituta, etorri zen txalupa bat eta berehala neure morroia ezagutu nuen, Diotimaren gutun bat ekartzen zidana.

        Oraindik al zaude lur gainean?, idazten zuen; oraindik ikusten duzu egunaren argia? Uste nuen beste inon aurkituko ginela, maitea! Zuk uste baino lehenago hartu nuen gutuna, Txesmeko guda hasi aurretik idatzitakoa, eta horrela aste batez bizi nintzen Herioaren besoetara zeure burua bota zenuelakoan, harik eta bizi zinelako berriarekin zure morroia agertu arte. Gainera, esan zidaten zure itsasontzia lehertu egin zela bere tripulazio osoarekin.

        Baina, o ahots goxoa! Oraindik aditzen zaitut; maitasunaren mintzoak lasaitu nau, maiatzeko haizeak bezala, eta zure esperantzazko poz ederrak, gure etorkizuneko zorionaren fantasmak, liluratu egin nau istant batez.

        Ameslari maitea, zergatik itzarri behar dut? Zergatik ezin dut esan: etorri eta gauza itzazu agindutako egun ederrak? Beranduegi da, Hyperion, beranduegi da. Zure neska zimeldu da joan zinenetik; barneko su batek ahitu nau etengabe eta bakarrik gelditzen da arrasto txiki bat. Ez zaitez beldurtu! Naturan den oro garbitzen da eta orotan libratzen da biziaren lorea gai zakarretik.

        Hyperion ezin maiteagoa! Ez zenuen uste aurten adituko zenuela nire zisnearen kantua.

 

 

Jarraipena

 

        Joan zinen bezain agudo eta jada despedidazko egunetan, hasi zen gogoan, ikaratzen ninduen indar bat; barneko bizi bat, haren aurrean lurreko bizia zurbiltzen eta ezabatzen zena, egunsentian gaueko kandelak bezala... Esan behar dut? Gogotik joango nintzatekeen Delfosera eta, Parnaso zaharreko harkaizpean, entusiasmoaren jainkoari tenplu bat eraiki, eta, Pitia berri baten gisan, herri lokartuak jainkozko aginduekin iratzarri, eta nire arimak daki neskaren ahoak begiak zabalduko lizkiekeela jainkoek abandonaturiko guztiei, baita haien kopeta ilunak harrotu ere, hain indartsua baitzen biziaren izpiritua nire baitan! Baina gorputz atal hilkorrak gero eta nekatuago zeuden eta pisu beldurgarri batek apaltzen ninduen ezinbestean. Ai! Neure baratze isilean maiz egin dut negar gaztaroko arrosengatik! Zimelduz zihoan etengabe eta zure neskaren masailak soilik malkoen bortxaz gorritzen ziren. Oraindik zeuden lehengo zuhaitzak, lehengo baratzea... Bertan zegoen lehen zure Diotima, zure haurra, Hyperion, zure begi zoriontsuen aurrean, lore bat loreen artean eta, bakean, zeruko eta lurreko indarrak bat egiten ziren haren baitan. Orain bazebilen arroztua, maiatzeko landare begien artean, eta landare maiteak, bere konfiantzazkoak, amultsuki ari zitzaizkion keinuka, baina berak soilik deitoratu egin zezakeen. Baina, batere atzendu gabe, banan-banan agur esan nien gaztaroko josteta guztiei, baita baso, iturri eta marmarrean ari ziren mendixkei ere.

        Ai! Oraindik iritsi naiz, nekez eta goxoki, Notarekin bizi zinen muinora eta pozik mintzatu naiz lagunarekin zutaz, ahal bezain arinki, ez diezazula zuri nitaz idatzi. Baina aurki, bihotzak altuegi jotzean, aktoresa joaten zen baratzera eta arroka gaineko barandan gelditzen nintzen, ai!, eskuez atxiki ninduzun lekuan, zure begiek babesturik maitasunaren lehen ikara sentitzen nuenekoan, eta nire arima isuri nahi nuen biziaren amildegian. Orain noraezean nenbilen, haizeari nire mina esanez eta nire begirada, txori galduaren pare, doi ausartzen zen alde egin beharreko lurrari so egitera.

 

 

Jarraipena

 

        Hara zertaratu den zure neska, Hyperion. Ez galdetu nola, ez esplikatu heriotza hau! Halako patua ikertzean pentsatzen duenak bere burua madarikatzen du azkenean eta, hala ere, inork ez du batere errurik.

        Esan behar dut zureganako penak hil nauela? O, ez!

        O, ez! Ongi etorria izan zen pena hau; nire baitan zegoen heriotzari itxura eta xarma eman zion; orain esaten ahal nion neure buruari: zeure maitearen ohoretan hiltzen zara...

        Edo onduegia al da nire arima gure maitasunaren entusiasmoetan eta ezin da bizi aberri hertsietan, gazte ausart bat bezala? Esan! Nire bihotzaren soberak bizi hilkorretik bereizi ninduen? Zure bidez, ene nagusia, natura harroegi bihurtu al zen nire baitan, luzeago irauteko planeta mediokre honetan? Baina zuk hegan irakatsi diozu; zergatik ez diozu nire arimari irakasten itzultzen ere? Eterra maitatzen duen sua izeki baduzu, zergatik ez zenuen nire baitan mantendu? Entzun, maitea!, zure arima ederragatik! Ez salatu zeure burua nire heriotzagatik!

        Geldiarazten ahal ninduzun, zure patuak bide bera seinalatzen zizunean? Eta zure bihotzaren borroka heroikoaren erdian predikatu izan bazenit: askiets zaitez, haurra; jar zaitez zeure arora... Ez al zinatekeen hutsalen artean hutsalena izango?

 

 

Jarraipena

 

        Esan behar dizut sinesten dudana. Zure sua nire baitan bizi zen, zure izpiritua niregana etorri zen; baina horrek nekez kaltetuko ninduke, eta soilik zure patuak bihurtu du hilgarri nire bizitza. Zure bidez, indartsuegi bilakatu zen nire arima; zure bidez berriro lasaitu zatekeen. Zuk eraman zenuen lurretik nire bizitza; zuk edukiko zenukeen indarra berriro lurrari estekatzeko; nire arima besarkatuko zenukeen zirkulu magikoan bezala; ai! Zure bihotzaren begiradetariko batek eutsiko nindukeen; zure amodiozko solasetariko batek berriro haur osasuntsu bilakatuko nindukeen. Baina zure patuak eramaten zintuen bakardadera, uholdea mendi kaskoraino iristen den bezala. Orduan, borrokaren ekaitzak zure espetxea hautsi zuela eta nire Hyperion lehengo libertatera hegaz joana zela ulertuta, erabaki zen nirekikoa eta aurki amaituko da.

        Hitz egin dut asko, eta emakume erromatar handia isilik hil zen, haren Brutusek aberriaren aldeko borroka hilgarrian ziharduen artean. Baina zer hoberik egin nezake nire azken egunetariko hoberenetan? Oraindik badut gehiagorik esateko gogoa. Nire bizitza isila zen; nire heriotza, hitz-jarioa. Aski!

 

 

Jarraipena

 

        Soilik gauza bat esan behar dizut.

        Erotu eta etsi egin behar zenuke, baina izpirituak salbatuko zaitu. Ez zaitu ezein erramu koroak ezta mirtozko gurutzek ere kontsolatuko; hori bizirik eta zure zentzuen inguruan beti gazterik loratzen den Olinpoak egingo du. Bizi ederra da nire Olinpo; bertan biziko eta poztuko zara munduko izaririk dohatsuenekin, naturako jainkoekin.

        Ongi etorri, zuek, onak; zuek, fidelak! Zuek, osoki galduak, ezezagunak! Haurrak eta zaharrak! Eguzki, lur eta eter, baita zuekin jostetan diharduten arima bizi guztiak ere, betiereko maitasunean! O, onartu berriro beti bila dabiltzan gizakiak, iheslariak, jainkoen familian! Onartu naturaren aberrian ihes egindakoak!

        Ezagutzen duzu hitz hau, Hyperion! Zuk sortu zenuen nire baitan. Zure baitan gauzatuko duzu eta orduan pausatuko zara.

        Horrekin aski dut, pozik, neska greko bat bezala, hiltzeko.

        Pobreak, beren zeregin eskasaz aparteko ezer ezagutzen ez dutenak, soilik beharrari zerbitzatzen diotenak eta jeinua erdeinatzen dutenak, errespetatzen ez zaituztenak, naturaren bizi xaloa! Haiek lirateke heriotzaren beldur. Haien uztarria beren mundu bilakatu zaie; ez dute beren esklabotza baino hoberik ezagutzen; heriotzak ematen digun jainkozko libertateari beldurgarri deritzote.

        Baina nik ez! Giza eskuek egindako lan puskaren gainetik goratu naiz; sentitu izan dut naturaren bizitza, gogoeta guztiak baino altuagoa dena... Landare bihurtu arren, hain galera handia al litzateke? Izango naiz. Nola baztertuko nintzateke biziaren esferatik, natura guztiak elkarrekin mantentzen dituen betiereko maitasunak bertan diharduelarik? Nola laxatuko nintzateke izaki guztiak lotzen dituen estekatik? Ez da aro honetako aliantza laxoak bezain errazki hausten. Ez da merkatu egun bat bezalakoa, jendea elkarrekin ibiltzen, metatzen eta bereizten denekoa. Ez! Batzen gaituen izpirituagatik, norberarena eta guztiena den jainkoen izpiituagatik! Ez! Ez! Naturaren aliantzan, fideltasuna ez da amets bat. Soilik bereizten gara barrenean bat izateko, ororekin eta geure buruarekin jainkozko bakean egoteko. Hiltzen gara bizitzeko.

        Izango naiz. Ez dut galdetzen zer bihurtuko naizen. Izatea, bizitzea, aski da; hori jainkoen ohorea da; horregatik berdin da, jainkoen munduan, bizirik den oro; bertan ez da nagusirik ez morroirik. Naturak elkarren artean bizi dira, maitaleak bezala; dena dute komunean: izpiritua, poza eta betiereko gaztetasuna.

        Izarrek iraupena hautatu dute; bizi betetasun isilean dabiltza; ez dute adinik ezagutzen. Guk osotasuna aldakuntzan itxuratzen dugu; pozaren doinu handiak partekatzen ditugu melodia ibiltarietan. Antzinakoen tronuaren inguruan harpa-joleak bezala bizi gara, jainkozki munduko jainko isilen inguruan, gure bizi kantu iheskorrarekin goxatzen dugu eguzkiko jainkoaren eta besteen seriotasun dohatsua.

        Begira munduari! Ez al da garaipenezko desfile ibiltari bat bezalakoa, naturak usteltasun ororen gaineko betiereko garaipena ospatzen duenekoa, eta nagusigo horretan ez al du biziak herioa eramaten urrezko kateetan, lehen gudako jaunek harrapaturiko erregeak eraman bezala? Eta gu gara kantari eta dantzan desfile maiestatikoa laguntzen duten neskak eta mutilak bezalakoak.

        Orain utz nazazu isiltzen. Gehiegi litzateke gehiagorik esatea. Topatuko ahal dugu berriro elkar...

        Gazte tristea! Agudo, agudo izango zara pozik. Zure erramua ez zaizu ondu eta zure mirtoak zimelduko lirateke, zeren jainkozko naturaren sazerdotea izango baitzara eta egun poetikoak jada ernatzen baitzaizkizu.

        O ikusiko bazintut zure etorkizuneko edertasunean!! Agur.

        Aldi berean hartu nuen Notararen gutun bat, hauxe idazten zidan:

        Azken aldiz idatzi zizun egunean, oso lasai zegoen; gutxi mintzatu zen; esan zuen nahiago zenukeela lurretik sutan bereiztea, ehortzita baino, eta bere hautsak kutxa batean biltzeko eta basoan barreiatzeko, zu, ene maitea, lehen aldiz berarekin suertatu zinen lekuan. Handik labur, iluntzen hasita, gau on esan zigun, lotara nahi balu bezala, eta besoak bildu zituen bere buru ederraren inguruan; goizaldera arte, hor nonbait; aditu genuen hats egiten. Gero isildu egin zen eta ez nuen gehiagorik aditu; hurbildu nintzaion eta entzun nuen.

        O Hyperion! Zer esan behar dizut gehiago? Amaitu zen eta gure kexaldiek ez zuten gehiago iratzarri.

        Misterio izugarria da halako bizitzak hil behar izatea eta aitortu nahi dizut neronek ez dudala zentzurik ez sinesmenik hori ikusi nuenetik.

        Baina beti da hobe heriotza eder bat, Hyperion, honelako bizitza logurazko bat, gurea den bezalakoa, baino.

        Euliak ehizatzea izango da gure etorkizuneko lana eta gure poza munduko gauzez hausnartzea, haurrek piku sustrai zaharrekin egin bezala. Herri gazteen artean zahartzea iruditzen zait atsegin bat; baina zahartzea dena zaharra den lekuan, dena baino okerragoa iruditzen zait...

        Kasik aholkatuko nizuke, ene Hyperion, ez etortzea. Ezagutzen zaitut. Zentzua galduko zenuke. Gainera, hemen ez zaude seguru. Maitea! Pentsa Diotimaren amarengan eta niregan eta zaindu zure burua!

        Aitortu nahi dizut ikaratzen naizela zure patuan pentsatzean. Baina gogoan daukat uda kiskalgarriak ez dituela iturri saltonak idortzen ere, soilik errekarik arinenak. Batzuetan iruditu zatzaizkit, Hyperion, goi izaki bat; orain probatan zaude eta erakutsi behar duzu nor zaren. Agur.

        Halaxe idatzi zuen Notarak. Eta zuk galdetuko duzu, ene Bellarmino, nola nagoen hau kontatzean.

        Adiskidea! Lasai nago, ez baitut jainkoek daukatena baino hoberik nahi. Ez al du denak sufritu behar? Eta zenbat eta perfektuagoa, orduan eta gehiago. Ez al du pairatzen natura sainduak? O jainkotasuna, zu hain tristea nola zoriontsua ahal izatea, ezin nuen ulertu denbora luzez. Baina pairatzen ez duen delizia ametsa da eta heriotzarik gabeko bizirik ez da. Izan behar zenuke haur bat bezalakoa eta lotan egon, ezereza bezala? Garaipena errefusatu? Perfekzioaren eskala osoa ez gainditu? Bai! Bai! Minak merezi du giza bihotzean pausatzea eta zure ordezkaria izatea, o natura! Zeren hark bakarrik baitarama delizia batetik bestera eta hura da lagun bakarra...

        Berriro suspertzen hasita, Notarari idatzi nion Siziliatik. Bertaratu baininduen Parosko ontzi batek.

        Obeditu dizut, adiskidea; zugandik urrun nago eta berriak eman gogo dizkizut. Baina hitz egitea kosta egiten zait, aitortzen dizut. Dohatsuek, Diotima haietarikoa baita, ez dute sobera hitz egiten; nire gauean, tristeen sakontasunean, mintzoa azkenetan da.

        Heriotza ederrez hil da ene Diotima; arrazoi duzu. Horrek sendatzen eta arima itzultzen dit.

        Baina hau ez da niretzat lehengo mundua. Arrotz bat naiz, Akerontetik igotzen diren ehortzi gabeko hildakoak bezalakoa, eta neure haurtzaroko lorategietan banengo ere, aitak debekatzen zizkidanetan, ai, hala ere, hala ere, arrotz bat nintzateke lur gainean eta ezein jainkok ez nau lotzen iraganarekin.

        Bai! Dena joana da. Hori esan behar diot maiz neure buruari; horrekin lotu behar dut arima, lasai egon dadin, berotu ez dadin haurrezko saialdietan.

        Dena joana da. Eta negar egin baneza ere, o edertasun ederra, zuk Adonisgatik negar egin zenuen bezala, ez litzaidake berriro itzuliko ene Diotima, eta nire bihotzaren hitzak galdu du bere indarra; soilik haizeek aditzen didate.

        O jainkoa! Eta ez naiz ezer, eta esku langilerik arruntenak nik baino gehiago egin duela esan dezake! Eta gizagaixoak kontsolatzen ahal dira, eta irri eta burla egin nire bizkar, nire ekintzak ez baitira ondu, nire besoak ez baitira libreak, nire aroa Prokusto errabiatua bezalakoa baita; hark harrapatutako gizonak sehaska batera bota eta ohe txikira molda zitezen gorputz adarrak mozten zizkien.

        Hain kontsolagabea ez balitz jendetzaren erdira sartu eta xehakaturik izatea! Odol noble bat odol esklaboarekin nahasteaz lotsatuko ez balitz! Bandera bat balitz, ene Alabandak haren pean zerbitza lezakeena; Termopila bat, soberazkoa zaidan maitasun bakartia ohorez odoluts nezakeena! Hobe litzateke bizi ahal banintz, bizi, tenplu berrietan; atsegin handitan atsekabe handiak berdindu gure herriko plaza berrian. Baina isiltzen naiz horri buruz, zeren horretan pentsatuz negar egiten baitut indar guztiekin. Ai Notara, nireak egin du. Ezatsegina zait neure arima, ene Diotima hila egotearen erantzukizuna leporatzen baitiot, eta neure gaztaroko ideiak, handitzat jotakoak, ez zaizkit ezer. Haiek pozoitu zidaten ene Diotima!

        Eta orain neure buruari esaten diot: non da aterpe bat? Atzo igo nintzen Etnara. Han oroitu nintzen siziliar handiaz; orduak kontatzeaz nekatuta eta munduaren arimaren ordezkaria izanik, bere bizi atsegin ausartaren bortxaz, bere burua bota zuen gar menderatzaileetara. Zeren poeta hotzak sutan berotu behar baitzuen bere burua, zioen burlari batek.

        Gogotik hartuko nuke neure bizkar halako burla bat! Baina nork bere burua estimatu behar du, nik neurea baino gehiago, deitua izan gabe naturaren bihotzera horrela jaurtitzeko. Edo nahi duzun bezala izendatu hori, zeren, zinez, orain naizen bezala, ez dut gauzentzat izenik eta dena zait ezezaguna.

        Notara!, esan, non da aterpe bat?

        Kalaureako basoetan? Bai! Gure maitasunaren lekukoak, gure zuhaitzak, altxatzen diren ilunpe berdean, haien adarpean Diotimaren kutxa baitago; haren aldera makurtzen dira, zahartzen direlarik, haiek ere hauts maitatuaren gainera erori arte... Han, han bizi nintzateke neure zentzuen arabera!

        Baina aholkatzen didazu urrun gelditzea, Kalaurean ez bainago seguru, eta hala izaten ahal da.

        Badakit Alabandarengana bidaltzen nauzula. Baina, aizu!, jota dago; enbor lerdena ihartu da, eta axolagabeek ezpalak egiten dituzte haren bizkar, su ederra egiteko. Urrun da; lagun onak ditu, laguntza emango diotenak; laguntzarik egokiena bizitza astuna sentitzen duen norbaitentzat. Horiengana joan da. Zergatik? Beste zereginik ez baitu, edo, dena jakin nahi baduzu, pasio batek bihotza higatzen baitio, eta badakizu norengatik? Diotimagatik, uste baitu bizirik dela, nirekin ezkonduta eta pozik... Alabanda gaixoa! Orain Diotima harena eta nirea da!

        Ekialdera joan zen eta ni, itsasontziz, mendebaldera, aukera hala suertatu delako...

        Eta orain agur denoi! Bihotzean zaituztet, gaztaroko lagunak, eta zuek, gurasoak, eta zuek, greko maiteak, zuek, sufritzen duzuenak!

        Zuek, haurtzaro berdean elikatu nauzuen haizeak, eta zuek, erramu baso ilunak, eta zuek, kostaldeko harkaitzak, eta zuek, ur maiestatikoak, zuen handitasuna desiratzen ikasi baitzuen nire gogoak... Eta ai, zuek, irudi tristeak, nire malenkoniaren hazleak; zuek, hiri heroikoak inguratzen dituzuen harresi sakratuak; zuek, atari zaharrak, hainbat ibiltari ederrek zeharkaturikoak; zuek, tenpluko habeak, eta zu, jainkoen hondakina!, zu, o Diotima!, eta zuek, nire amodioaren haranak; zuek, errekak, haren irudi saindua ikusi duzuenak; zuek, zuhaitzak, zuen pean atsedena baitzuen; zuek, udaberriak, berak bizitakoak, maitea lore artean... ez bereizi, ez bereizi nigandik! Baina bai, hala behar du; zuek, gogoeta goxoak!, desagertu zuek ere eta utz nazazue, gizakiak ezin baitu ezer aldatu, eta bizi argia badator, eta badoa nahi bezala.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Horrela etorri nintzen alemanen artera. Ez nuen asko eskatzen eta prest nengoen gutxiago aurkitzeko. Umil etorri nintzen, Edipo itsu aberrigabea Atenasko atarira bezala, jainkoen basoak eta arima ederrek onartu zutenekoan...

        Zeinen besterik suertatu zitzaidan!

        Aspaldiko barbaroak, lan, zientzia eta erlijioagatik barbaroago bilakatuak, sakonki ezgaiak edozein jainkozko sentimendutarako, barneraino ustelduak —grazien onerako—, gehiegikeria baita eskasiaren maila guztietan ere, iraingarriak ongi hazitako arima ororentzat, sorrak eta harmoniarik gabeak, botatako marmita baten puskak bezalakoak... halakoxeak, Bellarmino, ziren nire kontsolagarriak.

        Iritzi gogorra da eta, hala ere, badiot, zeren egia baita: ezin zait iruditu alemana baino herri urratuagorik. Eskulangileak ikusten dituzu, baina gizakirik ez; pentsalariak, baina gizakirik ez; sazerdoteak, baina gizakirik ez; nagusiak eta morroiak, gazteak eta jende heldua, baina gizakirik ez... Ez al da guda zelai bat bezalakoa, eskuak, besoak eta gorputz atal guztiak puskatuak eta nahasiak egonda, isuritako biziaren odola legarrean galtzen delarik?

        Bakoitzak dihardu berea, esango duzu, eta nik ere esaten dut. Baina jardun behar du arima osoz; ez du bere baitan ito behar bere tituluari ez dagokion edozein kemen; ez du izan behar soilik bere izenak dioena, literalki eta faltsuki; izan behar du, serioski eta amultsuki, bera dena; horrela biziko da izpiritu bat bere ekintzan; eta izpiritua bizi ez daitekeen espezialitate batek zanpatua sentitzen bada, mespretxuz alboratu behar du eta ikasi lurra lantzen! Zure alemanak gogotik gelditzen dira beharrezkoenean eta horregatik dago, haien artean, hainbat utzikeria eta hain libertate eta entusiasmo gutxi. Kontsolagarria litzateke, baldin eta halako jendea ez balitz hain soraio bizi eder ororentzat, eta haren gainean jainkoek abandonaturiko naturarik ezaren madarikazioa ez balego...

        Antzinakoen bertuteak akats distirantak omen ziren soilik; halaxe esan zuen ez dakit zeinek, mingain gaiztoren batek. Baina haien akatsak ere bertuteak ziren, zeren bertan bizi baitzen haur izpiritu eder bat, eta egiten zutenetarik ezer ez zen arimarik gabea. Baina alemanen bertuteak gaiztakeria distirantak dira, besterik ez; behar hutsa direlako, beldur laxoez, morrontzazko ahaleginez, bihotzari bortxaz inposaturikoak, eta edertasunez gogotik elikatzen den arima oro kontsolamendurik gabe uzten dute; ai!, natura nobleko harmonia sainduan ohituta denak ez du pairatzen jende honen antolabide hil orotan karraskatzen den zalaparta.

        Esaten dizut: herri honetan ez dago gauza sakraturik profanatu eta tramankulurik miserableenaren mailara apaldu ez denik, eta jende basaren artean jainkozkoa eta garbi gisa gordetzen dena; barbaro kalkulatzaile hauek ofizio bat balitz bezala darabilte, eta ezin dute besterik egin, zeren gizakia haziz gero bere helburuari begira jartzen baita, probetxua bilatzen du, ez da gehiago entusiasmatzen; Jainkoak libra dezala! Lasai dihardu festan, maitasunean, otoitzean eta baita udaberria ospatzean ere munduaren goxotasunak kezka guztiak laxatzen dituenean, errugabetasunak bihotz erruduna xarmatzen duenean, eguzkiaren izpi beroetan esklaboak bere kateak ahanzten dituenean, mamorroei hegalak ateratzen zaizkienean eta erleak durundan ari direnean... alemanak segitzen du bere zereginean eta bost axola eguraldia!

        Baina zuk epaituko duzu, natura saindua! Zeren gizaki hauek aski umilak balira beren artean hoberenak direnei legerik ez inposatzeko! Ez balute irainduko beraiek ez direna, eta, irainduko balute ere, jainkozkoa mespretxatuko ez balute...

        Edo ez al da jainkozkoa zuek mespretxatu eta arimarik gabea kontsideratzen duzuena? Edaten duzuen airea ez al da zuen esamesak baino hobea? Eguzkiaren izpiak ez al dira zuen zuhur guztiak baino nobleagoak? Lurreko iturriak eta zuen basoak freskatzen dituen ihintza... zuek ahal duzue hori? Ai! Hil dezakezue baina ez biziarazi; hori maitasunak egiten ez badu, zuena ez dena eta zuek asmatu ez duzuena. Kezkatzen eta arranguratzen zaituzte patuari ihes egiteak eta ez duzue ulertzen zuen haur amarruek balio ez dutenean; anartean, hor gainean izarrak lasai dabiltza. Iraindu eta urratu egiten duzue, ahal bezainbat, natura pazientea, baina hark bizirik dirau, gaztetasun amaigabean, eta ezin duzue haren udaberria eta udazkena hondatu, ezta haren etera usteldu ere.

        Halabeharrez izan behar du jainkozkoa, zeren saiatzen baitzarete hondatzen eta, hala ere, ez da aldatzen, eta, zuek izan arren, eguzkiak segitzen du ederra izaten!

        Bihotz erdiragarria da zuen poetak eta artistak ikustea ere, baita jeinuaz arduratzen eta edertasuna maitatzen duten guztiak ere. Gaixoak! Munduan bizi dira arrotzen moduan beren etxeetan; Ulises pazientea bezalakoak dira, bere atarian eskalez jantzita eseria, ezkongai lotsagabeak salan zarata egiten eta galdetzen zutelarik: nork ekarri digu erromes hau?

        Herri alemanaren erdian, haren musen ikasleak maitasun, izpirituz eta esperantzaz beterik hazten dira; zazpi urteren buruan ikusten dituzu berriro eta itzalak bezala dabiltza, hotz eta isilik, belarrik ez sortzeko etsaiak gatzez ereindako lur sail bat bezala; eta mintzatzen direnean, hainbat gaizto ulertzen dienarentzat, haien eraso titanikoetan eta amarru proteikoetan soilik ikusten baitu haien izpiritu eder suntsituak barbaroekin egindako borroka etsitua.

        Lur gainean dena osatu gabe da; horixe alemanen lelo zaharra. Bakarren batek esango balie, behingoz, dena hain osatu gabea dela zeren ezer garbirik, ezer sakraturik, ez baitute uzten beren esku zakarrez zikindu gabe; haien artean ezer ez dela sortzen, zeren sortzapenaren sustraia, natura jainkozkoa, ez baitute errespetatzen; haien artean bizitza motela, kezkaz zamakatua eta gatazka hotz eta mutuez beterik dela, zeren giza ekintzetan kemena eta noblezia ezartzen eta hiri eta etxeetara maitasuna eta anaitasuna daramatzan jeinua erdeinatzen baitute.

        Eta horregatik dira heriotzaren hain beldur, eta pairatzen dituzte, beren ostrazko bizitzagatik, afrontu guztiak, zeren trabatua daukaten lardaskeriaz aparte ez baitute hoberik ezagutzen.

        O Bellarmino! Herri batek edertasuna maite duenean, jeinua bere artistengan ohoratzen duenean, orduan arnasten da, bizi aire bat bezala, izpiritu komun bat; sen itxia zabaltzen da, hutsalkeria desagertzen da, bihotz guztiak dira errukiorrak eta handiak, eta entusiasmoak heroiak sortzen ditu. Halako herriaren baitan dago gizaki guztien aberria eta arrotza gogotik gelditzen da. Baina jainkozko natura eta haren artistak hain irainduak diren lekuan, berriz, ai!, hor desagertzen da biziaren atseginik hoberena eta lurra baino hobea edozein planeta da. Gizakiak basamortu eta desertu bilakatzen dira, gero eta areago, guztiak eder sortu badira ere; morrontzarako sena hazten da, harekin batean zabarkeria, kezkarekin batean hordikeria, eta soberakeriarekin batean gosea eta janarirako antsia. Urteroko uzta madarikazio bihurtzen da eta jainkoak ihesi doaz.

        Eta hainbat gaizto maitasunez dabilen eta halako herrira iristen den arrotzarentzat, eta hiru aldiz gaiztoago, min handiak bultzaturik, ni bezala, halako herrira iristen den eskalearentzat!

        Aski! Ezagutzen nauzu eta ez duzu gaizki hartuko, Bellarmino! Zure izenean ere mintzatzen nintzen; mintzatzen nintzen herri honetan dauden eta pairatzen duten guztientzat, nik pairatu nuen bezala.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Alemaniatik alde egin nahi nuen. Ez nuen ezer gehiago bilatzen herri hartan; aski eritua nintzen errukirik gabeko laidoengatik; ez nuen nahi neure arima erabat odoluts zedin halako jendartean.

        Baina udaberri zerutiarrak geldiarazi ninduen; oraindik neukan poz bakarra zen, ene azken amodioa; nola pentsa nezakeen beste ezertan eta hura zegoen herria uztea?

        Bellarmino! Inoiz ez nuen hain osoki frogatu patuari buruzko esaldi hura: bihotzari zorion berri bat sortzen zaiola, berari eusten eta penaren gauerdia gainditzen duelarik eta, urretxindorrak ilunpean bezala, sufrikarioaren sakonean egon arte ez dela gure baitan aditzen bizitzaren kantua. Zeren orain bizi bainaiz, jeinuekin bezala, loretan dauden zuhaitzen artean, eta azpitik doazen errekek, jainkoen ahotsek bezala, xuxurlatzen zizkidaten bularreko penak. Eta hala gertatzen zitzaidan orotan, maitea... belarretan etzanda, bizitza minberaren berdea inguruan, bide ertzean arrosak diren muinora igota, eta ibaiko bazterretan barrena txalupaz ibilita, hark zaindutako irletan...

        Eta goizean mendi-burura igotzen nintzelarik, gaixoak mirarizko iturrira bezala, lokarturiko loreen artean, eta loaldi goxoaz aserik hegaztiak landareetarik hegan hasten zirelarik, egunaren egarriz... eta, gero, argiak, bere ohiko bideari helduta, lurra xarmatzen zuen hilezinezko bizitzarekin, haren ume guztiek berriro beren burua sentitzen zutelarik... O, egunaren argian parte hartzeko ilargia zeruan gelditu ohi den bezala, halaxe nengoen bakarrik zelai gainean, amodiozko malkoak isuriz, eta begiak ezin baztertuz!

        Edo arratsaldean, haritz ilunek beren murmurioaz inguratzen nindutelarik, lurra itzal bat zen eta bizi ikusezinak xuxurlatzen zuen adar arretik...

        O eguzkia, o zuek, haizeok!, oihukatzen nuen; bakarrik zuen artean bizi da oraindik nire bihotza, anaiartean bezala!

        Halaxe entregatzen nintzaion natura sainduari, gero eta areago, kasik gehiegi. Hain gogotik haur bihurtuko nintzatekeen, hurbilago egoteko; hain gogotik jakingo nukeen gutxiago eta argi izpi huts bilakatu, hurbilago egoteko! O haren bakean eta edertasunean istant batez murgildurik sentitzeak dena saiatu nahi duten gizakien saialdi guztiek baino gehiago balio zuen! Bizitzan ikasi eta egindakoa izotza bezala urtzen zen eta gaztaroko egitasmo guztiak histu egiten ziren nire baitan; eta zuek, maiteok, urrun zaudetenok, zuek, hildakook, eta zuek, bizirik zaretenok, zeinen barneki ginen bat eginik!

        Behin huntzaz jantzitako harkaizpean eseri nintzen. Ezagutu dudan eguerdirik ederrena zen. Goiz haizeño fresko bat zebilen eta argia irribarrez ari zen bere sorlekuko etenean. Jendea joana zen lanetik, atseden hartzeko etxeko mahaietan. Bakarrik zegoen nire maitasuna udaberriarekin eta ulertezinezko desira bat nire baitan. Diotima, nioen, non zara; o, non zara? Eta izan zitzaidan Diotimaren ahotsa aditu izan banu bezala, pozaren egunetan lasaitzen ninduen ahotsa...

        Neureekin batean naiz, zioen, zureekin, giza gogo galduak ezagutzen ez dituenekin!

        Beldur goxo batek jo ninduen eta nire gogoetak lokartu ziren nire baitan.

        O aho sakratuaren hitz maitea, nioen, berriro esnatuta; asmakizun maitea, ulertzen zaitut?

        Eta oraindik begiratu nion berriro gizakien gau hotzari, eta pozez ikaratu nintzen eta negar egin nuen, hain zoriontsua bainintzen, eta hitzak ahoskatu nituen, neure irudiz, baina izan ziren suaren xuxurlatzea bezalakoak, goiti joanda atzean hautsa uzten duelarik...

        Zu, pentsatu nuen, natura, zeure jainkoekin! Giza gauzen ametsa bizi izan dut eta badiot zu bakarrik bizi zarela, eta kezkatiek lortu eta asmatu dutena urtzen da sutan argizarizko perlak bezala! Duela zenbat zu gabe daudela? O, duela zenbat iraintzen zaituztela, baita zure jainkoak ere, bake ederrean bizi direnak!

        Zugandik erortzen dira gizakiak, fruitu ustelak bezala; utzi galtzen; horrela itzultzen dira zure sustraietara; eta o biziaren zuhaitza, berdarazi nazazu berriro zurekin batean, zure kasko eta adar begitsuen inguruan arnasa egin dezadan! Baketsuki bat eginik, guztiok sortu ginelako urrezko hazi beretik!

        Zuek, lurreko iturriak, zuek, loreak, eta zuek, basoak, eta zuek, arranoak, eta zu, anaiazko argia! Zeinen zahar eta berri den gure maitasuna! Libreak gara; kanpotik ez gara berdinak; nola ez litzateke aldatuko bizimodua? Baina guztiok maite dugu eterra eta barnerik barnenean berdinak gara.

        Gu ere ez gara bereziak, Diotima, eta zuregatik isuritako malkoek ez dute ulertzen. Doinu biziak gara, zure harmonian elkarrekin hots eginez, natura! nork traba lezake? Nork bereiz litzake maitaleak?

        O arima! Arima! Munduaren ederra! Suntsiezina! Liluragarria! Zure betiereko gaztetasunarekin! Zu zara, eta zer da heriotza eta gizakien min oro? Ai! Miresgarriek esandako hits hutsalak! Baina dena dator atseginetik eta amaitzen da bakearekin.

        Maitaleen arteko eztabaida bezalakoak dira munduaren disonantziak. Eztabaida erdian birradiskidantza dago eta bereizitakoa elkartzen da berriro.

        Zainak bereizi eta itzultzen dira bihotzera eta dena da bizi bakar, betiereko, sutsu bat.

        Hala pentsatu nuen. Hurrengoan areago.

 

Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001