Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

Friedrich Hölderlin

 

        Friedrich Hölderlin Suabiako Lauffen am Neckar herrian jaio zen, 1770eko maiatzaren 20an. Haren aita, bertako seminario protestanteko administraria, bi urteren buruan hil zen. Ama, apaiz protestante baten alaba, berriro ezkondu eta, bost urteren buruan, berriro alargundu zen.

        Amak munduratutako zazpi umetarik hiru gelditu ziren bizirik: Fiedrich, haren arreba Rike eta aitaren aldeko anaia Carl.

        Hölderlin teologoa izan beharko zatekeen, amaren nahia eta familiaren inertzia tradizionala bete izan balira. Baina Tubingako seminarioan, poesia grekoa, arte grekoa, mito grekoa... eta baita bere garaiko pentsalari nagusiak izango zirenak ere, Schelling eta Hegel, ezagutu zituen. Ondorioz, Frantziako Iraultzaren oihartzunen eraginpean eta Ossian, Schiller eta Klopstock bezalako poetek landutako himno handien generoaren lilurapean, letra alemanen Pindaro berpiztua izatea erabaki zuen. Bizitzeko, familia aberatsetako haurren irakasle pobrea izan zen hainbat tokitan.

        Halako bizimodu ibiltari eta eskasean, aldizkari soltetan argitaratzen zituen bere poemak. Schillerren babesa izan zuen bolada batez; Goethek, aldiz, beti erdeinu samarreko distantziatik kontsideratu zuen.

        Frankfurteko bere ikasle txikien ama zen Suzette Gontard ezagutu eta hartaz maitemindu zelarik, 1797ko irailean agertu zen Hyperionen lehen liburua. Ondoko urtean gauzatu zen bien arteko ezinbesteko banaketa. 1799ko urrian, Hyperionen bigarren liburua agertu zen. Suzette 1802ko ekainean hil zen. Hölderlinen bere eromena Pindaro eta Sofoldesen itzulpenetan baretzen saiatu zen, «egun osoz eta gau erdiz».

        1843ko ekainaren 7an hil zen, bere azken berrogei urteak erabateko eromen baketsuan eman eta gero.

        Hyperionen datza Hölderlinen poemagintzaren ardatza: gizakiari buruzko jakinduria ororen hasiera eta amaiera poesia da. Maitasuna eta gizarte libre baten eraikuntza, bi gai izanik, soilik poesian, poesiarako itzuleran, elkartzen ahal dira. Hain zuzen liburu honi buruz Heidegger filosofoak esan zuen Hölderlin «poetentzako poeta» zela.

        Hölderlinek nobela gisa deskribatu bazuen, Suzettek honela idatzi zion: Irakurtzean, oroitu naiz zeure Hyperion maiteari nobela deitu diozula, baina niri beti iruditzen zait poema eder bat.

        Euskaratzerakoan, jatorrizko testuaren hatsari ez ezik, itxura formalari ere begiratu izan diot beti. Izan ere, solasaldiak ez dira komatxoez edota marrez markaturik, eta urtzen dira gainerako testuarekin. Efektu hori oso tipikoa zen letra alemanetako geroko testu erromantikoetan eta, kasu honi gagozkiolarik, poemaren itxura ageriagotu egiten da berez izugarri poetikoa den prosa batean ondutako literatur lan honetan.

 

Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001