Hyperion LEHEN ATALA Hyperionek Bellarminori Aberriko lur maiteak berriro ematen dit poza eta mina. Goizero joaten naiz istmo korintiarraren goialdera eta, erleak lore artean bezala, nire arima hegaldatzen da han-hemenka, nire mendi sutsuen oinak, ezker eta eskuinean, freskatzen dituen itsasoetan zehar. Badia hauetariko batek bereziki poztuko ninduen, mila urte lehenago hemen egon izan banintz. Elurtutako ehunka mendi-buruen inguruan egunsentia jostetan ari zela, badia distiratsua, erdi jainko garaile baten gisan, Helikon eta Parnasoko basamortu bikainen artean, aurreratzen zen pozaren hiria den Korinto gazteari buruz, eta bere maitearen aurrean isurtzen zituen eskualde guztietarik bildutako ontasunak. Baina, zer zait niri? Antzinateko hondakinen artean, bere hil kexua kantatzen duen txakalaren oihuak iratzartzen nau neure ametsetarik. Zoriontsua, aberri loretsu batek bihotza pozten eta sendatzen diona! Nirea aipatzen didatenean, lohitegi batera botako banindute bezala da, hilkutxako estalkia iltzatuko balidate bezala, eta norbaitek grekoa deitzen didanean, zakur-lepoko batekin zintzurretik lotuko banindu bezala da. Eta begira, Belarmino, halako hitz bat eskapatzen zitzaidanero edo errabiazko malkoak begietara zetozkidan aldioro, hurbiltzen zitzaizkidan, Alemanian, zuen artean, hain gogotik dabiltzan jakintsu jaunak, justuki sufritzen duen norbait behar baitute beren aholkuak emateko, eta honakoa esateko mesedea egiten zidaten: Ez kexa; ekin! O, inoiz ekin izan ez banio! Askoz aberatsagoa nintzateke esperantzetan...! Bai, ahantz ezazu badela bihotz itoa eta etsia daukan gizakirik! Eta itzuli etorri zaren lekura, naturaren beso isil, lasai, amultsuetara. Hyperionek Bellarminori Ez dut ezer, neurea dela esan dezakedanik. Urrun eta hilak dira nik maitatutakoak, eta ez dut haien berririk inongo ahotsen bidez. Lur gaineko nire zeregina amaitu da. Gogotsu ekin nion lanari, odolustu nintzen, eta ez dut mundua ezertan aberastu. Ezezagun eta bakarrik itzultzen naiz aberrira, bertan ibiltzeko, hilerri bat bezala hedatzen baita, eta beharbada ehiztariaren puñala zain daukat, gu, grekook, basoko ehiza bezain erakargarriak gatzaizkio eta. Baina hor zaude beti ere, zeruko eguzkia! Oraindik berdatzen zara, lur saindua! Oraindik itsasoratzen dira ibaiak, eta eguerdian zuhaitz itzaltsuok marmarka ari dira. Udaberriko kantu goxoak loarazten ditu nire gogoeta hilkorrak. Mundu guztibizidunaren oparotasunak mozkortzen eta berdintzen du nire izaki pobrea. O, natura saindua! Ez dakit zer den zure edertasunaren aurrean begiak goratzen ditudanean, baina zeruko atsegin guztia dago zure aurrean, maitatuen artean maitea, isuritako malkoetan. Nire izate osoa mututu egiten da entzunez, airearen uhin minbera bularrean jostetan ari zaidala. Urdin zabalean galduta, eterrari buruz begira nago, baita itsaso sainduan barrena ere, eta izpiritu familiar batek besoetan hartu banindu bezala da, bakardadearen mina jainkotasunaren bizitzan urtu balitz bezala. Denarekin bat izatea, hori da jainkotasunaren bizitza, hori da gizakiaren zerua. Bizi den ororekin bat izatea, bere buruaren ahanztura sainduan, naturaren osotasunera itzultzea, hori da gogoetarik eta pozik gorena, mendi-buru saindua, betiereko bakelekua, eguerdiak bere beroa eta trumoiak bere ahotsa galtzen duten tokia, itsaso irakinak gari zelaia dirudielarik. Bizi den ororekin bat izatea! Hitz horiekin, bertuteak bere koraza airatua uzten du eta giza izpirituak bere zetroa, eta gogoeta guztiak desagertzen dira betiereko mundu bakarraren irudian, bere Urahiaren aurrean artistaren arauak bezala, eta burdinazko patua bere jabetasunaz arnegatzen da, eta bereizezinak eta betiereko gaztetasunak mundua pozten eta edertzen dute. Askotan nago halako alturetan, Bellarmino! Baina gogoetaren istant batek handik beheiti botatzen nau. Pentsatzen dut, eta lehen bezala aurkitzen naiz, bakarrik, hilkortasunaren min guztiekin, eta nire bihotzaren aterpea, betiereko mundu bakarra, desagertu egin da. Naturak besoak gurutzatzen ditu eta arrotz baten gisan nago haren aurrean, eta ez dut ulertzen. Ainendi inoiz ez joan zuen eskoletara! Putzuan aurkitu nuen jakinduriak, neure gaztaroko zorakerian, pozaren bermea izango zitzaidala uste bainuen, dena hondatu egin dit. Hain arrazoizkoa bilakatu naiz zuen artean, non ikasi baitut inguratzen nauenetik neure burua erabat ezberdintzen. Orain mundu ederrean isolaturik nago; orain, hazi eta loratu nintzeneko naturaren lorategitik kanpora, eguerdiko eguzkitan zimeldu egiten naiz. O, gizakia jainko bat da, ametsetan diharduenean; eskale bat, pentsatzen duenean. Eta, behin entusiasmoa joanda, bertan dago, aitak etxetik kanporatutako seme deskastatu bat bezala, eta kontenplatzen ditu errukiak biderako emandako sos eskasak. Hyperionek Bellarminori Eskertzen dizut nitaz kontatzea eskatu izana, lehengo denborak gogora ekartzen dizkidazulako. Hori da Greziara naramana ere: neure gaztaroko jolasak hurbilago bizi nahi ditudala. Langilea lo sendagarrian bezala, nire izate oinazetua hondoratzen da iragan errugabearen besoetan. Haurtzaroko bakea! Zeruko bakea! Zeinen maiz nagokizun gogoeta amultsuetan, eta zeinen maiz pentsatu nahi zaitudan! Baina soilik inoiz txarra izandakoaren eta ongi bilakatu denaren berri dugu; gaztaro eta errugabetasunaren berririk ez dugu. Haur isila nintzenean eta inguratzen gaituenaz ezer ez nekienean, ez ote nintzen orain baino gehiagokoa, bihotzaren esfortzu, neke eta antsia guztien ondoren? Bai! Haurra jainkozko izakia da, helduen kameleoizko koloretan mozorrotzen ez den artean. Osoki da bera dena, horregatik ederra da. Legearen eta patuaren bortxak ez du ukitzen; haurrarengan libertate hutsa da. Libertatea da beregan; ez da bere buruarekin hondatu. Ontasuna da beregan; bere bihotza ezagutzen du, eta ez biziaren zekenkeria. Hilezina da, heriotzaz ez baitaki ezer. Baina gizakiek ezin dute hori jasan. Jainkozkoa haiek bezala bilakatu behar da, bertan daudela jabetu behar da eta, naturak paradisutik bota aurretik, gizakiek hartu eta kanporatzen dute, madarikazioaren alorrera, haiek bezala, aurpegiko izerdiarekin higa dadin lanean. Baina ederra da esnatzeko denbora ere, baldin eta destenorez esnatzen ez bagaituzte. O, egun sainduak dira, gure bihotza hegan probatzen dutenekoak, goizeko eguzkitan, landareak zeru amaigabe aldera besoak zabaltzen dituen bezala, hazi minean, mundu bikainean plantatzen garenean. Nola ibili nintzen mendi eta itsas ertzetan barrena! Ai, zenbat aldiz eseri nintzen Tinako kaskoan eta bihotz alegera nuelarik kontenplatu nituen aztoreak, lertxunak eta horizontean murgildutako ontziak! Hor beheiti, pentsatzen nuen, ibiliko zara zu ere, eta, niretzat, neka eginda bainu freskoan pulunpatzea eta ur apartsuaz kopeta zirtatzea bezala zen. Suspirioka itzultzen nintzen etxera. Eskola-urteak pasatu balira behingoz, pentsatzen nuen askotan. Gazte gaixoa! Ez da aspaldi pasatu zirela. Bere gaztaroan, gizakiak helburuari hain hurbila deritzo! Hori da naturak gure izatearen ahulezia laguntzeko daukan engainurik ederrena. Eta askotan, lore artean etzanda, eguzkitan udaberriko egun goxoetan, gora begira nengoenean, lur epela inguratzen zuen urdin aldera, baita zumar eta sahats azpian esertzen nintzenean ere, mendian, euriaren ondoan, adarrak oraindik ikara batean egonda zerua ukitu izategatik, baso bustiaren gainetik urrezko hodeiak ibilki, edota goizeko izarra, gainerako zeruko heroíekin batera, bakez beterik agertuta, ikusten nuen biziak segitzen zuela haien baitan, eta munduko lasaitasunak besarkatzen ninduenean, zer pasatzen zitzaidan jakin gabe adi-adi nengoenean... Maite ote nauzu, zeruko aita ona? galdetzen nuen ahopeka, eta haren erantzuna sumatzen nuen, seguru eta pozik, bihotzean. Zu, izarren gainetik bazina bezala, zeruaren eta lurraren egilea deitzen nuena, nire gaztaroko idolo laguna, ez zaitez haserretu ahaztu zaitudalako! Zergatik da mundua hain zekena, bere buruaz kanpoan beste bat bilatzeko? Eta natura bikaina aita baten alaba bada, alabaren bihotza ere ez ote da harena? Naturaren barrenena bera ez ote da? Baina nik ote daukat? Ezagutzen ote dut? Ikusi banu bezala da, baina orduan izutu egiten naiz, ikusitakoa neure itxura balitz bezala; munduaren izpiritua lagun baten esku beroaren antzera sumatu banu bezala da; baina esnatzen naiz, eta uste dut neure hatzak hartu ditudala. Hyperionek Bellarminori Badakizu nola maite zuen Platonek bere Stella? Hala maite dut, hala izan nintzen maitatua. O, haur zoriontsua nintzen! Atsegina da berdina berdinaren aldera hurbiltzen denean, baina jainkozkoa da gizaki handi batek txikiak bere aldera goratzen dituenean. Gizon ausartaren bihotzeko hitz lagungarri bat, izpirituaren handitasun sutsua ezkutatzen duen irribarre bat, gutxi eta asko da, heriotza eta bizitza bere silaba xaloetan ezkutatzen dituen formula magikoa bezalakoa da, bere kristalezko ttanttetan lurreko indar sekretua partekatzen digun mendiko sakontasunetik darion ur izpirituala bezalakoa. Nola gorrotatzen ditudan, berriz, bihotzik ez daukatelako jakintsuak direla uste duten barbaroak, diziplina zeken eta arrazoirik gabearekin edertasun gaztea hondatzen duen jendaila zarpaila! Jainko maitea! Hontzak arranokumea habiatik kanporatu eta eguzkirako bidea erakutsi nahian bezala! Barkatu, nire Adamasen izpiritua, zure aurrean horrelakorik pentsatzeagatik. Hauxe da eskarmentuak ematen digun emaitza: zerbait bikain ezin dugula pentsatu, haren kontrarioa irudikatu gabe. Aizintez beti nirekin egon, zure irudiko den guztiarekin batean, o gogoan daukadan erdi jainko deitoragarria! Zeure indar eta soseguarekin inguratzen duzuna, o garailea eta borrokalaria, zeure maitasun eta jakinduriarekin topatzen duzuna, hori joan edo zu bezalakoa izan dadin! Nobleziarik eza eta ahulezia ezin dira zure ondoan egon. Zeinen maiz egon zinen nire ondoan, zure argiarekin gidatuz eta epelduz, horrela nire bihotz izoztua mugitzen baitzen berriro, zeruko izpiek jotako iturri hormatua bezala! Orduan izarretara joango nintzatekeen hegan, nire dohatasuna zikindurik suerta ez zedin. Haberik gabeko mahatsondoa bezala hazi nintzen, mordo basak lurretik hedatuz norabiderik gabe. Badakizu zenbat indar noble galtzen den gure baitan, erabili gabean. Argi hutsalaren antzera nenbilen, ni denari atxikia baita dena niri ere, baina bakarrik istant batez, eta indar dorpeak alferrik galtzen ziren. Sentitzen nuen orotan zerbait falta zitzaidala, eta, hala ere, ezin nuen neure helburua aurkitu. Horrela aurkitu ninduen hark. Denborarik eta pazientziarik aski xahutu zuen bere gaian, mundu landua delako horretan, baina haren gaia harria eta zura izan zen, kanpotik giza itxura izan arren, eta nire Adamasek ez zuen ezer egingo horrekin. Gizakiak nahi zituen eta horiek egiteko bere artea pobreegia zen. Ondo bazekien gizaki horiek, berak bilatutakoak, bere artea aski ez izan arren, existitu zirela inoiz. Bazekien non existitu ziren ere. Horra joan nahi zuen hondakinei bere jeinuari buruz galdetzera, haren laguntzaz bere egun bakartiak laburtu nahian. Greziara etorri zen. Horrela aurkitu nuen. Oraindik ikus dezaket neure aldera etortzen, irribarrez; oraindik entzuten ditut haren agurra eta galderak. Nire aurrean zegoen, izpiritu antsiatua ukipenarekin lasaitzen eta sosegatzen duen landare bat bezala. Eta ez ote nintzen ni haren entusiasmo isilaren oihartzuna? Ez ote ziren nire baitan errepikatzen haren baitako melodiak? Neronek ikusitakoa egiten nintzen, eta jainkozkoa zen neronek ikusitakoa. Zeinen eskas den gizakien intentziorik oneneko ahalegina entusiasmo osoa eta guztiahaldunaren ondoan! Ez da azalean gelditzen, ez da noiz edo noiz agertzen, ez du denborarik ezta biderik ere behar; ez du manamendurik, bortxarik ezta konbentzimendurik behar; istantean hartzen gaitu alde guztietan, sakon eta altuera guztietan, eta, zer pasatzen zaigun galdetu aurretik, antzaldatzen gaitu bere eder eta zoriontasunean. Zorionekoa, bide honetan, gaztaro berdean, izpiritu noble batekin topo egin zuena! O, urrezko egun ahaztezinak, amodioaren poztasunaz eta zeregin goxoez beterik! Behin sartzen ninduen nire Adamasek Plutarkoren heroien munduan, behin jainko grekoen herri miresgarrian; behin baretzen eta antolatzen zituen antsia gazteak; behin igo zen mendietara nirekin, egunez, belardi eta oihaneko loreak ikusteko, baita harkaitzeko goroldio basak ere, gauez, izar sainduei gure gainean begiratzeko, eta baita, giza maneraren arabera, haiek ulertzeko ere. Balore handiko sentimendua da barrenekoa bere gaian sendo egiten denean, ezberdintzen eta hertsikiago estekatzen denean, eta gure izpiritua armatuz doanean. Baina hura eta neure burua hiru aldiz gehiago sentitzen nituen, iragan denborako manes bezala, harroak eta pozik, koleratuak eta tristeak, Athos mendira igo eta handik, Helesponton zehar, Rodaseko kostaldera eta Tenarko zintzurretara jausten ginenean, irla guztietan barrena, eta, geroago, desirak kostaldetik urruntzera eta Peloponeso zaharraren bihotzean sartzera bultzatu gintuenean, Eurotaseko ertz bakartietan... Ai! Elis, Nemea eta Olinpiako haran hilak; bertan, Jupiter ahantziaren tenpluko habeen ondotik, erramu arrosez eta aihenez inguraturik, ibai basa kontenplatzen genuen, eta udaberriko bizitzak, baita eguzki betiereko gazteak ere, oroitarazten ziguten inoiz, han ere, gizakia egon zela, eta orain joana zela, zeren gizakiaren izaera menderatzailetik orain kasik ezer ez baita hor, hala nola tenplu bateko puskaren bat edo, oroimenean, hildako baten irudia... Orduan eseri egiten nintzen haren ondoan, erdi jainko baten iruditik goroldioa kentzen nuen edo hondakinetik ateratzen nuen heroi baten marmolezko ezpata, edo arkitrabe erdi urperatu batetik sasiak larrutzen nituen; anartean, nire Adamasek, kontsolamendu lagungarri moduan, hondakinak inguratzen zituen paisaiari begiratzen zion: gari zelaiak, olibondoak, mendiko harkaitzetan zegoen ahuntz taldea, mendi kaskotik beheiti zihoan zumardia; eta sugandila gure oinetan jostetan ari zen, euliak burrunban zebiltzan eguerdiko isiltasunean... Bellarmino maitea! Gustatuko litzaidake hau Nestorek bezain zehazki kontatzea; baina iraganean barrena nabil segalaria galondoan bezala, nagusiak uzta bildu eta gero lasto izpi bakoitza biltzen. Eta haren ondoan egon nintzen, Deloseko altueretan, Zintoko harresiko marmolezko eskala zaharrak igotzean ikaratzen nintzen egun batean. Hemen bizi zen, behiala, eguzkiko jainkoa, Grezia osoak haren ohorez egindako urrezko hodeiak bezalako festen erdian. Poz eta entusiasmoaren olatuetan murgildu ziren hemen, Akiles Estigian bezala, gazte grekoak, garaiezin ateratzeko erdi jainko haren antzera. Baso eta tenpluetan esnatzen eta elkarren oihartzunean zebiltzan haien arimak, eta bakoitzak bere baitan gordetzen zituen akorde sutsuak. Baina, zer diot hartaz? Egun haietaz ideiarik egin bageneza bezala! Zamakatzen gaituen madarikaziopean, ezin da amets ederrik bat ere hazi. Ipar-haize oihularia bezala, orainaldia pasatzen da gure izpirituko loreen gainetik eta sortu ahala zimeltzen ditu. Eta, hala ere, egun ederra zen hura, Zintion besarkatu ninduena! Egunsentirako, goian geunden. Orduan, bere betiereko gaztetasunean, eguzki zaharra goratu zen, lasai eta kontent, beti bezala, eta Titan hilezina, bere mila pozekin batean, herri desertuaren gainean irribarrez zegoen, bere tenpluko habeen gainean, patuak bota egin zituenak, haur batek, pasatzean, larrutu eta bota zituen arrosa hosto ihartuak bezala. Izan hura bezalakoa! esan zidan Adamasek, eskua hartu eta jainko aldera hedatzen zidalarik, eta niretzat izan zen goizeko haizeek hartu eta zeru aldera zihoan izaki sakratuaren atzetik zegoen segidaraino eraman banindute bezala, eta bete egin gintuen, mundua eta gu ere bai, bere indar eta izpirituaz. Oraindik tristatzen eta pozten da nire barrena orduan Adamasek esandako hitz bakoitzarekin. Eta ez dut neure miseria ulertzen, askotan hari gertatu behar zitzaiona niri gertatzen zaidanean. Zer da galera, gizakia bere munduan horrela aurkitzen denean? Dena dago gure baitan. Zer axola dio orduan, gizakiari buruko ile bat erortzen bazaio? Zergatik desiratzen du esklabotza, jainko bat izan daitekeenean? Bakarrik egongo zara, maitea!, esan zidan, orduan ere, Adamasek; urtaro gogorrean, udaberri eske, urruneko lurrera joandako anaiek abandonatzen zuten lertxuna bezalakoa izango zara. Eta hori da, maitea! Hori da aberastasun guztien erdian pobre egiten gaituena; ezin garela bakarrik egon eta maitasuna, luzeago bizi bagara ere, ez dela gure baitan hiltzen. Bihurtu nire Adamas eta zatoz dagozkidan guztiekin, mundu ederra berrizta dadin gure artean, gure jainkotasunaren besoetan, naturan, batu gaitezen; eta, begira, horrela ez dut beharraz ezer jakingo. Baina ez beza inork esan patuak banandu egiten gaituenik! Gu gara, gu! Gure atsegina dugu ezezagunaren gauera, beste edozein mundutako atzerri hotzera, geure burua botatzen, eta, posible balitz, eguzkiko eremua utzi eta joango ginateke kometen mugez haraindira. Ai! Giza bihotz basarentzat ez da ezein aberri posible; eta eguzkiko izpiak berak garatutako landareak zimeltzen dituen bezala, gizakiak hiltzen ditu bere bihotzean sortutako lore goxoak, kidetasunaren eta amodioaren pozak. Adamas gaitzetsi banu bezala da, utzi ninduelako, baina ez dut gaitzesten. O, berak itzuli nahi zuen! Asiako sakontasunean ezkutatzen omen da perfekzio arraroko jendalde bat; harengana eraman zuen bere esperantzak. Nios arte lagundu nuen. Egun saminak ziren. Ikasi nuen mina pairatzen, baina halako bereizterako ez nuen kemenik neure baitan. Azken ordura eramaten gintuen istant bakoitzarekin, ageriago egiten zen nola gizaki hura nire izatearekin ehundutakoa zen. Nire arima atxikitzen zitzaion, hilzorian dena bere arnasa iheskorrari bezala. Oraindik eman genituen egun batzuk Homeroren hilobian eta Nios izan zitzaidan irlen artean sakratuena. Azkenean, banandu egin ginen. Nire bihotzak nekerainoko borroka zertu zuen. Azken unean, lasaiago nengoen. Belauniko jarri, beso hauekin besarkatu; benedika nazazu, aita! esan nion ahopeka. Eta berak zabaldu zituen bere irribarrea eta bere kopeta goizeko izarren aurrean, bere begiek zeruetako espazioa zeharkatu zuten... Gorde iezadazue, oihu egin zuen, denbora hobeko izpiritu horiek! Eta gora ezazue zeuen hilezintasunera eta egon harekin, zuek, zeruko eta lurreko indar lagungarriak! Bada jainko bat gure baitan, gehitu zuen lasaiago, erreka bezala patua gobernatzen duena, eta gauza guztiak haren elementuak dira. Hori, batez ere, egon bedi zurekin! Horrela banandu ginen. Ongi izan, nire Bellarmino! Hyperionek Bellarminori Nora egin nezake ihes, neure gaztaroko egun maiteak ez banitu? Akeronen batere bakerik aurkitzen ez duen izpiritu bat bezala, neure bizitzako eskualde abandonatuetara itzultzen naiz. Dena zahartzen eta gaztetzen da berriro. Zergatik gaude naturaren ziklo ederretik kanpoan? Edo balio al du guretzat ere? Sinetsi nahi nuke, zerbait ez balego gure baitan: oro izateko desira izugarria, Etnako Titan bezalakoa, gure izatearen sakonetik sutsuki dariona. Hala ere, nork ez du nahiago bere baitan olio irakina bezala sentitu, zigor eta uztarrirako jaioa dela onartu baino? Zer da nobleagoa, guda zaldi furiosoa ala belarri zintziliko zaldixka? Maitea! Denboraz ere, esperantza handiak sutan zeuden nire bihotzean, hilezintasunaren pozak taupada guztietan jotzen ninduen, egitasmo ederren artean nenbilen, basoko gauaz bezala, arrainak ozeanoan bezala, ertzik gabeko etorkizunari buruz beti aurrera. Zeinen ausarta, natura saindua, jauzi egin zuen gaztea zure sehaskatik! Zeinen pozik bere koraza erabili gabean! Arkua tenkatua eta azkonak prest zeuzkan bere potoan, eta hilezinek, Antzinateko izpiritu altuek, gidatzen zuten eta haren Adamas haien artean zegoen. Nonahi nengoelarik ere, lagundu egin ninduten figura bikain haiek. Aro guztietako ekintzak, garrak bezala, nahasten ziren nire zentzuan eta ekaitz batean zeruko irudi erraldoiak batzen diren bezala, horrela egiten ziren bat Olinpiadetako ehun garaipenak nire baitan. Nork eusten dio horri? Nor ez du botako Antzinateko bikaintasun ikaragarriak, baso gaztea urakanak larrutu bezala, ni nengoen bezala, bere buruaren sentimendu sendoa lortzeko gaiak huts egiten badio? Zaharren handitasunak, ekaitzaren pare, burua makurrarazi zidan, aurpegiko odola kendu eta, askotan, inork ikusten ez ninduenean, mila malkoren artetik lurrera botatzen nuen neure burua erreka ondoan eroritako izeia bezala, kaskoa korrontean ezkutaturik. Zeinen gogotik erosiko nukeen, odolarekin, gizon handi baten bizitzaren istant bat! Baina, zertarako balio zidan? Inork ez ninduen nahi. Deitoragarria da nork bere burua horrela suntsitzen ikustea eta hau ulertezina zaionak ez dezala gehiago galdetu eta naturari eskerrak eman diezazkiola pozerako, pinpilinpauxak bezala, sortzeagatik, eta joan dadin eta ez dadila mintzo, inoiz ere, minaz eta zoritxarraz. Neure heroiak maite nituen, euli batek argia bezala; haien hurbilketa arriskutsua bilatzen nuen, hegan alde egin, eta berriro bilatzen nuen. Orein odoltsua errekan bezala, erortzen nintzen pozezko zurrunbiloaren erdian, neure bihotz sutsua freskatzeko eta handitasun eta ospearekiko amets zoro miresgarriak bainuetan garbitzeko; baina zertako balio zidan? Eta, gauerdi aldera, bihotz beroak lorategira, ihintzez bustiriko zuhaitz artera, eramaten ninduenean, eta iturriko marmarrak, aire goxoak eta ilargiko argiak nire zentzuak baretzen zituztenean, zilarrezko hodei libre eta baketsuak nire gainetik pasatzean eta urrutitik itsasgoraren ahots motelak deitzen ninduenean... zeinen lagungarri jokatzen zuten nire bihotzarekin haren maitasunaren fantasma handi guztiek! Agur, zerutiarrak!, nioen neure baitan, egunsentiko melodia goxoa neure gainean hastearekin. Agur hildako bikainak! Zuen atzetik joan nahi nuke, neure gainetik kenduko nuke neure mendeak emandakoa, eta itzalen erresuma libreagoan sartu! Baina kateatua kexatzen naiz eta poz mingotsez hartzen dut neure egarrirako ematen zaidan edalontzi eskasa. Hyperionek Bellarminori Adamas joan zenetik, nire irla estuegia egin zitzaidan. Urteak neramatzan Tinan aspertzen. Mundura nahi nuen. Zoaz, lehenik, Esmirnara, zioen gure aitak; ikasi hor itsasoko eta gerrako arteak; ikasi jendalde zibilizatuen hizkuntzak, baita haien bizimodu, iritzi, aztura eta ohiturak ere; ikertu dena eta aukeratu hoberena! Gero, niregatik, segi aurrera. Pazientzia pixka bat izaten ere ikasi!, gehitu zuen amak, eta esker onez onartu nion. Zoragarria da gaztaroz kanpoko lehen urratsa egitea, urtebetetzeaz oroitzea bezalakoa da Tinatik nire abiatzeaz oroitzea. Eguzki berria zegoen nire gainean eta dastatzen nituen, lehen aldiz bezala, itsasoa eta airea. Tinan neure formaziorako gauzatu ekintza bizigarriek eta egindako aurrerapenek asko lasaitu zidaten bihotza. Garai hartako festazko arratsez oroitzen naiz. Zenbait aldiz joan nintzen, zuhaitz beti berdeen artean, Meleseko ertzera, nire Homeroren sorlekura, eta lore eskaintzak bildu eta korronte sakratura bota! Nire amets libreetan, zaharrak Iliada kantatzen omen zueneko leizean sartzen nintzen. Eta aurkitzen nuen. Haren aurrean mututu egiten zitzaidan ahots guztia. Haren poema jainkozkoa ireki eta sekula ezagutu ez banu bezala zen, hain ezberdin bizi baitzen nire baitan. Gogotik oroitzen naiz Esmirnaro eskualdean barrena egindako ibilaldiez ere. Herri bikaina da eta milaka aldiz nahi izan dut hegalak eduki, urtean behin Asia Txikira hegaldakatzeko. Sardesko zelaitik, Tmoluseko harkaitzetan goiti joan nintzen. Mendipean eman nuen gaua, etxola abegitsu batean, mirto eta zarika artean; Palttoloko uretan zisneak jostetan ari zirela eta ilargiko argitan zumarren artetik Zibeleseko tenplu zahar bat, izpiritu izukor baten antzera, distiratzen zelarik. Bost habe maitagarri deitoratzen ziren hondakinen gainean eta, haien oinetara, erregezko atari bat erorita zegoen. Mila zuhaixkaren artetik goititzen zen nire bidexka. Malda zorrotzetik marmarka makurtzen ziren zuhaitzak. Goizetik abiatu nintzen. Eguerdirako kaskoan nengoen. Aurrera begira, zeruko aire garbia dastatu nuen. Ordu zoragarriak ziren. Itsaso bat bezala, nire aurrean zegoen etorritako herria, gazterik eta poz biziez beterik. Kolore joko amaigabe bat, udaberriak nire bihotza agurtzen zuenekoan, eta eguzkiak bere burua lurrak itzulitako isletan ezagutu bezala, nire izpirituak bere burua ezagutzen zuen biziaren betetasunean, alde guztietarik etorrita inguratzen baitzuen. Ezkerrean, erraldoi baten gisan, erreka jausten zen haranera, buru gainean neuzkan harrietarik beheiti; han arranoa jostetan ari zen bere umeekin eta mendi-buru elurtsuak distiratzen zuten eter urdinean. Eskuinean, Sipilako basoen gainean biltzen ziren ekaitz hodeiak; ez nuen zurrunbiloa sentitzen, doi haizeño bat ile kizkurretan, baina trumoiak aditzen nituen, etorkizunaren ahotsa bezala, baita haien garrak ere, aurrez ikusitako jainkotasunaren argi urruna bezala. Hegoaldera itzuli eta jarraitu egin nuen. Bertan neukan Kaister ibaiak ureztatu eskualdea, hain itzulinguru ederretan non baitirudi denborarik aski ez duela hainbat aberastasun eta deliziaz gozatzeko. Zefiroaren antzera, ederrik eder zebilen nire izpiritua, haran sakonean zegoen herrixkatik Mesogis mendikatea ezabatzen deneraino. Banketetik mozkorra bezala, Esmirnara itzuli nintzen. Ongiegotez beteegia neukan bihotza hilkortasunari bere soberakin pixka bat ez emateko. Naturaren edertasuna poztuegi hartuta neukan, giza bizitzaren hutsak ez betetzeko. Esmirna eskasa janzten zen nire entusiasmoaren koloreekin emaztegai baten gisan. Hiritarren kortesiak erakartzen ninduen; haien maneren kontra-zentzuak ere haurkeria batek bezala dibertitzen ninduen; eta naturaz manera eta ohitura guztiez gain nengoenez, hartzen eta baztertzen nituen guztiak, inauteriko mozorroak bezala. Baina eguneroko harremanen janari motela piper-gazten zidan bakarra, naturali errukiorrak noiz edo noiz, gure ilunpeetara izarrak bezala, bidalitako aurpegi eta figura onak ziren. Nola pozten zen horrekin nire bihotza! Zeinen sinetsita ikertzen nituen hieroglifo lagungarri horiek! Baina gertatu zitzaidan, behiala udaberriko urkiekin bezala. Zuhaitz horren izerdiaz aditu nuen zerbait eta uste nuen edari goxoa eman behar zutela enbor maitagarriek. Baina horretan ez zen indarrik ez izpiriturik aski. Ai! Eta zeinen hutsala zen entzuten eta ikusten nuen guztia. Inoiz iruditzen zitzaidan, landutako jendeen artean egonda, giza natura animalien erresumako aniztasunean disolbatu zela. Nonahi bezala, hemen ere baziren gizonak bereziki degeneratuak eta ustelak. Animalia batzuk orroka hasten dira musika entzutearekin batera. Edukazio oneneko jendeak, berriz, irri egiten zuen izpirituaren edertasunaz eta bihotzaren gaztetasunaz mintzatzen bazen. Otsoak ihesi doaz sua pizten bada. Gizaki haiek, arrazoi txinparta bat ikusita, bizkarra ematen zuten lapurrek bezala. Inoiz Grezia zaharrari buruzko hitz beroren bat esaten banuen, aharrausika hasten ziren, oraingo denboretan bizi behar zela esanez. Bakarren batek zioen gustu ona ez zela oraindik erabat galdua. Hori ere begi bistakoa zen. Batak marinelen txiste bat kontatzen zuen, besteak aurpegi masailak hanpatu eta atsotitzak predikatzen zituen. Espantuka zioen bere burua ilustratutzat zeukan batek zeruaz burlatzen zela eta hobe zela eskuan zegoen txoria, teilatuetan zeudenak baino. Baina heriotzaz mintzatzean, eskuak bildu eta solasa eraman zuen apurka oraingo apezen gaitasunik ezaren arriskura. Noizean behin entzuten nituen bakarrak kontalariak ziren, izenen erregistro biziak, irudi kutxa mintzodunak; bertan atzerriko hiriak eta herriak, zaldizko potentatuak, eliz dorreak eta merkatuak ikusten ziren. Azkenean, mahats mordoak desertuan eta loreak izotz basamortuan bilatzeaz nekatu nintzen. Balearrik bizi nintzen eta nire gaztaroko izpiritu goxoa ia erabat desagertua zen nire arimatik. Mendearen sendaezina, kontatzen eta isiltzen dudanagatik, ageria egin zitzaidan eta arima batean neure mundua aurkitzeko kontsolamendu ederra, nire generoa irudi lagungarri batean besarkatzea, hori ere falta zitzaidan. Maitea! Zer litzateke bizitza esperantzarik gabe? Ikatzetik jausten eta galtzen den txinparta bat, eta urtaro nahasian aditutako haize bolada bat, istantean ziztu eta isil; halaxe litzateke gurekin? Enarak ere bilatzen du neguan eskualde abegitsua; piztia dabil eguerdiko beroan eta bere begiek iturria bilatzen dute. Nork diotso haurrari amak bere bularra ez diola errefusatuko? Eta begira, bilatzen du hala ere. Ezer ez litzateke biziko, ezer itxaroko ez balu. Nire bihotzak bere altxorrak gordetzen zituen baina soilik denbora hobeetarako, izaki dohatsu, fidel eta bakar hori nire arima egartsuak aurkituko lukeenerako. Zeinen pozik jotzen nuen harengana, desirako orduetan, ilargiko argiaren moduan, nire kopeta kontsolatuaren inguruan jostetan ari zelarik! Orduan ezagutzen zintudan eta zuk kontenplatzen ninduzun hodeietarik, jeinu batek bezala, behiala, edertasunaren bakean munduko olatuetarik sortu baitzinen! Orduan ez luke borrokarik, ezta garrik ere, gehiago sortuko bihotz honek. Lili bat aire isilean dantzan ari den bezala, horrela zebilen bere elementuan, bereganako amets liluragarrietan, nire izatea. Hyperionek Bellarminori Esmirna ez zitzaidan gustukoa. Bihotza, batez ere, gero eta nekatuagoa neukan. Noizean behin, agertzen ahal zitzaidan hurbileko gerrarik hoberenera joateko edo Adamas bilatzeko nahia, haren suan nire desanimua erretzeko, baina dena gelditzen zen bere horretan eta nire esanahirik gabeko bizitza zimelduak ez zuen gehiago bere burua freskatu nahi. Uda laster amaituko zen; jada sentitzen nituen euri egun ilunak, haizearen ziztua eta erreken orroa, eta natura, landare eta zuhaitz guztietan iturri bat bezala sartuta, orain, nire zentzu ilunduaren aurrean, bere baitara biltzen zen, ni bezala. Bizi iheslari horretarik neurekin eraman nahi nuen ahal bezainbat; kanpoan atsegin izandakoa nire baitan bildu nahi nuen, seguru bainengoen hurrengo urtean ez nintzela zuhaitz eta mendi horien azpian egongo, eta eskualde osoan barrena maizago nenbilen. Baina bereziki bultzatzen ninduena zen gizon bat ikustea, atari aurrean, zuhaitz artean, ni iragan nintzen tokian, egunero topatzen bainuen. Titan gazte bat bezala bazebilen arrotz bikaina nanoen artean, hauek haren edertasuna kontenplatzen baitzuten pozezko harridurarekin, haren garaiera eta indarra, buru erromatar hari zeharka begiratuz, fruitu debekatua balitz bezala. Eta momentu ederra zen; eter librea ere estuegia zitzaion gizon horren begiradari, nirekin gurutzatzen zenean, gorri eginda, elkarren ondoan pasatzen ginelarik. Behin sartu nintzen Mimaseko basoan eta arratsaldea zen itzultzerakoan. Zaldia eskutik neraman bidexka bati gora, harri eta sustrai gainetik, eta amildegi aldera nindoalarik, sasi artetik agertu zitzaizkidan bi lapur karaborniar, eta lanik aski izan nuen haien sableei eusten, baina nola beste lanetik jada nekatuta baitzeuden, ondo atera nintzen. Zaldiz lasai jarri nintzen eta segitu nuen aurrera. Mendipean, baso eta harri pilatuen artean, iritsi nintzen belardi txiki batera. Argitu egin zuen. Ilargia atera berria zen zuhaitz ilun artetik. Haratago zaldi etzanak eta haien ondoan gizonak belarretan ikusi nituen. Nortzuk zarete?, egin nuen oihu. Hara Hyperion!, oihukatu zuen ahots heroiko batek, pozezko ustekabean. Ezagutzen nauzu, segitu zuen ahotsak; egunero suertatzen naiz zurekin atariko zuhaizpean. Nire zaldia lasterka joan zen, azkonaren pare, haren aldera. Ilargiak aurpegia argitzen zion. Ezagutu eta lurrera jauzi egin nuen. Gau on!, zioen lagun indartsuak. Begiratu zidan halako so minbera eta basa batekin, eta atxiki zuen nire eskua bere sendoen artean, nire barrenak horren zentzua sentitzeko moduan. Orduan amaitu zen nire esanahirik gabeko bizimodua! Alabandak, halaxe deitzen baitzen arrotza, kontatu zidan bere morroiarekin batean lapurren artean suertatu zela, nik topaturikoak hain zuzen, eta basotik ateratzeko bidea galdu zutela; horregatik gelditu ziren ni agertu arte. Lagun bat galdu dut horretan, gehitu zuen eta erakutsi zidan bere zaldi hila. Nirea bere morroiari emanda, oinez segitu genuen elkarrekin. Merezitakoa dugu, hasi nintzen, besoz beso basotik ateratzen ginelarik; zergatik, hainbat denboraz elkarren aurrean pasatuz, ignoratu dugu elkar, harik eta ezbeharrak elkartu gaituen arte? Esan behar dizut, hala ere, zioen Alabandak, zu errudunagoa eta hotzagoa zarela. Gaur zure atzetik nenbilen zaldiz. Adiskidea!, nioen, entzun! Sekula ez nauzu amodiotan gaindituko! Gero eta hurbil eta alaiago sentitzen ginen elkarrekin. Hiritik hurbil iritsi ginen ondo eraikitako jauregi batera eta erabaki genuen bertan gaua pasatzea. Luzez egon ginen eserita leiho irekien ondoan. Izpirituzko lasaitasun handi batek inguratzen gintuen. Lurra eta itsasoa mututu egin ziren, gure gaineko izarrak bezala. Itsasotik etorritako haizeño bat zebilen gure gelan, gure argiarekin jostetan, eta urruneko musika baten hotsak doi iristen ziren isiltasunaren artetik, bere amets izugarrietan arnasa sakonago botatzen duen erraldoi baten antzera. Gure arimek sendoago erakarri behar zuten elkar, luzez eta gogoz kontra beren baitan itxita egon ondoren. Goitik etorritako bi errekek bezala egiten genuen topo, lurra, harria, egur ustela eta gainerako trabak zeharkatu ondoren, indar berdinean beren itsasalderako ibileran hasten direlarik. Hura, patuak eta gizakien basakeriak bere etxetik arrotzen artera kanporatua, gaztaro berdetik mingostasun eta amorruz beterik, baina, hala ere, amodioz eta elementu lagungarri baterantz kanpoko azal zakarra zeharkatzeko desiraz betetako bihotzarekin; ni, orotatik urrunduta neure baitan, gizakien artean bakarrik eta arroztua, munduko kaskabiloen hotsak nire barrengo melodia irrigarriak laguntzen zituelarik; ni, itsu eta elbarri, guztientzat antipatikoa, eta, hala ere, itsuegi eta elbarriegi neurekiko, zuhur eta arrazoizkoekin, basati eta argitsuekin elkartzen nauenaz zamakatuta, eta esperantzaz hain beteta, bizimodu ederrago baten itxaropenaz hain beteta... Bi gazteok ez ote zuten elkar besarkatu behar, pozezko eta zurrunbilozko lehia batean? O, zu, nire adiskidea eta borrokakidea, nire Alabanda, non zaude? Kasik uste dut herri ezezagunera joana zarela, lasaitasunera, haurrak izan gineneko hartara, lehen bezala, berriro bihurtu zarela. Noizean behin, ekaitz bat nire gainetik pasatzean, bere jainkozko indarrak baso eta alorretan barreiatuz, edo itsasoko olatuak elkarrekin jostetan ari direnean, edo nagoen mendiaren inguruan arrano talde bat goratzen denean, bihotza joka hasten zait Alabanda urrun ez balego bezala; baina, batez ere, nire baitan bizi da, inoiz baino seguru eta konfundigaitzagoa, jo eta su, mendeko bekatuak salatzen. Nola esnatzen zen nire gogoa bere barrendik! Nola ezpaineratzen zitzaizkidan zuzenbidezko trumoiak bezalako hitzak! Nemesisen mezulariek bezala, lur osoa zeharkatzen zuten, madarikazioaren arrasto guztiak ëzabatu arte. Iragana ere deitzen genuen geure epaimahaira; Erroma harroak ez gintuen izutzen eta Atenasek ez gintuen liluratzen bere loratze gaztearekin. Gelditu gabe, baso eta mendi gainetik algaran doazen ekaitzak bezala, horrela abiatzen ziren gure arimak egitasmo kolosaletan. Ez genuen hori egiten hitz batez, magikoki, geure mundua sortu izan bagenu bezala, ezein erresistentziarik itxaron gabe, horretarako Alabanda sobera adimentsu eta adoretsu baitzen. Baina entusiasmo soltea maiz izaten da gerrazalea eta zuhurra. Egun bat bereziki gogoan daukat. Mendira joanak ginen elkarrekin eta erramu beti berde baten azpian eserita geunden, gure Platon irakurtzen, zahartzeaz eta gaztetzeaz mintzatzen den tokian; noizean behin, hostorik gabeko paisaiari begiratzen genion, zerua, inoiz baino ederragoa, udazkenean lokarturiko zuhaitzen artean hodei eta eguzkiko argiekin jostetan ari zela. Oraingo Greziaz mintzatu ginen, biok bihotza odoletan genuela, zeren lur profanatua Alabandaren aberria baitzen. Alabanda ohi baino hunkituago zegoen. Haur bat dakusadanean, zioen, eta eramango duen uztarria zeinen lotsagarria eta ustelgarria den pentsatzen dudanean, eta gu bezala biziko dela, egiazko gizakien bila ariko dela, gu bezala, egiaz eta ederraz galdetuko duela, guk bezala, fruiturik eman gabe pasatuko dela, bakarrik egongo delako, gu bezala, eta zer... o har itzazue zeuen semeak sehaskatik eta ibaira bota, gutxienez zeuen lotsatik salbatzeko! Seguru, Alabanda, nioen, seguru besterik izango dela. Nola?, erantzun zuen; heroiek galdu dute beren ospea eta jakintsuek beren ikasleak. Ekintza handiak, herri noble batek ez baditu onartzen, ukaldi bortitzak dira kopeta gor batean, besterik ez, eta hitz altuek, bihotz altuetan oihartzunik ez badute, lohian jotzen duen Norbela bezalakoak dira. Zer nahi duzu? Pala hartu, esan nuen, eta lohia hobi batera bota. Izpirituak eta handitasunak bat ere izpiriturik ezta handitasunik ere hazten ez duteneko herriak ez du zerikusirik oraindik gizakiak direnekin; ez du zuzenbiderik, eta itxura hutsa da, sineskeria, borondaterik gabeko hilotz horiek ohoratzea bihotz erromatar bat beren baitan balego bezala. Utikan! Zuhaitz ustela ezin da dagoen lekuan egon, mundu berri baterako ontzen den bizi gazteari argia eta airea kentzen diolako. Alabanda etorri eta besarkatu egin ninduen; haren musuak arimaraino iritsi zitzaizkidan. Armakide anaia! Ai, ehun beso banitu! Hauxe da nire melodia, zioen bihotza hunkitzen zidan ahots batekin; ez da gehiagorik behar! Hitz bikaina esan duzu, Hyperion! Jainkoak egon behar du harraren mendean? Gure baitan dagoen jainkoak, amaigabea bide bat bezala aurrean edukiz, itxaron egin behar du harrak bidea eman arte? Ez! Ez! Ez da galdetzen ea nahi duzuen! Zuek, esklabook eta barbarook, sekula ez duzue nahi! Ez dugu zuek hobetu nahi; ez luke zentzurik izango! Kezka bakarra da gizakien garaipenezko martxa zuek ez oztopatzea. O, emadazu antortxa izekia; sasiak erreko ditut; ekarri aitzurra motzondo ustelak lurretik kentzeko! Ahal bada baztertuko ditugu, nioen. Alabanda isildu egin zen bolada batez. Nire atsegina etorkizunean da, hasi zen azkenean, eta sutsuki hartu zizkidan eskuak. Jainkoari esker! Ez dut amaiera arruntik izango. Esklaboen mintzoan, pozik egon-ek logura izan esan nahi du. Pozik egon? Horretaz mintzatzen zaretenean, mingainean purea eta ur epela banu bezala zait. Hain ergela eta motela baita zuen motiboa, erramu koroa eta hilezintasuna eskaintzeko. O argi saindua, hor goian, gure gainetik, zeure erresuma ikaragarrian diharduzuna, zure arima nirekin partekatzen baita nik edandako izpietan, zure zoriona nirea izan dadila! Zure ekintzetarik elikatzen dira eguzkiaren semeak; garaipenaz bizi dira; beren izpirituarekin animatzen dira; beren indarra beren poza da... Gizon haren izpirituak halako moldez hartzen ninduen non lotsatzeko gogoak ematen baitzituen, hain arinki eramana sentitzen bainintzen. Zerua eta lurra!, oihukatu nuen; hauxe poza! Hauek beste aro batzuk dira; hau ez da nire haurretako mendeko doinua; hau ez da zaindariaren azotepean gizakiaren bihotza kexatzen deneko lurra. Bai! Bai! Zure arima bikainarekin, gizona, zuk aberria salbatuko duzu nirekin batean. Hori nahi dut, zioen, ala hil. Handik aurrera dohatsuagoak eta maiteagoak egin ginen. Gure artera etorri zen seriotasun sakon ezin esanezko bat. Baina horregatik are pozikago geunden elkarrekin. Bakoitza bizi zen bere izatearen doinu sakonetan eta espanturik gabe gindoazen harmoniarik harmonia. Gure bizimodu komuna hertsitasun eta ausartzia bikainez beterik zegoen. Zergatik egin zara hain isila?, galdetu zidan behin Alabandak irribarrez. Eskualde beroetan, esan nuen, eguzkitik hurbil, txoriek ere ez dute kantatzen. Baina dena doa gora eta behera munduan; eta gizakiak, bere indar guztiarekin ezin dio eutsi. Behin ikusi nuen ilargiaren argia hartu nahi zuen haur bat; eskua luzatu arren, argiak segitzen zuen bere bidetik. Halaxe gaude gu, eta nahi digu patu aldakorra geldiarazi. O zeinek kontenpla lezake, isilik eta pentsatuz, izarren ibilbidea ikusi ohi den bezala! Zenbat eta pozikago zaren, orduan eta gutxiago kostatzen amildegira erortzea. Eta Alabandak eta biok bizitako egun sakratuak, harkaitz zorrotzaren parekoak dira: aski duzu bidaiakideak ukitzea sakontasun ilunean erortzeko. Kioserako bidaia bikaina, bere mila pozaldirekin, pasatu eta gero, naturaren xarmak gure gainetik zebiltzan, itsasoko haizeñoak bezala. Harridura alaiarekin begiratzen genion elkarri baina begiek zer zioten: ez zaitut inoiz horrela ikusi! Hain bikain egin gintuzten lur eta zeruko indarrek. Bidaldi artean, eztabaidatu genuen sutsuki eta lasai afera batzuei buruz. Orduan ere poztu egin zitzaidan bihotza, izpiritu bero eta ausart hura ikustean poz zoro batez beterik eta, era berean, bere buruaz hain seguru. Lurrera iritsiz gero, bakarrik egon ginen. Ezin duzu inor konbentzitu, esan nion amultsuki; zoratzen eta liluratzen duzu hasi aurretik; ezin da duda egin, zu mintzatzean, eta ezin da konbentzitu dudatzen ez duena. Losintxari harroa!, erantzun zuen; gezurra diozu, baina ongi da abisua; maizegi bihurtu nauzu arrazoigabe; munduko koroa guztiengatik ez zintuzket trukatuko, baina kezkatzen nau zu niretzat hain beharrezko izateak, ni zuri hain bortizki estekaturik egoteak, eta, begira, eduki bainauzu, dena jakin behar duzu nitaz; orain arte ez dugu pentsatu iraganari buruz begiratzea. Kontatu zidan bere zortea. Niretzat izan zen Kerkules Megerarekin borrokatzen ikustea bezalakoa. Orain barkatuko nauzu, esan zuen bere zoritxarren narrazioa amaitzearekin batera; orain lasaiago egongo zara, ni jasanezin, erasotzaile eta zakar bihurtzearekin. Isilik egon, isilik, esan nuen hunkiturik; zu bertan egon artean, zuk niretzat iraun artean! Bai! Zuretzat!, zioen, eta pozten naiz ni zuretzat janari probetxagarria izateaz. Askotan azeri sagarraren zaporea dut; orduan karraska nazazu ni edangarri bihurtu arte. Utzi, utzi, esan nuen, baina alferrik erresistitzen nintzen; haurra egiten ninduen eta nik ez nion ezkutatzen; nire malkoak ikusi zituen, eta hainbat gaizto beretzat, ikusi behar ez balitu! Ezkontza ondoko egunetan gaude, esan nuen txantxetan, horregatik badirudi Arkadian gaudela... baina itzul gaitezen lehen solasaldira! Estatuari botere handiegia ematen diozu. Ezin du exijitu indarka lortzen ahal ez duena. Baina amodioak eta izpirituak ematen dutena ezin da indarka lortu. Ukitu gabe utz dezala, ala bere legeak hartuko eta lotsa publikoan ezarriko ditugu! Zerua arren! Ez daki zer bekatu egiten duen Estatua ohitura-eskola bihurtu nahi duenak. Estatutik bere zerua egin nahi izan duen aldioro, gizakiak infernua egin du. Biziaren mamiaren inguruko azal zakarra Estatua da, besterik ez. Giza fruitu eta loreen baratzeko harresia da. Baina zertarako baratzeko harresia, lurra idorturik dagoenean? Orduan zeruko euriak bakarrik laguntzen du. O zeruko euria, o entusiasmoa! Zuk ekarriko diguzu berriro herrien udaberria. Zuri Estatuak ezin dizu ezer egin. Eta traba egiten ez badizu, etorriko zara, etorriko zara zeure delizia guztiahaldunekin; urrezko hodeietan inguratu eta gure hilkortasunaz gaindi eramango gaituzu, eta harrituko gara eta galdetuko ea geu ote garen, lehen behartsu haiek, izarrei galdetzen baikenien ea geuretzat udaberri bat loratuko ote zen bertan... Ea noiz izango den galdetzen didazu? Gero, denboraren faboritoa, denboraren alabarik gazte eta ederrena, Eliza berria, itxura zahartu eta zikin horietarik sortzearekin batera, jainkotasunaren sentimendu iratzarriak gizakiari bere jainkotasuna eta bere bularrari gaztetasun ederra berriro ekartzearekin batera, orduan... Baina ezin dut iragarri, doi asmatzen baitut, baina badator, seguru, seguru. Herioa biziaren mezularia da eta orain geure ospitaletan lotan egoteak esan nahi du aurki jaikiko garela osasuntsu, ordura arte ez gara izango, baina orduan aurkituko dugu izpirituen gaia! Alabanda isildu zen eta bolada batez begiratu zidan harriturik. Mugarik gabeko esperantzek liluraturik nengoen; jainkoen indarrek eramaten ninduten hodeitxo bat bezala... Etorri, esan nuen eta Alabanda jantzitik hartu nuen, etorri; nork soporta lezake gehiago gaua egiten digun espetxean? Nora, nire ilusoa, erantzun zuen idorki Alabandak eta bazirudien burlazko itzal bat irristatu zela bere aurpegitik. Hodeietarik eroria bezala gelditu nintzen. Alde!, esan nuen, gizon zekena! Istant berean, arrotz zenbait sartu ziren gelan, itxura bitxikoak, mehar eta zuri, ilargipean ikusitakoak bezalakoak, lasaiak, baina aurpegietan bazuten arimaraino sartzen zen ezpata bezalako zerbait, eta zen orojakintasunaren aurrean egotea bezala. Dudagarria zatekeen izaera miserableei ote zegokien haien itxura, hor-hemenka zendutako afektuak bere arrastoak utzi izan ez balitu. Batek harritu ninduen bereziki. Haren karantzaren isiltasuna guda zelaiaren isiltasuna zen. Kolera eta maitasuna mugitu ziren gizaki horren baitan eta adimenak argitzen zuen sentimenduen hondakinen gainean, aztorearen begiek jauregi suntsituen gainetik bezala. Haren ezpainetan, mespretxu sakona zegoen. Nabari zen gizaki hori ez zela hutsalkeriez arduratzen. Beste batek, itxuraz, berezko bihotz sendotasun bati zor zion bere lasaitasuna. Bere baitan ez zen aurkitzen berak edo patuak eragindako biolentziaren arrastorik. Hirugarren batek biziari kendu bide zion bere hoztasuna konbentzimenduaren indarraz, eta akaso bere buruarekiko borrokan ari zen, zeren kontraesan sekretua baitzen haren izatean, eta iruditu zitzaidan bere burua zaindu behar balu bezala. Hori zen gutxien mintzo zena. Haien sartzean, Alabanda jauzi egin zuen, makurturiko altzairua bezala. Zure bila genbiltzan, zioen haietariko batek. Aurkituko nindukezue, zioen berak irribarrez, lurraren zentroan ezkutatuko banintz ere. Nire lagunak dira, gehitu zuen, niri buruz. Bazirudien zorrozki begiratzen zidatela. Hau da mundua hobekitu nahi luketenetariko bat, zioen Alabandak istant baten buruko eta niri buruz seinalatuz. Zinez?, galdetu zidan hiruretariko batek. Mundua hobekitzea ez da ezein txisterik, nioen. Asko esan duzu hitz batean!, oihu egin zuen beste batek. Zuek ere uste duzue?, galdetu nuen. Galde ezazu ea zer egiten dugun!, izan zen erantzuna. Eta galdetuko banu? Esango genizuke lurra garbitzeko gaudela hemen, alorretako harriak kentzen, lur mokor gogorrak aitzurrez desegiten eta goldeaz ildo sakonak egiten ditugula belar txarrak errotik kentzeko, errotik ere ateratzeko eta errotik kanporatzeko eguzkiko sutan idor daitezen. Ez uzta bildu nahi dugulako, zeren, soldata beranduegi etorriko zaigulako, guretzat ez baita uzta onduko, gehitu zuen beste batek. Gure egunen arratsean gaude. Askotan oker geunden, asko espero genuen eta gutxi egin. Arriskatu nahiago pentsatzea baino. Aurki amaitu nahian, zorteaz fidatu ginen. Asko mintzatzen ginen pozaz eta minaz, eta biak maitatu eta gorrotatu genituen. Patuarekin ari ginen jostetan eta hark beste hainbat egin zuen gurekin. Eskalearen makilatik koroara goratu eta apaldu gintuen. Mugitu gintuen sutan den intsentsutegi bat bezala eta sutan geunden ikatza hauts bilakatu arte. Jada ez gara mintzatzen zortez eta zoritxarrez. Biziaren erdia gainditu dugu; berde eta bero denekoaz gaindi gaude. Baina makurrena ez da gaztaroaz gaindi bizi dena. Metal goriaz zertzen da ezpata hotza. Badiote sumendi erre eta itzalietan muztio ona biltzen dela ere. Ez dugu hori gure onerako esaten, zioen beste batek bizikiago; zuen onerako diogu! Ez dugu eskatzen giza bihotzik. Haien bihotza behar baitugu, ez haien borondatea. Ez baita gure kontra, inondik ere, dena gure alde baita; zoroak, zuhurrak, xaloak eta jakintsuak, eta basakeriaren eta kulturaren bizioak eta bertuteak, alokatu gabe, gure zerbitzuan daude eta itsuka laguntzen dute gure helbururako... Bakarrik nahi genuke norbait ere horretaz gozatzea; horregatik mila laguntzaile itsuren artetik hoberenak bilatzen ditugu, haietarik laguntzaile bistadunak egiteko... Baina inork ez badu bizi nahi guk eraikitakoan, ez da gure errua eta ez dugu sentitzen. Geurea egin dugu. Inork ez badu bildu nahi guk goldatutakoan, zeinek leporatuko digu? Zeinek madarikatzen du zuhaitza, bere fruitua simaurrera erortzen bada? Askotan esan diot neure buruari, ustelari opa diok, baina, hala ere, neure eginbeharra amaitzen dut. Faltsuak dira!, oihukatzen zioten pareta guztiek nire zentzu sentikorrari. Niretzat, ke artean ito larrian egonda, kanporatzeko leihoak eta ateak botatzen dituenaren antzekoa zen; aire eta libertatearen hain egartsu bainintzen. Aurki ikusi zuten nire deserosotasuna eta joan ziren. Egunsentia zen, egondako jauregitik kanporatu nintzen. Goizeko airearen arnasa erredurazko zaurian baltsamo bat bezala sumatzen nuen. Jada aski koleratuta nengoen Alabandaren burlagatik, haren lagun misteriotsuen bidez hari buruz osoki mesfidatuta ez egoteko. Gaiztoa da, nioen; bai, gaiztoa da. Mugarik gabeko konfiantza erakutsi, eta halako jendeekin ibili... eta hori ezkutatzen. Niretzat, bere maitea puta batekin bizi dela enteratzen den emaztegaia bezalakoa zen. O, ez zen min horietariko bat, alegia, bihotzean, haur bat bezala, eramaten eta ilunpean urretxindorraren doinuarekin kantatzen den horietakoa! Belaun eta mehakan goiti igotzen den suge bat bezalakoa zen nire mina, gorputz adar guztiak inguratu eta orain bularrean eta orain lepondoan bere hortz pozoitsuak sartzen dituena; horrela hartzen ninduen bere besarkatze ikaragarrian. Nire bihotzik hoberenari laguntza eskatu nion; pentsamendu handiei buruz ahalegindu nintzen, lasai mantentzeko; lortu nuen istant batez, baina errabia handiagoa egin zen; orduan itzali nituen, sute bat bezala, maitasunaren txinparta guztiak neure baitan. Hala behar da, pentsatu nuen; hauek dira haren jendeak; hauekin elkartuta egongo da nire kontra. Baina zer nahi du niregandik? Zer bilatzen ahal du ni bezalako iluso batengan? O bere bidetik segitu izan balu! Baina atsegin zaie beren kontrarioa harrapatzea! Halako animalia bitxia ukuiluan izatea gustatzen zaie... Eta, hala ere, ezin esanezko poza eduki nuen harekin, askotan murgildu nintzen haren besarkadetan, gero garaitezintasun batekin esnatzeko; gogortu eta tenplatu egin nintzen haren suan, altzairua bezala! Behin, gauerdi baketsuan, dioskuroak erakutsi nizkion eta Alabandak, nire bihotz gainean eskua ezarrita, esan zuen: Izarrak dira soilik, Hyperion; zeruan anaiazko heroien izenak idatzitako letrak; gure baitan daude!, bizirik eta egiazki, beren balentia eta jainkozko amodioarekin, eta zu jainkoen semea zara eta zure hilezintasuna partekatzen duzu zeure Kastorekin... Beste behin, Idako basoak harekin zeharkatu eta haranera jaitsita, hil oroitarriei beren hildakoez galdetzeko asmotan, Alabandari esan nion haietariko bat Akiles eta haren maiteari dedikaturikoa litzatekeela, eta Alabandak aitortu zidan askotan haur bat bezalakoa zela eta uste zuela inoiz guda zelaian elkarren ondoan erori eta zuhaitz beraren azpian etzango ginela... Orduan nork pentsa zezakeen hau? Gogoetatu egin nuen neure izpirituaren indar guztiarekin; salatzen nuen, gero defendatu, berriro salatu are bortizkiago; neure pentsamenduei kontra egiten nien, eta lasaitu nahian iluntasun handiagoan suertatzen nintzen. Ai, nire begiak hainbat ukabilkarekin zaurituak izanda eta doi sendatzen hasiak... nola egingo lukete begirada osasuntsu bat? Alabandak bisitatu ninduen hurrengo egunean. Nire bihotzak irakiten zuen hura sartzearekin, baina eutsi nion neure buruari, haren harrokeriak eta lasaitasunak berotzen baninduten ere. Giro bikaina da, zioen azkenean, eta gaua ederra izango da; goazen elkarrekin akropolisera! Onartu nuen. Denbora luzez, ez genuen hitzik esan. Zer nahi duzu, galdetu nion azkenean. Zuk galdetzen didazu?, erantzun zuen gizonak, arimaraino sartu zitzaidan tristezia batekin. Hunkiturik nengoen. Zer pentsatu behar dut zutaz?, esan nuen. Hauxe, naizena..., erantzun zuen lasai. Desenkusa zaitez!, esan nuen ahots aldatu batekin eta harroki begiratu nion; desenkusa zaitez; garbitu zure burua! Gehiegi izan zen beretzat. Nolatan ote da, zioen koleraturik, honek tratatu nahi nauela bere nahikeriaren arabera? Egia da goizegi utzi nuela eskola; kate guztiak mugitu eta hautsi nituen; bat bakarrik falta zen, bat, apurtu gabea; sekula ez ninduen astindu nahikeria biltzaile batek... Kexa zaitez! Aski luzez isildu naiz! O, Alabanda! Alabanda!, oihukatu nuen. Isilik egon, erantzun zuen, eta ez erabili nire izena nire kontrako puñal bat bezala! Orduan niri ere nagusitu zitzaidan umore txarra. Ez ginen gelditu harik eta atzera egitea kasik ezinezkoa izan arte. Bortizki desegin genuen geure maitasunaren lorategia. Askotan isilik geratzen ginen eta mila bozkariorekin besarkatuko genukeen elkar, baina zoritxarreko harrokeriak ito egiten zuen bihotzetik etorritako amodiozko doinu oro. Agur, nioen eta lasterka abiatu nintzen. Oharkabean itzuli nintzen eta oharkabean bazetorren nire atzetik Alabanda. Ez al da egia, Alabanda, esan nion, hau eskale bitxi bat dela? Bere azken txanpona putzura botatzen du! Hala bada, goseak hil beza, zioen eta joan zen. Zalantzan segitu nuen aurrera, itsasora iritsi eta olatuei begiratu... Ai!, hara nahi zuen nire bihotzak, hara, eta nire besoek hegan nahi zuten itsasgorari buruz; baina segituan, zerutik etorria bezala, izpiritu kontsolagarria etorri zitzaidan eta bere makila lasaigarriaz antolatu zuen nire gogo eutsigaitza; isilik, kontsideratu nuen neure patua, neure munduaganako sinesmena, neure eskarmentu kontsolagaitza; gizakia hartu nuen gogoan, lehen gaztarotik, heziketa anitzetan barrena, egina neukan bezalaxe, eta orotan aurkitu nituen ahots faltsuak, motelak edo oihulariak; soilik haur mugatasun xaloan aurkitu nituen oraindik melodia garbiak... Hobe da, nioen neure baitan, erle bilakatu eta bere etxea eraiki errugabean, munduko nagusiekin batean nagusitu eta, otsoekin bezala, orroka aritu baino, eta jendeak menderatu eta halako gai zikinean eskuak zikindu baino. Tinara itzuli nahi nuen neure baratze eta alorretan bizitzeko. Irribarre egiten duzu! Niretzat larria da. Munduaren bizitza garapenaren eta itxiduraren txandakatzean baldin badatza, ateraldian eta bere baitarako itzuleran, zergatik ez giza bihotza ere? Irakaspen berria gogorra zitzaidan; gogoz kontra bereizten nintzen nire gaztetasunaren oker harrotik... Nork ebakitzen dizkio hegalak gogotik bere buruari? ...Baina, hala izan behar zen! Lortu nuen. Itsasontziratu nintzen. Mendiko haize fresko batek Esmirnako portutik atera ninduen. Lasaitasun miresgarri batekin, ondoko uneaz ezer ez dakien haur bat bezala, neure ontzian etzanda nengoen, eta hiri horretako zuhaitzak eta meskitak ikusten nituen, nire ibilaldi berdeak ertzean gaindi, nire akropoliserako bidexka; horixe ikusi eta uzten nuen urruntzen gero eta areago. Baina itsas handira iritsitakoan, dena hondoratzen zitzaidanean, hilkutxa hilobian bezala, orduan bihotza hautsiko balitzait bezala zen... O zeruak!, oihu egin nuen eta bizi osoa iratzarri zen nire baitan eta saiatu orainaldi iheskorra geldiarazten, baina urrun zegoen, urrun! Nire aurrean, laino bat bezala, zegoen paisaia zerutiarra: zelai librean zehar basahuntz bat bezala, luze eta zabal, neroni ibilitako haranak eta mendixkak. Neure bihotzaren oihartzuna lurreko iturri, erreka, urrun eta sakonean gaindi eraman nueneko paisaia. Tmolusetik ibilia nintzen errugabetasun bakartian; beheitixeago, lehen Efeso eta haren gaztetasun alaia egondako lekuan, eta gorago, Troia saindu eta tristean zehar Alabandarekin nenbilen, Alabandarekin, eta, jainko batek bezala, erreinatu egin nuen haren gainean, eta haur batek bezala, obeditu nion haren begiradari, bihotz alegera nuela, beti pozik, berdin haren zaldiaren kaprestuari eusten edota, nire gainetik joana, erabaki bikainetan eta gogoeta ausartetan, solasaldiaren suan, haren arimarekin topo egindakoan. Eta orain amaitu zen; orain ez nintzen ezer; erremediorik gabe dena galduta neukan; gizakien artean pobreena egin nintzen eta neronek ez nekien nola. O betiereko okerkuntza!, nioen neure baitan; noiz libratuko da gizakia bere kateetatik? Geure bihotzaz, geure asmoez, mintzo gara, geureak balira bezala, eta, hala ere, botere arrotz bat da, berak nahi bezala lurreratzen eta hobira botatzen gaituena, hartaz ezer ez dakigularik, ez noiz datorren ezta nora doan ere. Handitu nahi dugu eta gorantz zabaldu geure enborrak eta adarrak, baina lurrak eta ekaitzak garamatzate norabait eta tximistak kaskoan jo eta erroraino arrailtzen zaituenean, zuhaitz gaixoa!, zer zaizu? Hala pentsatzen nuen. Haserretzen zara, nire Bellarmino? Oraindik besterik entzun beharko duzu. Hau, adiskidea, tristea da gure izpirituak bihotz galduaren itxura hain gogotik hartzen duela, hain gogotik eusten diola tristezia iragankorrari, non minak sendatu beharko lituzkeen pentsamendua bera gaixotzen baita, eta landatu beharko lituzkeen arrosondoetan lorazainak bere eskua zauritzen baitu. O! Horrek eragin du gizaki asko, Orfeo bezala, bestela haien mendekoak izango liratekeenek erotzat hartuak izatea. Horrek askotan eragin du naturarik nobleenak kalean zehar ibilitako jendeen burlagai izatea. Horixe da zeruko faboritoen burkaitza, haien maitasuna boteretsua eta hauskorra dela, haien izpiritua bezala; haien bihotzaren olatuak bortizkiago eta agudoago mugitzen direla itsas jainkoak haiek erabiltzeko daukan hiruhortza baino, eta horregatik, maitea, ez bedi inor bere buruaz harro. Hyperionek Bellarminori Entzun dezakezu, adituko duzu, neure tristezia gaixo luzeaz kontatzen badizut? Har nazazu ematen naizen bezala eta pentsa ezazu hobe dela hiltzea bizi izan delako, ezen ez bizitzea sekula bizi izan ez delako! Ez izan sufritzen ez dutenenganako inbidiarik; zurezko idoloak, ezeren eskas ez direnak, haien arima hain pobrea baita; euria eta eguzkiaren eske ez dabiltzanak, ez baitute zertaz arduratzeko ezer. Bai! Bai! Oso erraza da pozik eta lasai egotea bihotz idor eta gogo mugatuarekin. Arrazoi duzue: nor harrituko da zurezko jomuga kexatzen ez bada azkonak jotzean, eta pertz hutsak hain motel baderauntso batek paretaren kontra botatzean? Etsi egin behar duzue, jende maiteak, isilik miretsi behar duzue, ez baduzue konprenitzen ez baduzue besteak hain pozik eta askietsiak ez badira, ez jarraitu zeuen jakinduria lege egiten, zeren munduaren azkena bailitzateke, obedituko balitzaizue. Tinan bizi nintzen oso lasai eta xaloki. Munduko itxurak uzten nituen pasatzen, udazkeneko lainoa bezala, eta, inoiz ere, begi bustiekin irribarrez ari nintzen neure bihotzari buruz, haiek dastatu nahian hegan joan nahi baitzen, txoriak uso pintatuaren atzetik bezala. Eta horretan ere, lasai eta baketsu nengoen. Eta gogotik uzten nion bakoitzari bere iritzia, bere bizioa. Konbertituta nintzen baina ez nuen inor konbertitu nahi; bakarrik tristatzen ninduen jendeak uste izateak nik haien itxurakeriak ukitu gabe uzten nituela zeren beraiek bezainbat baloratu bainituen. Ez nuen nahi haien ergelkerien mendean egon, baina saiatzen nintzen arretaz tratatzen, ahal nuenean. Haien poza da, pentsatzen nuen; horretaz bizi dira! Askotan atsegin nuen parte hartzea, eta gogorik gabe eta entusiasmorik gabe banintzen ere, inor ez zen ohartzen, inork ez zuen ezer eskas sumatzen, eta barkatzeko esan izan banu, harrituta geldituko ziratekeen eta esango zuketen: zer egin diguzu? Errespetutsuak! Askotan, goizean leiho parean egonda eta egun langilea zetorrela ikusita, istant batez neure buruaz ahaztu ahal nintzen eta iruditu zerbait egin nezakeela, neure izateak bere atsegina izango lukeen zerbait, lehen bezala, baina hozten nintzen eta sentitzen nintzen bere ama hizkuntzaren hitz bat, konprenitzen ahal den herri batean, eskapatu zitzaion norbait bezala... Nora ote zoaz, nire bihotza?, esaten nion neure buruari arrazoigarriki eta obeditzen nuen. Zergatik desiratzen du gizakiak hainbat?, galdetzen nuen askotan; zer dagi amaigabeak giza bularrean? Amaigabea? Non da? Zeinek aurkitu du? Ahal baino gehiago nahi du! Egia ahal da! O! Askotan frogatu duzu. Eta beharrezkoa da, den bezala ere. Horrek egiten du hark nahi lukeen bezala jariotzen ahal ez den indar baten sentimendu goxoa; horrek sortzen ditu hilezintasunaren amets ederrak eta gizakia liluratzen duten fantasma miresgarri eta kolosalak ere; horrek sortzen dizkio gizakiari bere paradisua eta jainkoak, hain justu bere bizitzaren marra ez baitoa zuzen, azkon bat bezala, eta botere arrotz bat erortzen baitzaio iheslariari bere bidean. Bihotzeko olatuak ez lirateke apar eta izpiritu bilakatuko, haitz mutu zaharrak, patuak, kontra egingo ez balie. Baina, horrekin ere, hiltzen da bultzada gure bularrean eta, horrekin, gure jainkoak eta haien zerua. Lotan dagoen sehaska ilunetik, sua goratu ohi da itxura alaietan, eta haren garra goititzen eta erortzen da, eta hausten da, eta berriro bihurdikatzen da pozik, bere gaia ahitu arte; orduan kea botatzen du, borrokan dihardu eta amatatzen da. Gelditzen dena hautsa da. Halakoxea da gurekin. Hori da jakintsuek beren misterio erakargarri eta ikaragarrietan kontatzen digutena. Eta zuk? Zer galdetzen duzu? Inoiz zure baitan zerbait sortzea eta, hilzorian den norbaiten ahotsa bezala, zure bihotza hain bortizki irekitzea eta ixtea, hori seinale txarra da. Egon lasai eta utzi pasatzen! Ez gehiegi landu! Ez saiatu, haur bat bezala, hatz bat gorago izaten! Hori da eguzki bat egin nahi bazenu bezala eta harentzat ikasle berriak, lur eta ilargi bat. Halaxe ari nintzen ametsetan. Pazientziarekin despeditzen nintzen gauza guztiez... O nire garaikideak! Barrenean akabatzen zaretenean, ez galdetu zeuen medikuei ezta apezei ere! Handia den ororenganako fedea galdu duzue; beraz, fede hori itzultzen ez bada, alde egin behar duzue, zeru arrotzetako kometa batek bezala. Hyperionek Bellarminori Bada existentzia ororen ahanztura bat, gure izatearen mututze bat, dena aurkitu izan bagenu bezalakoa. Bada mututze bat, existentzia ororen ahanztura bat, dena galdu izan bagenu bezalakoa, gure arimaren gau bat, ezein izarren distirarik gabea, egur ustelik ere argitzen ez gaituena. Lasaiago nintzen. Ezerk ez ninduen iratzartzen gauerdian. Ez nintzen erretzen neure garrean. Neure buruaren aurrean nengoen isil eta bakarrik eta ez nion begiratzen iraganari ezta etorkizunari ere. Ez hurbilekoa ez urrunekoa ere, ez ziren nire zentzuan sartzen; ez baninduten begiratzera bortxatzen, gizakiak ere ez nituen ikusten. Mende hau agertzen zitzaidan Danaideen kupela ezin betezkoa bezala eta nire arimak, bere maitasun xahutzailean, hutsuneak bete nahi zituen. Orain ez nuen hutsunerik ikusten, ez ninduen jada biziaren asperdurak zapaltzen. Orain ez nien loreei esaten: nire arreba zara!, ezta iturriei ere: espezie berekoak gara! Oihartzuna bezain fidela, gauza bakoitzaren izena nioen. Ertz idorretan barrena doan ibaiaren pare, sahats hostorik islatu gabe, halaxe pasatu zen nire aurretik mundu edertu gabea. Hyperionek Bellarminori Ezer ezin da gizakia bezainbat handitu eta hondoratu. Bere sufrikarioa konparatzen du askotan amildegiaren gauarekin eta bere zoriona eterarekin, eta zeinen gutxi dioen horrekin! Baina ezer ez da heriotza luzearen ondotik haren baitako egunsentiaren etorrera baino ederragorik eta mina, anaia bezala, bidera ateratzen zaio urrunetik etorritako pozari. Zeruko abisua izan zen udaberriaren etorrera agurtzea! Aire isilean maitearen liraren hotsa bezala, derauntsote melodia mantso haiek nire bularrean, Eliseotik etorriak bezala; asmatzen nuen haren etorkizuna adar ihartuak mugitzearekin eta haizeñoak nire aurpegi masailak ukitzearekin. Joniako zeru onuragarria! Inoiz ez nintzen zurekin hain lotua, baina inoiz ere ez zen nire bihotza hain zure parekoa, josteta goxo eta lasaietan... Nork ez du desiratzen maitasunaren eta ekintza handien poza, udaberria zeruko begietara eta lurreko bularretara itzultzen denean? Gaixotasunezko ohetik bezala jaiki nintzen, mantso eta isil, baina hain esperantza sekretuak zeuzkan bihotzak non ahaztu bainuen galdetzea horrek zer esan nahi zuen. Lotan, amets goxoagoek besarkatzen ninduten eta, esnatzean, bihotzean neuzkan, maitearen aurpegi masailean emandako musuaren antzera. O, egunsentiko argia eta biok elkarrengana joaten ginen, oraindik urrunxe dauden baina besarkatzeko une hurbila jada ariman daukaten errekontziliaturiko lagunak bezala. Zinez ez ziren begiak lehen bezala irekitzen, armatuak eta indarrez beteak; mesedez moduan eskatzen zioten biziari, baina barrenean sentitzen nuen berriro lehengoa, eta hobea, izaten ahal banu bezala. Jendea ikusten nuen egiazki haien artean poztu eta ekin beharko banu bezala. Bihotzez batzen nintzen nonahi. Zerua! Zeinen poz gaiztoa, ikusita lehengo harroa haiek bezalako bat bilakatu zela! Nolako txistea, goseak basoko oreina oilategian barrena lasterkaraztea! Ai! Neure Adamas bilatzen nuen, neure Alabanda, baina batere ez agertzen. Azkenean, Esmirnara idatzi nuen, eta izan zen, idazteko istantean, giza minberatasun eta botere guztia bildu banu bezala; halaxe idatzi nuen hiru aldiz, baina erantzunik ez; erregutu, mehatxatu, oroitarazi egin nuen maitasunaren eta ausartziaren ordu guztietan, baina ahaztezinaren eta heriotzaraino maitatuaren partetik erantzunik ez... Alabanda!, deitzen nuen; o nire Alabanda! Kondenatu egin nauzu. Zuk sostengatzen ninduzun; nire gaztetasunaren azken esperantza zinen! Orain ez dut ezer nahi, orain sakratua eta jakina da! Hildakoak deitoratzen ditugu, heriotza sentituko balute bezala, eta hildakoek bakea dute. Baina min konparaezina erabateko suntsipenaren sentimendu etengabea da, gure bizitzak bere esanahia horrela galtzen duelarik, bihotzak bere buruari diotsolarik: hireak eginda, ezer ez duk hitaz gelditzen; ez duk lorerik landatu, ez duk etxolarik eraiki, ezertaz ezin duk esan: arrasto bat uzten diat lur gainean. Ai! Eta arima desiraz beterik dagoke, hain etsitua denean! Zerbaiten bila nenbilen baina, gizakien aurrean, ez nintzen ausartzen begiak goratzera. Batzuetan, haut baten irriak izutzen ninduen. Hala ere, gehienetan isila eta pazientziaduna nintzen. Askotan gauza batzuen indar sendatzailean sinesten nuen: erositako uso bat, txalupazko bidaia, mendiek ezkutaturiko haran bat... Haiengandik espero nuen kontsolamendua. Aski! Aski! Temistoldesekin batean handitu izan banintz edo Eszipionen artean bizi, segur aski nire arimak ez zukeen sekula bere burua alde honetarik ezagutuko. Hyperionek Bellarminori Batzuetan, oraindik mugitzen zen nire baitan izpirituzko indar bat. Baina soilik suntsigarria! Zer da gizakia?, has ninteke. Nola ote da halakorik munduan? Kaos batek bezala diraki edo usteltzen da zuhaitz ihartuaren pare, eta inoiz ez da garatzen ondu arte? Nola pairatzen du naturak honelako alferra bere mahats mordo goxoen artean? Landareei esaten die: inoiz izan nintzen zuek bezalakoa! Eta izar garbiei: zuek bezalakoa izan nahi dut beste munduan! Anartean bere burua apurtzen du eta bere abileziaz baliatzen da bere buruarekin, disolbatua berriro, bizidunarekin elkartzea, igeltsero moduan, posible balitzaio bezala. Baina ez da nahasten bere ekintzarekin ezer hobekitzen ez bada. Bertan egindakoa beti artelana da. O gaixoak, hau sentitzen duzuenak, giza patuaz mintzatzea gustatzen ez zaizuenak, gure gainean menderatzen den ezerezak hartutakoak; erabat etsituak ezerezerako sortuak garela, ezereza maitatzen dugula, ezerezean sinesten, ezerezerako lanean, ezerezean galtzeko... zer egin dezaket belaunak dardara egiten badizue hori serioski pentsatzean? Ni ere murgildutakoa naiz gogoeta horretan eta oihu egin dut: zergatik ezartzen didazu aizkora erroan, izpiritu krudela? Eta oraindik hemen. Lehen, ilunpeko anaiok, besterik zen. Gure gainean ederra, hain ederra, eta gure aurrean poza; bihotz hauek gainditzen zituzten urruneko fantasma sainduak eta gure izpirituak jaiki eta mugaz haratago joan ziren, eta, inguruari begiratuta, ai, amaigabeko hutsa zen. Belauniko jar naiteke, eskuak bildu eta erregutu, nori?, beste pentsamendurik edukitzea. Baina ezin dut menderatu egia oihularia. Ez al dut neure burua bi aldiz konbentzitu? Biziari buruz begiratuta, zer da ororen azkena? Ezer ez. Izpirituan goratuta, zer da ororen gorena? Ezer ez. Baina lasai, bihotza! Xahutzen duzu zeure azken indarra! Zeure azken indarra? Eta zuk nahi diozu zeruari eraso? Non dira zure ehun besoak, Titan, non zure Pelion eta Ossa, zure eskalak jainkoen aitaren gaztelua igotzeko, jainkoa bera eta jainkozko mahaia eta Olinpoko mendiburu hilezinak botatzeko eta hilkorrei predikatzeko: «egon behean, istantaren umeak, ez ahalegindu altura hauetara etortzen, hemen ez baita ezer». Utzi besteen gain menderatzen duena kontsideratzeari. Zeuretzat zeure irakaspen berria. Zure gainean eta aurrean hutsa eta desertua da, zure baitan hutsa eta desertua delako. Ni baino aberatsagoak bazarete, zuek, bestelakook, laguntzen ahal duzue apur bat. Zuen lorategia lorez hain beterik bada, zergatik ez nau pozten haien urrinak ere? Jainkotasunaz hain beterik bazarete, aski duzue nik edateko ere. Bestetan ez dabil inor eskas, ezta pobreena ere. Baina batek bakarrik baitu festa zuen artean, Herioa da hori. Beharra, beldurra eta gaua dira zuen bihotzak. Horiek bereizten zaituztete eta joka elkarretarazten. Goseari maitasuna deitzen diozue eta ezer gehiago ikusten ez duzuen lekuan, hor bizi dira zuen jainkoak. Jainkoak? Maitasuna? O, poetak zuzen dabiltza, ezer ez da hain txikia eta eskasa berarekin entusiasmatu ahal ez izateko. Halaxe uste nuen. Horiek oro nolatan gogoratu zitzaizkidan oraindik ez dut ulertzen. Hyperion |