Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

LEHEN ATALA

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Urteko arorik ederrenean bizi ginen Atikatik itzuli eta gero. Udazkena izan zitzaigun udaberriaren anaia, su goxoez beterik, festa aro bat maitasunean iragandako pozen oroipenak eta minak biltzeko. Hosto zimelduek ilunabarreko koloreak zituzten; soilik pinuek eta erramuek segitzen zuten betiereko berdean. Hegazti ibiltariak sakabanatzen ziren mahasti eta baratzeetan zehar eta gizakiek utzitakoa pozik biltzen zuten. Zeruko argia ozenki zebilen aire zabalean; adar guztien artetik eguzkia, eguzki sakratua, ona, inoiz pozik eta esker onik gabe aipatzen ez dudana; askotan begirada batekin sendatu nau minik sakonena eta nire arima kezkatik eta desanimutik garbitu.

        Berriro bisitatzen genituen geure bidexka faboritoak, Diotimak eta biok, orotan egiten genuen topo desagerturiko ordu zoriontsuekin.

        Oroitzen ginen joandako maiatzaz; geure irudiko, sekula ez genuen lurra ikusi orduan bezala. Antzaldatua zirudien, zilarrezko loreen hodei bat, amodiozko gar gozagarri bat, gai oztopagarri guztiez garbirik.

        Ai! Atseginez eta esperantzaz hain beterik zen, zioen Diotimak, adiezinezko gorapenez beterik eta, era berean, ahaleginik gabea, bere buruarekin jostetan den haur bat bezala, beste ezertan pentsatu gabe.

        Horretan, esan nuen, ezagutzen dut naturaren arima; su isil horretan, bere lehia ahaltsuan den zalantza horretan.

        Eta zalantza hori maite dute zoriontsuek, zioen Diotimak, badakizu? arratsalde batez, zubian geunden, ekaitz bortitz baten ondoan, eta errekako ur gorriak zihoazen gure azpitik; basoa lasai berdatzen zen eta pago hosto argiak doi mugitzen ziren. Ongi egin zigun arimaz beteriko berdeak ihes ez egiteak ere, errekak bezala, eta udaberri ederrak isilik eutsi zigun, preso den txoriaren moduan... Baina orain mendietan da.

        Irri egin genuen hitz horrekin, tristezia gugandik hurbil egon arren.

        Horrelaxe joango zen gugandik geure zoriontasuna; aurretik ikusten genuen.

        O Bellarmino! Nork esan dezake seguru dagoela, ederra bera hain berea den patuaren kontra ontzen denean, jainkozkoak ere umiliatu behar duenean bere burua eta hilkortasunean parte hartu hilkor guztiekin?

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Oraindik egon nintzen neska xarmantaren atarian, gauaren argia ilunabarrean agertu arte; orduan joan nintzen Notararen etxera, pentsakor, bizi heroikoaz beterik, haren besoetarik atera nintzen aldioro bezala. Alabandaren gutun bat iritsi zen.

        Dena astintzen da, Hyperion, idatzi zidan; Errusiak gerra aldarrikatu dio Turkiari; flota bat dator irletara; grekoak libre geldi daitezke, altxatzen badira eta sultana Eufrateseraino bidaltzen badute. Grekoek egin beharrekoa egingo dute, grekoak libre izango dira eta pozten naiz izugarri zerbait egiteko dudalako. Ez nuen egunik ikusi nahi, gauzak horraino ez iritsi artean.

        Lehengoa bazara, etorri! Koron aurreko herrian aurkituko nauzu, Ministrako bidetik etorrita. Mendian bizi naiz, basoko baserri zurian.

        Esmirnan, nire etxean, ezagutu zenuen jendea utzi dut. Arrazoia zenuen, zeure sen fin horrekin, haien zirkuluan ez sartzeko.

        Irrikaz nago ea bizimodu berri honetan elkar ikusten dugun. Zuretzat txarregia zen mundua zeure burua ezagutzera emateko. Morroi lanik ez baitzenuen egin nahi, ez zenuen ezer egiten, eta ezer ez egiteak triste eta ameslari egin zintuen.

        Ez zenuen aintziran igeri egin nahi. Etorri orain, etorri, eta baina gaitezen itsaso handian!

        Horrek ondo egingo digu, nire adiskide bakarra!

        Halaxe idatzi zuen. Lehen momentuan, hunkiturik nengoen. Lotsaz erretzen zitzaidan aurpegia; bihotzak irakin egiten zuen, iturri beroek bezala; ezin nintzen geldirik egon, hainbat min egiten baitzidan Alabandak ni gainditu izanak, gainditu betiko. Baina gogotsuago hartu nuen bihotzean etorkizunaren lana...

        Alferregi bihurtu nauk, nioen neurekiko, baketsuegi, zerutiarregi, bigunegi!... Alabanda munduari begira egonez, lemazain noble bat bezala. Alabanda ausarta duk eta olatuan bilatzen dik bere emaitza; eta hik eskuak magalean lotan eduki? Hitzekin aski duk, hitz magikoekin mundua konjuratu nahi duk? Hire hitzak elur malutak bezalakoak dituk, hutsalak; airea uhertu egiten ditek, eta hire hitz magikoak sinesleentzat dituk; sinesgogorrek ez haute aditzen... Biguna izatea bere denboran ederra bada, destenorez itsusia duk, koldarra delako! Harmodio! Hire mirtoa bezalakoa izan nahi nikek, ezpata ezkuturik zeukan mirtoa bezalakoa. Ez diat nahi alferrik geldi egon izana; nire loak izan beharko dik olioa bezalakoa, garra hurbiltzen denean. Ez diat begira egon nahi ekiteko tenorean; ez diat nahi bueltaka ibili eta zer berri ote den galdetu, Alabandak erramua lortzen duenean.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Diotimaren zurbiltasunak, Alabandaren gutuna irakurrita, hunkitu egin ninduen. Lasai eta serioski hasi nintzen eman beharreko pausotik ni desbideratzen. Alde eta kontra mintzatu ginen. Zuek bortitzok!, zioen azkenean, beti muturretan zaudete; pentsa ezazue Nemesisgan!

        Neurriz kanpo pairatzen duenari neurriz kanpokoa komeni zaio, esan nuen.

        Zuzen bada ere, zioen, ez zara horretarako jaioa.

        Hala dirudi, esan nuen, baina luze itxaron dut. Atlas baten zama eramango nuke neure gaztaroko hutsak garbitzeko. Kontzientzia al dut? Iraupena? Utz nazazu Diotima, orain, zeregin honetan, lortuko ditut...

        Harrokeria hutsa!, oihu egin zuen Diotimak; orain berriki umilago zinen, ikasteko bidaiatu egin behar zenuela esan zenuenean.

        Sofista maitea!, erantzun nuen; beste zerbaiti buruz ari ginen. Nire herria Olinporaino gidatzeko ez nago prest. Baina ikasi dut ezpata erabiltzen, gehiagorik ez dut behar. Izpirituen elkargoak behar du toki bat, edertasunaren teokraziak behar du estatu libre bat lur honetan; guk konkistatuko diogu.

        Konkistatu eta ahaztuko duzu zertarako, zioen Diotimak. Kasurik hoberenean, estatu libre bat lortu eta orduan esan: zertarako eraiki dut? Borroka basak suntsituko zaitu, o arima ederra; zahartu egingo zara eta azkenean galdetu: non zarete gaztaroko idealak?

        Hori krudela da, Diotima; ni neure heriotza beldurrei lotzea, nire bizitzeko gogoei, baina ez!, ez! Ez! Esklabotza hiltzen du, baina gerra zuzenak biziarazten du arima. Urrea sutara botatzeak eguzki kolorea ematen dio! Gizakiari bere gaztetasun osoa ematen diona estekak haustea da... Zahartuko ote naiz, Diotima, Grezia askatzen badut? Zaharra, pobrea, besteak bezalako bat bihurtu? Orduan, bakarrik eta jainkorik gabe ote zen Maratongo garai-mezua eramanez Pentelikoko burura iritsi zena?

        Maitea! Maitea!, zioen Diotimak, lasai zaitez; ez dizut gehiagorik esango. Joan behar duzu, gizon noblea! Ai! Horrela zarenean, ez dut zure gaineko botererik!

        Saminki egiten zuen negar, eta kriminal bat bezala sentitzen nintzen haren aurrean. Barkatu, neska jainkozkoa! Barkatu, ez dut hautatzen, ez dut pentsatzen. Nire baitako indar batek narama pausoa ematera; ez dakit neroni ote naizen!

        Zure arima osoak agintzen dizu, erantzun zuen. Ez obeditzeak askotan hondamenera darama, baina obeditzeak ere bai. Hoberena joatea da, zeren handiagoa baita. Ekin; nik soportatuko dut.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Handik aurrera, Diotima osoki aldatu zen.

        Pozik ikusi nuen nola, gure maitasunaz geroztik, haren bizitza isila agertzen zen begirada eta hitz amultsuetan, eta haren lasaitasun jeniala entusiasmo distiratsuan azaltzen zitzaidan.

        Baina zeinen arrotz egiten zaigun arima noble bat, lehen loratze ondoan eguerdiko altuerara goratzen denean! Kasik ezezaguna zen, hain maiestatikoa eta minkorra egin baitzen.

        Haren baitan, hertsiegi izanez hainbat desira eta minentzat, gogoetak altu eta ausart bihurtu ziren. Dena menderatzen zuen botere bat, handitasun bat, erreinatzen zen bere baitan. Goi izaki bat zen. Jada ez zen gizaki hilkorren espeziekoa.

        O ene Diotima, nola asma nezake zertan amaituko litzatekeen dena?

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Notara zuhurra liluraturik zegoen egitasmo berriekin; prometatu zidan alderdi sendo bat. Espero zuen aurki Korinto konkistatzea eta gero Grezia osoa. Baina patuak besterik nahi zuen eta bere lana alferrik galdu zen, helburura iritsi aurretik.

        Aholkatu zidan Tinara ez joateko, baizik eta Peloponesora joan eta nabarmendu gabe egoteko. Ez idazteko aitari, zeren errazago barkatuko bailuke emandako pausoa, egin beharrekoa baino.

        Azkena ez zen zuzena, nire irudiko, baina helburu handi baten aurrean gogotik ahanzten ditugu sentimenduak.

        Dudatzen dut, segitu zuen Notarak, aitaren laguntza izango duzunik halako kasuan. Horregatik emango dizut behar duzuna bizitzeko eta ekiteko. Ahal duzunean, itzuliko didazu; bestela, nirea zurea ere izan zen. Ez lotsatu diruagatik, gehitu zuen irribarretsu; Feboren zaldiak ez dira airetik bizitzen, poetek kontatzen diguten bezala.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Iritsi zen agurraren eguna.

        Goizean, egon nintzen Notararen baratzean, neguko aire hotzean, zipres eta zedro beti berdeen azpian. Prest nintzen. Gaztetasunaren indarrek mantentzen ninduten eta aurrez pentsaturiko minak areago goratzen ninduen.

        Diotimaren amak erregutu zigun azken eguna beraiekin eta lagun guztiekin pasatzeko. Adiskide haiek poztu ziren Diotima eta biongatik, gure maitasunean zerbait jainkozko bazela ohartuz. Orain gure bereizketa ere benedikatu behar zuten.

        Jaitsi eta neska preziatua sutondoan aurkitu nuen. Etxe zainketa iruditzen zitzaion zeregin sakratu eta sazerdotala. Etxe osoa edertu zuen, inoren laguntzarik gabe, baratzeko lore, arrosa eta mahats mordoekin, urtaroa aski aurreratua bazen ere.

        Nire pausoak ezagutu eta bidera atera zitzaidan; aurpegi masailetan ageri zen sutondoko distira, eta begiak argitzen ziren malkoengatik. Ohartu zen hunkiturik nengoela. Sartu, maitea, zioen; ama barrenean dago eta ni heldu naiz segituan.

        Sartu eta emakume noble hark eskua luzatu zidan. Etorri, etorri, semea; haserretu beharko nuke zurekin: umea kendu didazu, arrazoi osoa ukatu didazu eta, nahi duzuna eginez, orain bazoaz; baina barka ezazue, o zeruko botereok, arrazoirik ez badu, eta, baldin badu, eman zalantzarik gabe zuen laguntza!

        Mintzatu nahi nuen baina Notara agertu zen beste lagunekin eta, haien ondotik, Diotima.

        Isilik egon ginen bolada batez. Ohoratzen genuen geure baitan zegoen amodiozko tristezia. Azkenean, Diotimak erregutu zidan Agis eta Kleomenesi buruzko zerbait kontatzea; askotan aipatzen nituen arima handi horiek debozio sutsuaz, Prometeo bezalako erdi jainkoak zirela eta haien borroka beste mito ospetsuak bezain ohoragarria zela esanez. Gizon horien jeinua egun grekoaren ilunabarra izan zen, Teseo eta Homero egunsentia izan ziren bezala. Kontatu nuen, bada, eta azkenean guztiok sentitzen ginen sendo eta altuagoak.

        Dohatsua, zioen lagunetariko batek, bere bizitza bihotzaren poztasun eta borroka freskoen artean ematen duena.

        Bai!, esan zuen beste batek; betiereko gaztetasuna da beti indarrik aski jokoan mantentzea eta atseginean, baita lanean ere, osoki irautea.

        O, zurekin joan nahi nuke, esan zidan Diotimak.

        Ongi da zu gelditzea ere, Diotima!, esan nuen; sazerdotisa ez da tenplutik urrundu behar. Zuk zaintzen duzu gar sakratua; isilpean gordetzen duzu edertasuna nik berriro aurkitzeko zure baitan.

        Arrazoi duzu, maitea; hobe da, zioen, eta bere ahotsa durundatzen zen, begiak eta malkoak zapiaren atzean ezkutatzen zituelarik, bere hunkipena ez erakusteko.

        O, Bellarmino, bihotza urratzen zidan ni haren nahasmenduaren kausa izateak. Lagunok!, oihukatu nuen; gorde iezadazue aingeru hau. Ez dakit ezertaz, bere berririk ez badut. O zerua!, ezin dut pentsatu zertaratuko nintzatekeen hau galduko banu.

        Lasai, Hyperion!, eten zidan Notarak.

        Lasai?, oihukatu nuen; o jende ona! Zuek kezkatzen ahal zarete zeuen lore eta uztarengatik, otoi egin dezakezue zeuen mahats bilketagatik eta nik joan behar dut nire arimak adoratzen duen bakarrari buruz neure desirak esan gabe?

        Ez, adiskidea!, zioen Notara, hunkiturik; ez! Desira, esan gabe ezin zara bereizi! Ez, zuen maitasunaren errugabetasun jainkozkoagatik! Baduzue, jakina, nire bedeinkapena.

        Horrekin oroitarazten didazu, esan nuen agudo, ama preziatuak ere bedeinkatu behar gaituela... Etorri, Diotima; gure esteka saindutu egin behar du zure amak, harik eta espero dugun partzuergo ederrak bat egin gaitzan arte.

        Belauniko jarri nintzen eta, begiak zabalik, gorriturik, irribarre poztu batekin, hura ere belauniko jarri zen nire ondoan.

        O natura, esan nuen, gure bizitza aspaldian zurekin bat eginik da, eta gure mundua, maitasunaren bidez, zu eta zure jainkoak oro bezala, zerutiarki gaztea da.

        Zure basoetan barrena genbiltzan, segitu zuen Diotimak, eta zu bezala ginen, zure iturrietan eserita, eta zu bezala ginen, mendietara igota, eta zu bezala ginen, zure umeekin, izarrekin, zu bezala.

        Elkarrengandik urrunduta, nioen, gure entusiasmoek lira baten moduan hots eginez, elkarrekin topo eginda, bizitzaren soinuek erauntsiz, natura jainkozkoa! Orduan beti ginen zu bezala, eta orain ere, bereizten ari garelarik eta poza hiltzen doanean, zu bezala gara, penaz beterik eta, hala ere, ongi, eta horregatik aho garbi batek lekukotasuna eman behar digu gure maitasuna saindua eta betierekoa dela, zu bezala.

        Lekukoa naiz, zioen amak.

        Lekukoak gara, oihu egiten zuten besteek.

        Hitz bat gehiago soberazkoa zen guretzat. Bihotza sekula baino altuago sentitzen nuen; agurrerako prest sentitzen nintzen. Orain abiatu nahi dut, lagunok, esan nuen, eta bizitza desagertu zen aurpegi guztietarik. Diotima zutik zegoen marmolezko estatua bat bezala, haren eskua hiltzen ari zelarik nirean. Dena hil nuen neure inguruan; bakarrik nengoen eta zorabiatzen nintzen mugarik gabeko isiltasunaren aurrean, nire bizitza gainditzaileak jada batere oinarririk ez baitzuen aurkitzen.

        Ai!, oihu egin nuen; bihotza erretzen zait eta zuek hotzak zarete, lagunok! Eta soilik etxe honetako jainkoek entzuten didate... Diotima...! Isilik zaude, ez duzu ikusten...! Hainbat hobe zuretzat, ez baituzu ikusten!

        Zoaz, esan zuen hasperen batean; hala behar du; zoaz, bihotz maitea!

        O ezpain delizioso horien doinu goxoa!, oihu egin nuen eta otoiz dagien baten moduan gelditu nintzen estatua liluragarriaren aurrean... Doinu goxoa! Arnasa egidazu berriro, argi ezazu berriro, begien argi maitea!

        Ez mintzatu horrela, maitea!, zioen berak; mintza zakizkit serioskiago, mintza zakizkit bihotz gehiagorekin!

        Eutsi nahi nion neure buruari, baina ametsetan bezala nengoen.

        Ai ene!, oihukatu nuen; hau ez da itzultzeko agurra.

        Hil egin behar duzu, zioen Notarak. Begira hura zeinen lasai den eta zu zeure buruaz kanpo.

        Begiratu nion eta malkoak erori ziren nire begi erreetatik.

        Agur, Diotima!, oihu egin nuen; nire amodioaren zerua, agur! Izan sendo, lagun maiteak! Ama maitea!, poza eta mina eman nizun. Agur! Agur!

        Atera nintzen balantzaka. Diotimak bakarrik jarraitu zidan.

        Arratsa zen eta izarrak igotzen ari ziren zerura. Isilik egon ginen etxe aurrean. Betierekotasuna gure gainean eta gure baitan zen. Eterra bezain xamur, Diotimak besarkatu ninduen. Zoraxka hori, zer da bereiztea? xuxurlatu zidan misterioz beterik, hilezin baten irribarrearekin.

        Orain besterik sentitzen naiz, esan nuen, eta ez dakit bietariko zein den ametsa: nire mina ala nire zoriontasuna.

        Biak, erantzun zidan, eta biak dira onak.

        Perfektua!, nioen; zu bezala mintzatzen naiz. Zeru izartsuan ezagutuko dugu elkar. Hura izan dadila gure arteko seinalea, ezpainak mutuak direnerako.

        Hala bedi!, esan zuen mantso eta sekula entzun ez nion doinuaz..., haren azkena. Ilunabarrean desagertu zen eta ez dakit hura ote zen ikusitako azken irudia, nire begietan dar-dar egin eta gauean ezabatu zena.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Zergatik kontatzen eta errepikatzen dizut nire sufrikarioa eta berpizten dut neure baitan gaztaro kezkatia? Ez al da aski behin hilkortasunaren barrena ibiltzea? Zergatik ez nago isilik nire izpirituaren bakean?

        Zeren, ene Bellarmino, biziaren arnasa bakoitzak balio baitu gure bihotzarentzat, zeren natura garbiaren antzaldatze guztiak bere edertasunarenak baitira. Esperientzia hilkorrik gabe eta bake sainduan bizitutakoa, ez al da gure arima adarrik gabeko zuhaitza, kizkurrik gabeko burua? Bellarmino maitea, egon naiz lasai aldi batez; haur bat bezala bizi naiz Salamiseko mendietan; patuaz eta giza nahiez ahantzi naiz.

        Geroztik gauza asko aldatu dira nire begi aurrean eta bakerik aski daukat edozein giza modutan bizi ahal izateko. Adiskidea! Azkenean izpirituak adiskidetu egiten gaitu ororekin. Ez duzu sinetsiko, nitaz ez behintzat. Baina uste dut nire gutunetan sumatuko duzula nola nire arima lasaituz doan eta isiltzen. Eta hainbat aldiz esan dizut non, azkenean, sinetsi egingo baituzu.

        Hona Diotima eta biok Kalaureatik nire abiatze ondoan idatzitako gutunak. Konfiatzen dizudan preziatuena dira. Nire bizitzako egun haien irudirik beroena. Gutxi esango dizute gerrako hotsaz. Askoz gehiago, ordea, nire bizitzaz, eta hori da nahi duzuna. Ai, ikusiko duzu zeinen maitatua nintzen. Ezin nizuke sekula esan; Diotimak bakarrik dio hori.

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Bereizketaren heriotzatik esnatu naiz, ene Diotima, sendaturik, loalditik bezala, eta nire izpiritua jaikitzen da.

        Mendi Epidaurearren kasko batetik idazten dizut. Han, urruntasun sakonean, zure irla eta nire estadioa, garaitu edo eroriko naizenekoa, Diotima! O Peloponeso! Eurotas eta Alfeoko iturriak! Hor izango da; baso espartarretarik, arrano baten moduan, gure armadarekin jaurti egingo da gudaren jeinu zaharra.

        Nire arima ekintza gogoz beterik da eta amodioz beterik, Diotima, eta haran grekoetan barrena doa nire begirada; jaiki berriro, zuek, jainkoen hiriak!

        Jainko bat bide da nire baitan, orain doi sentitzen baitut gure bereizketa. Leteoko ertzetan arima dohatsuak dauden bezala, bizi da orain nire arima dohatsua zurearekin batean zeruko libertatean, eta patuak ez du gehiago menderatzen gure maitasuna.

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Peloponesoko erdian nago. Gaua eman dudan toki berean egon nintzen Adamasekin eskualde hau zehartzean. Zeinen pozik esertzen nintzen etxe aurrean, loretan zeuden akazien azpian, eta urrundik etorritako karabanen hotsa, baita ondoko iturrikoa ere, aditzen nuen!

        Orain, berriro ere, pozik nago. Dodonaren basoan barrena bezala banabil herri honetan zehar, han haritz guztiak durundatzen baitziren loriaren iragarpenarekin. Soilik ekintzak ikusten ditut, joanak, etortzekoak; ekintzak... goizetik arrats zeru lagunaren azpian ibili artean. Sinetsi, hemen barrena dabilenak eta hala ere uztarria lepoan pairatzen duenak ez du bihotzik edo ez du adimenik.

        Hain luzez lotan... hain berantetsia denbora, infernuko erreka bezala, mutua eta uherra, alfertasun hutsean?

        Eta, hala ere, dena prest da. Mendiko jendea indar mendekatzaileaz beterik da; haizearen esperoan dagoen ekaitz hodeia bezala. Diotima! Utzi haiengana jainkoen arnasa eramaten, utzi bihotzez mintza nakien, Diotima, ez egon beldurrez. Ez dira hain basak izango. Ezagutzen dut natura zakarra. Arrazoia erdeinatzen du, baina elkartzen da entusiasmoarekin. Soilik arima osoaz diharduena ez da inoiz engainatzen. Ez du amarrurik behar, zeren ezein botere ez baita bere kontra.

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Bihar egongo naiz Alabandarekin. Atsegin zait Koronerako bideaz galdetzea eta behar baino maizago galdetzen dut. Eguzkiaren hegoak izan nahi nituzke eta harengana joan, baina berandutzen naiz gogotik eta galdetu: nola ote da?

        Gazte erregezkoa! Zergatik sortu nintzen geroago? Zergatik ez nintzen harekin batean sehaska beretik atera? Ezin dut bion arteko ezberdintasuna jasan. Zergatik bizi nintzen Tinan, artzaintxo baten moduan, eta halako baten moduan amestu, hura aire eta itsaso zabalean lan eta zeregin guztietan trebatzen zen artean? Ez ote nuen ekintza handien antsiarik?

        Baina berdinduko dut; arina izango naiz, zeruarren! Ondua baino onduagoa naiz lanerako. Arima errabiatuko da bere buruaren kontra, zeregin bizi baten bidez aurki libratzen ez banaiz.

        Neska noblea! Nola egon naiteke zure aurrean? Nola izan zitzaizun posible honako izaki geldia maitatzea?

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Badaukat, Diotima maitea!

        Bularra arina dut eta giharrak zalu; ai, eta etorkizunak erakartzen nau ur garbiak bezala, bertara jauzi egin eta odol beroa freskatzeko. Baina hauek hitz hutsak dira. Sekula baino maiteagoak gatzaizkio elkarri, Alabanda eta biok. Elkarrenganako libreagoak gara eta, hala ere, bizi betetasunak eta sakontasunak beti bezala diraute.

        O zer arrazoia zuten lehen tiranoek gurea bezalako adiskidantzak debekatzen! Erdi jainko bat bezain sendo bihurtzen da bat, ezer lotsagarri ezin jasanez bere ondoan!

        Arratsa zen ni haren gelan sartu orduko. Doi amaitu zuen lana; eserita zegoen ilargiak argituriko zoko batean, pentsakor. Ilunpean nengoen, ez ninduen ezagutzen eta axolarik gabe itzuli zen nire aldera. Zer moduz?, oihu egin zuen. Halaxe esan nuen. Baina alferrik zen itxuratzea. Poz sekretuez kargaturik neukan ahotsa. Zer da? Zu ote zara? Seguru, itsu hori, nioen, eta besoetara joan nintzaion. Orain, zioen Alabandak azkenean, dena besterik izango da, Hyperion!

        Hala uste dut, esan nuen eta pozik estutu nion eskua.

        Oraindik ezagutzen nauzu, segitu zuen istant baten buruan; oraindik baduzu lehen bezala Alabandarenganako fedea? Eskuzabala zu! Sekula ez naiz hain ondo izan nola zure maitasunaren argitan nengoelarik.

        Nola? Alabandak galdetzen al dit hori? Urguilurik gabe esana dago, Alabanda. Baina aro honetako seinalea da lehengo giza heroitasuna, eskale baten moduan, amodio ttantta batengatik kezkatzea.

        Adiskidea!, oihu egin zuen; zahartu egin naiz. Orotan den bizimodu motela eta zaharrekin izandako historia, Esmirnan haien eskolara eraman nahi zintudan...

        Samina da, aldarrikatu nuen; honekin ere ausartu zen heriotzaren jainkosa, izenik gabekoa, patua delakoa.

        Argia ekarri eta berriro begiratu genion elkarri. Maitearen figura osoki aldatua zen. Eguerdiko eguzkia zeru hits batean bezala argitzen ziren bere begi handi beti biziak.

        Lagun ona!, oihu egin zuen Alabandak haserretze maitekor batean; utzi begirada triste hori; badakit zahartu naizela. O ene Hyperion! Oraindik zerbait handiren esperoan nago eta uste dut zurekin aurkituko dudala. Handitu egin zara, ni baino buru bat gorago, sendoago eta libreagoa zara eta, hara, horrek pozten dit bihotza. Ni bazter idorra naiz eta bazatoz zorioneko ekaitz baten antzera... Zoragarria da zu hemen egotea!

        Isilik egon, esan nuen; nahasten dizkidazu zentzuak eta ez genuke geure buruaz mintzatu behar harik eta bizitzan, ekintza artean, izan arte.

        Horixe!, zioen pozik Alabandak; ehiz adarrak jo arte ez dira ehiztariak sentitzen.

        Aurki hasiko ote gara?, galdetu nuen.

        Bai, seguru, eta esaten dizut su ederra izango dela. Ailedi hel dorreko puntaraino eta bertan bandera erre, leher eta erori arte! Ez harritu gure aldekoak zeintzuk diren jakitean. Errusiarrek erabili nahi gaituzte fusilak bezala lehen lerroan. Baina lasai! Gure espartarrek zer diren eta zer ahal duten frogatuz gero, behin Peloponeso hartuta, ipar poloaz burla egingo dugu eta geure bizimodua antolatu.

        Geure bizimodua, nioen, bizi berri, ohoragarri bat. Aintziratik sortu al gara, su faltsuak bezala, ala Salaminako garaileengatik gatoz? Neskame bihurtu al zara, grekoen natura libre hori? Nola erori zara hain beheiti, arbasoen arraza, lehen Apolo eta Jupiterren irudiak soilik zure kopiak baitziren? Baina entzun, Joniako zerua! Entzun, aberriko lurra! Kasik biluzik eskale bat bezala, zeure aspaldiko nagusigoa estaltzen duzu zatarrekin; ez dut luzeago pairatuko!

        O eguzkia, gure hezitzailea!, oihu egin zuen Alabandak; ikusi behar duzu lanarekin gure kemena handitzen dela eta patuaren ukaldipean gure asmoa itxuratzen dela burdina mailukaden azpian bezala.

        Elkar sustatzen genuen.

        Eta ez dadila zikinik geratu, nioen, mendeak botatako zikinik, jendailak paretak pintatzen dituenean bezala!

        O, horretarako gerra bezalakorik ez, oihukatu zuen Alabandak.

        Bai, hala da, Alabanda, erantzun nion; giza indarra eta izpiritua ari diren zeregin handi guztiak bezala, ez makulurik ezta argizarizko hegorik ere. Esklabo jantzi hau utzita, patuak bere armarria markatu digunekoa...

        Hutsalek eta bortxatuek ez dute jada balio, zioen Alabandak; apainik, trabarik gabe, biluzik, Nemeako lasterraldietan bezala, helburura goaz.

        Helburura, oihukatu nuen, estatu libre gaztea sortuko denekora eta edertasun ororen panteoia lur grekotik goratuko denekora!

        Alabanda isilik egon zen bolada batez. Gorri berri bat agertzen zitzaion aurpegian, eta haren figura handitu zen, freskaturiko landare bat bezala.

        O gaztetasuna! Gaztetasuna!, oihu egin zuen; orduan edango dut zure iturritik, orduan bizi eta maitatuko dut. Oso pozik nago, gaueko zerua, segitu zuen, mozkorra bezala eta leihora hurbilduz: mahatsak bezala inguratzen nauzu eta zure izarrak dilindan dituzu, mordoak bezala.

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Nire poza da lanean murgildurik egotea. Erori behar dut zorakeria batetik bestera, hain beterik baitut arima, hain mozkortuta gizon honengatik, ni baizik ez baitu maitatzen, niretzat isurtzen baitu bere baitan den umiltasun guztia. O Diotima! Alabandak negar egin du nire aurrean, haur baten gisan, eta erregutu dit Esmirnan egindakoaz ahazteko.

        Baina nor naiz ni, maiteak, zuei nireak deitzeko, esan ahal izateko nire jabegoa zaretela, ni, inbaditzaile moduan, zuen artean egoteko eta nire emaitza bezala besarkatzeko?

        O Diotima! O Alabanda! Izaki noble, handi eta lasaiak! Nola osatuko naiz ihes egiten ez badut neure zoriontasunetik eta zuengandik?

        Oraintxe, idazten ari nintzela, hartu dut zure gutuna, maitea.

        Ez tristatu, izaki liluragarria, ez tristatu! Gorde zeure burua penarik gabe, datorren aberriaren festarako! Diotima! Gorde zeure burua naturaren festarako eta jainkoen ohorezko egunetarako!

        Ez duzu dagoeneko Grezia ikusten?

        Ez duzu ikusten zeinen kontent dauden izarrak gure hurbiltasunagatik?

        Arimaz beteriko neska, hain ederra baitzara orain! Nolakoa izango zara, gero, eguraldi egokia ospe entusiastan loratuko denean!

 

 

Diotimak Hyperioni

 

        Joan zinenetik, etxean eman dut neure denbora gehiena, baina gaur atera egin naiz.

        Otsaileko aire osasungarrian, bizia jaso dut eta orain jasandakoa ekartzen dizut. Zeruko epeltasun goxoak on egin dit eta landareen munduko delizia berria sentitu dut, mundu berria eta beti berdina, dena bere denboran tristatzen eta alaitzen denekoa.

        Hyperion! O ene Hyperion! Zergatik ez goaz gu ere biziaren bide lasaietan barrena? Izen sainduak dira negua eta udaberria, uda eta udazkena! Baina ez ditugu ezagutzen. Ez al da bekatua udaberrian tristatzea? Eta, hala ere, zergatik egiten dugu?

        Barkatu! Lurraren umeak soilik eguzkiaren bidez bizi dira, eta ni zure bidez; beraz, beste pozik badut, zergatik ez dut beste tristeziarik izango? Baina triste behar dut? Behar dut?

        Maitea! Zimelduko ote naiz zuk distiratzen duzularik? Bihotza motelduko zait zure baitan garaipen gosea esnatzen delarik? Aditu izan banu greko gazte bat altxatu zela bere herria lotsatik libratzeko, zeinen gogotik nahi izango nukeen halako izaki maitearen irudia! Eta bertan daukadalarik, nirea delarik, negar egingo ote dut? O aro alaien itzalak, ene oroipen maiteak!

        Iruditzen zait atzo izan zela, arratsalde miragarri hura, arrotz sakratu hura, basoko itzalean, gaztetasun ametsetan nenbilelarik, agertu eta... Maiatzaren haizean etorri zitzaidan, ileak nahasirik, ezpain erdi irekirik; o zeruko izpiak! Nola argitzen zenituen begi haiek, iturri mozkorgarriak, bizia loratzen denekoa!

        Jainko onak! Zeinen ederra zen, niri begira! Eta gero so egin zuen gora, ni zerura hegan joana banintz bezala! Eta gero gorritu egin zen, irribarretsu, bertan segitzen nuela ikusita, eta haren Feboren begiak malkoz kargatu ziren, zera galdetzeko: Zu ote zara? Zu ote zara zinez?

        Eta zergatik hurbildu zitzaidan arretaz eta sineskeria maiteaz beterik? Zergatik makurtu zuen bere burua, zergatik zegoen gazte jainkozkoa malenkoniaz eta tristeziaz beterik? Haren jeinua sobera saindu zen bakarrik egoteko eta mundua sobera pobre hura edukitzeko. Irudi desiragarria zen, handitasun eta sufrikarioz egindakoa! Baina orain besterik da, sufrikarioa amaitu da! Zereginik dauka, ez dago gaixorik!

        Suspirio hutsa nintzen idazten hasterakoan, maitea! Orain poz hutsa naiz. Eta begira, hala izan behar du. Agur!

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Bizi ederra! zure festa ospatu dugu amaiera on bat bezala, hotsa hasi aurretik. Udaberri goxoak bere haizeñoa eta argia bidalita, zure izena agertzen zen gure baitan eta amodioaren sekretuen arnasak inguratzen ninduen. Arrotz hark ez zuen gurea bezalako maitasuna ezagutu eta entusiasmoak jotakoa zen, gizon harrotu hura, zure irudia eta izatea ulertu nahian.

        O, oihukatu zuen azkenean, merezi du gure Greziagatik borrokatzea, oraindik halako fruituak emateko gauza bada!

        Bai, nire Alabanda, esan nuen, pozik goaz borrokara gure gogoa halako su zerutiarrean gaztetu eta berotuta delarik. Ez dugu orduan honako edo halako helbururik, ez gara honetaz edo hartaz kezkatzen, eta ardoa ontziagatik edaten dugu; ez gara ezertan gelditzen, harik eta, Alabanda, jeinuaren delizia sekretua ez den arte; orduan, begia garaipenezko arku bihurtuta, giza izpirituak agurtuko du aitazko eterra... Ai, gure etorkizuneko herria ez da soilik bere banderagatik ezaguna izan behar; dena gaztetu behar da, azpitik goiti aldatu! Alaitasuna seriotasunez bete eta lan oro alaiago bihurtu! Ezer ez da izpiriturik eta jainkorik gabe egon behar, ezta txikiena eta arruntena ere! Gorrotoa eta maitasuna, baita gure keinu guztiak ere, arrotz izan behar zaizkio mundu hutsalari; ezein unek ez digu oroitarazi behar iragan motela!

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Sumendia lehertu egin da. Turkiarrak setiaturik daude Koron eta Molonen eta gu aurreratzen gara, geure mendiko jendeekin, Peloponesori buruz.

        Orain amaitu da malenkonia oro, Diotima, eta nire izpiritua sendo eta azkarragoa da, lan bizian murgildurik nagoenez geroztik! Ordutegia ere badaukat!

        Eguzkiarekin batean hasten naiz. Gero banoa neure gudariak dauden basoko itzalpera eta agurtzen ditut poztasun basarekin neure aurrean zabaltzen diren mila begi. Armada bat iratzartzen! Ez dut parekorik ezagutzen eta, horren ondoan, hiriko eta herriko bizimodu oro erlekume bat da.

        Gizakiak ezin du gezurtatu aspaldian zoriontsua izan zela, oihaneko oreina bezala, eta iragandako urteen gainetik oraindik dihardu gure baitan jatorrizko munduko egunen desirak, orduan bakoitzak zeharkatzen baitzuen lurra jainko batek bezala, ez dakit zerk gizakia hezi aurretik; orduan, harresien eta egur hilaren partez, munduaren arimak, aire sainduak, inguratzen baitzuen.

        Diotima! Miresgarria iruditzen zait neure jende lasaiaren erdian ibiltzea, jaikitzen direnean, eta giza taldeen artean janaria berotzeko suak altxatzen direnean, zaldiak irrintzika, gerrako soinuak erauntsika eta armen hotsak... Baina hitzak dira eta honako bizimoduaren atsegina ez da kontatzen ahal.

        Gero gogotik hurbiltzen zait neure tropa, eta miresgarria da zaharrenek nola temosoenek, nire gaztetasuna izanda ere, errespetatzen nautela. Gero eta konfiantza handiagoa bada eta bakarren batek bere bizitza kontatzen du eta nire bihotza harrotu egiten da patu zenbaiten aurrean. Hasten naiz egun hobeez mintzatzen eta begiak argiago bihurtzen dira, izango dugun aliantzan pentsatzean, estatu librearen irudia ikusiz.

        Guztiak bakoitzarentzat eta bakoitza guztientzat! Hitz horietan bada nire gizonentzat iristen den jainkozko su bat. O Diotima! Ikustekoa da nola naturarik motelenak esnatzen diren eta bihotz taupadek altuago jotzen duten, nola kopetak harrotzen diren egitasmoez mintzatzean, eta halako jendeaz inguraturik egotea lurra, zerua eta itsasoa beren loria osoan ikustea baino areagokoa da.

        Gero, eguerdi arte, arman eta martxan irakasten diet.

        Kemen alaiak ikasle onak egiten ditu, nitaz irakasle ona egiten duen bezala. Behin trinko lerrokatzen dira, mazedoniarren moduan; behin tximistaren pare doaz, talde txikitan, borroka latzagoetan, bakoitza bere buruaren kapitaina delarik... Eta beti, geldirik edota armen dantzan, begi aurrean dugu tiraniaren esklaboen eta guda-zelaiko seriotasunaren irudia.

        Eguzkiak distira handiagoaz argitzen duelarik, batzarra egiten dugu baso erdian, eta pozgarria da etorkizunari buruz erabakitzea. Kasualitateari indarra kentzen diogu eta patua menderatzen dugu. Erresistentzia lantzen dugu geure nahiaren arabera eta etsaia erakartzen dugu guk prestaturiko lekura. Edo beldurrez bagina bezala jokatzen dugu, hurbiltzen utziz, burua geure kolpean helmenean izan arte. Medikuek, hala ere, ez dute halako orotariko erremedioa ontzat ematen.

        Arratsaldean zeinen eder den, Alabandarekin batean, zaldiz ibiltzea gorrituriko muinoen gainetik, irrintziak gure solasekin nahasten direlarik eta Espartako lurraldea, gure borroken saria, urrundik agertzen delarik! Elkarrekin eserita, gaueko freskotasun maitagarrian, edalontzien lurrinean, eta gure isiltasunaren erdian, hodei baten moduan, altxatzen da zaharren historia; zeinen sakratua den, halako uneetan, eskuak elkarri hartzea!

        Orduan mintzatzen da Alabanda mendeko asperdurak jotako batzuei buruz, baita bide zuzena trabaturik egonda, biziak zabalduriko norabide miresgarri eta okerrei buruz ere. Orduan oroitzen naiz Adamasez eta Asiako zentrora iristeko zeukan antsiaz... Oihu egingo nioke: urgentziazko petatxuak dira horiek! Etorri! Eraiki zeure mundua! Gurekin! Gure mundua zurea ere baita!

        Zurea ere bai, Diotima, zure kopia delako. O zu, zure paradisuko lasaitasunaz sortu ahal bagenu zu zarena!

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Hiru garaipen jarraian lortu ditugu garrantzi gutxiko borroketan, baina gudariak tximistaren pare gurutzatzen ziren eta dena zen izekitako gar bakar bat. Navarino gurea da, eta orain Misistrako gotorlekuaren aurrean gaude, lehengo Esparta hartatik gelditzen dena. Tropa albaniarrari kendutako bandera ezarri dut hiri aurrean dagoen hondakin batean; pozaren pozez Eurotasera bota dut durbante turkiarra eta geroztik kasko grekoa daramat.

        Orain ikusi nahi zintuzket, o neska! Ikusi eta zure eskuak hartu eta bihotzaren kontra estutu, honentzat beharbada aurki alaitasun handiegia izango baita! Aste baten buruan akaso liberatua izango da Peloponeso zahar, noble, saindua.

        Orduan, maitea, irakats iezadazu errukiorra izaten! Irakatsi nire bihotz gaindikorrari! Isildu beharko nuke; zer egin dut nik? Baina zer egin dezaket nire pentsamendua denbora baino azkarragoa bada? Ailedi kontrarioa izan, eta denbora, baita ekintzak ere, pentsamenduaren gainetik hegan joan balitez, eta garaipena esperantza bera baino ziztu handiagoan ibili!

        Nire Alabanda lorian dago, ezkongai baten antzera. Haren begirada bakoitzean agertzen zait datorren mundua eta horrekin lasaitu egiten dut nire ezinegona.

        Diotima! Ez nuke zoriontasun hau emango Greziaren lehengo arorik ederrenaren truke; nahiago dut gure garaipenik txikiena Maraton, Termopila eta Platea baino. Ez al da egia? Bihotzari ez al zaio maiteagoa sendatzen ari den bizia, gaixotasuna ezagutu gabean garbi dirauena baino? Ez dugu gaztetasuna maite joana den arte, eta galdu ondoren erdiestearekin arimaren sakontasunak pozten ditu.

        Nire denda Eurotaseko ertzean dago eta, gauerdian esnatuta, ibai jainkozko zaharrak xuxurlatzen dizkit abisua ematen eta nik, ertzeko loreak haren olatuei boteaz, esaten diot: hartu hau seinaletzat, bakartia, aurki loratuko da zure inguruan bizimodu zaharra.

 

 

Diotimak Hyperioni

 

        Bidean idatzitako gutunak hartu ditut, ene Hyperion. Sakonki hunkitzen nau zuk esandakoak eta, neure maitasunaren erdian, ikaratzen nau neure oinetan negarrez ari zen gaztea halako izaki sendo bihurtuta ikusteak.

        Ez al duzu maitasuna desikasiko?

        Baina segi aurrera! Jarraitzen dizut. Uste dut ni gorrotatzeko gauza bazina, horretan ere imitatuko zintuzkedala, gure arimek berdinak segi dezaten. Eta hau ez da exajerazio hutsala, Hyperion.

        Ni ere ez naiz lehengoa. Ez naiz munduari begira lasai egoteko gauza. Soilik izarretako dermioak erakartzen dit begirada. Mundu zaharreko izpirituengan gogotik pentsatzen dut eta emakume espartarrek bihotza irabazi didate. Horrekin ere, ez ditut ahazten borrokalari berriak, haien ordua iritsi baita. Peloponeson zehar entzuten dut garaipenen hotsa eta zu, ene Hyperion, bazatoz Kalaureara gure baso maiteak berriro agurtzen; ni ere agurtzen nauzu eta berriro itzultzen zara zeure eginbeharretara... Uste duzu ondorioaren beldur naizela? Maitea! Batzuetan gogoratzen zait, baina nire pentsamendu handiek kontra egiten diote, garrek bezala, izotzaren etorrerari...

        Agur! Osa ezazu izpirituak agintzen dizuna! Eta ez gehiegi luzatu gerra, bakearen amoreagatik, urrezko bakearen amoreagatik, zuk diozun bezala bertan idatziko baitira naturaren legeak, eta bizia, natura bezala, ezein liburutan ezin baita idatzi, elkargoaren bihotzean egongo da. Agur!

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Lasaitu egin behar ninduzun, ene Diotima! Esan behar zenidan presarik ez izateko, ez niola patuari garaipena bortxaz kendu behar, zordun temosoei dirua bezala. O neska, geldi egotea dena baino okerragoa da. Zainetan odola idortzen zait, egunez egun setio honetan iraun behar baitut. Gure jendeak eraso egin nahi du baina horrek nahasiko lituzke gogoak, eta hainbat gaizto gure esperantzentzat sen basek diziplina eta maitasuna hondatzen badituzte!

        Ez dakit, akaso egun batzuez luzatuko da eta Misistra errendituko da, baina nahi nuke jada iragana izatea. Kanpaleku honetan ekaitzeko haizean bezala sentitzen naiz. Ezinegonean, nire jendea ere ez zait gustatzen. Izugarrizko borroka gogoa bat haien artean.

        Baina ez naiz zuhurra neure umoreari hainbat garrantzi ematean. Eta Lazedemonia zaharrak merezi du konkistatu baino lehen kezkaren bat pairatzea.

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Dena amaitu da, Diotima. Gure jendeak sakeatu eta erail egin du, etengabe. Gure anaiak, Misistrako grekoak, hil dira eta badabiltza noraezean, eta beren miseriazko itxurak mendekua eskatzen die zeru eta lurrari nire mendean zeuden barbaroen kontra.

        Orain joan naiteke eta nire gauza onei buruz predikatu. Orain etorriko zaizkit bihotzak oro!

        Baina nik ere zuhurki jokatu dut. Neure jendea ezagutu dut eta, zinez, egitasmo ikaragarria zen ene Eliseo fundatzea lapur talde batekin.

        Ez! Nemesis arren! Ondo da pasatu zaidana eta jasan egin behar dut, jasan, nire kontzientziaren azken arrastoa minak suntsitu arte.

        Uste duzu eldarnioetan nabilela? Nire konfiantzazko batek eragindako zauria daukat orain, sarraskiaren kontra ezarri bainaiz. Eldarnioetan banengo benda kendu eta odola jarioko luke behar duen tokira, lur dolutura.

        Lur dolutu hau! Biluzia! Nik basoekin jantzi nahi nuena eta bizi grekoaren lore guztiekin apaindu!

        Ederra zatekeen, ene Diotima.

        Koldarra deitzen nauzu? Neska maitea! Izugarri gehiegirik bada... orotarik sortzen dira talde sarraskitzaileak. Morean lapurreria hedatzen da izurritearen pare, eta ezpata hartzen ez duena hil egiten dute. Gure libertatearen alde borrokatzen omen dute! Gainerako jendeak, sultanaren aldekoak, haiek bezala jokatzen du.

        Orain aditzen dut gure armada sakabanatu egin dela. Koldar hauek Tripolisan topatu ziren haien erdira iristen ez zen talde albaniar batekin. Baina sakeatzeko ezer ez izatean, ihesi joan ziren. Soilik gurekin hasi ziren errusiarrek iraun dute, berrogei gizon ausartek, eta guztiak hil dira.

        Orain bakarrik nago neure Alabandarekin, lehen bezala. Misistran odoletan erortzen ikusi ninduenez geroztik, dena ahaztu du. Jainko mendekatzaile baten antzera, sakeatzaileen kontra jo eta nahasmendutik atera ninduen. Geroztik nire ondoan da eta orain pozten naiz zeren, besteekin segituz gero, hautsean hilda bailegoke, Tripolisan.

        Ez dakit zer pasatuko den. Patuak ezezagunera bultzatzen nau eta merezi dut; neure lotsak urruntzen nau zugandik eta inork ez daki noiz arte.

        Ai! Grezia bat agindu nizun eta horren ordez kexazko kantu bat badaukazu. Izan bedi zure kontsolabidea!

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Kosta egiten zait hitz egitea.

        Gogotik mintzatu ohi da mundua, maiatzaren haizeak bezala, alde izanez gero, baina gauerditik arratsera dena alda daiteke eta, azkenean, zer galdu da?

        Sinetsi eta pentsa, arimaren sakonetik diot: mintzoa soberakin handia da. Hoberena beti gelditzen da bere baitan eta datza bere saltonean, perla itsasoko hondoan bezala... Baina egiazki idatzi nahi nizuna zen, koadroak bere markoa eta gizonak bere zeregina izan behar duen bezala, bolada batez zerbitzatu nahi dudala flota errusiarrean, zeren grekoekin ez baitut jada zereginik.

        O neska maitea! Oso ilun bihurtu da nire inguruan!

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Zalantzan eta borrokan aritu ondoren, azkenean, hala izan behar du.

        Badakusat zer behar den eta ikusten dudalako, hala behar da. Ez gaizki ulertu eta ez kondenatu! Aholkatu egin behar dizut ni uzteko, ene Diotima.

        Ez naiz jada ezer zuretzat, o izaki liluragarria! Bihotz hau ahitu da eta nire begiek ez dakusate ezer bizirik. Ezpainak idortu zaizkit; amodioaren hats goxoa ez dabilkit dagoeneko bularrean.

        Egun batek kendu dit gaztetasun osoa; Eurotasko ertzean nire bizitzak negar egin du nekatu arte, ai! Eurotasko ertzean kexatzen da erremediorik gabeko lotsa bat, olatu guztietan, Lazedemoniako hondakinen ondoan. Bertan jo ninduen patuaren segak... Zure maitasuna limosna baten antzera hartu beharko nuke? Esklaborik pobreena bezain ezereza eta osperik gabea naiz. Atzerriratua eta madarikatua naiz errebelde arrunt bat bezala eta Moreako greko batzuk beren bilobekin mintzatuko dira gure heroi ekintzez, lapurren istorioak balira bezala.

        Ai! Eta gauza bat denbora luzez isildu dizut. Ene aitak arnegatu egin du nitaz; debekatu dit neure gaztaroko etxera itzultzea; ez nau gehiago ikusi nahi, ez bizitza honetan, ezta bestean ere, berak dioen bezala. Hala dio nire haspena deskribatzeko bidali nion gutunari egindako erantzunak.

        Ez utzi zeure burua galtzen errukiagatik. Sinetsi, oraindik gelditzen zaigu poztasun bat. Zinezko minak entusiasmatzen du. Bere miseriaren gainean zutitzen dena, gorago dago. Eta sufritu arte arimaren libertatea ez sentitzea bikaina da. Libertatea! Hitza ulertzen duena... Oso hitz sakona da, Diotima. Barrenean jota nago, etengabe gaixoturik, esperantzarik gabe, helbururik gabe, ohorerik gabe, baina nire baitan badago botere bat, hezigaitza den zerbait; nire gorputza zeharkatzen du aurreikuspen goxoekin nire baitan mugitzen den bakoitzean.

        Gainera, neure Alabanda daukat oraindik ere. Nik bezain gutxi baitu irabazteko. Kalterik gabe kontserba dezaket. Ai! Gazte erregezko honek zorte hobea merezi luke. Elkarren sostengua gara. Ez diogu elkarri ezer esaten; zer esango genioke? Baina egindako fabore txikietan benedikazio bat bada.

        Hor dago lotan eta irribarretsu, gure patuaren erdian. Ona! Ez daki zer egiten dudan. Ez luke jasango. Diotimari idatzi behar diozu, agindu zidan, eta esan behar diozu prest egoteko zurekin herri jasangarriago batera joateko. Baina ez daki honela etsitzen ikasitako bihotz bat, harena eta nirea bezalakoa, ez dela dagoeneko ezer maitearentzat. Ez! Ez! Inoiz ez zenuke bakerik aurkituko Hyperionen ondoan; desleiala izan beharko zenuke eta hori aurreztu nahi dizut.

        Agur, beraz, neska goxoa! Agur! Gogotik esango nizuke, zoaz horra, zoaz hara, hor xuxurlatzen dute biziaren iturriek. Gogotik erakutsiko nizuke herri libre bat, arimaz eta edertasunez beteriko herri bat, eta esan: babestu hor! Baina, o zerua, hori ahal banu beste bat nintzateke eta ez nuke agur esan behar... Agur esatea? Ai, ez dakit zer dagidan! Uste nuen seguru eta erabakita nengoela. Orain zorabiatzen naiz. Ai ene! Neure azken poza hondatzen dut. Baina hala behar du. Ai! Natura soberazkoa da hemen. Zordun natzaizu eta aberririk gabe, baita pausalekurik gabe ere, izateko sortua naiz. O lurra! O izarrak! Ez al naiz azkenean mon biziko?

        Behin batez nahi nuke itzuli zure bularrera, nonahi ere den! Eterrezko begiak, berriro zuengan aurkitzea! Zure ezpainei begira egon, maitea! Ezin esana! Eta neure baitan edatea zure bizitza goxo, liluragarri sakratua... Seduktorea naizela esango nuke hau entzungo bazenu. Ezagutzen eta konprenitzen nauzu. Badakizu zeinen sakonki ohoratuko nauzun, ez banauzu errukitzen, ezta aditzen ere.

        Ezin dut; ez dut gehiagorik behar... Nolatan biziko litzateke sazerdotea bere jainkoa jada existituko ez balitz? O nire jendearen jeinua! O Greziaren arima! Beheiti joan behar dut; hilen erresuman bilatu behar zaitut.

 

 

Hyperionek Diotimari

 

        Luzez itxaron dut; aitortu nahi dizut. Antsiaz itxaron dut zure bihotzaren agurrezko hitz bat, baina isilik zaude. Hau ere da zure arima ederraren mintzoa. Diotima.

        Ez al da egia, doinurik sainduenek hots egiten dutela oraindik ere? Ez al da egia, Diotima, maitasunaren ilargi goxoa itzali arren, izar goratuek oraindik argitzen dutela zeruan? Nire azken poza da bereiztezinak garela, gure artean hotsik ez izan arren, gure gaztarako egunen itzalik ere itzultzen ez den arren!

        Kanpora begira nago, itsasoko ilunabarrari buruz, bizi zaren urruntasunari buruz neure besoak luzatuz, eta nire arima arintzen da berriro gaztaro eta amodiozko poztasun guztiekin.

        O lurra! Ene sehaska! Delizia eta min guztiak daude zutaz egindako despedida honetan.

        Joniako irla maiteak! Ene Kalaurea! Zu, ene Tina! Begietan edukitzen zaituztet, urrun egon arren. Teos eta Efesoko kostaldeak, Alabandarekin batean ibilitakoak; hor lurreratu nahi nuke, zuen lurra neure bularretan kontra berotzeko, despedidazko hitzik goxoenak esateko libertateari buruz hegan egin aurretik.

        Lastima, lastima, gizakien artean dena hobeki ez joatea, bestela, gogotik geldituko nintzateke planeta on honetan. Baina lurrezko esferarik gabe banaiteke, eman dezakeen guztiaz gabeturik banagoke.

        Jasan dezagun esklabotza eguzkiaren argitan, o umea!, esan zion amak Polixenari eta haren bitzitzarenganako amodioak ezin zuen hobeki hitz egin. Baina eguzkiaren argiak, esklabotza desaholkatzen baitit, ez nau baimentzen lurrean segitzen eta aberrirako bidexkek bezala erakartzen nau.

        Aspaldi izan dut gogoan patuarekin gaueko arimaren maiestatea; bakardade bikainean bizi naiz batzuetan eta kanpokoa astintzen dut neure gainetik elur malutak bezala; nola egongo naiz Herioa delako horren beldur? Ez al naiz milaka aldiz gogoetan askatu? Nola dudatuko dut egiazki egiteko tenorean? Lantzen dugun lurrari estekatuak al gara, bizi guztirako morroiak bezala? Bazkatzen diren kortari atxikiriko hegaztiak al gara, hegan egiteko ausardiarik gabeak?

        Eter goratuan harrapatzekoa bilatzeko habiatik aitak botariko arrano gazteak bezalakoak gara.

        Bihar borrokan sartuko da gure flota eta oso guda gogorra izango da. Guda hori izango da gainean daukadan hautsetik garbituko nauen bainua; aurkituko dut, dudarik gabe, bilatzen dudana; nirea bezalako desirak aise betetzen dira halako lekuan eta paradan. Horrela lortuko dut zerbait gerra honetan eta frogatuko ez dela alferrik ezein giza ahalegin.

        Arima errukiorra! Gogotik esango nizuke oroit nitaz nire hilobi aurrean pasatzean. Baina itsasoko olatuetara botako naute, eta ongi dakusat nire hondarrak beheititzea iturriak eta ibaiak biltzen diren tokira, mendi eta haranei edaten ematen dieten hodeiak biltzen diren horretara. Eta gu? O Diotima! Diotima! Noiz ikusiko dugu elkar?

        Ezinezkoa da, nire barneko bizitza altxatzen baita elkarrentzat galduko garelako gogoetarekin. Milaka urtetan ibiliko naiz izarretan barrena, itxura guztiez mozorrotuko naiz, biziaren hizkuntza oroz, zurekin berriro, behin batez, topatzeko. Baina uste dut berdina dela aurki topatzen dela.

        Arima handia! Despedida honetan aurkituko duzu zeure burua; beraz, utz nazazu abiatzen! Goraintziak amari! Goraintziak Notara eta gainerako lagunei!

        Goraintziak ere lehen aldiz aurkitu zintudan zuhaitzei eta ibilitako erreka alaiei eta Angeleko baratze ederrei eta aizeneza, o maitea, haietan nire irudia aurkitu. Agur.

 

Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001