Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001

 

BIGARREN ATALA

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Orain Ajaxen irlan bizi naiz, Salamis maitean.

        Grezia hau ororen gain maite dut. Nire bihotzeko kolorea darama. Nonahi begiratu eta ere, badatza ehortzitako poz bat.

        Hala ere, nire inguruan, maite eta handitasun asko dago.

        Mendipean eraiki dut neure legeltxor adarrezko etxola; ondoan goroldioa, zuhaitzak, ezkaia eta mota guztietako zuhaixkak landatu ditut.

        Hortxe ematen ditut neure ordurik goxoenak, hortxe esertzen naiz arratsean, Atikari begira, azkenean bihotzak sobera bortizki jo arte. Orduan nire tresnak hartu, bada jaitsi eta arrantzan hasten naiz.

        Edo irakurtzen dut, hor goian, Salamisen izandako itsas gudari buruz eta pozten naiz lagunen eta etsaien kaosen gain, zaldizkoak bere zaldia bezala, menderatu zuen izpirituagatik eta lotsatzen naiz neure gerrazko historiagatik.

        Edo itsasoari begiratu eta neure bizitzaren gorabeherei buruz gogoetatu eta iraganak kantatzen dit, doinu guztiak antolabide ezkutu batean nahasten dituen lira batek bezala.

        Gaur hiru aldiz ederragoa da hemen goian.

        Bi euri egun maitagarrik airea eta nekatutako lurra freskatu dute.

        Lurra berdeagoa da, zabalagoa bazter osoa. Urrezko gariak hedatzen dira amaigabe eta baso artean ikusten dira esperantzaz betetako mendi-buruak. Zerua garbia da.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Aspaldi ez nintzen orain bezala.

        Jupiterren arranoak musen kantua entzun bezala, harmonia miresgarriak hots egiten du nire baitan. Zentzuetan ezta ariman kezkarik izan gabe, patua jostetan ari da nire izpirituan bere hiru arreba Parkekin batean. Jainkozko gaztetasunaz beterik nire izate osoa pozten da bere buruaz. Zeru izartsua bezala, geldia eta mugimenduz beterik nago.

        Festa aro honen esperoan egon naiz, zuri idazteko. Orain aski sendoa naiz; orain utzi kontatzen.

        Nire egun ilunetan Kalaureako ezagun batek esan zidan bisita egiteko. Bere mendirantz joateko idatzi zidan; bertan beste inon baino libreago bizi omen zen; bertan loratzen ziren pinudi erdian, limondoak eta palmondoak, mirtoak, zuhaixkak eta mahasti sakratua. Mendi kaskoan etxea eta baratzea zeuzkan; zuhaitz handien itzalpean; zedro batetik txori batek bezala, bertatik ikusten ziren herriak eta mendixka berdeak, baita artalde baketsuak ere, haurrak bezala mendi harroaren inguruan.

        Horrek esnatu ninduen apur bat. Itsasontziratu nintzenean, apirileko egun epel urdin bat zen. Itsasoa ohi ez bezala eder eta argi zegoen, eta airea goiko eskualdean bezain arina. Ontzi zalantzakorraz joanda, lurra atzean gelditzen zen, bazkari bikaina bezala, behin ardoa hartuta.

        Zentzu ilunak kontra egiten zion, alferrik, itsasoaren eta airearen eraginari. Entregatu nintzen; ez nuen ezer galdetu nitaz, ezta besteez ere; ez nuen ezer bilatu; amets erdian kulunkatzen ninduen ontziak, eta irudikatu nuen Karonterena zela. Zeinen goxoa den ahanzturaren ontzitik horrela edatea!

        Ontzilaria gogotik mintzatuko zatekeen nirekin, baina nik soilik bai eta ez.

        Hatzarekin seinalatzen zizkidan, ezker eta eskuin, irla urdinak, baina ez nien luzez begiratzen, eta neure ametsetara itzultzen nintzen.

        Azkenean, urruneko mendi-buruak erakutsi eta Kalaurian aurki egongo ginela esanda, nire izate osoa zabaldu egin zen nirekin jostetan ari zen botere miresgarriari buruz. Begiak zabalik, aurrera begira nengoen. Oharkabean nire eskuak estutu zuen ontzilariaren besoa... Hau al da Kalaurea? Begiratu zidan eta ez nekien zer egin neure buruarekin. Neure adiskidea agurtu nuen amultsuki. Nire baitan halako kezka goxo bat zegoen.

        Arratsaldean ibili nahi nuen irlan zehar. Basoak eta bere sekretuek erakartzen ninduten ezin esanezko moduan; egun atseginak dena laxatzen zuen.

        Ikusgarria zen nola eguneroko janariak baino zerbait gehiagok mugiarazten zuen bizidun oro, eta hegaztiak ere, beste animaliek bezala, bere festa zeukala.

        Liluragarria zen ikustea. Ama goxoak galdetzen duenean zein ote den bere faboritoa eta ume guztiak magalera doazkionean eta txikienak besoak goratzen dituenean sehaskan dagoela, horrelaxe mugitzen zen jauzika bizidun oro, berdin amildegietan nola altueretan; lurrak eutsitakoek hegan bilakatzen zuten beren urratsa, zaldia jauzika ari baitzen eta itsas hondotik arrainak igo eta ur azalean agertzen ziren. Guztiek zeukaten amazko airea bihotzeraino sartuta eta horrek erakartzen eta goratzen zituen.

        Eta jendea atarietara jalgitzen zen, kopeta ileak ferekatzen zituen haizeñoa sentituz; goxokiago egiten zuten arnasa, bizi eta mugitzen ziren itsas urdin, goxo eta maitagarrian.

        O gure baitan bizi den izpirituaren anaia, aire saindua! Zeinen ederra den zu nirekin beti etortzea noranahi noala ere, ahalguztiduna, hilezina!

        Elementu altua haurrekin jostetan ari zen hobekien.

        Bat kantari, besteari doinu bat ezpain artean ihesi joan, hirugarren batek kantu alai bat ahots betean; bakarren batzuk etzanda, jauzika, ibilki.

        Eta dena zen ongizate baten mintzoa, dena erantzun bat aire xarmantaren fereka maitagarriei.

        Desira eta bake ezin esanezko bat nire baitan. Botere arrotz bat nagusitzen zitzaidan. Izpritu laguna, nioen, nora deitzen nauzu? Eliseora edo beste norabait?

        Basoan sartu nintzen. Bertan zihoan erreka harkaitzetarik erori, gero harri artean mantso, eta estutzen zen bidea egin arte; goian eguerdiko argia iluntasun isilarekin jostetan...

        Hemen... mintzatu nahi nuke, nire Bellarmino! Lasai idatzi nahi nizuke!

        Mintzatu? Ez naiz aditu poztasunean; mintzatu nahi dut!

        Baina isiltasuna bizi da dohatsuen herrian, eta izar gainean bihotzak ahaztu egiten ditu bere beharra eta bere mintzoa.

        Agertu zitzaidan jainkozkoa sainduki gorde eta eraman dut paladio bat bezala! Eta hemendik goti, patuak hartzen banau eta amildegira bota, indar eta pentsamendu guztiak itotzen badizkit, hori izan dadila nitaz gelditzen dena, nire baitan argitu eta erreinatu dezan betiereko argitasunean!

        Etzanda zeunden, bizi goxoa; gora begiratu eta jaiki zinen betetasun lerdenean, jainkozki lasai, aurpegi zerutiarra, nik esnatu zintudan miresgarritasun lasaiaz beterik!

        Begi horien lasaitasunean kirikatu duena, ezpain goxo horiek zabaldu bazaizkio, zeri buruz mintza daiteke? Edertasunaren bakea! Jainkozko bakea! Zure baitan bizitza sutsua eta izpiritu zalantzakorra baretu zuenak zer erremedio bilatuko du beste inon?

        Ezin naiz zutaz mintzatu, baina inoiz hoberena eta ederrena hodei batean bezala agertzen zaigu eta amodioaren aurrean zabaltzen da perfekzioaren zerua; orduan, Bellarmino, pentsa ezazu izate horretan; belauniko jarri nirekin eta oroitu nire zorionaz! Baina ez ahaztu nik eduki nuela zuk asmatzen duzuna, nik ikusi nuela zuri soilik hodeietan agertzen zaizuna.

        Gizakiek diote pozten direla! Sinetsi, ez duzue pozaren ideiarik ere! Ez zaizue haren itzalaren itzala ere oraindik agertu! Zoazte eta ez mintzatu eter urdinaz, itsu horiek!

        Badago haurrak bezala bihurtzerik; oraindik itzultzen da errugabetasunaren urrezko aroa, bake eta libertatearen aroa; oraindik bada poztasun bat, pausaleku bat lurrean!

        Ez al da gizakia zahartua, zimeldua? Ez al da haren adarra, berriro aurkitzen ez duen eroritako hostoa bezala, haizeak eramana harik eta legarpean ehortzi arte?

        Eta hala ere itzultzen da bere udaberria!

        Ez negar egin perfektuena zimeltzeagatik! Laster gaztetuko da! Ez deitoratu zuen bihotzeko melodia mututzeagatik! Laster aurkitzen du esku bat berriro afinatzeko!

        Nola nintzen, bada, ni? Ez al nintzen hautsitako lira bat bezala? Zerbait hots egiten nuen, baina hil hotsak ziren. Nire zisnearen kantu tristea kantatua nuen! Gogotik egingo nukeen hil koroa bat, baina soilik neguko loreak nituen.

        Eta orain non zen, bada, hildakoaren isiltasuna, nire bizitzaren gaua eta desertua? Hilkortasun erabat eskasa?

        Bizitza pobrea eta bakartia da. Bizi gara diamantea putzuan bezala. Alferrik galdetzen dugu nola jaitsi ginen berriro goitiko bidea aurkitzeko.

        Adar ihartuan edo suharrian lotan den sua bezalakoak gara; presondegi estuaren amaiera bilatzeko borrokan ari gara uneoro. Baina mila-urteren borrokaren ordaina diren libertatearen uneak datoz jainkozkoak espetxea lehertzen duenean, egurretik garra sortu eta hautsaren gainetik goratzen denean, ai! guretzat hori da, izpiritu lotua, sufrikarioak ahaztuta, garaipenean eguzkiko salara itzuliko balitz bezala.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Lehen, zoriontsua nintzen, Bellarmino! Ez al naiz oraindik ere? Ez al nintzateke izango nik hura lehen aldiz ikusitako une sakratua azkena izanda ere?

        Behin ikusi dut nire arimak bilatzen zuena eta, urrunean, izarrez haratago, denboraren azkenean, ezartzen dugun osotasuna orainaldian sentitu izan dut. Hor zen, gorena hortxe zen, giza naturaren eta gauzen zildo honetan!

        Ez dut gehiago galdetzen non den; munduan zen eta bertara itzultzen ahal da; orain ezkutatu da bertan. Ez dut gehiago galdetzen zer den; ikusi, ezagutu egin dut.

        Zuek, izatearen sakonean, harremanen nahasmenduan, iraganaren iluntasunean, etorkizunaren labirintoan, hilobietan edo izarrez goiti, gorena eta hoberena bilatzen duzuenok! Badakizue haren izena? Bat eta oro denaren izena?

        Haren izena edertasuna da.

        Bazenekiten zer nahi zenuten? Nik oraindik ez dakit, baina sumatzen ahal dut: jainkotasun berriaren erresuma berria, eta hara lehiatzen naiz eta neurekin daramatzat besteak, ibaiak beste ibaiak ozeanora daramatzan bezala.

        Eta zuk bidea erakutsi didazu! Zurekin hasi nintzen. Oraindik ezagutzen ez zintudan egunek ez dute aipamenik merezi...

        O Diotima, Diotima, izaki zerutiarra!

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Ahantz dezagun denbora bat badela eta ez ditzagun egunak zenbatu!

        Zer dira mendeak, bi izaki horrela sumatu eta hurbiltzen diren unearen aurrean?

        Oraindik ikusten dut Notarak lehen aldiz haren etxera eraman nindueneko arratsaldea.

        Gugandik ehun urratsetara bizi zen, mendipean. Haren ama izaki amultsu eta arrazoizko bat zen; anaia, berriz, gazte alai xalo bat. Eta biek aitortzen zuten, egindako eta utzitako guztian, Diotima etxeko erregina zela.

        Ai! Dena saindutu eta edertu egiten zen haren presentziaren bidez. Ikusten eta ukitzen nuen guztia, haren alfonbra, haren burkoa, haren mahaitxoa, dena zegoen harekiko estekamendu sekretuan. Eta hark lehen aldiz nire izenaz deitu ninduenean, hain hurbiletik non haren arnasa errugabeak nire izate zelataria ukitu baitzuen...!

        Oso gutxi mintzatu ginen. Bat lotsatzen da bere mintzoaz. Doinu bilakatu nahi du eta zeruko kantu batean bat egin.

        Zertaz mintzatzen ahal ginen? Soilik begiratzen genion elkarri. Geutaz mintzatzeko beldurrez ginen.

        Azkenean mintzatu ginen lurraren bizitzaz.

        Ez da oraindik hain sutsuki eta haur moduan ezein himno kantatu.

        Ongi zitzaigun geure bihotzaren soberakina lurraren magalera isurtzen. Horrela arinduta sentitu ginen, udako haizeak jotako zuhaitzak bezala beren sagar goxoak belardira erortzearekin.

        Lurrari deitzen genion zeruko lore bat, eta zeruari, biziaren lorategi amaigabea. Arrosak urrezko errautsean pozten diren bezala, esaten genuen, horrela pozten du lurra eguzkiaren argiak bere izpiekin; izaki biziduna da, esaten genuen, kasik jainkozkoa, bihotzetik sua edo ur goxo garbia dariona; beti dago pozik, berdin ihintz ttanttez nola ekaitz hodeiez elikatzen denean; zerua haren kide fidel eta maitalea da, patuak agindu moduan, edertasunik gorena ondu dadin.

        Horrela mintzatzen ginen. Edukia eta izpiritua azaltzen dizut. Baina zer da hori bizitzarik gabe?

        Iluntzen zuen eta joan behar genuen. Gau on aingeruzko begi horiek!, bihotzean pentsatzen nuen, eta ager zaitez laster berriro nire aurrean, izpiritu jainkozko eder hori, zure lasai eta betetasunarekin!

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Egun pare bat geroago, gurera etorri ziren. Elkarrekin joan ginen lorategira. Diotima eta biok aurreratu ginen, geure baitan galduak; niri malkoak eskapatzen zitzaizkidan, neure ondoan, hain umilki, ibiltzen zen izaki sakratuarengatik.

        Mendi-buru parean gelditu ginen eta ekialde amaiezinari buruz begiratu.

        Diotimaren begiak zabaldu ziren eta, mantso, lorebegi bat irekitzen den bezala, ireki egin zen bere aurpegi maitea zeruko aireen aurrean; mintzo garbia eta arima egin zen eta, hodeiei buruz hegan hasiko balitz bezala, figura osoa goratu zen, maiestate arinean, eta doi ukitzen zuen lurra oinekin.

        Beso artean hartu nahi izan nukeen, arranoak bere Ganimedes bezala, eta berarekin hegan egin itsaso eta haren irlen gainetik.

        Aurreratu egin zen eta begiratu burkaitz zorrotzari buruz. Atsegin zitzaion sakontasun izugarria neurtzea, eta haitzak eta erreka apartsuak estaltzen zituen basoetako gauean bere burua galtzea.

        Apoiaturiko harresia apal samarra zen. Horrela eusten ahal nion xarmantari zertxobait behera makurtzen zelarik. Ai! Delizia zoragarri batek zeharkatu ninduen eta zentzu guztietan barrena zorabio bat ibiltzen zitzaidan, eta, ukitzean, ikatzek bezala erre ninduten eskuek.

        Eta, gero, bihotzeko atsegina hainbat konfiantzarekin haren ondoan hurbil egonda, eta erortzen ahal zelako haurrezko kezka minbera; eta neska xarmantaren entusiasmoaren aurreko poza!

        Zer da gizakiek mendeetan egin eta pentsatutakoa, maitasunaren istant baten ondoan? Naturan zertuena eta edertasunik jainkozkoena da! Horra doaz biziaren eskalako maila guztiak. Hortik gatoz, horra goaz.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Soilik haren kantua ahaztu beharko nuke, soilik arimaren doinu horiek ez lukete sekula itzuli behar nire etengabeko ametsetara.

        Itsasontzi bat bezain liraina den zisnea ez da ezagutzen ertzean lotan dagoelarik.

        Soilik kantatzean ezagutzen zen hain gogoz kontra mintzatzen zen maite isila.

        Ordu arte ez zen agertzen kortesiarik gabeko zerutiarra bere maiestate eta xarmantasunean; orduan arnastu egiten zuen, ezpain minbera eta loretsuetarik; berdin otoitz eta fereka egiten, jainkoak manamendu moduko bat. Eta nola hunkitzen zen bihotza ahots harekin, nola agertzen zen bizitzaren handia eta umila, poza eta tristezia, doinu haiek edertutakoan!

        Enarak erleak airean harrapatu bezala, halaxe hartzen gintuen hark.

        Ez zen atseginik ezta harrimenik ere; zeruko bakea zen gure artera etortzen zena.

        Mila aldiz esan diot hari eta neure buruari: ederrena sakratuena ere bada. Eta hala zen dena haren baitan. Haren bizitza bere kantua bezalakoa zen.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Loreen artean, haren bihotza etxean zegoen, haietariko bat balitz bezala.

        Izenekin aipatzen zituen, amodioagatik beste ederrago batzuk asmatuz, eta zehazki bazekien bakoitzaren arorik alaiena.

        Senide nagusi bat bezala, bere kuttunak txoko guztietarik datozkiolarik, bakoitzak lehen agurra hartu nahi baitu, horrela ibiltzen zen, bere alaitasunean murgilduta, belardi eta basoetan zehar.

        Eta hori ez zen ikasia edo saiatua, berezkoa baizik.

        Betiereko jakina eta nonahi ageria: arima bat zenbat eta errugabe eta ederragoa, orduan eta handiagoa baita bere konfiantza bizigabeak omen diren beste izakiengan.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Mila aldiz egin dut barre neure bihotzaren poztasunean, pentsatuz nola jende batzuek uste duten izpiritu goratu batek ezin duela jakin barazki bat prestatzen. Bere tenorean, Diotima etxeko zereginez mintzatzeko gauza zen eta, zinez, ongizatearen suaz arduratzen den eta bihotza pozten diguten janaria prestatzen duen neska noble bat baino nobleagorik ez da.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Zer da munduan landutako jakinduria guztia, zer da giza pentsamenduko heldutasunaren harrokeria osoa, zer zekien zer zen ere ez zekien izpiritu haren berezko doinuen aldean?

        Nork ez du maiteago mahats mordo ondua eta freskoa, mahatsondotik hartutakoa, saltzaileak kaxa batean bildu, idortu eta presaturiko mahaspasak baino? Zer da liburu baten jakinduria aingeru baten jakinduriaren aldean?

        Beti zirudien gutxi zioela, eta asko zioen.

        Ilunabarrean etxeraino laguntzen nuen; desegindako hodeiak, ametsak bezala, belardian barrena zebiltzan, eta adar artean ikusitako izarrek jeinu zelatariak ziruditen.

        Bakanka entzuten zen: zeinen eder! haren ahotik, nahiz eta haren bihotz minberak ez baitzuen hosto baten dardara, ezta iturri baten murmurioa ere, entzun gabe uzten.

        Baina orduan esan zidan: zeinen eder!

        Hala da gure amodioagatik!, esan nuen, gutxi gorabehera, haurrek dioten bezala, ez txantxetan ez serioski.

        Uler dezaket diozuna, erantzun zuen; atsegin dut mundua etxeko bizimodu bat bezala irudikatzea; bertan, pentsatu gabe, gauza bakoitza badagokio beste bati, eta besteen plazer eta pozagatik bizi ohi da, bihotzetik hala datorrelako.

        Bai sinesmen errukiorra eta goratua!, esan nuen.

        Isilik egon zen bolada batez.

        Beraz, etxeko haurrak gara, hasi nintzen azkenean; gara eta izango gara.

        Beti izango gara, erantzun zuen.

        Hori izango al gara?, galdetu nuen.

        Honetan osoki fidatzen naiz naturaz, segitu zuen, egunero hartaz fidatzen naizen bezala.

        O, Diotima izan nahi nukeen hori esan zuelarik. Baina zuk ez dakizu zer zioen, Bellarmino, ez baituzu hori ikusi, ezta entzun ere!

        Arrazoi duzu, esan nion; betiereko edertasunak, naturak, ezin du ezer galdu bere baitan, ezer gehitu ezin duen bezala. Bere biharko apaindura ez da gaurkoa; baina ezin du gugan den hoberenaz, gutaz, preszinditu, eta are gutxiago zutaz. Sinesten dugu betierekoak garela, gure arimak naturaren edertasuna sentitzen duelako. Natura izango litzateke puska bat, eta ez jainkozkoa eta osoa, inoiz zu faltako bazintzaizkio. Naturak du zure bihotza merezi, lotsatu beharko balu zure esperantzengatik.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Ez dut ezer ezagutu hain beharrik gabea, hain jainkozki askietsia. Ozeanoko olatuek irla dohatsuen kostaldea bezala, halaxe inguratzen zuen nire bihotz kezkatua neska zerutiarraren bakeak.

        Nik ez nuen ezer emateko, salbu kontraesanez eta oroipen odoltsuez beteriko gogo bat; ez nuen ezer emateko, salbu mugarik gabeko maitasun bat, haren mila kezka eta esperantza nahasirekin. Hura, ordea, nire aurrean zegoen bere edertasun aldagabean, ahaleginik gabe, osotasun irribarretsu batean, eta hilkortasunaren amets guztiak, baita eskualde goratuan, urrezko ilunsentian, jeinua iragartzen duen guztia, hori oro gauzatua zen arima lasai bakar hartan.

        Izarren gainean, borroka amaitzen omen da eta, etorkizunean, gure hondarraz garbiturik, bizitza pozaren ardo noble bihurtuko omen da; beraz, inork ez du lur honetan bihotzaren lasaitasuna bilatzen. Badakit besterik. Bide laburragoa aurkitu dut. Haren aurrean, entzun eta ikusi nuen zeruko bakea eta kaos kexatuaren erdian Urania agertu zitzaidan.

        Zenbat aldiz isildu ditudan neure kexak irudi horren aurrean! Zenbat aldiz baretu diren nire bizitza nekatua eta nire gogo antsiatua, pentsamendu goxoetan murgilduta, haren bihotzari begira egonda, iturria balitz bezala zeruak bere zilarrezko ttanttekin ukitzen duenean!

        Arima hura nire Leteo zen, nire Leteo sakratua, existentziaren ahazpena edan nuenekoa; han, hilezin bat bezala, txoratzen nintzen pozaz, eta amets gaizto baten ondotik, irriz, mugitzen nituen zapaltzen nindutenen kateak.

        O, harekin gizaki zoriontsu eta zertuago bat bihurtu nintzatekeen!

        Harekin! Baina horrek huts egin zuen eta orain noraezean nabil neure baitan eta neure aurrean denaren inguruan, eta ez dakit zer egin neurekin ezta gainerako gauzekin ere.

        Nire arima bere elementutik atera eta hondartzara botatako arraina bezalakoa da; mugitzen eta astintzen da, idortu arte eguneko beroan.

        Ai! Munduan zerbait balego nik egin beharrekoa! Lan bat, gerra bat niretzat, horrek animatuko ninduke!

        Diotenez, behiala, beren amagandik baztertu eta desertura botatako haurrei otseme batek eman zien titia.

        Nire bihotza ez da hain zoriontsua.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Soilik noizean behin hitz egin dezaket hartaz. Ahaztu egin behar dut osoki hura zer den, hartaz mintzatu nahi badut. Itxura egin behar dut lehengo denboraz bizi izan balitz bezala, narrazio baten bidez jakin izan banu bezala zerbait, bestela haren irudi biziak harrapatzen nau liluramendu eta minean akitu arte; bestela pozaren heriotzan eta tristeziaren heriotzan hiltzen naiz beragatik.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Alferrik da, ezin naiz neuregandik ezkutatu. Noranahi noala ere neure gogoetekin, berdin zerura nola amildegira, aroen hasieran nola amaieran, berdin munduko izpirituagana jotzen badut ere, lehen kezka, min eta poz guztiak ito egiten zizkidana, berdin hondar gabeko ozeanoan murgiltzen banaiz ere, nonahi harrapatzen nau Diotimaren hilobiak nire ondoan deneko ikara goxo, zoragarri, hilgarriak.

        Aditzen duzu? Entzun duzu? Diotimaren hilobia!

        Nire bihotza lasaitu egin zen eta nire maitasuna ehortzita zegoen maite nuen hildakoarekin.

        Badakizu nire Bellarmino! Aspaldi ez nizun hari buruz idazten eta idazten nizunean, lasai egiten nuen; uste dut.

        Zer gertatzen da?

        Hondartzara noa eta Kalaureari buruz egoten naiz begira, hura datzan lekura begira. Hori da.

        O, inork ez dit bere txalupa ematen, inor ez zait errukitzen eta bere arrauna eskaintzen, harenganaino joateko laguntzera!

        Itsaso ona ez da gelditzen, nik egur bat hartu eta harenganaino iritsi arte.

        Itsaso irakinera botako nuke neure burua, olatuei eskatzeko Diotimaren kostaldera jaurti nazaten.

        Anaia maitea! Bihotza kontsolatzen dut fantasia mota guztiekin, lo egiteko erremedioak hartzen ditut, baina hobe litzateke betiko libratzea, paliatiboekin ibili gabe; baina nori ez zaio beste hainbeste gertatzen? Askiesten naiz, beraz.

        Askietsi? Ondo litzateke! Laguntza ederra litzateke, jainko batek laguntzen ahal ez duenekoa.

        Orduan! Orduan! Egin dut ahal nuena. Patuari eskatzen diot neure arima.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Ez al zen nirea, zuek, patuaren arrebak, ez al zen nirea? Lekukotzat hartzen ditut iturri garbiak, eta entzun gintuzten zuhaitz errugabeak, eta eguneko argia, eta eterra! Ez al zen nirea? Biziaren doinu bakoitzean nirekin bat eginda?

        Non da nik bezala hura ezagutzen zuen izakia? Zein ispilutan biltzen ziren, nire baitan bezala, argi haren izpiak? Ez al zen pozaz ikaratu, nire poztasunean bere burua ikusita? Ai! Non da nirea bezala, betetasun osoa emango eta hartuko liokeen bihotza, hura babesteko egondakoa, betileak begiarekin bezala?

        Lore bakarra ginen; gure arimak elkarrengan bizi ziren, bere baitan bere pozak gordetzen dituen lore itxi bat bezala.

        Eta, hala ere, ez al zen hura, ostutako koroaren antzera, nigandik kendua eta errautsera jaurtia?

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Biotariko batek jakin aurretik, bata bestearena ginen.

        Haren aurrean egonda, lasai, isilik, bihotza beterik, nire bizitza osoa ematen zen hari begira zeuden nire begien izpietan, eta orduan berak begiratzen zidan baketsu, zalantza hauskor batean, eta haren mugimendurik txikienean nire arima dardara batean zegoen, erlea adar kulunkarien inguruan bezala, eta berriro aurkitzen zuen bere lasaitasuna bere zeregin maitean...

        Nire baitako sakontasunetan ikusten zituen akordio eta gatazka guztiak, neroni ohartu aurretik, baita nire bihotzaren gorabeherak ere, ordu ilunetan, etengabeko hitzontzikerietan galduta nengoelarik, eta nire izaera aldakorragatik amultsuki egiten zidan errieta, maite den haur bati bezala...

        Ai, behin batean, hatzez zenbatu zenituen nire aterpe eta zure etxearen arteko harmailak; ibilitako bideak erakutsi, eseritako lekuak, eta azkenean esan zenidan orduan jada sentitzen zenuela ni bertan banengo bezala...

        Ez al ginen bata bestearena aspaldian?

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Bihotzean hilobi bat eraikitzen dut, bertan atseden izan ahal izateko. Neure baitan egiten dut amarauna, orotan negua delako; oroipenik goxoenekin babesten naiz ekaitzetik.

        Behin batez, Notara —aterpea eman zidanaren izena— eta Kalaureako beste batzuk elkarrekin eserita geunden Diotimaren baratzean, loretan zeuden almendrondoen azpian, adiskidantzaz mintzatzen, besteak beste.

        Gutxi mintzatu nintzen; bihotzari buruzko gauzez gutxi mintzatzen nintzen. Diotimak halakoxea bihurtu ninduen...

        Harmodio eta Aristogiton bizirik zirela, zioen batek, oraindik bazen adiskidantzarik munduan. Horrek sobera poztu ninduen isilik segitzeko.

        Koroa egin beharko genizuke esandakoagatik, esan nion. Ideiarik al duzu, konparantzarik al duzu Aristogiton eta Harmodioren arteko adiskidantzaz? Barkatu, baina, eterrarren! Aristogiton izan beharko zen Aristogitonek zer sentitzen zuen jakiteko, eta ez zen tximistaren beldur izan behar Harmodioaren maitasuna nahi zukeen gizona, zeren, oker ez banago, Minosen hertsitasunaz maite baitzuen gazte hark. Jende gutxik gainditu du proba hori, erdi jainko batek maitaturik izatea ez baita, Tantalo bezala, jainkoen mahaian esertzea baino errazagoa. Baina munduan ez da ederragorik bikote bikain bat, hura bezalakoa, elkarren mendean egotea baino.

        Hau ere nire esperantza da, nire atsegina ordu bakartietan, halako doinuak, baita handiagoak ere, itzuli beharko direla munduaren ibileraren sinfoniara. Maitasunak sortu zituen bizitzaz beteriko gizakien mila-urteak; adiskidantzak birsortuko ditu. Jendeak haur harmoniatik atera berriak dira; izpirituen harmonia mundu aro baten hasiera izango da. Gizakiak hasi ziren landareen zoriontasunean, eta ondu arte handitu egin ziren; gero nahas-mahas handitu ziren kanpotik eta barrutik, eta orain zorabioz beteriko kaosa bezalako bat da; natura zena ideal bihurtu da, eta zuhaitza ustelduta eta errotik arrailduta egon arren, umatzen da berriro, eguzkitan berdatzen da, gaztaroko denboretan bezala; ideala da, natura izan zena. Horretan, idealean, gazteturiko jainkotasunean, elkar ezagutzen dute gutxik eta bat dira, zeren bat baitago beren baitan, eta haiengandik, beraiengandik hasten da munduaren bigarren aroa... Aski esan dut garbi uzteko zer pentsatzen dudan.

        Diotima ikusi behar zenuke, nola goratu zen jauzi batean, bi eskuak luzatuz niri buruz eta esanez: ulertu dut, adiskidea; osoki ulertu esandako guztia.

        Maitasunak mundua sortu zuen; adiskidantzak birsortuko du.

        Orduan, zuek, etorkizuneko dioskurook, gelditu istant bat, Hyperion lotan den lekutik pasatzean; egon gizon ahantziaren hautsen aurrean eta esan: gu bezalako bat litzateke, hemen egongo balitz.

        Horixe aditu nion, Bellarmino! Hori bizitu ondoren, ez noa gogotik hiltzera?

        Bai! Bai! Aurretik ordaindua izan naiz, bizi egin naiz. Jainko batek soporta lezake poz handiagoa, baina nik ez.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Galdetzen didazu ea nola joan zitzaidan denbora hura? Dena irabazi nahian dena galdu duen norbaiti bezala.

        Askotan itzultzen nintzen Diotimaren basotik, mozkor bat bezala; askotan urruntzen nintzen harengandik nire pentsamenduak ez salatzeko. Hainbat irakin baitzuen nire baitan Diotimak maitatzen ninduelako sinesmenaren pozak eta harrotasunak.

        Orduan bilatzen nituen mendirik gorenak eta haren haizeak, eta sendatu berri den arranoaren antzera, nire izpiritua libertateari buruz zihoan eta hedatzen zen mundu ikusgarriaren gainean, harena balitz bezala. Miresgarria! Maiz iruditzen zitzaidan munduko gauzale neure baitan garbitzen eta urtzen zirela, urrea bezala; ai nola aupatzen nituen haurrak eta nola agurtzen nituen landareak eta zuhaitzak! Ahalmen magiko bat izan nahi nukeen neure inguruan oreinak eta basoko hegaztiak biltzeko! Hain zoragarri maiteen nuen dena!

        Baina aurki itzalitako argia bezalakoa zen. Mutu eta triste gelditzen nintzen, itzal baten moduan. Ez nuen kexatu nahi ezta kontsolatua izan nahi ere. Esperantza bota nuen, makuluak nahi ez dituen elbarrituaren antzera; lotsatzen nintzen negar egiteagatik; lotsatu, hitz batez, existitzeagatik. Baina, azkenean, harrotasuna lehertu egiten zen malkoetan eta errefusaturiko mina maite nuen, haur batek bezala, bularrean ezarriz.

        Ez, zioen nire bihotzak, ez, nire Diotima, ez dut minik. Babestu zeure bakea eta utzi niri neure bidetik segitzen. Egon lasai, izar ederra, zeure azpian dena galtzen eta uhertzen bada ere.

        Ez utzi zeure arrosak zurbiltzen, jainkozko gaztetasuna! Ez utzi zeure edertasuna zahartzen, lurreko kezketan. Nire poza, bizitza goxoa, zuk zeure baitan kezkarik gabeko zerua daramazula da. Ez duzu miserablea izan behar, ez, ez! Ez duzu zeure baitan maitasunaren pobrezia sentitu behar.

        Eta haren etxera joanez... haizeari eta hodeien itxurari galdetuko nieke zer pasatuko zen nirekin ordu baten buruan! Nola pozten nintzen aurpegi lagungarri bat bidean gurutzatutakoan eta, sobera idor ez izateko, bere egun on esaten zidanean!

        Basotik etorritako neska bat etorri eta, salgai zeukan marrubi zare bat eskaintzen zidanean, erregalatu nahi balu bezala, edo nekazari batek, bere etxe aurretik ni iraganda, gereziondo batean igota, zerbait eskainiz bezala, oihu egiten zidanean... seinale onak ziren nire bihotz sineskeriatsuarentzat!

        Etorritako bideari buruz Diotimaren leiho bat irekita ikusteak zeinen ondo egiten zidan! Beharbada orduantxe egona zen begira...

        Azkenean, Diotimaren aurrean, arnasarik gabe, zalantzakor, igerilaria ur sakonetan bezala, nire gogoa borrokatzen eta ahalegintzen zen amaigabeko maitasunean ez itotzeko.

        Zertaz mintza gaitezke?, hasi nintzen. Askotan hain neke baita pentsamendua finkatzea...

        Oraindik hegan?, erantzun zidan Diotimak. Ezarri beruna hegaletan, edo hariari egingo diot tira... haurrek kometekin egin bezala, ihes ez egiteko...

        Neska maiteak lagundu nahi zuen, txantxaren bidez, baina ez zuen ia ezer lortzen.

        Bai! Bai! Zuk nahi bezala, nioen. Nahi duzu nik ozenki irakurtzea? Zure lautea afinatuta egongo da, atzoz geroz... eta ez dut irakurtzeko ezer...

        Behin baino gehiagotan esan didazu zeure lehengo denboraz kontatuko zenidakeela; nahi duzu orain?

        Egia da, nioen; nire bihotzak gogotik egiten du hori. Eta orduan kontatu nion, zuri bezala, Adamasen historia eta nire egun bakartiak Esmirnan, Alabandaren historia eta nola bereizi ginen, eta Kalaureara iritsi aurrean izandako gaixotasun bitxia... Orain dena badakizu, nioen azkenean; orain gutxiagotan egingo duzu topo nirekin; orain esan duzu: ez burlatu Vulkano honetaz, maingua da zeren jainkoek bi aldiz bota baitute zerutik lurrera.

        Isil zaitez, zioen, malkoak begietan; isil zaitez eta ez egin txantxarik zeure patuaren edo bihotzaren bizkar, zuk baino hobeto konprenitzen baitut.

        Hyperion maitea, oso zaila da zu laguntzea.

        Badakizu zerk erretzen zaituen?, zioen ahots goratuagoaz, zer da falta zaizun bakarra? Zer bilatzen duzun, Alfeok bere Aretusa bezala? Zer deitoratzen duzun zeure kexa guztietan? Ez da duela urte batzuk desagertutako zerbait; ezin da esan noiz agertu zen, ezta noiz desagertu zen ere... Izan zen eta bada, zure baitan! Bilatzen duzuna denbora hobea da, mundu ederrago bat. Mundu hori zeure lagunengan besarkatzen zenuen; haiekin batean zu zinen mundu hori.

        Adamasekin etorri zen eta harekin desagertu. Alabandarengan ere agertu zitzaigun, argiago; horregatik uste zenuen gauerdian zinela hura joanda.

        Ikusten duzu nola Alabandari buruzko zalantzarik txikiena etsipena zen zuretzat? Zergatik baztertu zenuen hura, soilik jainko bat ez zelako?

        Ez zenuen lagunik nahi, mundu bat nahi zenuen. Joandako urrezko aro guztiak, denbora hobearen izpirituak, heroi guztien indarrak... horiek oro ordezkatu behar zizkizun gizaki balear batek... Ohartzen zara zeinen pobrea eta, era berean, aberatsa zaren? Zergatik egon behar duzu harro eta triste? Zergatik txandakatzen dira zure baitan pena eta alaitasuna?

        Zeren guztia baituzu, eta ezer ez; zeren urrezko egunen izpiritua bertan baita, eta ez; zeren jainkoa baitzara jainkoen artean, zeure ametsetan, baina esnatzerakoan gaurko Grezian zaude.

        Bi aldiz esan duzu? Ez, egun batean hirurogeita hamar aldiz jaurtia izan zara zerutik lurrera. Beldur naiz denbora hauetako izpiritua ezingo duzula soportatu. Askotan saiatuko zara, o jainkoa, eta zure azken aterpea hilobia izango da.

        Ez, Diotima, nioen, ez jainkoarren! Melodia bat nire baitan izan artean, ez naiz izarpeko isiltasunaren beldur izango; eguzkia eta Diotima argitan egon arte, ez da niretzako ilunik.

        Jo bezate hil-ezkilek bertute guztiengatik! Nik zure bihotzaren kantua aditzen dut; zure baitan ikusten dut betiereko bizitza, dena zimeltzen den artean.

        O, Hyperion, zer diozu?

        Esan behar dudana diot! Ezin dut neure poztasuna eta beldurra ezkutatu... Diotima! Jakin behar duzu aspaldian nola hondoratzen naizen eskua luzatzen ez badidazu.

        Harriturik zegoen, nahasia.

        Nire baitan sostengatu? Hyperionek nire baitan sostengatu nahi du bere burua? Orain izan nahi nuke neska hilkor bat baino areagoko zerbait. Baina zuretzat izango naiz ahal guztia.

        O, niretzat jada zara dena!, oihu egin nuen.

        Dena? Hipokrita gaiztoa! Eta humanitatea, azken zerean maitatzen duzun bakarra?

        Humanitatea?, esan nuen; nahi nuke humanitateak Diotima hitz gakotzat hartu, bere pankartetan zure irudia ezarri eta esan dezan: gaur jainkozkoak garaitu behar du! Zeruko aingerua! Hori izango da egun batean!

        Zoaz, zioen, eta erakutsi zeruari zure antzalda! Ez da nire ondoan gertatu behar.

        Joango zara, ezta, Hyperion maitea?

        Obeditu egin nion. Zeinek ez zukeen egingo? Joan nintzen. Ez nintzen sekula modu horretan harengandik urrundu. O Bellarmino, horixe poza, bizitzaren lasaitasuna, jainkozko bakea, poztasun zerutiarra, miresgarria, ezin esana.

        Hitzek ez dute jada balio. Konparantza eskatzen duenak ez du halakorik ezagutu. Halako poza adierazten ahal duen bakarra Diotimaren kantua da, gorentasun eta sakontasunaren artean izanda, justuki erdian.

        O Leteoko ertzetako belardiak! O Eliseoko basoko bideak ilunabarrean! Haraneko errekaren liliak! Mendixkako arrosazko koroak! Ordu alai honetan, zuengan sinesten dut eta neure bihotzari esaten diot: bertan aurkituko duzu bera, baita galdu zenuen poztasun oro ere.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Gehiago kontatu nahi dizut neure zoriontasunaz.

        Saiatu egin nahi dut bihotza iraganeko pozarekin, altzairua bezala gogortu arte eta ni garaiezina izan arte.

        Hala ere ezpata ukaldi bezala erortzen zait, baina ezpatarekin ohitu egiten naiz eta eskua sutan mantentzen dut ura bezala jasan arte.

        Ez dut kikildu nahi; sendoa izan nahi dut. Ez dut ezer ezkutatu nahi; hilobitik deitu nahi dut zorionik zoriontsuena.

        Sinesgaitza da gizakia ederrenaren beldur izatea, baina hala da.

        Momentu horietarik, oroipenen delizetarik hesi ibili naiz eta haur batek bezala tximistatik desbideratu egin dut begirada. Baina munduko baratzean ez da nire pozak baino maiteagorik ezer hazten; zeruan eta lurrean ez da nire pozak baino fruitu nobleagorik.

        Baina soilik zurea bezalako arima garbi eta libre bati, Bellarmino, kontatzen diot. Ez dut eguzkiak bere izpiekin bezala jokatu nahi; ez dizkiot nire perlak jendetza ergelari bota nahi.

        Arimari buruzko azken solasaldiaz gero, banekien sekretu saindu bat bazela Diotima eta bion artean.

        Suspirioka eta ametsetan nenbilen. Nire arima sentitzen zen gauerdian izpiritu bat agertu eta harekin joateko erregutu izan balit bezala.

        Zorion eta malenkoniaren arteko nahasmendu bitxia da handik aurrera ohi kanpoko bizimodua izango dugulako sentimendua.

        Gero, ezinezkoa izan zitzaidan Diotima bakarrik ikustea. Beti bazen hirugarren bat, traba egiten. Munduak huts amaigabe bat egiten zuen gure artean. Sei egun joan ziren Diotimaz ezer jakin gabe. Gure inguruan zeudenek zentzuak geldiaraziko balizkidate bezala baitzen; nire kanpoko bizitza osoa hil balute bezala, ezin bainuen harenganako biderik aurkitu.

        Begiez bilatzen banuen, gaua zen nire aurrean; hitzez zerbait esan, eta zintzurrean trabatzen zitzaidan.

        Ai! Askotan izenik gabeko nahiak bularra urratzen zidan. Amodioa, nire baitan preso egonda, Titan bat bezala oihuz ari zen. Sekula ez zen nire izpiritua hain gogorki patuaren kontra altxatu; arima bakar bat bihurtzea eragozten zion burdinazko legearen kontra.

        Gau izartsua nire elementua egin zen. Orduan, dena isilik egonda, urrea hazten den lur sakonean bezala, ederragoa sortzen zen nire maitasunaren bizitza.

        Orduan bihotzak ziharduen poeta izateko zeukan zuzenbidean. Orduan kontatzen zidan nola Hyperionen izpiritua jostetan aritua zen bere Diotima maitearekin Eliseoko atarian, lurreratu aurrean, haurtzaro jainkozko batean, iturriko murmurio goxoan, urrezko uretan islatzen diren lurreko adarrak bezala diruditen adarren pean.

        Eta iragana bezala, nire baitan irekitzen zen etorkizunaren atea.

        Orduan hegan ari ginen, Diotima eta biok; enarak bezala munduko udaberri batetik bestera, eguzkiko dermioan barrena, zeruko beste irletara, Sirioko urrezko kostaldean, Arturoren izpirituen haranera...

        Maitearen ondoan munduko deliziak ontzi beretik edatea, bai zoragarria!

        Neure buruari kantatzen zion doinuak mozkorturik, loak hartzen nuen liluramendu bikainen erdian.

        Baina lurreko bizitza egunsentiko izpietan berriro izekita, begiak goratzen eta gaueko ametsak biltzen nituen. Izar ederrak bezala, desagertuak ziren, eta soilik malenkoniaren deliziak ziren, nire ariman, haien lekukoak.

        Triste nengoen, baina uste dut dohatsuen artean horrela tristatzen dela. Tristezia hori pozaren mezularia zen, egunsentiaren aurreko grisa zen, egunabarraren arrosa zenbatezinak sortzen direnekoa...

        Eguneko beroak dena plegatzen zuen itzalaren ilunpean. Diotimaren etxe inguruan dena zen isilik eta hutsik, eta gortina jeloskorrek bidea mozten zidaten leiho guztietan.

        Harenganako gogoetan bizi nintzen. Non zaude, pentsatzen nuen, non bilatzen zaitu nire izpiritu bakartiak, o neska laztana? Aurrera begira zaude, gogoetan? Lana alde batera utzi eta belaunean bermatzen zara, burua eskuan, pentsamendu goxoetan galduta?

        Ez dezala ezerk nire maitearen bakea traba, fantasia goxoekin bere bihotza freskatzen duelarik; ez dezala ezerk mahats mordo hori uki, eta pikorretarik ihintz ttanttarik ere ez dadila eror!

        Ametsetan ari nintzen. Baina gogoetak etxeko pareten artean kirika ari zirelarik, oinek beste inon bilatzen zuten, eta ohartu orduko baso sakratuan nengoen, Diotimaren baratzean, lehen aldiz ikusi nuenekoan. Zer zen hori? Askotan ibilia nintzen zuhaitz haien artetik; konfiantzazkoak zitzaizkidan; lasai nintzen haien artean. Orduan nagusitu zitzaidan indar bat, Dianaren itzalera sartuko banintz bezalakoa, jainkosaren agerpenaren aurrean hiltzeko.

        Aurrera segitu eta, urrats bakoitzean, miresgarriagoa zen nire baitan. Gogotik, hegan ari nintzatekeen; halaxe bultzatzen ninduen bihotzak, baina oinetan beruna banu bezala zen. Arima aurreratuta zegoen, lurreko gorputz adarrak utzita. Ez nuen gehiagorik aditzen eta begien aurrean nahasten ziren itxura guztiak. Izpiritua jada Diotimarekin zegoen; zuhaitz punta jostetan ari zen egunsentiaren argiarekin, beheko adarrek oraindik goizeko hotza sentitzen zutelarik.

        Ai! Nire Hyperion!, oihu egin zidan ahots batek; harantz joan nintzen. Nire Diotima! Nire Diotima! Ezin nuen hitzik ezta arnasarik ere egin; konortea galdu nuen.

        Desagertu, desagertu, bizi hilkorra, izpiritu bakartiak bere sosak bildu eta zenbaturiko zeregin miserablea! Guztiak gara jainkozko pozaz gozatzera deituak!

        Hor bada, nire existentzian, hutsarte bat. Hil egin nintzen eta esnatutakoan neska zerutiarraren bihotzean nengoen. O maitasunaren bizitza! Nola iritsi zinen harengana loratze sendagarri osoan! Lo arin batean bezala, buru xarmagarria nire sorbaldan zegoen, bake ederrean irribarrez, eta begi etereoak niri buruz altxatzean, bazirudien mundua ikusten zuten lehen aldia zela.

        Luzez egon ginen horrela, geure buruaz ahaztuta, zer gertatzen zitzaigun jakin gabe, nire baitan poza gainditu eta galdutako mintzoa berreskuratu nuen arte; nire entusiasmo isila iratzarri egin zen berriro existentziara.

        Azkenean, gure ingurura begiratu genuen.

        O, nire zuhaitz lagun zaharrok!, zioen Diotimak, aspaldi ikusi ez balitu bezala eta joandako egunen oroipena jostetan ari zen bere pozen inguruan, ilunabarrean gorritzen den elurraren ondoan itzalek egiten duten moduan.

        Zeruko aingerua! Nork edukitzen ahal zaitu?, esan nuen. Nork esan dezake osoki ulertu zaituela?

        Harritzen al zara nik zu hainbeste maitatzeaz?, erantzun zuen. Maitea! Umil harroa! Zugan sinesten ahal ez dutenetarikoa al naiz? Ez al dut jeinua hodei artean ezagutu? Ez ezkutatu, begiratu zeure buruari, goratu egin nahi zaitut, eta nahi dut...

        Baina hor da, izar bat bezala goratua... Estalia urratu eta udaberria bezala sortzen da; iturri gardena bezala leize ilunetik... Hau ez da Hyperion iluna; hau ez da triste basa hura... O nire gazte bikaina!

        Dena zitzaidan amets bat bezalakoa. Sinesten ahal nuen maitasunaren mirakulu hartan? Ahal nuen? Pozak hilko ninduke.

        Jainkozkoa!, oihukatu nuen; nirekin mintzatzen al zara? Zeure buruaz arnegatu eta nire baitan aurkitzen ahal duzu zeure poza? Orain ikusten dut askotan asmatzen nuena: gizakia dela barruan jainko bat daukan estalki bat, zeruak bere nektarra isurtzen duen ontzi bat, bere umeei hoberena edanarazteko...

        Bai! Bai!, erantzun zidan irribarre batekin. Zure izenkidea, Hyperion bikaina, zure baitan da!

        Utz nazazu zurea izaten, utzi neure buruaz ahanzten, bizitza eta gogo guztia zuri buruz itzultzen, amaigabe kontenplazioan! O Diotima! Horrela nengoen neure maitasunak asmaturiko irudiaren aurrean, neure ametsetako idoloaren aurrean. Nik elikatzen eta bizirik mantentzen nuelarik, freskatzen eta berotzen neure esperantzekin... Orain, berriz, orain besoetan zaitut; zure arnasa sumatzen dut, zure begiak nireetan; orainaldiaren edertasunak zentzuak gainditzen dizkit eta ez naiz ikaratzen... Bai! Ez naiz nintzena, Diotima! Zure pareko bihurtu naiz; orain jainkozkoa jainkozkoarekin jostetan ari da, haurrak beren artean bezala...

        Baina lasaiago bihurtu behar zaitut, zioen.

        Arrazoi duzu, maitea! Bestela ez zaizkit Graziak agertuko; ez naiz haien mugimenduak ikusteko gauza izango. Zure baitan dagoenaz ohartu gabe ez dut gelditu nahi. Emadazu soilik denbora!

        Losintxari hori!, erantzun zidan. Baina gaurkoz aski dugu, losintxari maitea! Ilunabarreko hodeiek abisatzen naute. Ez tristatu! Gorde zeure baitan poz garbia! Oihartzun egin beza zure baitan, bihar arte, eta ez dezazula hil desanimuarekin! Bihotzeko loreek ardura berezia nahi dute. Beren sustraiak orotan daude, baina soilik giro epelean garatzen dira. Ongi izan, Hyperion!

        Baztertu egin zen. Nire izate osoa izeki egin zen haren edertasun sutsuan desagertzearekin batera.

        O, zu..., esan nuen, eta atzetik joan nintzaion, arima haren eskuan musu amaigabeetan isurtzen niolarik.

        Jainkoarren!, zioen. Zer izango ote da gero!

        Horrek hunkitu ninduen. Barkatu, zerutiarra! Banoa. Gau on, Diotima! Pentsatu nitaz apur bat!

        Horixe!, esan zuen. Gau on!

        Eta orain hitz gehiagorik ez, Bellarmino! Sobera litzateke nire bihotz etsituarentzat. Miretsita nago, nola sentitzen dudan... Baina kanpora noa, landare eta zuhaitz azpira, haien pean etzatera, eta erregutuko dut naturak halako lasaitasunera eraman nazan.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Gero eta libreago, baita hobeto ere, bizi ziren gure arimak elkarrekin, gure inguruko guztiak urrezko bake batean elkartzen zirela. Bazirudien mundu zaharra hil egin zela, eta beste berri bat gurekin hasten zela, hain arin eta garden egin baitzen dena. Gu eta izaki guztiak hegan ari ginen, mila doinuko koru batean, eter amaigabean zehar.

        Gure solasaldiak zeruko urrezko legarrak han-hemenka dauzkan ibai baten antzera zihoazen. Gure isiltasuna mendi-buruen bakea bezalakoa zen, ekaitzen eskualdetik goiti, soilik jainkozko haizea murmurioka ari baita bidaiari ausartaren kopetan.

        Eta banatzeko orduan, tristezia sainduak entusiasmoan erauntsika, esaten nuenean: orain berriro hilkorrak gara, Diotima! Eta berak: hilkortasuna itxura hutsa da, eguzkira luzez begira egon ondoren, begietan dir-dir dauzkagun koloreak bezala!

        Ai! Eta amodiozko josteta dohatsuak! Hitz ferekagarriak, kezkak, minberatasunak, ahalegina eta zabaltasuna.

        Eta elkarri begiratzeko gure orojakintasuna, eta sinesmen amaigabea elkar miresteko!

        Bai! Maite duen gizakia eguzki bat da, dena ikusten eta antzaldatzen duena. Eta maite ez duelarik, etxebizitza iluna da, kea botatzen duen kriseilu bat duena.

        Isildu egin behar nuke; ahaztu eta isildu.

        Baina gar xarmagarriak erakartzen nau, bertara erori eta, euliak bezala, hil arte.

        Harreman dohatsu eta zabal horien guztien erdian, behin batez ohartu nintzen Diotima gero eta isilago gelditzen zela.

        Galdetu eta otoiztu egin nuen, baina horrek areago urruntzen zuen; azkenean erregutu zidan ez gehiago galdetzeko, alde egiteko, eta, itzultzekotan, beste zerbaiti buruz mintzatzeko. Horrek eragin zidan mututze mingarri bat, neure burua aurkitzen ez nekienekoan.

        Niretzat izan zen bat-bateko patu ezin ulertuzkoak hil egin balu bezala gure maitasuna; bizitza osoa desagertu zitzaidan, baita gauza guztiei ere.

        Lotsatu nintzen horregatik; banekien kasualitateak ez zuela Diotimaren bihotza menderatzen. Miresgarria aurkitzen nuen beti ere, eta nire zentzu kontsolagaitzak nahi zuen zinezko amodioa; altxor itxiak harentzat itxiak ziren. Ai! Pozaren pozez esperantza desikasia neukan. Pazientziarik gabeko haur bat bezalakoa nintzen: sagarrondoko sagarra nahi du, ezpainetan ukitu arte existituko ez balitz bezala. Erregutu egiten nuen, etengabe, sutsuki eta umilki; maitasunak ematen zidan bere hitz-jario ahaltsua eta etsia, eta orduan... Orduan, o Diotima, erdietsi nuen aitorpen hura, eta badaukat, eta gordetzen dut, harik eta maitasunaren olatuak berriro naturaren magalera eraman arte.

        Errugabea! Oraindik ez zuen ezagutzen haren bihotzaren betetasun ahaltsua, eta bertan aurkitutako aberastasunak harriturik, ehortzi egin zuen bere bularraren sakonean... Eta sobera maite ninduela ezagutzearekin eta bihotzean zeukan oroz gabeturik aurkitzen zela aitortzearekin, o nola esan zuen malko artean: desleiala natzaio maiatzari, baita udari eta udazkenari ere; ez naiz ohartzen gaua ala eguna den, lehen bezala; ez naiz zerukoa ezta lurrekoa ere, batena soilik bainaiz; baina maiatzeko loraldia, udako beroa, udazkeneko heldutasuna, zerua eta lurra, dena dago bat horren baitan! Hala baita nire maitasuna... Eta begiratu zidanean, bihotz sutsu horrekin, poztasun sakratu eta ausartarekin besoetan hartu eta musukatu ninduenean kopetan eta ahoan, ai! Haren buru jainkozkoa, atseginez hila, nire lepo gainera erori zenean eta haren ezpainek nire bular nahasia lasaitu zutenean, haren arnasa maitea arimaraino iritsita... O Bellarmino, orduan zentzuak joan eta gogoak ihes egin zidan...

        Ikusi, ikusten dut nola amaitu behar den hau. Lema olatuetara erori da eta ontzia, oinetarik hartutako haur bat bezala, harkaitzen kontra jaurtia izango da.

 

 

Hyperionek Bellarminori

 

        Bizitzan badira ordu handiak. Haiei begira gaude etorkizuneko eta antzina aldeko figurei bezala; haiekin borrokatzen gara ederki eta, bizirik segitzen badugu, gure arrebak egiten dira eta ez gaituzte uzten.

        Irla honetako hiriburua izandakoaren harri batean eserita, mendi-buruan, mintzatzen ari ginen Demostenesen amaieraz, nola lehoi hura altxatu zen libertatearen alde eta nola ihes egin zuen, heriotza sakratu eta boluntario baten bidez, mazedoniarren puñaletarik... Eta batek zioen: Izpiritu bikain hura txantxetan joan zen mundutik. Zergatik ez?, esan nuen; hemen ez zuen ezer bilatzeko; Atenas Alexandroren ohaidea zen eta mundua heriotzaraino xerkaturiko orein bat.

        O, Atenas!, zioen Diotimak; zenbat aldiz deitoratu dudan haren zortea, hari begira, Olinpioko egunsentiaren hastean.

        Hemendik zenbatera dago?, galdetu nuen.

        Egun batera, hor nonbait, erantzun zuen Diotimak.

        Egun batera! Eta oraindik ez naiz egon? Elkarrekin joan behar dugu, oraintxe.

        Ondo!, esan zuen Diiotimak; bihar itsaso barea dugu eta bertan dena dago oraindik berde eta ondurik. Betiereko eguzkia eta lur hilezinaren bizitza behar dira halako bidaia egiteko.

        Orduan bihar, esan nuen, eta gure lagunak ados agertu ziren.

        Goizean goiz atera ginen, oilarraren kantuarekin. Argitasun freskoan distiratzen genuen guk eta munduak. Gure bihotzetan urrezko gaztetasun lasaia zen. Gure baitako bizitza ozeanoan sortu berri den eta udaberria estreinakoz duen irlarena bezalakoa zen.

        Nire ariman oreka handiagoa zegoen, Diotimaren eraginari esker. Hiru aldiz garbiagoa sentitzen nuen eta nire indar sakabanatuak urrezko erdi batera bilduak ziren.

        Elkarrekin mintzatzen ginen atenastar zaharren bikaintasunaz: nondik etorria zen, zertan zegoen.

        Batek zioen eguraldiaren zeregina zela; bete batek, artea eta filosofiarena; hirugarrenak, erlijioa eta estatuko erakundeena.

        Atenastarren artea eta erlijioa, eta filosofia eta estatuko erakundeak, esan nuen, zuhaitzaren loreak eta fruituak dira; ez lurra eta sustraiak. Ondorioak kausatzat jotzen dituzue.

        Eta eguraldia hori guztia moldatu zuena izan zela esaten didanak pentsa beza eguraldi berean bizi garela.

        Atenastarrak, edozein ikuspuntutarik, lurreko beste edozein jendalde baino libreago hazi ziren. Ezein konkistatzailek ez zituen ahuldu, ezein kanpoko erlijiok ez zituen nahasi; uzta bere garaian ondu zen. Bere baitan utzita diamantea sortzen den bezala, halakoxea izan zen haren haurtzaroa. Pisistrato eta Hiparkoaren aurreko denboraz ez dakigu ezer. Troiako gerran aritu ziren; goizegi berotu ziren grekoak negutegi hartan... Ohi kanpoko patu batek ez ditu gizakiak hazten. Halako ama baten umeak kolosalak eta handiak dira, baina izaki ederrak, edo, gauza bera dena, gizakiak, hori sekula ez, edo agian beranduegi, kontrasteak sobera bortizki aritzen direlako, eta azkenean bakea egin behar dute elkarrekin.

        Lazedemoniak atenastarrak gainditzen ditu bere indar joriaz. Justuki horregatik bere burua suntsituko zukeen Likurgok eutsi izan ez balio diziplinaren bidez. Geroztik, espartarraren baitan dena lortzen da heziketari esker. Ahalegin jakinaren prezioan. Inola ere mintzatzen ahal da espartarraren xalotasunaz, baina xalotasun zinezkorik eta berezkorik ez zen. Senaren ordena sobera goiz hautsi zuten eta sobera goiz hasi behar zen haiekin diziplina ere; giza izaera ondu ezean, edozein diziplina eta arterentzat sobera goiz da. Eskolatu aurrean, haurrak bizi behar du natura oso bat, horrela haurtzaroaren irudiak erakutsiko dio eskolatik natura osora itzultzeko bidea.

        Espartarrak beti gelditu ziren puska bat bezala; zeren sekula haur osoa izan ez zena nekez izango baita gizon osoa...

        Zeruak eta lurrak, jakina, zerbait egin zuten atenastar eta greko guztientzat. Zeruko izpiak ez zitzaizkion suzko euria bezala erortzen. Lurrak ez zituen berazten eta mozkortzen fereka eta gehiegizko emaitzekin, beste inon hainbat aldiz ama zoroak egin bezala.

        Gainera, hor zen Teseoren balentria miresgarria, gogotik mugatu baitzuen bere erregezko agintea.

        Halako haziak, jendaldearen bihotzak ereinda, garizko ozeano urrezko bat sorrarazi behar du, eta denbora luzez ikusten ahal da ondorio hori atenastarren baitan.

        Atenastarrak hain libreki bizitzeak, bortizkeria mota guztietatik kanpoan, egin zituen hain bikainak, eta soilik horrek egin zitzakeen!

        Ez zirikatu gizakia sehaskan dagoenez geroztik! Ez kanporatu haren izatearen estalkitik; ez kanporatu haren haurtzaroko etxolatik! Baina ez egin hainbat non zuek gabe geldituko den eta, ondorioz, zuengandik ezberdinegi; eta ez egin hainbat non zuen edota haren indarra sentitu gabe geldituko den. Hitz batez, utzi berandu arte ohartu gabe beste gizakirik badela, haren buruaz kanpoan zerbait badela, zeren soilik horrela egingo baita gizakia. Baina gizakia jainko bat da, gizakia denez gero. Eta jainkoa denez gero, ederra da.

        Bai bitxia!, zioen lagunetariko batek.

        Inoiz ez zenion nire arimari hain sakonki hitz egin, zioen Diotimak.

        Zugandik daukat hori, erantzun nion.

        Horrela izan zen atenastarra gizaki bat, segitu nuen; horrela izan behar du. Ederra sortu zen naturaren eskuetarik; ederra, gorputzez eta arimaz, esan ohi den bezala.

        Artea da giza edertasunaren, jainkozkoaren, lehen umea. Bertan gaztetzen eta errepikatzen du bere burua gizaki jainkozkoak. Bere burua sentitu nahi du, horregatik ezartzen du bere edertasuna bere aurrean. Horrela eman zizkion bere jainkoak bere buruari. Hasieran, gizakia eta bere jainkoak bat baitziren, bertan zegoen edertasuna, bere buruarentzat ezezaguna... Misterioez mintzatzen naiz, baina badira...

        Edertasun jainkozkoaren lehen umea artea da. Hala izan zen atenastarren artean.

        Edertasunaren bigarren umea erlijioa da. Erlijioa edertasunaren maitasuna da. Jakintsuak erlijioa bera maite du, amaigabea, oro-konprenitzailea... Jendeak bere umeak maite ditu, jainkoak, itxura askoren pean agertzen zaizkionak. Hala zen atenastarren artean ere. Eta halako edertasunaren amodiorik gabe, halako erlijiorik gabe, edozein estatu bizirik edo izpiriturik gabeko eskeleto hutsa da. Eta edozein pentsamendu eta ekintza, adarrik gabeko zuhaitz bat, bururik gabeko habe bat.

        Hori zen egiazki grekoen eta, bereziki, atenastarren kasua. Aski da ikustea haien artea eta erlijioa betiereko edertasunaren umeak zirela, alegia, giza natura osatuaren umeak. Aski da ikustea haien arte sakratuaren eta erlijioaren gaiak, eta nola maitatzen eta ohoratzen zituzten gai horiek.

        Hutsuneak eta okerkuntzak badira nonahi. Baita hemen ere. Baina gauza segurua da haien artearen gaietan gizaki osoa aurkitzen dela. Ez egiptoarren eta gotuen txikikeria eta munstrokeria, giza zentzua eta giza itxura baizik. Besteak baino gutxiago desbideratzen dira naturagandiko eta naturalaren muturrei buruz. Besteak ez bezala, humanitatearen erdi ederrean daude haien jainkoak.

        Eta gaiak bezalaxe, maitasuna ere bai. Ez, esklaboa ezta arruntegia!

        Atenastarren izpirituen edertasunetik dator libertatearen beharrezko sena ere.

        Egiptoarrak nekerik gabe jasaten du nahikeriaren despotismoa; iparreko semeak oposiziorik gabe jasaten du legearen despotismoa, zuzengabea zuzenaren itxurapean. Zeren egiptoarrak amaren sabeletik baitu adorazio eta idolatriarako joera; iparrean, gutxiegi sinesten da naturaren bizitza libre hutsean; horregatik, itsuki sinesten da legekerian.

        Atenastarrak ezin du despotismoa jasan, zeren bere natura jainkozkoak ez baitu trabatua izan nahi; ezin du orotan legekeria jasan, zeren ez baitzaio orotan beharrezkoa iruditzen. Drako ez da harentzat egokia. Goxoki tratatua izan nahi du, eta arrazoi du horretan.

        Ondo!, eten zidan batek, ulertzen dut hori, baina jende poetiko eta erlijioso hori filosofiko nola bilaka ote daitekeen, hori ez dut ikusten.

        Poesiarik gabe sekula ez zatekeen jende filosofikoa!, esan nuen.

        Zer ikusirik dauka filosofiak, zientzia horren bikaintasun hotzak, poesiarekin?, erantzun zidan.

        Poesia, esan nuen, neureaz gauzaz guztiz segurua, zientzia horren hasiera eta amaiera da. Minerva Jupiterren burutik bezala, poesiatik sortzen da etengabeko jainkozkoa den izate bat. Horrela doa azkenean bere baitara poesiaren iturri misteriotsuan bateragaitza dena.

        Hau bai gizon paradoxikoa!, zioen Diotimak; hala ere, segitzen ahal diot dioena. Baina baztertu egin zarete. Gaia Atenas da.

        Gutxienez bere bizitzan behin edertasun osoa sentitu ez duen gizakia, segitu nuen, bere izatearen indarrak elkarrekin jostetan ostadarraren koloreak bezala, entusiasmoaren orduetan dena egokiro dagoela ohartu ez dena, hori ez da filosofo eszeptikoa ere izango, haren izpiritua ez da ukapenerako egina; are gutxiago eraikitzeko. Zeren, sinets ezazu, eszeptikoak orotan aurkitzen du kontraesana eta hutsa, zeren edertasunaren harmonia osoa ezagutzen baitu. Ukatzen du giza arrazoiak eskainitako ogi idorra, zeren, nonbait ere, jainkoen mahaian parte hartzen baitu.

        Exajeratua!, zioen Diotimak; horregatik zinen eszeptikoa. Baina atenastarrak!

        Hurbiltzen ari natzaie, esan nuen. Heraklitoren esaldia, en diaferon eautw (bata, bere baitan ezberdina), soilik greko bati iruditzen ahal zaio handia, zeren edertasunaren funtsa baita, eta aurkitu aurretik ez zen filosofiarik.

        Orduan definitzen ahal zen, oro baitzen bertan. Lorea zabalik zegoen; analizatzen ahal zen.

        Edertasunaren orduak jo zuen gizakien artean, bertan zen bizian eta gogoan; etengabeko bata bertan zen.

        Konparatzen ahal zen, zatitu irudimenean, zatiak berriro elkarrekin pentsatu; ezagutzen ahal zen horrela hoberenaren funtsa, eta lege gisa aurkeztu izpirituen eremuan.

        Ikusten duzu zergatik atenastarrak izan behar ziren bereziki jendalde filosofikoa?

        Egiptoarra, berriz, ezin zitekeen. Maitasunean eta maitasunez kontran, zeruarekin eta lurrarekin bizi ez dena ez baita bere buruarekin bat, eta betiereko edertasunaren esperientzia greko bati baino zailagoa egiten zaio.

        Despota harro baten gisan, ekialdeko zeruak lurrera bortxatzen ditu bere biztanleak bere distira eta boterearekin. Eta oinez ikasi aurretik, belauniko egon behar du; mintzatzen ikasi aurretik, otoiztu egin behar du; bihotzean oreka izan aurretik, makurtu egin behar du; izpiritua loreak eta fruituak emateko aski sendoa izan aurretik, patuak eta naturak, beren beroarekin, kemen osoa kentzen diote. Egiptoarra azpikoa da osoa izan aurrean, eta osotasunaz, beraz, ez daki ezer. Isis mutua eta iluna lehena eta azkena da harentzat, etengabeko huts bat, eta hortik ez da ezer arrazoigarririk sortu. Ezerezetik, altuagoa bada ere, ez da ezer sortzen.

        Iparrak, berriz, goizegi bultzatzen ditu bere umeak beren baitara. Eta egiptoarraren izpiritua sutsuegi badoa munduari buruz; iparrean izpiritua bere baitarako bidaiari lotzen zaio, abiatzeko prest egon aurretik.

        Iparrean arrazoigarria izan behar da, sentimendu ondu bat izan aurretik; errugabetasunak bere amaiera ederra erdietsi aurretik, erruduna sentitu behar baitu. Gizaki osoaren batasuna ez da ontzen, ezta loratzen ere, gizakia bera moldatu eta garatu aurretik. Adimen hutsa, arrazoi hutsa, beti iparraren erreginak dira.

        Baina adimen hutsetik ez da sekula ezer adigarririk sortzen; arrazoi hutsetik sekula ez dator ezer arrazoigarririk.

        Izpirituaren edertasunik gabeko adimena zera da, artisau morroi bat egur zakarretik zutoinak prestatu eta lurrean sartzen dituena, nagusiak egin nahi duen baratzerako. Adimenaren zeregina behar hutsa da. Zentzurik eta zuzenik gabetik babesten gaitu, dena antolatzen duenez gero; baina horietarik babestuta izatea ez da giza osotasunaren mailarik gorena.

        Izpiritu eta bihotzaren edertasunik gabeko arrazoia etxeko nagusiak bidalitako kapataz bat bezalakoa da; morroiek bezain gutxi daki zertarako den lan amaiezin hori eta soilik dio: lanari ekin. Eta kasik atsekabea sentitzen du lana aurreratzen dela ikustearekin, azkenean ez baitu ezer aginduko eta haren papera amaitua izango baita.

        Adimen hutsetik ez dator ezein filosofia; zeren filosofia dagoenaren ezagutza mugatua baino zerbait gehiago baita.

        Arrazoi hutsetik ez dator ezein filosofia; zeren filosofia gai posible baten batuketa eta bereizketan aurrerapen amaigabean egindako jarraipen itsua baino zerbait gehiago baita.

        Baina en diaferon eautw jainkozkoak argitzen badu ahalegintzen den arrazoiaren edertasunaren ideala, orduan ez du itsuki ikertzen eta badaki zergatik eta zertarako ikertzen duen.

        Maiatzaren argiak artistaren lantegia bezala, edertasunaren eguzkiak adimena argitzen du, eta artistak ez du bere zeregina uzten kanporatzeko: udaberriko argitan emango duen festa egunean pentsatzen du.

        Halaxe nengoen Atikako kostaldean lurreratu ginenean.

        Atenas zaharra genuen oraindik geure zentzuan eta ezin ginen zuzenegi mintzatzen. Eta neroni miresten nintzen neure adierazpenez. Nola galdu ote naizen ikusi nauzuen mendi-buru idorretan?, esan nuen.

        Horrela da beti, erantzun zuen Diotimak, ongi gaudenean. Soberazko indarrak erabilpena bilatzen du. Bildotsak kopeta ukaldika hasten dira amazko esneaz ase eta gero.

        Likabetus goiti joan eta, presa izan arren, gelditzen ginen esperantza miresgarrien gogoetan murgildurik.

        Ederra da gizakientzat hain zaila izatea maite duenaren heriotzaz konbentzitzea. Eta akaso inor ez da lagunaren hilobira joan, bertan lagunarekin egiazki topo egiteko esperantza izpirik gabe. Hunkitzen ninduen Atenas zaharraren fantasmak, hildakoen erresumatik itzulitako ama baten itxurak bezala.

        O Partenon, munduaren urguilua, zure oinetan dago Neptunoren erresuman hezitako lehoi baten antzera, aldarrikatu nuen. Eta zure inguruan bildutako beste tenpluak haurrak bezalakoak dira, baita agora sugestigarria eta Akademoren basoa ere...

        Horrela mudatzen ahal zara lehengo arora, zioen Diotimak.

        Ez aipatu aro haiek, erantzun nion. Bizitza jainkozkoa zen eta gizakia naturaren erdian zegoen! Atenasen inguruan loratuta, udaberria neska baten magalean lore umil bat bezalakoa zen; eguzkia, lotsaz gorriturik, altxatzen zen lurreko bikaintasunen gainean.

        Himeto eta Pentelikoko marmol harkaitzak, lotan egondako sehaskatik eta amaren eskuetarik, haurrak bezala, jaikitzen ziren eta, atenastarren esku minberetan, itxura eta bizia hartzen zuten.

        Naturak eztia, lilirik ederrenak, mirtoak eta olibondoak eskaintzen zituen.

        Natura sazerdotisa zen eta gizakia, haren jainkoa. Eta naturaren baitan bizitza bakoitza, itxura eta kolore guztiak, nagusiaren oihartzun sutsua ziren.

        Eta nagusiak merezi zuen, berdin lantegian bertan egindako irudia besarkatzen, edo, ikasle arretatsuen erdian, denbora laburtzen gogoeta nobleen artean; berdin estadioan lasterka, edo hizlariaren aulkitik urrezko hodeiak eta tximistak boteaz...

        Begira!, esan zidan bat-batean Diotimak.

        Begiratu eta desagertu egin nahi nukeen gogotik ikusitakoaren aurrean.

        Naufragio ikaragarri bat bezala, urakanak isildu eta marinelak ihes egindakoan, flotaren hilotz ezagungaitza legarrean egonez, halaxe zegoen Atenas gure oinetara. Habe abandonatuak gure aurrean, baso larrutu baten enbor gorriak bezala: arratsaldean oraindik berde eta gauez erreak.

        Hemen, zioen Diotimak, ikasten du bakoitzak bere patuaz isiltzen, ona ala txarra bazen ere.

        Hemen ikasten du bakoitzak orori buruz isiltzen, segitu nuen. Uzta honen biltzaileek beren bihitegiak aberastu izan balituzte, ezer ez zatekeen galduko; baina zeinek irabazi zuen?

        Europa osoak, erantzun zuen lagunetariko batek.

        Bai, habeak eta estatuak hartu eta saldu egin dituzte eta figura noble hauek, beren bitxikeriagatik, papagai eta tximinoen pare baloratu dituzte.

        Ez esan hori, erantzun zuen berak; edertasunaren izpiritua falta bazaie eramangarria ez delako izango da.

        Horixe bera, esan nuen. Gainera izpiritu hori desagertua zegoen suntsitzaileak Atikara etorri orduko. Bakarrik etxeak eta tenpluak hil eta gero ausartzen dira basapiztiak ate eta kaleetan barrena ibiltzen.

        Baina izpiritu hura daukanarentzat, zioen Diotimak kontsolatzearren, Partenon zutik dago oraindik ere, loretan den fruta-arbola bat bezala. Artistak erraz osatzen ahal du estatua erdia.

        Biharamun goizean, Partenoneko hondakinak ikusi genituen, Bako antzoki zaharreko lekua, Teseoren tenplua, Olinpion jainkozkoari geldituriko hamasei habe... baina gehien hunkitu ninduena izan zen hiri zaharretik berrira pasatzeko atari zaharra, garai hartan, dudarik gabe, egun bakar batean, mila gizaki eder agurtzen zirenekoa. Orain, atari hartatik ez da hiri zaharrera, ezta berrira ere, iristen, eta bertan da, mutu eta hutsik, idorturiko iturri baten antzera, lehen ur freskoa eta gardena hots alaiarekin tutuetarik zerion baten antzera.

        Ai!, esan nuen; hemendik hara genbiltzalarik, patuaren josteta bikaina da heinen tenpluak suntsitzea eta harri puskatuak haurrei ematea botaka jostetan aritzeko, baita jainko apurtuetarik nekazarien etxola-aurreko aulkiak egitea ere; baita hilobietarik bazkatzen ari den zezenarentzat pausalekuak ere. Halako xahutzea disolbaturiko perlak edatearekin Kleopatrak egindakoa baino areagokoa da. Hala ere, lastima hainbat handitasun eta edertasunengatik!

        Hyperion gaixoa, zioen Diotimak, hemendik joateko tenorea duzu; zurbil zaude, begiak neka eginda dituzu; alferrik saiatzen zara zeure burua animatzen gogorapenekin. Zoaz kanpora! Berdera! Biziaren koloreetara! On egingo dizu.

        Kanporatu egin ginen, ondoko lorategietara.

        Besteak hizketan ari ziren bi ikasle ingelesekin eta ez zuten handik mugitu nahi. Gustura utzi nituen.

        Nire izate osoa berpiztu zen bakarrik Diotimarekin egotearekin; hark borroka latza egina zuen Atenasko kaosarekin. Hodei amultsuetarik ageri den ilargia bezala, sufrikario haren izpiritua altxatzen ari zen. Jainkozko kreatura, bere malenkonian, gauaz lurrina areagotu egiten duen lorea bezalakoa zen.

        Aurrera joan ginen eta, azkenean, ez zen alferrik izan.

        O Angeleko basoak, olibondoak eta zipresak beren itzalak nahasten dituenekoa! Limoiondoko fruituak distiratzen du hosto ilunen artean; pomelo ondua bidean datza, galdutako haur irribarretsu baten moduan. O bidexka urrintsu eta sekretuok! O mirtoaren irudiaren irribarrea iturri gainean! Sekula ez zaituztet ahaztuko!

        Bolada batez ibili ginen zuhaizpean, leku zabal eta alai bat aurkitu arte. Eseri ginen. Lasaitasun ederra bazegoen bion artean. Nire gogoak hegan ziharduen neskaren figura jainkozkoaren inguruan, tximeleta lorearekin bezala, eta nire izate osoa arintzen eta biltzen zen behaketa entusiastaren poztasunean.

        Kontsolatu al zara, kaskarin hori?, zioen Diotimak.

        Bai! Bai! Badut galdutzat neukana; mundutik joana balitz bezala antsia eragiten zidana nire aurrean da. Ez, Diotima, oraindik ez da ahitu betiereko edertasunaren iturria.

        Esan nizun behin: jainkoak eta gizakiak behar ditut, gehiagorik ez. Badakit zerua hila dela, hustua, eta lurra, lehen giza biziaz beteegia zena, inurritegi bihurtu da. Baina oraindik bada zeru zaharrak eta lur zaharrak irribarre egiten didaten leku bat. Zure baitan ahaztu egiten ditut zeruko jainkoak eta lurreko jainkozko gizakiak oro.

        Zer zait munduaren naufragioa? Ez dakit ezer neure irla dohatsuaz aparte.

        Bada maitasunaren denbora bat, zioen Diotimak seriotasun amultsuez, sehaskan zoriontsu bizitzeko denbora bat den bezala. Baina biziak berak ateratzen gaitu hortik.

        Hyperion!, hemen eskua sutsuki hartu zidan eta bere ahotsa goratu zen, Hyperion! Uste dut gauza handietarako sortua zarela, ez hartu bestetzat zeure burua! Gairik ezak geldiarazi zaitu. Dena zihoan mantso zuretzat eta horrek garaitu egin zaitu. Zeure buruaz eta denaz dudatu egin duzu, zeren sentikorra bezain bortitza baitzara. Baina horrekin ez da ezer galdu. Zure gogoa onduko ez balitz hain goiz, ez zinateke zaren bezain gogoetatsu eta minbera. Sinets ezazu; horri esker zaude gizatasun ederraren orekan. Zure bihotzak bakea aurkitu du, baina zinez uste al duzu zure amaiera erdietsi duzula? Nahi al duzu zeure maitasunaren zeruan gelditu? Lurrera itzuli behar duzu, Apolok bezala. Otoi, jaitsi Atenasa eta ohar zaitez hondakinen artetik gizakiak dabiltzala; begira gainean daukaten tiraniaz kantuan eta dantzan arintzen diren albaniar eta beste grekoei... esaten ahal duzu gai honetaz lotsatzen zarela? Nik uste dut oso eraikigarria dela. Baztertzen ahal duzu zeure bihotza behartsuengandik? Ez dira gaiztoak; ez dizute ezer txarrik egin!

        Zer egin dezaket horiengatik?, esan nuen.

        Eman zeure baitan daukazuna, erantzun zuen Diotimak; eman...

        Hitz gehiagorik ez, hitz gehiagorik ez, arima handi hori!, oihu egin nuen, bestela menderatuko nauzu eta bortxaz bultzatu izan baninduzu bezala izango da...

        Ez dira zoriontsuagoak izango, nobleagoak baizik. Ez! Izango dira zoriontsuagoak ere. Sortu eta goratu egin behar dute, azpiko suak bultzaturiko irla berriek bezala.

        Bakarrik nago eta osperik gabe nabil haien artean. Baina gizakia den batek ez ahal du gizakiaren zatiak diren ehunek baino gehiago?

        Natura saindua, bat eta bera zara nire baitan eta nigandik kanpoan. Ez da hain zaila izango nigandik kanpoan denak nire baitan den jainkozkoarekin bat egitea. Ez al zaio aski erleari bere erresuma txikia? Zergatik ezingo nuke behar dena eraiki eta landu?

        Zer? Merkatari arabiarrak bere Korana erein zuen eta ikasleen herri bat sortu zen, baso amaiezin baten antzera. Egia zaharra gaztetasun berri batekin itzulitako landa ez ote da emankorra izango?

        Dena aldatuko da errotik? Humanitatearen sustraitik sor bedi mundu berria! Jainkotasun berri bat haien gainean; etorkizun berri bat haien aurrean!

        Baina bidaiatu egin behar dut, ikasteko. Artista naiz baina ez naiz ikasia. Gogoan moldatzen dut baina ez dakit eskua gidatzen...

        Italiara, Frantziara, Alemaniara joango zara, zioen Diotimak... Zenbat urte beharko duzu? Hiru... lau... Uste dut hiru aski izango direla; ez zara hain mantsoa, eta soilik ederrena eta handiena bilatzen duzu...

        Eta gero?

        Gure herriaren hezitzailea izango zara, gizon handi bat, uste dut. Eta orduan, orain bezala besarkatzearekin, irudituko zait gizon miresgarriaren zati bat naizela. Zure hilezkortasunaren erdia eman bazenit bezala poztuko naiz, Poluxek Kastori egin bezala. Zutaz oso harro izango naiz, Hyperion!

        Isildu nintzen. Poz ezin esanez beterik nengoen.

        Badaiteke erabaki eta ekintzaren arteko askiespena?, galdetu nuen. Bada garaipenaren aurreko atsedena?

        Heroiaren atsedena, zioen Diotimak; badira agintea eta betetasuna diren erabakiak, zurea adibidez.

        Itzuli ginen, lehen besarkatzearen ondotik bezala. Dena zitzaigun arrotz eta berria.

        Atenasko hondakinetan nengoen, ereilea alorrean bezala. Lasai egon, loak hartutako herria, pentsatu nuen; aurki berdatuko da zure baitan bizi berria. Aurki ez zaizu alferrik eroriko euria eta eguzkiak berriz aurkituko ditu bere ikasleak.

        Gizakiez galdetzen duzu, natura? Deitoratzen duzu soilik haizeak jotako liragatik, jotzen zuen artista hil delako? Etorriko dira, bai, gizakiak, natura! Herri gaztetuak gaztetu egingo zaitu, andregaia bezalakoa izango zara eta izpirituen paktua berriztatuko da zure baitan.

        Edertasun bakarra izango da. Humanitateak eta naturak dena hartuko duen jainkotasun balearrean bat egingo dute.

 

Hyperion
Friedrich Hölderlin

euskaratzailea: Eduardo Gil Bera
Erein, 2001