Marinel zaharraren balada ZAZPIGARREN PARTEA Basoko Ermitaraua Ermitau on hori, maldan behera Itsaso bazterrera iristen den basoan bizi da. Ze errime altzatzen duen bere abots ederra! Lurralde hurrinetatik datozen marinelekin Mintzatzea gustatzen zaio. Belaunikatu egiten da goizez, eguerdiz, eta iluntzez Badu belaunpeko bigun bat: Haritz zaharraren errondo usteldua Erabat estaltzen duen goroldioa. Xalupa inguratu zen: haien solasa entzun nuen, «Ze arraroa egiten zaidan! Non daude, oraintxe bertan zeinuka Ari ziren argi ugari eta ederrak?» Harriturik inguratu da untzira. «Arraroa da, halafedea!», esan zuen Ermitauak «Gure diosalari ez diote ba erantzunik eman! Oholak okerturik daude! Eta begiratu bela-izarak Ze mehar eta ze lehorrak! Nik ez dut lehenago sekula ikusi halakorik, Salbu eta agian «Ene basoko erreka ubiltzen duten Orrien gorpezurdura arrea; Huntzostoak elurrez kargatzen direneko, Eta gauhontzak, otsandaren kumeak han beherean jaten dituen Otsoari garrasi egiten dioneko sasoian.» «Jainko maitea! Deabruarena ematen du», Ihardetsi zuen Pilotoak, «Bildurrak nago» «Aurrera, aurrera!» Erantzun zuen Ermitauak gartsuki. Xalupa untzira gehiago inguratu zen, Baina ni ez nintzen ez mintzatu ez mogitu; Xalupa untzira are gehiago inguratu zen, Eta batbatean zarata bat entzun zen. Untzia batbatean hondatuko da. Uraren azpian burrunba egin zuen, Geroago eta ozenago eta izugarriago: Untziraino heldu zen, badia erdibitu zuen; Untzia bertan behera kala-beruna bailitzen murgildu zen. Marinel zaharra Pilotoaren batelean salbatuko dute. Itsasoa eta ortzea astindu zuen Zarata ozen eta izugarriaz burtzoraturik, Ene gorputza zazpi egunez itotakoaren gisan Geratu zen hor urgainean; Baina ametsetan bezain arin, ene burua Pilotoaren xalupan aurkitu nuen. Untzia hondatu zeneko zirimolaren gainean Xalupa jirabiraka ari zen; Eta dena geldirik zegoen, salbu eta Muinoa, zaratarekin ikaratzen bait zen. Ezpainak mogitu nituen Pilotoa garrasi eginda Zorabiaturik erori zen; Ermitau saindua begiak altzatu Eta bere eserlekutik otoitzean hasi zen. Arraunak hartu nituen: Pilotoaren mutilak, Berehala erotu zelarik, barre egiten zuen Errime eta etengabe, eta haren begiak Alde batetik bestera aldatzen ziren aldiro. «Ai! Ai!» deihadar egin zuen, «Orain badakit bai Deabruak arraunketan dakiela.» Eta orduan, ene herrian bertan, Ene lur lehorrean zutitu nintzen! Ermitaua xalupatik irten eta Ozta ozta egoten ahal zen zutik. Marinel zaharrak Ermitauari zinez erregutuko dio barkamena; eta betirako ogen-nekea ezarriko zaio. «Ai, barka nazazu, barka, gizon saindu horrek!» Ermitauak aitaren egin zuen. «Esan» ihardetsi zuen, «Esaizu berehala, Zernolako gizona zara zu?» Ondoren neke larri batek Gatibatu ninduen, eta min horrek Ene istorioa kondatzen hasi erazi zidan, Kondatutakoan aske uzteko. Eta harrezkero bere haigun bizitza guzirako neke-larri batek bultzatuko du herririk herri ibiltzera; Geroztik, ustekebeko orduan, Neke larri horrek hatzematen nau: Eta harik eta ene istorio izugarria egin arte Bihotz hau suak hartzen du ene baitan. Herrialderik herrialde gaua bezala iragaiten naiz, Mintza ahalmen arraro honekin; Aurpegia ikusteaz batera ezagutzen dut Nork entzun behar didan: Hari kondatzen diot ene istorioa. Zelako zapalarta irtetzen den ate horretatik! Ezteietara gonbidatuak hor daude: Baina jardineko hostopean anderegaia Eta bere laguntzaileak kantuz ari dira: Eta entzun ezazu arrats-otoitzetara Deitzen nauen ezkila tipia. Oi Ezteietara Gonbidatua! Ene arima hau Itsaso huts hutsean bakarrik ibili da: Hain bakarrik ze jainkoa bera ere Ez zirudiela bertan zegoenik. Hara! ezkontza festa baino atseginagoa, Askozaz atseginagoa da enetzat Elkarrekin elizaruntz paseatzea Konpainia onarekin! Elkarrekin elizaruntz paseatu Eta denok batera otoitz egitea, Aita handiaren aitzinean makurtuz, Agure zaharrak, eta haurrak, eta maitasun lagunak Eta gazteak eta dontzeila alaiak! Eta, bere exenpluaz, Jainkoak sortu zituen eta maite dituen gauza guziekiko maitasuna eta begiramena erakustera. Adio, adio! baina hauxe esan nahi dizut Zuri, Ezteietara Gonbidatu horri! Ondo maite duenak ondo egiten du otoitz, Gizakumea eta txoria eta piztia maite dituena. Hobeto maite duenak hobeto egiten du otoitz, Gauza guziak handiak eta tipiak maite dituena; Maite gaituen jainko maiteak Denok egin eta denok maite gaituelako. Marinela, begi dirdiranteak dituena, Bizarra adina bezain urdindua duena, Joan egin da: eta Ezteietara Gonbidatuak Orain senargaiaren atetik buelta eman zuen. Harri eta zur geratu denaren gisan, Zentzua galdu duenaren gisan joan zen: Hurrengo goizean tristeago Eta jakintsuago jeiki zen. 1797, 1798, 1800, 1816, 1817 Marinel zaharraren balada |