Marinel zaharraren balada HIRUGARREN PARTEA Marinel zaharrak zeinu bat susmatu du hurrin eguratsean. Denbora gogaikarri pasatu zen. Eztarriak Idorturik genituen, eta begiak kristaldurik. Denboraren gogaikarria! Denboraren gogaikarria! Ze kristaldurik begi gogaituak, Harik eta sartalderuntz begiratzean Ortzean zerbait susmatu nuen arte. Hasieran garaun tipi bat ematen zuen, Eta gero behelaino bat; Mogitzen zen, eta mogitzen, eta azkenerako Halako tankera bat hartu zuen, zihur. Garaun bat, behelaino bat, tankera bat, zihur! Eta geroago eta hurbilago zetorren: Uretako izpirituren bat saihestu nahiz bezala Murgiltzen zen eta finkatzen zen eta biratzen zen. Zeinua hurbildu denean, untzia dela iruditu zaio; eta nahiz eta nekez bere mintzoa egarriaren lokarrietatik askatu du. Eztarriak idorturik, ezpainak erre beltziturik, Ezin genuen egin ez irribarre ez oihu; Egarriaren egarriz mutu geunden! Ene besoa haginkatu, odola xurgatu, eta Deihadar egin nuen, bela-izara bat! bela-izara bat! Alaitasun pirrinta bat. Eztarriak idorturik, ezpainak erre beltziturik, Ahozabalik entzun ninduten deika: Eskerrak! Pozik barre egin zuten, Eta arnasa hartu zuten berehala, Denak edaten hasi bailiren. Eta izu-ikarak jarraitzen du. Ezen eta untziak egin al dezake aurrera haizerik gabe edota marearik gabe? Begira! Begira!, oihu egin nuen, ez da hurrinduko! Gu laguntzera dator honuntz. Brisararik gabe, itsas marearik gabe, Untzia kilaren astunaz geldirik zegoen! Sartalderuntz itsasoa suak harturik zegoen! Eguna amaitzen ari zen! Eguzki zabal eta dirdiratsua Sartaldeko urgainean zegoen ia, Tankera arraro hura batbatean Gure eta itsasoaren artean jarri zenean. Hura, itsasuntziaren gorpezurdura irudituko zaio. Eta Eguzkia barraz gurutzaturik zegoen, (Zeruetako Ama, emaiguzu grazia!) Gartzeletako barroteen artetik bezala agertzen zen Haren aurpegi zabal eta goria. Untzi saihetseko zureria, sartzen ari den Eguzkiaren karan, barrote saila irudituko zaio. Hara! (pentsatu nuen, bihotza taupaka nuelarik) Ze aguro ari zaigun hurbiltzen! Hoiek al dira bere bela-izarak, eguzkitan Armiarma sare lez nabarmentzen direnok? Andere-Mamua eta haren Heriotzlaguna, eta beste inor untzi gorpezurduraren gainean. Hoiek al dira bere zureriak, eguzkiak haien artetik Gartzela barroteen artetik bezala miratzen bait du? Eta Andere hori al da, soilik, eskifai guzia? Ez al da HERIOTZA? Edo bi al dira? HERIOTZA al da andere horren laguntzailea? Halako untzian, halako eskifaia! Haren ezpainak gorriak, haren begirakuneak libreak, Haren ilekordak horailak urrea bezala: Haren azala zuria zen legendunarena bezala, Amets txarreko HERIOTZEAN-BIZITZEA zen, Gizonen odola hotzez gogortzen duena. Heriotzak eta Heriotzean-Bizitzak dadotara jolastu dute ea zeinek hartu eskifaia, eta bera (bigarrena) jabetu da Marinel zaharraz. Untzi krosko biluzi hura parean jarri zitzaigun, Eta biak dadotara jokatzen ari ziren: «Fini jokaldia! Neuk irabazi dinat!» Esan zuen, andereak, hiru aldiz xistua joz. Eguzkiaren etxaldean oskorririk ez. Eguzkiaren ertza murgildu, izarrak agertu: Batbatean ilunbeak heldu dira; Mamuen untzia itsaso gainean Zurrumurru hurrin eginez aldendu zen. Hilargia sortuala. Entzun eta, alboka goruntz soegin genuen! Bildurrak ene bihotzetik, edalontzi batetatik bezala, Bizitza-odola edaten zidala iruditzen zitzaidan! Izarrak ahul zeuden, eta gaua lausoa, Lemazainaren aurpegia, bere kriseilupean, zuria zen; Bela-izarei ihintza zerion Harik eta estribore aldetik Hilargia hilbeheran igon zen arte, azpikaldeko Adarreren aldamenean izar dirdiratsua zuela. Banan bana, Banan bana, izarrak saingaturiko hilargiaren argitan, Kexurik edo zizpururik gabe, denek Aurpegia min izugarrirekin itzuli eta Begien begiratuaz maradikatu ninduten. Bere untzilagunak hilda erortzen dira. Lau bider berrogeita hamar lagun bizi, (Eta ez nuen entzun ez kexu ez zizpururik) Kolpe astunez, pisu bizigabe lez, Banan bana erori ziren zerraldo. Baina Heriotzean-Bizitza Marinel zaharraren baitan lan egiten hasi da. Haien arimak haien gorputzetatik hegaldatu ziren Hegaldatu ziren pozeruntz edo mineruntz! Eta arima guziak ene albotik pasatzen ziren Ene baleztaren ziztua antzera. Marinel zaharraren balada |