Marinel zaharraren balada BOSTGARREN PARTEA Oi, ze gauza ederra den loa! Polo batetik bestera denek estimatzen dute! Egin otoitz Andere Mariari! Berak igorri bait zuen Zerutik Ene arimara isuri zen lo ederra. Andere Mariaren graziaz, euriak hozberrituko du Marinel zaharra. Kubertako tangart hutsak, Luzaroan hutsik egondakoak, Ihintzez beterik zeudela amets egin nuen, Eta esnatu nintzenean, euria egin zuen. Ene ezpainak bustirik zeuden, ene eztarria hotza, Ene erropa guziak umeldurik; Ametsetan edan nuen seguruasko eta Eta ene gorputzak oraindik ere edan egiten zuen. Mogitu nintzen, eta ez nituen ene goputz-atalak senditu: Hain hutsal nengoelarik ia Lotan hila nintzela eta harrezkero Mamu benedikatu bat nintzela pentsatu nuen. Zaratak entzun eta ikaskizun arraroak ikusi eta astinaldiak igartzen ditu ortzean eta naturaren indarrean. Eta geroxeago haize burrunbatsua entzun nuen: Ez zen bertaraino heldu, Baina bela-izarak zarataz ikaratu zituen, Erabat mehar eta lehor zeudelarik. Goiko aidea bizitzaz lehertu zen! Eta ehundaka argi dirdiratu zen, Zalu mogitzen ziren han hemenka! Eta han hemenka, eta azalduz eta desagertuz, Izar ahulak haien artean dantzan hasi ziren. Eta zetorren haizeak burrunba ozenagoa egin zuen, Eta bela-izarek ihien gisako intziria; Eta euria egin zuen, hodei beltzetik; Haren aldamenean Hilargia zegoela. Hodei beltz sendo hura zulatu zen eta oraindik Hilargia alboan zegoen: Harkaitz altutik jaurtitako ura zirudien, Oineztarria ere zuzen erori zen, Ibai tente eta zabala zirudien. Untzilagunen gorputzak biztu dira eta untzia abiatu egin da; Haize burrunbatsu hura ez zen untziraino ailegatu, Baina orain untziak aurrera egiten zuen! Oineztarri eta hilargipean gizon hilak Intzirika hasi ziren. Intziri egin zuten, mogitu ziren, jeiki ziren, Isilik eta begiak higitu gabe; Arraroa zitekeen, baita ametsetan ere, Gizon hil haik jeikitzen ikustea. Lemazainak gobernatua, untziak aurrera egin zuen, Baina brisarak ez zuen jo; Marinelak bakoitza bere lekuan jarrita Sokak maneiatzen hasi ziren; Beren besoak burdin bizigabe lez altzatzen zituztela Gu eskifai izugarria ginen. Ene anaiaren semearen gorpua Aldamenean nuen, belaunik belaun: Haren gorpuak eta biok soka beretik tiratzen genuen, Baina ez zidan deusere esaten. «Bildurra ematen didazu, Marinel Zaharra!» Baina ez gizonen arimek, ez lurreko ez eguratserdiko deabruek, baizik eta aingeru izpiritu talde saindu batek bultzatua, begiralesainduarekiko deiaz igorriak. Lasai, Ezteietara Gonbidatu hori! Ezen eta haien gorpuetara ez ziren Penatzera aldegindako arimak bueltatu, Baizik eta izpiritu benedikatu aldra bat: Eguna argitzean besoak jetsi eta Mastaren inguruan bildu ziren; Soinu gozoak sortu ziren lehunki haien ahoetatik Eta haien gorpuetatik iraganda. Inguruka, inguruka, hots gozoak hegaldatu Eta gero Eguzkiruntz joan ziren; Ezari ezarian itzuli ziren, hotsak, Bata bestearekin nahasirik, edo banan bana. Batzutan larretxoriaren kantua Ortzetik erortzen entzuten nuen; Batzutan diren xorino guziak ziren Itsasoa eta aidea dena Beren txorrotxio gozoaz bete nahirik. Eta orain bazirudien tresna guziak batera ari zirela, Berehala xirula bakar bat ari zela zirudien; Eta orain aingeru kantua zen Zeruak mutuarazteko modukoa. Bukatu zen; baina bela-izarek oraindik Eguerdira arte soinu atsegina egin zuten. Ekain hostotsuko erreka ezkutatuak Egingo lukeen soinua, gauean zehar Baso loak hartuari abesti geldoa kantatuz. Eguerdira arte geldiro nabegatu genuen, Brisararik batere egin ez arren: Untzia lehunki eta astiro zihoan, Aurreruntz azpitik bultzatua. Hego Poloko Izpiritu bakartiak untzia Ekuatoreraino darama, aingeru taldeari amore emanez, baina mendeku eske oraindik. Kilaren azpian bederatzi brasatara, Behelainoen eta elurren lurraldetik Heldu zen izpiritua: eta bera zen Untzia bultzatzen zuena. Eguerdian bela-izarek beren abestia utzi Eta untzia ere gelditu egin zen. Eguzkiak, mastaren gain gainetik, Untzia ozeanoan iltzatu zuen: Baina laster hasi zen higikera Motz eta zailez mogitzen Aurreruntz eta atzerunzka higidura Motz eta zailean barrena. Orduan, aske utzitako zaldi zangarrak lez, Untziak batbateko jauzia eman zuen, Odola buruan isuri zitzaidan Eta zorabiaturik erori nintzen. Polotar Izpirituaren lagun deabruek, naturaren indarreko biztanle ikastezinak, zigorrean parte hartu dute, eta haietako bikbatak besteari kondatuko diote, hegoalderantz itzultzen den Polotar Izpirituari Marinel zaharrarentzako ogen-sari luze eta gogorra ametitu zaiola. Zenbat denbora egon nintzen horrela Ezin esan dezaket; Baina ene senera itzuli orduko Aidean bi abots entzun Eta berezi nituen ene ariman. «Hau al da?» esan zuen batek, «Hau al da gizona? Gurutzean hil zenaren izenean! Bere balezta krudelaz Albatro babesgabea akabatu zuen. Behelainoen eta elurren lurraldean Bakar bakarrik bizi den izpirituak Gizona maite zuen xoria maite zuen, Baina gizonak baleztaz akabatu zuen.» Bestea abots lehunagoa zen, Lili-eztia bezain lehuna; Eta esan zuen, «Gizon horrek bere erru-nekea jasan du, Eta erru-neke gehiago jasanen du.» Marinel zaharraren balada |