Marinel zaharraren balada BIGARREN PARTEA Untzilagunek hasarre egiten diote Marinel Zaharrari patu onaren xoria hil duelako. Eguzkiak orain eskuinaldetik argitzen zuen: Itsasotik altzatzen zen, Behelainoz jantzia oraindik, eta Ezkerraldetik murgiltzen zen itsasoan. Eta hegoaize onak jotzen zuen oraindik popatik, Baina xori onak ez ginduen segitzen Egundo ez zen ez jateko ez jolasteko Marinelen deira etortzen! Ezen eta nik gauza zitala nuen egina, Denei zorigaitza ekarriko ziguna: Brisara bultzatzen zuen xoria Hil nuela zin egin zuten denek. Ai dohakabea!, esaten zuten, Brisara bultzatzen duen xoria hil duk! Baina behelainoa desegiten denean Albatroaren hilketa oneritzi egiten dutenez gero krimenean ogen-kide bihurtuko dira. Ez ilun ez gorri, Eguzkia loriatsu jeikitzen zen, Jainkoaren burua bailitzen: Orduan, behelainoa eta gurma zekarren xoria Hil nuela zin egiten zuten denek. Ondo diagok, esan zuten, xoriok hiltzea, Behelainoa eta gurma dakarten xoriak hiltzea! Brisara ederrak jotzen duela, untzia Ozeano Pazifikoan sartu da, ipar aldean ez nabegatuz, harik eta Ekuatore Marrara ailegatu. Brisara eder batek jo, apar zuria aideratu, Untziaren ildoak aske segitzen ginduen; Geu izan ginen itsaso isilkari Haretan barrena sartzen lehenak! Untzia batbatean geldirik geratu zen. Brisara abaildu zen, bela-izarak abaildu ziren, Zitekeen tristeena baino tristeagoa zen: Itsaso haren isildadea hausteko Hitz egiten genuen bakarrik! Ortze bero eta gorribeltzean, Eguzki odoltsua, eguerdiz, Masta gain gainean jartzen zen, Ez hilargia baino handiago. Egunik egun, egunik egun, Trabaturik geratu ginen, haizerik ez, higidurarik ez; Itsauntzi pindatu bat Ozeano pindatu batetan bezain alferrik. Eta Albatroaren heriotzari zegokion mendekua hasi zen. Ura, dena ura inguruan, Eta oholak kizkurtu egiten ziren; Ura, dena ura inguruan, Eta tanta bat ere ez edateko. Itsaso sakona ere usteltzen ari: Ai Jainkoa! Halakorik zitekeenik ere! Bai, izaki likitsek beren oinak Itsaso lohi haretan arrastatzen zituzten. Biraka, biraka, larri eta errime, Argi-txakurrek dantzan egiten zuten gauez, Eta ura, sorgin olio lez, Suak hartzen zuen, berde eta urdin eta zuri. Izpiritu batek oldartu zituen; planeta honetako biztanle ikustezinetako batek, ez bait dira ez arima aldeginak ez aingeruak; haiei buruz jakin nahi duenak Josephus judu jakintsua edota Michael Psellus, Constantinoplar plantonzalea kontsulta dezake. Oso ugariak dira, eta edozein ingurugirotan edo izadiko edozein indarretan dago bi edo hiru baino gehiago. Eta batzuk ametsen bidez jakin zuten Izpiritua zela horrela oldartzen ginduena; Bederatzi brasatara urpez segitu ginduela Behelainoen eta elurren lurraldetik. Eta, lehorteagatik, gu denon ezpainak Erabat zimeldu ziren; Ezin ginen mintzatu, ez kedar artean Itotakoa baino gehiago. Untzilagunek, beren atsekabe mingarrian, erru guzia Marinel zaharrari atxeki nahi liokete: ezagugarri lez itsas xori hila lepotik eskegi diote. Ai ene! Ze zitalak zaharrek Eta gazteek ematen zizkidaten begiratuak! Gurutzea ezik, paparrean Albatroa eskegi zidaten! Marinel zaharraren balada |