Marinel zaharraren balada
Samuel Taylor Coleridge

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1995

 

LAUGARREN PARTEA

 

                        Ezteietara Gonbidatua izutu egin da,

                        mintzo zaiona Izpiritu bat ez ote den;

«Bildurra ematen didazu, Marinel Zaharra,

Bildurra ematen dit zure esku argalak!

Eta zuk, itsasoko hare etzana den bezain

Luzea, eta zimela, eta iluna zarelako!

 

Bildurra ematen didazu zuk, eta zure begi dirdiratsuek,

Eta zure esku argalak, hain beltzarana.»—

                        Baina Marinel zaharrak berak gorputz-bizitza duela zin egin dio,

                        bere neke hartze ikaragarria kondatuz.

Ez bildurtu, ez bildurtu, Ezteietara Gonbidatu hori!

Gorputz hau ez zen zerraldo erori.

 

Bakarrik, bakarrik, bakar bakarrik,

Itsaso huts hutsean bakarrik!

Eta ezein saindu ez zen errukitu

Ene arimaren hilzoriaz.

 

                        Baretasunean bizi diren kreaturak mesprezatzen ditu.

Hainbeste gizon hain ederrak!

Eta denak hilda etzan ziren.

Eta milaka gauza higuingarri

Gainbizi ziren; eta ni ere bizi nintzen.

 

                        Eta bekaitz da, biziak gainbizi direlako,

                        hainbeste hilda dautzan artean.

Usteltzen ari zen itsasoari begiratu nion,

Eta begiak apartatu nituen;

Usteltzen zen kubertari begiratu nion,

Etan han zeutzan hildako gizonak.

 

Zeruari begiratu eta otoitz egiten ahalegindu nintzen;

Baina otoitza sortu orduko

Zurrumurru zital bat entzun nuen,

Ene bihotza hautsa lez lehortu zuena.

 

Ene betazalak hertsi eta hertsirik eutsi nituen,

Eta ene begi-niniak bihozkadaka taupatzen ziren;

Ortzeak eta itsasoak, eta itsasoak eta ortzeak

Ene begi akituen gainean zama gisa pisatzen zutelako

Eta hilak ene oinen aldemenean zeudelako.

 

                        Baina bere aurkako maradikazioa berriro azalduko da hilen begietan.

Izerdi hotza haien soin-ataletan urtzen zen,

Baina ez ziren usteltzen, ez zerien hil kiratsik:

Eta haien eneganako begiratua

Ez zen ezertan aldatua.

 

Umezurtzaren maradikazioak edozein izpiritu

Goitik behera infernuraino arrastzen omen du:

Baina, ai, hori baino are izugarriagoa da

Hilaren begien maradikazioa!

Zazpi egunez zazpi gauz jasan nuen maradikazio hori

Eta halaere ezin nintzen hil.

 

                        Bere bakardade eta bere gelditasunean antsiaz begiratzen ditu

                        Hilargi bidaiaria, eta bertan egonez bidaia egiten duten izarrak,

                        geldiro bait dabiltza; eta nahinon ortze urdina beraiena da,

                        eta beren atseden lekua, eta beren sorterria,

                        eta beren bizileku naturala, zeinera abisua eman gabe

                        sartzen bait dira, jaun igurikatuak lez,

                        baina arribatzerakoan bozkario isila eraginez.

Hilargi geldigaitza ortzean gora igotzen zen,

Inongo kokalekutan geratu gabe:

Ezari ezarian igotzen zen,

Izar bat edo bi alboan zituela.

 

Haren errainuak itsaso sargoriaz burlatzen ziren

Apirileko ihintzagar zuria lez barreiaturik;

Baina untziaren itzal handia zegoen lekuan

Ur xarmatua suak hartzen zuen beti

Gorritasun geldo eta hitsez.

 

                        Hilargiaren argitan baretasun zabaleko

                        Jainkoaren kreaturak soegiten ditu.

Untziaren itzala baino harantzago

Itsas sugeak begiratu nituen:

Ur ildo zuri dirdiratsua eginez zebiltzan

Eta atzeruntz itzultzen zirenean, lilura argia

Maluta urdindutan erortzen zen.

 

Untziaren itzalean ikusi nituen

Haien beztidura aberatsak:

Azula, berde dirdiratsua, eta beltz balusatua,

Kirikordatu eta igeri egiten zuten,

Eta ur ildo bakoitza urrezko su-garraldia zen.

 

                        Haien edertasun eta zoriona!

Oi gauza bizien zoriona! Ezin dezake inork

Haien edertasuna deklara:

Ene bihotzetik maitasun iturria sortu zen

Eta ia oharkabean benedikatu nituen:

                        Bihotzez benedikatuko ditu

Ene saindu babeslea nitaz gupidatu zen seguruasko,

Eta ja oharkabean benedikatu nituen.

 

                        Lilura apurtzen hasi da.

Eta une horretan bertan otoitz egin nuen;

Eta ene lepo iada libretik

Albatroa erori eta itsasoan

Kala-beruna bailitzen murgildu zen.

 

Marinel zaharraren balada
Samuel Taylor Coleridge

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1995