Marinel zaharraren balada LEHEN PARTEA Marinel zahar batek, ezkontza festa batetara gonbidaturiko hiru Mutil kausitu, eta bat geldierazi zuen. Marinel zaharra zen Eta hiruretarik bat geldierazi zuen. «Zure bizar grisaren luzea eta zure begien dirdira! Zer dela eta geldierazi nauzu? Senargaiaren ateak parez pare daude zabalik, Eta ni ahaide hurbila naiz; Gonbidatuak heldu dira, festa hasi da: Entzun daiteke bozkario hotsa.» Marinelak bere esku larrutsuaz oratu eta «Bazen behiala untzi bat», diotso. «Alde hemendik! Emak bakea, bizardun ero horrek!» Eta eskua berehala laxatu da. Marinel Zaharraren begiek Ezteietara Gonbidatua liluratu dute eta haren istorioa entzun beharko du. Marinelak bere begi sugartsuez soegin du- Ezteietara Gonbidatua geldi geratu da, Hiru urteko haurra lez entzunez: Marinela haren gogoaz jabetu delako. Ezteietara Gonbidatua harri gainean eseri da: Ezin du entzun besterik egin; Eta zaharrak, dirdira begidun marinelak, Hala jarraitu du mintzatzen: Marinelak kondatuko du untziak aldeko haize eta eguraldi ederrarekin hegoalderantz nabegatu zuela, harik eta Ekuatorearen marrara ailegatu arte. «Untzia buila artean abiatu eta, portua utzirik, Alai hasi ginen hurrintzen. Elizaren azpitik, muinoaren azpitik, Faro dorrearen azpitik... Eguzkia gure ezkerraldetik heldu zen Itsasotik sortu eta helduz! Eta argitu zuen oskarbia, eta eskuinaldetik Itzuli zen itsasoaren baitara. Egunetik egunera gorago igon zen, Harik eta eguerdiz mastaren gain gainean jarri arte.» Ezteietara Gonbidatua kexu da orain, Baxoi ozena entzun duenean. Ezteietara Gonbidatuak ezteietako musika entzun du; baina Marinelak bere istorioa jarraitu du. Iadanik anderegaia salan dago, Larrosa bezain gorri; Eta haren aurrean musikari alaiak Buruak makurtuz gortesiatan. Ezteietara Gonbidatua kexu dago, Baina ezin du entzun baizik; Eta zaharrak, dirdira begidun Marinelak Hala jarraitu du mintzatzen: Ekaitzak ontzia Hego Poloruntz bultzatzen du. «Eta orduan galarrena heldu zen, Erraldoia eta gupida gabea; Bere hegal suntsitzaileekin jo eta Hegoalderuntz bota ginduen. Mastak abaildurik, branka erdi hondaturik, Oihuz eta kolpez oldarturik eta oraindik Etsaiaren gerizpea zapalduz doanaren gisan, Burua aurreruntz makurturik, Untzia arin zihoan, ekaitzak orroa egiten zuen Eta hegoalderuntz hurrindu ginen. Eta orduan heldu ziren behelainoa eta elurra, Eta hotz harrigarria egiten zuen: Eta uretan masten alturako izotza Esmeralda bezain berde heltzen zen. Izotz handien eta burrunba izugarrien lurraldean, non gauza bizirik batere ikusten ez zen. Eta elurtean izotz arrokek Beren dirdira hitsa ematen zuten: Ez zen erreparatzen ez giza ez animalia irudirik Izotza besterik ez alde guzietan. Izotza hemen, izotza han, Izotza besterik ez inguru guzian: Kraskatzen zen, marmaratzen zen, Zorabiatzeko moduko zaratekin! Harik eta itsas xori handi bat, Albatroa deitzen zutena, elur behelaino artetik heldu zen arte, marinelek oso pozik eta abegikor hartu zuten. Azkenean Albatro bat agertu zen, Behelainoan zehar heldu zen; Kristau arima bat bailitzen Jainkoaren izenean saludatu genuen. Inoiz jan ez zuen jatekoa jan zuen, Eta hegatsez egin zuen inguru biraka. Izotza burrunbaka arraildu zen; Lemazainak atera ginduen handik! Eta hara! Albatroa asturu oneko xoria suertatu zen, eta untziari jarraitu zion ipar alderantza bidean, behelainotan eta uretako izotz arroken arretik. Eta popatik hegoaize on bat heldu zen: Albatroak jarraitu ginduen Eta, jateko nahiz jolasteko, Marinelen deira etortzen zen egunero. Behelainoz edo goilainoz, masta edo soka gainetan Bederatzi bezperatan pausatu zen; Artean gau osoan zehar, behelaino-ke zurian zehar, Hilargiaren argi zuria dirdiratzen zen. Marinel Zaharrak, abegi txarrez, asturu oneko xori errukizkoa hil zuen. «Jainkoak gorde zaitzala, Marinel zaharra, Horrenbeste mintzen zaituzten deabruengandik! Zergatik begiratzen nauzu horrela?» Neuk hil nuen, ene baleztaz, Albatroa. Marinel zaharraren balada |