Marinel zaharraren balada
Samuel Taylor Coleridge

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1995

 

SEIGARREN PARTEA

 

        LEHEN ABOTSA

«Baina esaidazu, esaidazu! Mintza berriz,

Berrizta ezazu zure erantzun lehuna:

Zerk ibilerazten du untzia hain arin?

Zer egiten du ozeanoak?

 

        BIGARREN ABOTSA

«Esklaboa bere jabearen aurrean bezain geldi,

Ozeanoak ez du azantzarik egiten;

Bere begi handi dirdirantea erabat isilik

Hilargiruntz itzulita dago—

 

Ematen du zein bide hartu galdetzen diola;

Hilargiak gidatzen duelako bai barean bai ekaitzaldian.

Begira, begira! zelako xarmaz begiratzen dion

Hilargiak handik goitik itsasoari.»

 

                        Marinela burtzoraturik geratu da;

                        aingeru indarrak untzia ipar alderantz giza bizitzak

                        jasan dezakeen baino arinago daramalako.

        LEHEN ABOTSA

«Baina zergatik doa hain arin untzi hori,

Ez uhainik ez haizerik ez bada?»

 

        BIGARREN ABOTSA

«Aidea ebaki egiten da untziaren aurrean,

Eta hura iraganala zarratzen.

 

Hegalda hadi, hegalda! Areago, areago!

Ala berandu ailegatuko gara:

Ezen eta untzi hori geroago eta astiroago joanen da

Marinelaren zorabioa desagertuez gero.»

 

                        Naturaz gaindiko mogimendua geldota da;

                        Marinela esnatu da era bere penakizuna hasi da berriro.

Esnatu nintzen, eta nabegatzen ari ginen

Eguraldia ona bailitzen:

Gaua zen, gau barea, hilargia goi goian zegoen;

Gizon hilak elkarrekin zeuden zutik.

 

Denak elkarrekin kuberta gainean zutik,

Hobe leudeke hezurtegian:

Denek beren begi harrituak nigan finkatu zituzten,

Hilargitan dirdiratzen ziren begiak.

 

Hil-agineko oinazea eta maradikazioa

Ez zen inoiz pasatu:

Ezin nituen ene begiak haiengandik apartatu,

Ezin nituen ene begiak otoitz egiteko altzatu.

 

                        Maradikazioa ordaindu egin da azkenerako.

Eta orduan lilura apurtu zen: berriro

Ozeanoa berde ikusi nuen,

Eta aurreruntz hurrinera begiratu arren

Ez nuen lehenago ikusitakotik apenas deus ikusten.

 

Bide bakartian bakarrik joanez

Bildurrez eta izuz doanaren gisan,

Eta atzeruntz behin itzuli ondoren, aurrera egin

Eta gehiago itzultzen ez denaren gisan,

Deabru ikaragarri batek

Oso hurbildik segitzen diola dakielako.

 

Baina laster haizea heldu zen ene gainera,

Zaratarik gabe eta astindurik gabe:

Itsasoan ez zen susmatzen bere pasakera

Ez uhainetan ez itzalagatik.

 

Ileak altzatu zizkidan, haizea eman zidan aurpegian

Udaberriko larre-haizebolada bailitzen—

Ene bildurrarekin arraroki nahasi zen,

Eta halaere ongietorria zirudien.

 

Untzia aguro aguro ibili zen,

Baina lehun nabegatuz aldiberean.

Brisarak gozo gozo jotzen zuen—

Enegan baino ez zuen jotzen.

 

                        Eta Marinel zaharrak bere sorterria begiratzen du.

Oi, poz ametsa! Ikusten dudan hori

Al da benetan faroaren dorrea?

Hori al da muinoa? Hori al da eliza?

Hori al da ene sorterria?

 

Urak eramanka sartu ginen portuko barratik,

Eta nik zotinka otoitz egiten nuen—

Oi, utzi iratzartzen, ene Jainkoa!

Ala utzi lo egiten betirako.

 

Portua beira bezain garden zegoen,

Beira bezain lisu zetzan!

Eta badian Hilargiaren argia,

Eta Hilargiaren itzala.

 

Harkaitzak dirdira egiten zuen, eta

Harkaitz gaineko elizak are gehiago:

Hilargiaren argiak isildadez bustitzen zuen

Haize-oilar geldia.

 

                        Aingeru izpirituak gorpuetatik irtengo dira.

Eta badia argi isilez zuriturik zegoen,

Handik batbatean tankera ugari,

Itzalak bait ziren,

Kolore gorriz agertu zirenean.

 

                        Beren berezko argi irudiz agertzeko.

Brankatik oso hurbil agertu ziren

Itzal gorriok:

Begiak kuberta gainera bueltatu eta—

Ai Jainkoa! Zer ikusi nuen han!

 

Gorpuak zerraldo zeutzan, bizigabe eta zerraldo,

Eta gurutze sainduagatik zin eginen dizut!

Gorpu bakoitzetik gizon bat erabat argia,

Giza-serafin bat altzatzen zen.

 

Serafin taldekoek eskuaz agur egin zidaten,

Zerutiar liluraldia zen!

Lurrarentzako zeinu gisa egondu ziren,

Bakoitza argi eder bat;

 

Serafin taldekoek eskuaz agur egin zidaten,

Abotsik egin gabe—

Abotsik ez; baina ai! isiltasuna

Musika lez sartzen zen ene bihotzera.

 

Baina laster arraunen kolpea entzun nuen,

Piloto kementsuari entzun nion;

Derrigorrez bezala bueltatu nuen burua

Eta ikusi nuen xalupa agertzen.

 

Pilotoa eta Pilotoaren mutila.

Arin zetozela susmatu nuen:

Zeruetako Jaun maitea! Poz hura

Hilek ezin izan zidaten kendu.

 

Hirugarren bat ikusi nuen— haren abotsa entzunda:

Ermitau ona zen!

Basoan berak egindako himno sainduak

Errime kantatzen ditu.

Ene arimari berak barkatuko dio, Albatroaren odola

Berak garbituko du.

 

Marinel zaharraren balada
Samuel Taylor Coleridge

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia
Pamiela, 1995