Pongoren ametsa VII. Olerki hau José María Arguedas-ek 1968. urtearen hasieran, bidai bat medio zela, idatzi zuen. Bidai hau (Lima-Habana) burutzeko itzuli handi bat eman beharrean aurkitu zen, hots: Lima-Madrid-Terranova-Habana. Kubako herri distiratsura iristeko ia mundu osoari itzuli bat egin behar zitzaion, horrela agintzen baitute diruzko bihotz madarikatuek, gizonaren gorrotatzaile deabrutuek. Gauzatxo hauengan oraingoz agindu dezakete eta! Bainan bide bera, gizona ibili dabilen zidor ildoa ez lezakete oztopa. Hemen zaude, tira, gizona maite duzun herri dirdiragarria, jadanik iristen ari natzaizu, aidean zehar egan, arrano-egazkin nekaezinaren barnean. Elurte denetatik igaro naiz, eta elur horien dir-dir irikinetan herri eder guztiak igarri ditut bere benetazko gizonen elkar lanaz elikatzen dudalarik nere burua. Mugagabeko itsas idor erditik igaroaz, zuhaitz beldurgarriez, elur-lorez, gain egaldatuz, heriotz eta bizitzaren zuhaitzetako zarba itzalpeak zeharkatuz, zureganatzen ari naiz, gizona maite duen herria, gizona argiztatzen duen herria, gizona askatzen duen herria, neure herri maitea. Arrano-hegazkin barnean entzuten dut honez gero, zure hitza, zazpirehun olerkari eta maisuen garraisia, zugan iradokitako hitzak, eguzkia bezain goitiarrak. Zu zara, orain Kubako herria, munduarekiko hazia, lur eta zeruaren, hazi hilezkorra, gizon eternalaren uzta. Txikia zara, baina ez da zu etsiaraziko zaitunik jaio. Hazia txikia da, baina edozein harri, edozein haitz apur dezake eta loretuarazi. Neure herri maitatua, mundu berriarentzat erdigune kementsua!! Gure etsaiak ezeztatuz eguzkia bezalako zure su zorrotzaz Gizona jaikiarazten duzu Unibertsoa zureganatzeko jabetuz, zure bihotz dirdaikorraz. Pongoren ametsa |