Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991

 

V.
DOKTORE BATZURI DEIA

 

        Lehenengo aldiz gaztelaniaz «El Comercio» (Liman 1.966) iganderoko astekarian argitaratu zen; aldizkari berean ketxuaz bizpairu hilabete ondoren.

 

Esaten dutenez jadanik ez dakigu ezer, atzerakoiak gara,

        burua beste hobeago baten ordez aldatu beharrean gara.

Esaten dutenez gure bihotza ez omen dagokio egoki garai

        hauei, beldurrez eta malkoz beterik omen dago,

        txirri-txorroaren gisa, zintzurra mozten zaion zezen

        handiaren gisa; horregatik erakaitz omen da.

Esaten dutenez doktora askok hori baieztatzen omen dute

        gutaz, gure lur berean ernaldu eta ugaritzen diren

        doktoreak, hemen loditu eta oritzen direnak.

Jarrai daitezela bada hizketan, berriketan ihardun daitezela.

Muinak zertaz daude osatuta? Nere Bihotz-haragia zertaz

        egina da?

Hibaiak sakonean marruka ari dira. Urek eta gauek, zilarrek

        eta iluntze beldurgarriek, haitzak eta hibaiek durundia

        haizeatzen duten amildegien ormak ere, osatzen dituzte:

        neure burumuina, bihotza, neure behatzak haitz hortaz

        eginak dira.

Zer dago, doktore, hibai horien ertzetan, ezezaguna zaizuna?

Zure betaurreko eta katalejuk atera itzazu. So egizu ahal izanik.

Zure begiek iristen ez duten amildegien balkoitan, gaua eta

        urrea, zilarra eta eguna nahasten diren lur gainean

        bostehun lore ezberdinak hasten dira. Bostehun lore horiek

        neure burumuinak dira, neure haragia.

Zergatik, doktore, geratu da eguzkia unetxo batez, zergatik

        desagertu leku denetatik itzala?

Hire helikopteroa jar ezazu abiadan eta, ahal izanik,

        igo zaitez hona.

Kondore eta txori txikien lumak ortzadarrak bihurtu dira

        eta argia ematen dute.

Gailurrean erein nituen «quinua»zko ehun loreak margoz

        irakiten ari dira eguzkitan; hegazti txiki eta kondorearen

        hega beltza loretan bilakatu dira.

Eguerdia da; mendi sakratu ondoan nago: elur handiak itzal

        gorriz eta erlantz oriz bere argia zeruetara bidaltzen du.

Lur hotz hontan ehun margo eta motatako hasi indartsuzko

        «quinua» erein dut. Ehun margoak ere neure arima dira,

        neure begi nekagaitzak.

Zeure burumuinatatik aterako ditut nik, zu hondoratu zaituzten

        harri txepelak, amodioa hegaldaraziz.

Inork heltzen ez dituen amildegien hotsa; gailurretan,

        izutuz, dirdirka ari den elur gorriska; milaka belarrean

        zuzku zoriontsua, zure odolean isuriko dut,

        zure begininietan.

Argia eta lurra gordetzen duten milaka arren taupada;

        xomorro hegalarien, iskanbila zaratatsua

        erakutsiko dizkizut, anaia, uler ditzazun lortu arte.

Abesten duten hegaztien malkoak eta egunsentiaren gisa

        laztantzen duen bere bularra, entzun eta senti ditzazun

        erdietsiko dut.

Nik dakidana, ez zuen inongo tresna zailek egin,

        munduaz bozkaria eta gozatu.

Lurraren gain, hezurrak apurtzen dituen elurtetik

        mendarteen suetaraino, zeru aurrean, bere borondatez eta

        neure indarrez hau dena egin genuen.

Ez zaitez nitaz alden, doktore, hurbil zaitez! Begira nazazu

        ongi, ezagutu nazazu; noiz arte itxaron behar zaitut?

Hurbil zakizkit, zure helikopteroaren kabinaraino jeiki nazazu.        

Mila sapa ezberdinen likoretara gonbidatuko zaitut,

        mendetan eta elurtepetik artza basatiak beren kabiak

        dituzten basoetaraino landu nituen mila loreen bizitzetara

        gonbidatuko zaitut.

Berunezko bala bat lez aldizka gandotzen zaituen zure neke hori

        sendatuko dizut; «quinua»ko ehun loreen argiez

        alaituko zaitut, haize-bufadak eragindako

        beren dantzaren imajinez alaituko zaitut;

        mundua tratatzen duen kalandriaren bihotz txikiez

        alaituko zaitut; gure haurrak beren itzalez gozatzen dituen

        amildegien ormetatik erauzten dudan ur garbi abeslariaz,

        freskatuko zaitut.

Ezezaguna zaidan eta ezagutzen ez nauen norbaitek

        lanabes txiki batez burua moztu diezadan lan egin al dut

        nik hilabete, urte... mendetan zehar?

Ez nere anaitxo, ez. Ez zaitez lankidetu nere aurka zorrozten

        lanabes hori; hurbil zaitez, utz nazazu ezagut zaitzadan;

        neure zainak, aurpegia begira itzazu astiro; neure lurratik

        zurera doan haizea bera da; haize horixe arnasten dugu;

        zure lurrak non eta zure liburuak, loreak eta lanabesak

        kontatzen dituzun, nereatik jeisten dira, baretuta, hobetuta.

Labanak zorrotz ditzatela, «zurriagos» eztanda ditzatela;

        bustina ora dezatela desitxura daitezen gure aurpegiak;

        hau dena egin dezatela.

Mendetan zehar gure odolaz itoarazi dugun heriotza,

        bide ezagun eta ezezagunetan dantzarazi izan dugun

        heriotzak ez gaitu ez, izutzen.

Badakigu bai gure aurpegiak bustinez desitxuratu nahi dituztela

        eta horrela, desitxuraturik, gure seme-alaben aurrean

        aurkeztu, beraiek erahil gaitzaten.

Ongi ez dakigu zer jazoko den. Hurbil dakigula heriotza,

        ezagutzen ez ditugun gizon horiek etor daitezela.

        Erne itxarongo ditugu; mendi eta hibai guztien

        aitaren seme-alaba gara eta!! Jadanik ez al du munduak

        ezer balio, hain zuzen, anaitxo doktorea?

Ez erantzun alperrik baita. Milaka urtetan ikasitako neure indarra

        baino sendoagoa; milaka hilabetetan, milaka urtetan

        neure lepoko giharrak baino bizkortuagoa da bizitza,

        betiko bizitza, atsedenik ez duen mundua, nekerik gabe

        sortzen duena; denborak lez erditu eta osatzen duena,

        hasierarik eta amaierarik gabea.

 

Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991