Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991

 

II.
GUAYASAMIN

 

Zein mundutatik, Guayasamin, altxatzen da zure indarra?

Zigortzen duen usoa,

ohiukatzen duen odola.

Zure begiak, ikus ezin daitezken munduak aurkitzen

        dituztenak,

        zein garaitan osatu ziren?

Eta zerua erretzen duten zure eskuak?

Entzun ezazu, anai sutsua,

oinazearen garaia

zauritzen dutenena,

negar eginarazten duen gauarena,

gizonak jaten dituen gizonarena,

betirako finkatu zenuen

inork ezin mugierazi dezakeen eran

ez dakigu zein mugetaraino jaurtiki zenuen.

 

Negar egin dezala gizonak,

usoaren arnas txit leuna edan dezala,

haizeen boterea jan dezala,

zure izenean.

 

Guayasamin da zure izena;

eguzkiaren azken semeen aldarria,

Quito hegaldatzen duten arrano sakratuen

dardara,

beren negarrak, betiko elurrak gehitu zituzten,

eta zeruaren iluna areagotu.

Ez da hori bakarrik, ez hori soilik,

herri guztietako gizonen sufrimendua;

U.S.A., Txina, Tawantinsuyo

haiek ahalegindu eta galdatzen duten dena.

Zuk, anai sutsua

Apuramicen baino ahots are boteretsu

eta atxikigaitzagoz

ohiukatuko duzu hau dena.

Ongi da anaia,

ongi da, Oswaldo.

 

Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991