Pongoren ametsa III. Lehenengo aldiz «Zona Franca» (Caracas 1.965) aldizkarian azaldu zen. Ondoren gaztelania eta ketxuaz «Cuadernos del esqueleto equino» bigarren alean (Lima 1.966) Aitona nerea! Goiko munduan nago, jainko txiki eta handi, ezagun eta ezezagunen gain. Zer da hau? Jainkoa gizona da, gizona jainkoa. Begira, hibai boteretsuak, gurtzatuak, mundua ebakitzen zutenak, armiarmak josten duen sareko hari argalena bilakatu dira. Gizona jainkoa da. Non dago kondorea, non arranoak? Ikustezinak, haizean edo gauza ezaungabeetan galdutako hegadun intsektu ikustezinak bezala. Jainko Aita, Jainko Semea, Jainko Espiritu Santua: ez zaituztet aurkitzen, jadanik ez zarete; zuen apezek eta aintzirakoek «Goiko Mundua» deritzan mailara iritsi naiz. Mundu hontan nago, eserita, inon baino erosoago, suzko bizkar baten gain, burni goria, txit txuria, gizonen eskuz egina, haizezko arraina. Bai, «Jet» da bere izena. Hibai eta itsaso guztien urrezko ezkatek ez lukete bere distira atzemango. Han behean, txiker, kandalu penagarri bat bihurturik, mendi sakratuen elurrezko aho beldurgarria, disdiratzen ari da. Gizona jainkoa da. Ni gizona naiz. Berak egin zuen haizezko enara kontaezinezko hau. Eskerrikasko gizona! Ez jainko Aitaren seme, bere egilea baizik. Eskerrikasko, nere aita, neure garaikidea! Inork ez daki zein mundutaraino jaurtikiko duzun zeure gezia. Gizon Jainkoa: arrain enara hau mugi ezazu zure odol sortzailea ordutik ordura argiagotu dadin. Infernuak bizia du! Su hegalari hau ez ezazu, jaunen jauna, giza haragia egosten den munduruntz zuzendu; zeruetako urrezko enara honek, zure bihotzean beste jainkoak ernaldu ditzala egunoro. «Jet»en magal leun eta amaigabe pean; lurrago, gizonago, usoago, ohoreago sentitzen naiz; nere eskuak, aurpegia, nere bularra munduko lore denetan bilakatu dira. Nere pekatuak, nere zikinak lurruntzen dira, nere gorputza haurtzaro goxora itzultzen da. Gizona, jauna, zuk Jainkoa egin zenuen atxikitzeko, edo eta zertarako? Atzemateko sortu zenuen eta gertu jazartzen duzu. Kontuz izotz lurkorrezko orratzak baino sarkorragoa den «Jet» honen ahoaz, begiak erditik apur diezazkizute; su gehiegi da, boteretsuegia, askeegia, mugagabeko elurrezko txori hau. Kontuz zure semeak bidal diezazuken heriotz taupadaz; zure esku sortzaileaz jaio zen pinpilinpauxak zure burua erraus dezake. Adi gizona, uler nazazu! Mundua lehen aldiz aurkezten zaion arrano txikiaren begietan bihurtu dira nere begiak, «Jet»en bular pean. Ez dut beldurrik. Nire odola izarretaraino heltzen ari da; Astroak dira nire odola. Ez zaitez inongo astroz erahiltzen utzi, arrai zerutar hontaz, zure aldigabeko eskuek eraikitako hibaien jainko hontaz ez zaitez erahiltzen utzi. Jainko Aita, jainko Semea, Jainko Espiritu Santua, Jainko Mendiak, Jainko «Inkarri»; nere bularra sutan da. Zuek ni zarete, ni zuek naiz, «Jet» honen amorru amaigabean. Ez zaitez lurrera jeitsi. Jarrai altxatzen, hegalda zaitez hareago oraindik, irekitzen betirako biderkatzen diren munduen mugetaraino iritsi arte. Haien gain jezar zaitez, Jainko Ohorea, jainko gizona. Jadanik erahil duzu, jaioarazi eta erahil zintuen Jainkoa, nere kidea, gizon lurtarra. Ez zara jadanik hilko! Hona hemen, «Jet»a, inork jakin eta ezagutzen ez duen hasieratik amaieraino; existitu ziren jainkoen arnasak mugierazirik, «Jet»a; itzuli-mitzulika. Pongoren ametsa |