Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991

 

VI.
PONGOREN AMETSA

 

        Hau, Arguedasek Liman entzundako ipuin bat da. Cuzkon jaiotako komunero batek kontatua, Umutuko komunero bikain eta zahar batek irrikaz eskatuz.

 

 

                Eskeintza:

                Don Santos Ccoyoccosi Ccataccamara-ri
        Cuzkoko Umutu komunitateko komisario eskolarrari.

                Ketxua elebakarra zelarik, Limara iritsi zen,
        lehenengo aldiz hirurogei urtez, eta diru bilketen ondoren
        bere herrira itzultzen zen. Bi presidente eta Hezkuntza
        ministrariarekin elkar-hizketatzea lortu zuen.

                Orain dela bizpahiru urtez hila.

                Bere oroimenez.

 

        Gizontzo bat bere ugazabaren etxe-haziendara bideratu zen. Morroia zenez, pongoaren txanda (hots, jauregi handiko zerbitzari txanda) betetzera zihoan. Txikia zen, gorputz ezereza, kemen ahula, guztia arlote; bere arropak zaharrak.

        Jaun handiak, haziendako ugazabak, jauregiko pasiloan gizontxoak agurtu zuenean ezin izandu zion parregureari eutsi.

        —Pertsona al zara ala beste zerbait? —zerbitzuko lanetan ari ziren gizon eta emakume guztien aurrean galdetu zion.

        Pongoak, norbera umiltzen eta gaitzezten, ez zuen ezer erantzun. Beldurti, begi zuloak izotz bailira, zutik iraun zuen.

        —Ea!! —esan zuen ugazabak— sukalde ontziak garbitzen gutxienez jakingo balu, ezer hutsa diruditen bere esku horiekin erratza erabiltzen baleki bederen... Eraman ezak zarama kirastu hori!! —agindu zion haziendako kapatazari.

        Belaunikatuz, ugazabaren eskuak musukatu ondoren eta erabat makurturik, sukalderaino jarraitu zuen kapataza.

        Nahiz eta bere indarrak gizon arrunt batenak izan gorputz txikia zuen gizontxoak. Egoki bete ohi zuen agintzen zioten dena. Baina izu tankera zerion bere aurpegiari; zenbait morroik giza hortan ikusiaz parrari ekiten zioten, beste batzuk alderantziz errukitzen zuten. «Umezurtzen umezurtza; ilargiko haizearen semea dateke bere begien hotza, bihotza goibelaldi aratza» esan zuen sukaldari mestizuak gizontxoa ikustean.

        Ez zuen gizontxoak inorekin hitzegiten; isilik ziharduen lanean; ahopeka jaten. Agintzen zioten dena betetzen zuen «Bai jauna, bai andrea» esanez soilik.

        Agian izubera baten espresio gisa zuelako eta jazkiak hain adabakituak, beharbada ere ez zuelako hizketarik egin nahi mespretxu berezi eta sakon bat nabari zuen ugazabak gizontxoarekiko. Morroiak iluntzean hazienda-etxeko pasillo luzean «Agur María» errezatzera biltzen zireneantxe, orduantxe, ugazabak pongoa martirizatzen zuen morrontza guztiaren aurrean, beti; amarauna balitz astinduz.

        Burutik bultza eta belaunikarazten zuen; eta horrela zetzala, jezarririk, kolpe leunak ematen zizkion aurpegian.

        —Txakur bat zarela deritzait —esaten zion— zaunka egizak!!

        Gizontxoak ezin zuen zaunkarik egin.

        —Lau hanketara! —agintzen zion orduan.

        Pongoak esana betetzen zuen eta lau hanketara urrats batzuk ematen zituen.

        —Korri alboka! Txakurren gisa! —ugazabak agintzen jarraitzen zuen.

        Punako txakur txikien gisara bazekien gizontxoak korrika egiten.

        Ugazabak algara gozoan ziharduen; farra biziak gorputz guztia dardarazten zion.

        —Itzul hadi! —ohiukatzen zion, morroiak korrika pasillo luzearen muturra heltzen zuenean. Pongoa itzultzen zen alboka korrika. Nekatuta iristen zen.

        Bitartean, bere gisako beste zenbait morroik «Agur Maria»ka ari ziren, poliki errezatzen, bihotz barneko haize mantxuaren antza.

        —Orain altxa belarrik! Vizcacha! Vizcacha alena! —agintzen zion ugazabak gizontxo etsiari— bi hanketara eseri!! Bi eskuak elkarlotuta!!

        Bere amaren sabelean vizcacha baten baldintza moldatzaileren bat pairatu baluren ondorio bezala, pongoak aberetxo hauetako baten itxuraren imitazio zehatza egiten zuen, geldirik dantzatzen, haitz gainetan errezatzen baleude. Baina ezin zituen belarriak altxa. Orduan haziendako morroi batzuk algaraka, parrez hasten ziren.

        Botaz joaz, nahiz eta ez gogorik, ugazabak gizontxoa pasilloko ladrilloen gain botatzen zuen.

        —«Aitagurea» erreza dezagun! —zioen ugazabak, lerroka itxaroten ari ziren bere indioei.

        Pongoa ahal zuen gisa altxatzen zen baina ezin zuen errezatu... berari zegokion lekuan ez baitzegoen... leku hori ez bait zegokion ezta inori ere ez...

        lluntzean morroiak pasilotik patiora jeitsi eta haziendako baserrira abiatzen ziren.

        —Atoz hona panzita! —agintzen zion gero ugazabak pongoari.

        Eta egunero horrela, ugazabak morroi denen aurrean iraulkaratzen zuen pongoa. Par egin arazten zuen, negarra itxuratzen. Kolonoen, bere kideen, isekaren zio bihurtu zen.

        Baina... arratsalde batez, «Agur Maria» garaian, haziendako jende denaz pasiloa bete-beterik zegoela, ugazabak zeharka pongoa begiratzen hasi zenean bere begirada astunaz, hori, gizon hori, pongoa hizketan hasi zen argi eta garbi. Bere aurpegiak izua zuen oraindik.

        —Jaun handia, eman iezadazu zure baimena; nere aitatxo, hitzegin nahi zaitut —esan zuen.

        Ugazabak ez zuen entzuten zuena entzun.

        —Zer? zu al zara hitzegin duzuna ala beste bat? —galdegin zuen.

        —Zure baimena aitatxo, hitz egin diezazudan. Zuri mintzatu nahi dizut —errepikatu zuen pongoak.

        —Hitzegin ezak... ahal baduk —erantzun zuen aberatsak.

        —Nere aita, nere jauna, nere bihotza —hasi zen gizontxoa— atzo gauen amets egin nuen, biok hil ginela, elkarrekin: une berean.

        —Neurekin? Zu? Konta ezak dena, indioa! —esan zion ugazabak.

        —Gizon hilak ginenez, neure jauna, Bilutzik ginen, biok, elkarrekin; gure «Aita San Francisco»ren aurrean bilutzik.

        —Eta gero? Hitz egin! —agindu zuen ugazabak kuriositateak eragindako haserre eta urduritasunez.

        —Gure «Aita San Francisco»k elkarrekin, bilutzik, hilik ikustean gu; zein urrutiraino iritsi eta neurtzen ez dakigun bere begiekin aztertu gintuen. Zu eta ni aztertu gintuen, pisatuz, nik hala uste behintzat, bakoitzaren bihotza eta zer ginen eta zer garen. Gizon ospetsua eta aberatsa zarenezkero nere aita, zuk begi horiei aurre ekiten zenien.

        —Nagusi jauna, neure nagusi jauna; gure «Aita San Francisco» ospetsuak agindua eman bezain laster, dirdirka, eguzkia bezain garai agertu zen; gure «Aitaren» aurrean ipini arte hurbildu zen, poliki oinez. Aingeru handiaren atzean beste txiki bat zetorren, ederra, lerdena, loreen dirdaia bezain argi leunez. Eskutan urrezko kopa bat zekarren.

        —Eta orduan? —errepikatu zuen ugazabak.

        —«Aingeru garaia: urrezko kopan dagoen eztiaz estali ezazu zaldun hau; zure eskuak giza soina ferekatzean lumak bezala izan daitezela», esanaz, agindu zuen gure jaun ospetsuak. Eta horrela, aingeru goitiarrak bere eskuetan altxeaz eztia zure gorputzatxoa eztitu, margotu zuen, distirarariz; osoa, burutik hanketako azkazaletaraino. Eta zutitu zinen, bakardadean; zeruaren dirdirapenean zure gorputzaren argia gailentzen. zen, gailurtuz: urrezkoa bailitz, garden.

        —Horrela, beharrezkoa zen, nahitanahiezkoa —zioen ugazabak, eta gero galdetu zuen— eta zuri?

        —Zeruan distiratzen zinenean, gure «Aita San Francisco» ospetsuak, agindu zuen ostera: «Zeruko aingeru denen arteko kaxkarrena, arruntena etor dadila. Aingeru horrek ekar dezala gasolina potitxa bat giza gorotzaz, kakaz beterik».

        —Eta orduan?

        —Jadanik balio ez zuen aingerua, zaharra bera, hegoak bere lekuan eusteko indarrik ez zuen aingerua oin ezkatatsuak zituena gure «Aita» ospetsuaren aurrera hurbildu zen; oso nekatuta, hegoak blai eta katilu handi bat eskutan zekarrela iritsi zen.

        —Entzun zaharra! —agindu zion gure «Aita ospetsuak» aingeru gizarajoari— gizontxo honen gorputza, ekarri duzun potixa hortan dagoen korotzaz, igutz ezazu; gorputz osoa, edozein eraz, ahal duzun moduz baina estal ezazu.

        —Arin! —orduan, bere esku maskurtsuz aingeru zaharrak, potixatik atereaz korotza, estali nindun ezberdinki, etxe zahar arrunt bateko hormara lokatza jaurtikitzen den gisan, ajolarik gabe. Eta lotsatuta azaldu nintzen zeruaren argipean, kirastuta...

        —Horrela izan behar zuen, noski —baieztatu zuen ugabazak— jarrai ezak! Ala... hortan amaitzen al da dena?

        —Ez, nere aitatxo, jaun nerea, Ostera, nahiz eta jadanik gisa ezberdinean, biok elkar ikusi genuenean gure «Aita San Francisco ospetsua»ren aurrean, hark berriro begira gintuen zu eta ni, luzaroan. Zerua asetzen zuten bere begiekin, ez dakit zein puntu barneraino heldu zitzaigun, gaua eta eguna batuz, ahaztea oroimenaz nahaztuz. Eta ondoren esan zuen: «Aingeruek zuekiko zuten eginbeharra egina da, amaitua dago, orain batak bestea milika dezala. Elkar milika ezazue. Astiro, luzaroan, poliki!» Aingeru zaharra une hortantxe gaztetu zen, haren hegoek birberaganatu zuten bere margo beltza, bere kemen bizkorra. Gure Aitak bere borondatea betea izan zedila agindu zion.

 

Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991