Pongoren ametsa IV. Lehenengo aldiz «Kachkaniraini» (Lima 1961) deituriko aldizkarian, bere bigarren alea hain zuzen argitaratu zen; baita ere «Alear» (Asunción 1966) aldizkarian 39-40 zenbakian. Nere herriaren itzala dardartzen ari dela diote; emakumeen bihotz betilunen itzala ikutu duelako dardarka ari da. Ez dardartu oinaze, oinaze! Kondoren itzala hurbilduz doa! Zertara dator itzala? Mendi sakratuen izenean ala Jesusen odolaren izenean dator? Ez dardartu; ez zaitez dardar ari; ez da odola; mendiak dira; kondoren lumetaraino iristen den Eguzki dir-dira da. Beldur naiz, nere aita. Eguzkiak kiskaltzen du; abereak kiskaltzen ditu; ereintzak kiskaltzen ditu. Diotenez urruneko muinotan baso mugagabetan, suge goseti bat, suge jainkosa, Eguzkiaren alaba, urrezkoa, gizon bila omen dabil. Ez da Eguzkia, Eguzkiaren bihotza baizik, bere disdira, kondoren begietako itzalean datorren bere alai eta boteretsu dir-dira. Ez da Eguzkia, argi bat da. Altxa zaitez, zutitu; mugagabeko begi hori onar ezazu! Dardartu zaitez bere argiarekin; oihan handiko zuhaitzen gisa astindu zaitez, hasi ohiuka. Gizonok, nere herriko gizonok, itzal bakarra osa dezatela; denak elkar iristen den argi dir-dirarekin dardar daitezela. Suge jainkosaren urrezko odola edan dezatela. Odol gartsua kondoren begietara heltzen da, zeruak betetzen ditu, dantzarazten ditu, askatu, erditu, sortu. Sor ezazu nere aita, bizitza; gizona, nere kidea, maitea. Pongoren ametsa |