Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991

 

I.
TUPAC AMARU
GURE AITA SORTZAILEARI

 

        1.— Abesti-ereserki hau, lehenengo aldiz 1962 urtean Liman (Salgantay argitalpenak) argitaratu zen ketxua eta gaztelaniaz.

        2.— «Tupac-Amaru»: Perutar iraultzaile bat (1740-1782), bere egiazko izena José Gabriel Condorcanqui zen. Berak zioenez, bere arbasoak aintzinako Inkak omen ziren, leinu jatorrizkoa beraz; prestijio handikoa bere herritarren artean. Aginte espainolaren menpe egon ondoren zenbait urtetan, errebolta baten eragile eta zuzendari. Dirudienez matxinada beldurgarri hortan 10.000 indioen buru bilakatu zen; odol isurketa galantak suertatu ziren.

        Azkenik atxilotua eta erahila. Bere hilobia 1953. urtean aurkitu zuten Coricancha'ko Inka Eleizako aldare nagusipean.

 

        Tupac Amaru, Jainko Sugearen seme; Salquantay-ko elurrez egina; jainko mendiaren itzala lez zure itzala bihotz sakonera iristen da, etsi gabe eta mugarik gabe.

        Urrutira ikus zezaketen, etorkizuna ikus zezaketen arrano guztien kristalinoen eran disdiratzen zuten zure jainko sugearen begiek. Hemen nago zure odolez sendotua, ez gorpu, dehiadarka oraindik.

        Dehiadarka ari naiz, zure herria naiz; zuk bireraiki zenuen nere arima; ez zedila neure zauria itxi agindu zenuen, gero eta gehiago mingortu zedin. Neure bihotzean pakea eta etsipena itzali ziren hitzegin zenuen egunetik, espainol odolisurle eta etoiaren aurka burrukatzen zinenetik, aurpegira txistua bota zenionetik, zure dirakin odola lur irakitsuaren gain isuri zenetik. Ez dager sua besterik, suge gorrotoa besterik ez gure nagusiak diren deabruen aurka.

 

                Abesten dihardu hibaiak,

                negarrez txirri-txorroak,

                itzuli-mitzulika haizeak;

                gau eta egun estepako lastoak dardar egiten du;

                gure hibai sakratua marruka ari da;

                elurra tantaka eta dirdirka gure Wamanis mendietan,

                        bere gailurretako hortzetan.

                Non zaude gugátik erahil zintuztenetik?

 

        Gure aita, adi entzun ezazu gure hibaien ahotsa; entzun oihan handiko zuhaitz beldurgarriak; itsasoaren abesti zuri-min deabrotua; entzun itzazu nere aita, Jainko Sugea. Bizirik darraigu; oraindik diraugu! Harri eta hibaien mugimendutik, mendi eta zuhaitzen dantzatik, beren mugimendutik, gero eta indartsuago den odol boteretsua edaten dugu. Zure helburua dela eta zutitzen ari gara, zure izena eta heriotza oroituz!

 

                Herrietan, haurrak beren bihotz txikiez

                        negarrez ari dira.

                Mendi gainetan jantzirik gabe, kapelarik

                        eta berokirik gabe, ia itsu,

                gizonak, haurrak baino askoz tristeago,

                        goibelago negarrez ari dira.

                Zuhaitzen baten pean, jazarria, zorri

                        lerroen eran,

                oraindik negarez ari da gizona,

                        Jainko Sugea.

                Zure garaian baino zaurituago;

                Entzun ezazu nere gorputzaren dardara!

                Entzun nere odolaren hozkiroa, bere laztura izoztua.

                Entzun Lambra zuhaitzen gain inoiz ez

                        maitatua den uso zapuztuaren abestia;

                hibai emari eskaxen eta emeki munduratzen

                        diren urbegien negar min leuna.

                Oraindik izan, bagara; bizirik diraugu!

 

        Zure neurgabeko zauritik, inork ezin itxi izan zezakeen zure oinazetik, zure zain odoletan zirakin amorrua guretzat altxatzan da. Dagoeneko zutitu beharrean gara, aita, gure anaia, neure Jainko Sugea.

        Jainko Sugea. Jabeen polboraren tximistari jadanik ez diogu beldurrik, balek eta metrailek ez gaituzte hainbeste kokiltzen. Izan, oraindik gara! Ausartu beharrean gara, gure lurra zinez gure izan dadin arte eta gure herria gure herri, zure izena dehiadartzen hibai jorikorren eta lasto heldua zuzitzen duen garraren gisa, basatxingurri talde mugagabeen gisa, zure izena aldarrikatzen.

 

                Entzun ezazu neure aita, neure Jainko Sugea

                entzun: balak erahiltzen ari dira,

                ametrailadoreek zainak lehertzen dihardute,

                burnizko ezpatak giza haragia ebakitzen ari dira;

                zaldiak beren ferraz, beren kasko zoro eta pisuaz,

                        hemen eta leku denetan, edonon,neure burua,

                        neure urdaila leherazten ari dira;

                «Pasco Mendixka» muinoetako gailur izoztuengain,

                lautada hotzetan, kostako ibar gorietan,

                        belardi aberatsaren gain,

                        basamortu azalen zehar.

 

        Neure aitatxo, jainko Suge, zure aurpegia zeru handiaren gisakoa zen, entzun nazazu; une hontan zikinago, higuingarriagoa da nagusien bihotza, gorroto gehiago oldartzen du. Geure anaiok, berak ere, likistu dituzte, irauli diete bihotza, eta haiekin deabruen deabruenak ere ezin sor eta asmatu ditzakeen harmaz eraso eta hiltzen gaituzte. Eta halaz ere geure bizitzetan argi sendo bat dugu! Galdatzen ari gara! Nagusien hirietara jaitsi gara. Handik hitzegiten dizut. Oihan haziko txingurri lerro amaigabeen eran jaitsi egin gara. Hemen gaituzu, zurekin, gidari maitea, ahaztu ezina, betiko eta aldioroko Amaru.

        Gure lurrak harrapatu zizkiguten. Haizeak ere nahi ez dituen eta narraz daramazkin horbelez bazkatzen dute gure arditxoek. Gure behi bakarrak hiltzear, lurazaleko gatz apurra milikatzen du. Jainko Sugea, gure aita, zure garaian oraindik jabe komunari ginen. Orain heriotzetik ihes dagien txakur gisa ibar beroetaruntz abiatzen gara. Hamaika herri arrotzetara hedatu gara, hegazti izutuak.

        Entzun ezazu, neure aita: urrungo mendi-lepoetatik, wiraqocha koldarrek ebatsi zizkiguten panpa hotz ala kiskalgarrietatik, ihes egin dugu eta munduko lau herrialdetan zehar sakabanaturik gaude. Egon badaude beren lur txiki eta mehatxatuei atxikirik bertan geratu direnak. Han goian geratu dira, beren begikoetan, eta gure gisa, amorruz dardarka, gogoetan, behatzen, so egiten. Heriotzak jadanik ez gaitu izutzen. Gure bizitzak hotzago, heriotza baino, mingarriagoak bilakatu dira. Entzun ezazu Jainko Sugea: zigorrak, espetxeak, sufrikario amaigabeak, heriotzak sendotu gaitu, zuri, anai nagusi, gorputza eta espiritua bezala. Noraino bultzatuko gaitu bizi berri honek? Heriotzak gizonarengan legamiatzen eta zortarazten duen indarrak ezin al dezake bultzatu gizona mundua irauli eta astindu dezan?

        Liman nago wiraqocha koldarren hiriburu nagusian. «Comas Panpa»n, hondar gainean, neure malkoz, indarrez eta odolez, abesten, etxe bat eraiki nuen. Neure herriko hibaia, bere itzala, bere egurrezko gur-utz handia eta inguratuz loratzen ari diren belar eta zuhaixkak taupaka, taupaka ari dira. Etxe horren barnean; urrezko ulitxori batek aidean jolasten dihardu zapai gainean.

        Nagusien neurtezinezko herrira iritsi eta erauzten ari gara. Gure bihotzez atzematen, barneratzen dugu; gure itzaligabeko pozkarioz, zeru guztien boterea duen gizon pairakorren poz tximistariaz, gure ereserki zahar eta berriez hesitzen dugu. Wiraqocha koldarren hiriburu kirats honen gainean sedimentutako mendez mendetako errua zerbaitean zuritu behar dugu, malkoz, amodioz, suz. Edozertaz! Orain eta hemen millaka mila gara. Elkar gaude; herriz herri izenez izen taldekatu gara, zaldi korotza baitgina arbuiatu eta gorrotatzen gintuen neurtezinezko hiriburu hau estutzen, hertsen ari gara. Gure munduko lau herrialdeetako ereserkiak abesten dituzten gizonen herria bilakarazi behar dugu, gizon bakoitzak lan egiten duen herri zoriontsuan, gorrota ez dezan eta garbi izan dadin herri amaigabean, makurraren kiratsa helezina den jainko mendien elurraren antza. Horrela da, horrelaxe behar nere aita, horrelaxe izan behar, zure izenean, bidea eta ispiritua triskatu eta argistatzen duen aldi-oroko, betiko ur-jauziaren gisa; bizitzan, zure izenean, ixurtzen den ur-jauziaren gisa.

 

                Lasai itxaron,

                lasai entzun,

                lasai begiratu mundu hau,

                zutituz, ondo nago!

                Abesten dut!

                Zure dantza bera dantzatzen dut,

                abesti bera abestu.

                Kastillako hizkuntza jadanik ikasten dut,

                makina eta gurpila ulertzen,

                gurekin hazitzen da zure izena,

                wiraqocheen semeek hitzegiten eta entzuten dizute

                gudari maixua bait zina, argitan jartzen,

                        sutzen duen garraldi kementsua.

                Egunsentia dator.

                Beste herritan pairatzen zuten gizon astinduak,

                orain arrano hega amaigabe eta askeko kondorrak

                        direla kontatu didate.

 

                Lasai itxaron.

                Zuk nahi eta amestu zenuena baino

                        urrunago helduko gara.

                Zuk gorrotatua areagotu,

                zuk maite zenuena guk maiteagotu,

                        uso sorginduaren amodioz, txirritxorroaren

                        amodioz.

 

                Lasai itxaron, barealdi eta mugarik ezagutzen ez duen

                        gorroto eta amodio hauez, itxaron lasai, zuk ezin

                        egin izan zenezakeena guk egingo dugu.

                Lo dagoen aintzira izoztuari, amildegi beltzari,

                heriotza ikus eta bere beni adierazten duen euli

                        urdinari, ilargia, izarrei eta lurrari,

                gizonaren bihotz leun eta boteretsuari;

                munduan dagoen bizidun eta bizigabe gizaki guztiri,

                odolak kemena duen ala ez, gizon edo

                        uso, harri edo hare, neurrigabeko argiaz

                        jabetu eta bozkariatu daitezen lortuko dugu,

                        Amaru, neure aita.

                Heriotz donea soilik bakarrik etorriko da eta ez

                        polboraren tximistaz lehertua, ez habil trenzatuaz jaurtikia.

                Mundua gizona izango da, gizona mundua, dena zure neurrian.

 

        Jeitsi lurrera, Jainko Sugea, ixuri iezadazu zure arnasa; bihotza estaltzen duen oihal oharkaitza gain ipini zure eskuak. Eman iezadazu zure indarra, aita maitea.

 

Pongoren ametsa
Jose Maria Arguedas

euskaratzailea: Jose Manuel Bujanda
Pamiela, 1991