Gure aurrean hondamenaren aurpegiak...
Xose Maria Alvarez Caccamo

2016
Euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Gure aurrean hondamenaren aurpegiak. Atzena

dirudien ordu honetako paisaia.

Enakume bat bueltan da oinez

kalexka zeihar, hauskorretan barrena,

eta arratsaren argiari eskaintzen dizkio

itxaropen ezaren begi neutroak.

 

Lege-dekretuz ezarri zuten etsipena.

Kimika hau hondakinez elikatzen da.

 

Eskaileretan gora datoz pentsatu ezin duten estatua zuriak

eta haien ezpainetan ikusten ditugu itxaropen ezaren harizpi horiak.

Bizia ukatzen zaie. Edozein irtenbide

ixten da.

 

Bueltaka dabiltza biztanleak inguruan,

bakoitza bere egutegi beltzaren zurrunbiloan biraka.

 

Gure aurrean aurpegi hazpegirik gabekoak,

ile kolorgeak, ahots

ozta-ozta afinatua, ezer batzen ez duten eskuak

beren arropa moldegabetuak ez badira.

 

Ez norabiderik ez ordu erabakiorrik ez duten gorputzen martxa desartikulatua da.

Denborari uzten diote eraman ditzan

atzenak diruditen egun hauen etorbide gorrian.

 

Inork ez dio munduari su ematen.

 

Gure aurrean hondamenaren aurpegiak...
Xose Maria Alvarez Caccamo

2016
Euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019