Zur berdezko pertsianen atzean euria...
Xose Maria Alvarez Caccamo

Egutegi betierekoa, 1997
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Zur berdezko pertsianen atzean euria. Euria ari du mundu ezagunak argiak zabaltzen dituenean, etxetik itsasoraino. Lurreko ordu funtsezkoan euriak harpen mekanikari ekiten dio eta koloreak zuri hiltzen dira ura esaten diogun, ezereza esaten diogun kolore bakar batean.

Badira ekaizpean axolagabe bizirauten duten izariak. Gora eta behera egunean barrena euritzan jendetza grisak, arropa hotzak, itzalen trafiko likidoa.

Ezagun dut teilatuen gainera harri ozarrez jausten den euria eta etxearen oinarrietan irakiten duen uraren sustraia hil dadin. Baina munduaren ertz honetan ustekabeko ispilu-arkitekturak dira nire lurra: argizariaren laztana zurean, olioaren txinpartak orratzen antzeko, etxera datozenen ahots ñabartuak eta herrian salerosketak iragartzen dituen tinbrea.

 

Sartu da negua etxeetan. Iritsi da Lidia joskintza zaileko lanetarako. Badator Antonio, praktikantea, urrezko hortza duena, azentu maitagarri konkaboa mintzatzean. Barre egiten duenean haren oihartzunak oraindik ere eutsi egiten dio hainbeste bizitza hautsiren errautsari.

Ez da etxera igo ikatz-saltaailea baina behean ikusi dut erretako baso bateko haziak lekuz aldatzen, piztia eskerga baten metalezko gorozkiak.

Pasatu da izotza sukaldeko atetik. Eskaileretan gora gizon batek bizkarrean dakar bloke bat kakoan  josita, altxor antartiko baten pareko. Eta tantak uzten ditu eskailburuetan, hotzaren idazkera, neguaren motorretara jotzen duen arrastoa.

Batzuetan atarian topo egiten dute izotzak eta ikatzak. Nik amets egiten dut bi gizon aurkariek elkar gorroto dutela.  

Altxatzen du batzuetan neguak limoizko eguzki garai bat. Bor-bor daude auzoan nire ohitura txundituan espejismoa diren usainak. Dardara egiten du urrunean hiriak, uhel elektrikoen bidez errebalera loturik.

Zapataginak amets egiten du oroitzapen leize baten azpian, mahai kamutsaren atzean, zutabe beltzen artean irekitako kalearen argitan. Ama zapataginari bisita egin behar diogula esan eta esaten. Poza batzuetan begi urdin horien pentzutan dago, nahigabearen uholdea hartzeko prestaturiko manera apalen mende, baletor.

Amari laguntzen diodanean salerosketen zeremonien artetik, eguzkia ernetzen baldin bada argi bigunezko loretan, albiste sentikorrak ateratzen dira etxe txikietatik, larruaren eta lixibaren gogortasuna, faltsutasun mingarrezko tinduak, esnearen bost lurrinak eta nahastura zalapartatsu bat: zerrautsa, zapatak, azukrea, txokolatea eta kartoizko kaxak.


 

Zur berdezko pertsianen atzean euria...
Xose Maria Alvarez Caccamo

Egutegi betierekoa, 1997
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019