IBAIA
Xose Maria Alvarez Caccamo

Hasieraren hiztegia, 2000
Euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Ibaia debekatuta dago. Azken muga,  

hondar urratuak desegiten diren tokian

gelditzen dira nire oinak.

Urruneko ibai-ertzean goldatzen ditu haizeak

kolore itsuko distantziak, eta sakabanatzen

irinezko jalkinak

marea, kardulatz, dunen nahasgarri.

           

                        Eta inor

ez dadila ausartu ibaian sartzen, oihartzun hil batek

bere ahotsa finkatzen du lokatzean, estalki beltz-ilunak

dituen ohatze horretan. Uraren

azpitik, korridore berde argizkoek

herrestan eramaten dituzte igerilari artagabeak

arrosa beltzezko itsaso batera.

 

Ibaia debekatuta dago eta, hala ere,  

arrasti batzuetan beste etxe batzuetako mutikoak etorri

eta zubitik amiltzen dira ispiluak zeharkatzen dituzten

berunezko geziak legez,

lazunen artean galtzen dira, itzultzen dira

arautik eta legetik libre, ustekabeko.

 

Beste etxe batzuetakoak direlako

eta ibai-ertz lausotik datozelako

ez dago inor uretan sartzea debekatuko dienik.

Guk barrua karrakatzen digun inbidia ostentzen dugu

hondarrarekin olgetan, sekula santan

gurutzatu behar ez dugun muga horretan.

 

IBAIA
Xose Maria Alvarez Caccamo

Hasieraren hiztegia, 2000
Euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019