Euria gerrakoa zen...
Xose Maria Alvarez Caccamo

Su zuria, 1991
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Euria gerrakoa zen. Nik ez neukan izenik eta eztanda urdinen erdian nengoen negarrez.

Zutunik zepaz beteriko hondartzan irekitako ozeano baten izurren aurrean

sumatu nuen pasatzen hondoa galduta eta paturik gabe erretzen ari zen itsasontzi bat. Eta zutaz galdetu nuen, apart hori, isil hori, portzelana gautarra,

gorputz zuri zauritua. Ahotsik gabeko lehen ospakizunaren gauean

neurea izan balitz bezala ezagutu nuen ohea, eta esan: “Logela hau...”

Hegoaldetik ahots bat zetorren uraren hondokoa bezalakoa. Txoriek eta kresalezko elurrak hartutako etxea zorabioka.

Igandeko lorategiko ipuruen loreen atzean, ezinezko bizitza baten ordu hila sentitu genuen.

Plaza erreetatik

ibai geldiak jaisten ziren eta haur galduek zenbaki bat errezitatzen zuten. Ihesi nebilen ni zugandik

eta beti itzultzen nintzen botilekin, enigmekin eta lakrezko hitzekin.

Denborak muga egiten zuen martxoko lore ihar betikorren urtaroarekin. Zuk bazenekien amodio horren amaieraren epea. Ibaia aditzen zenuen, ni ipargabeturik, beste memoria batzuen preso, ozeano hautsi baten izurren aurrean hiltzen nintzen bitartean.

Begi itsu urdineko planeta batera destinatua zu, inoiz ezin izan nuen jakin zure kondairaren lorea,

portzelana gautarra esna bizi zinena egunaren gailurraren harea meheetan

eta biluzik kantuka, harrigarri, dohakabe.

Zertan da ibar erreetan zehar noraezean ibiltze hura? Nola gogoratzen dituzu zu esnatzeko erabili nuen barrea eta alde egiteko erabili nituen hiru hitz hilak?

 

Amodio hartatik gordetzen dut osinetatik igotzen den lainoa, tximeleta grisa, zirimirizko hegal urratuak udazkenaren kristalaren kontra,

eta argiaren, memoriaren

angeluak neurtzeko tresna zehatza.

Nire baitan, isila, zure isilaren kopia, izaki ezinezko hori, izotzezko lore airean.


 

Euria gerrakoa zen...
Xose Maria Alvarez Caccamo

Su zuria, 1991
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019