Orduan zurekin sartu nintzen...
Xose Maria Alvarez Caccamo

Su zuria, 1991
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Orduan zurekin sartu nintzen pagadiaren erdialdeko korridoreetatik eta ez antzinako zuhaitzek sasijainkoak zapaltzen dituzten sustrai ospeletik,

eta ez tenpluetako argia duten hosto iraunkorren arkupe garaian zehar eta bai ehiza bila inork korritu gabeko bide batetik.  

Eta zu hain zurbil zeunden, kuartzoaren pare, uso arin hori, gaixorik zeunden sugar hila barruan

baina bazenekien goroldioaren ehunak izendatzen eta akatsik gabe izendatzen zenituen distantziak eta agerpen lokartuen kolorearen guraz zeunden:

oreina, orkatza, ibaia zeharkatzen duen arranoaren itzala akaso.

 

Nik begiekin eskatu nuen elur isila eta zuk, zurbil harearen pare, gorostiaren hostoen artean, esan zenuen: “Ixo, begira!”,

eta han izan zen orein baten irudi geldi handia arratsaren gorenean, eta oreina geu ginen baso barrenean,

eta zure azalaren zuriak zeta-oihal gorria piztu zuen, ezpainek arrosa ezinezko bat zabaldu zuten pagoen artean.


 

Orduan zurekin sartu nintzen...
Xose Maria Alvarez Caccamo

Su zuria, 1991
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019