STABAT MATER DOLOROSA Lur erraldoia moldatuz, bideei forma emanez, aurpegia eztiki sasietan negarrez, kasik ibai antz edo betiko itsaso zure gorputz luzatuan oroitzarik ez duen plazer bati bizia eskainiz. Hedapen hutsa, eskuak izarrerantz altxarazten dizkigun ama eta mugagabeko izuaz kulunkatzen uzten gaituena. Izan zen, da, date, gure esperantzak asma ditzazke, beren baitarik edateko eta blasfematzeko odolusten diren jende biren dantza imortalez, bestetako banderitez, ixurtzen diren hitz latzez, eraikuntza tinko hilezkorren aldamenean. Xumeen oldarretarik sortu erroak dituzten esku eta oin horiek amarenak dira, atabalak zartarazten dituen handitasun bortitza. Ekaitzetan jada nekatua den bilairearen zoriona, amodio gordez sutu papoetan oraino ere pasio kilikaria dabil haize hostoen meneko, begirada gosetietan, uretan, azken ametsen argietan, mendekuari ireki justiziaren ateetan loratzen diren bitimen indarra bezala izanen da, segituko du izaiten semeen semeen semeetarik hilotza iragarriz: hiltzen duen semearena. Emakumea lotan dagoenean, haren gorputza lurretik edo hedoietak balkoi batetik amira daitekeen mundu ixila da. bizitzaren sumendi-distantziak erraia erretzen diolako ez zaio hurbiltzen ehiztaria, mugak jarri behar dizkiote, etxeetan atxiki, borrokatu, eta suari ihes dagion aberea nola, lo-haragi den gorputz bakarti bezain lasaiaren inguruan haizea antolatzekoa da.
Lur errautsezko ñabarduraz larruaren ikusteko eta haren baitako edozein misterioren gurtzeko jausten edo igotzen ahal gara, borrobilaren punturik ilunenean, zirkulu zirkuluaren erdian, berak ugarte baten minean hersten baitu infinitoa, itsasoaren errondatasun ttanka, hondartza borobila non ere kalatxoriek ikarazten duten leiho doi batekilako haragizko dorrea baratze iragankorretako asunetarik sortu besteen ametsen gatik. Dorre zerratuaren barneko ohantzean seduzitua lo dago emaztea eta zenbaitetan iratzartzen da. Leize eta bakardade garrasia desbideratzen aditzen da, hormek oihu dagite, gerlek eta mugek oihu, bere oihu oihukaria oihukatzen du, baina mendez gazitu uhinek errepikatzen duten izua ozen entzuten da, ixiltasunera itzularazten duen suntsipen errituala. 1993, A Coruña
STABAT MATER DOLOROSA |