Luisa Villalta
euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 22. zkia, 1994

 

Hire gizon hatzak eta nireak beti juntatzen dituk nora joan ez dakitela.

         Nire itxurari loturik zeharka begiak lerratzen zaizkit bakardadea bezain dorpe den neure ispiluan barna zer dagoen edo zer agertzen den galdetzen dukan punturaino.

         Emazte bat diok eta ez duk ikusten zein arraro zaidan hire botz hutsaren oihartzunaren meneko egoitea.

         Naramaten oinekin aintzina noak eta segitzen haut jakin gabe bihotzaren zama garraiatzen dukala.

         Hiregandik ikasi diat katestatzen nauena, engainatuz engainatzen nauk eta onesten diat, bihotzaren zama garraiatzen dukala ulertzeko, nihauk onhartzen diat osotzen nauten hire bi oinak doazen lekura hirekin joaitea.

 

         Berriz ere eskatzen diat iragaiten den bakoitzari zinez emazte edo zer den; ardura engainatu naute ala nik daukat bidea.

         Kurutzatzen nautenek ez didate segurtatzen ordea zer diren; emazte bat; dakardan ispiluan nitaz dakidan apurra dagerkit hondarrean.

         Tristeziaz ilundu besoz besarkatzen nauk hiregandik oraino dezadan ikas nire jakia hire tranzendentziara lerra dadintzat.

 

         Bideak arrotz egin nau, galdurik nabil ez ni, hi baihaiz jadanik ezitxura bihotzaren zama garraiatzen dukala ezpaitakik.

         Baina ez nauk ageri, hi haiz engainatzen haizena.

 

Luisa Villalta
euskaratzailea: Itxaro Borda
Maiatz, 22. zkia, 1994